Dokumentuaren akzioak
13 bikotek hartuko dute parte, igandean, Euskal Herriko 31. Dantza Txapelketa
Urtero legez, Segurako Baratze pilotalekuan izango dute hitzordua parte-hartzaile eta ikusleek
Gipuzkoatik, Bizkaitik eta Nafarroatik iritsita, une honetan Euskal Herrian dantza askatuaren arloan dauden dantzaririk onenak igandean Seguran izango direla azpimarratu du Joxe Juan Ugalde Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko koordinatzaileak.
Hauexek izango dira aurtengo parte-hartzaileak: Jon Intxausti eta Iera Maiza (Ordizia-Olaberria), Mikel Villanueva eta Arantza Larrea (Agoitz), Jon Ibarguren eta Estibaliz Aranguren (Azpeitia), Joseba Apaolaza eta Irati Imaz (Arama-Lazkao), Igor Euba eta Haizea Hormaetxea (Leioa), Arkaitz Pascuas eta Nagore De las Cuevas (Sestao), Eneko Gil eta Nerea Vesga (Errenteria), Xabier Azurmendi eta Janire Urbieta (Zegama-Bergara), Aimar Abad eta Izaskun Besada (Hernani-Pasaia), Xabier Segura eta Lierni Martiarena (Hernani), Jon Arrillaga eta Izarne Medina (Bergara), Mikel Igartua eta Ibane Baseta (Bergara) eta azken bi urtee- tan garaile izan direnak, Jon Ander eta Edurne Azpitarte anai-arrebak (Azkoitia). Emanaldia osatzeko, gainera, Jon Maia dantzariaren zuzendaritzapean, ikuskizuna eskainiko du Kukai taldeak.
Epaimahaiari dagokionez, bost lagun arduratuko dira dantzarien lana neurtu eta puntuak emateaz: Joxe Juan Ugalde bera, Rafa Salaberria, Jesus Mari Garate, Jose Antonio Atxukarro eta Gabriel Alonso, guztiak ere Euskal Dantzarien Biltzarreko kideak. Epaileek dantzaren lau alor nagusi neurtuko dituztela adierazi du Ugaldek: erritmoa, berdintasuna, zailtasuna eta osotasuna.
Garaileek Segurako Udalaren Sari Nagusia jasoko dute, hau da, Nestor Basterretxearen eskultura bikote txapeldunak ordezkatzen duen udaletxean hurrengo urtera arte gordetzeko, 700 euro eta oroigarri bana, txapela eta lepokoa, euskal makila bana eta lau bidaia. Azpitarte anai-arrebek hirugarren urtez jarraian txapela lor-tuko balute, ordea, Basterretxearen eskulturaren erabateko jabe egingo litzateke euren herriko Udala, txapelketaren oinarrien arabera.
Bigarren sailkatuek 500 euro eta oroigarria jasoko dituzte, eta hirugarren postua lortzen dutenek 400 euro eta oroigarria. Hainbat sari berezi ere banatuko dituzte. Dantza jantzien sailean, 200 euroko saria izango du onenak, eta 125 eurokoa bigarrenak. Bikoterik gazteenak ere oroigarria jasoko du. Horrez gain, Guillermo Areizaga sari berezia ere emango dute, Segurako dantza txapelketaren sortzaile eta sustatzaile izan zenaren omenez. Txapelketara lehen aldiz aurkeztu diren bikoteen artean ongien sailkatzen denak jasoko du sari berezi hori.
Aurtengo ekitaldia Hernaniko Sarriegi familiari omenalditxo bat egiteko ere baliatuko dute. Ugaldek adierazi duenez, dantza askatuari betidanik oso loturik egon den familia da sarriegitarrena, eta horixe eskertuko diete. Igandean sendiko zenbait belaunalditako 12 kide izango dira Seguran.
EKAINAREN 20AN, EITB-N. Azken urteetan bezala, gainera, EITBk lehen katetik emango du ekitaldia, ekainaren 20an, gaueko 22:45etik aurrera.
Dokumentuaren akzioak