Dokumentuaren akzioak
100 urteko tradizioari eutsiz
Euskal nortasuna indartzea zuten helburu ospakizunek, eta horren inguruko ekitaldiek hartzen zituzten Gipuzkoako herriak, urtero. Horien baitan, Ohorezko Aurreskua dantzatu zuten garaiko agintariek udalerrian duela ehun urte , Gervasio Aramburuk, Marques de Valdespinak, Zabalak, Orbeak, eta Lafitte y Lasquibak, besteak beste.
Hainbat zarauztarrek tradizio hori berreskuratu behar dela erabaki zuen. Xabier Etxabe da horietako bat.
Horretarako, azken hirurogei urteotan tradizio horri eutsi dioten Zarauzko dantza taldeetako kideekin bildu dira; Irrintzi, Ondartza, Hodeiertz, Mollarri eta Iratzarriko kideekin, hain zuzen. «Guk transmisio hori nabarmendu nahi izan dugu. Hori izan da abiapuntua», nabarmendu du zarauztarrak.
Euskal Astean
Euskal Festak Zarautzen egin zireneko urteurrena abuztuan betetzen bada ere, iraileko Euskal Astean gogoratuko dute gertakaria. Hain zuzen, irailaren 8an egingo dute garai hartan Ohorezko Aurreskua bezala ezagutzen zen koreografia. «Irailaren 9an nahikoa ekitaldi izaten da, eta aurreko egunean egitea adostu dugu, egun horretan egiten baitira euskal dantzei lotutako jardunaldiak», zehaztu du Etxabek.
Ikuskizuna prestatzen hasi dira dagoeneko; hainbat bilera egin dute, eta ekimena «forma hartzen» ari dela nabarmendu du. Besteak beste, koreografia zenbat pertsonek egingo duten eta nola zehazten ari dira egun. Horrekin batera, egun horretan aurreskua joko duten txistulariekin ere bildu dira. Komisioa osatu dute, eta arduradunek koordinatuko dute egin talde bakoitzeko kideek beharreko lana. Entseguetarako datak ere zehaztu dituzte .
Izen asko, formatu beretsua
Etxabek jakinarazi duenez, aurreskua izen bat baino gehiagorekin ezagutzen den dantza da. Oinarrian, ordea, koreografia berdintsua da. «Funtsean dantza antzekoa da leku guztietan; berezitasun txikiak dituzte leku batean eta bestean».
Irailaren 8an egingo dutenak «betiko formatua» izango du, San Pelaio Jaien baitako edota duela gutxi arte San Joan bezperako ospakizunetan egiten zutenaren antzekoa. Berezitasun bat edo beste izango du, aldiz, Euskal Asterako prestatzen ari diren dantzak: «1912ko modari» jarraituko dio.
«Duela ehun urte dantza hori agintariek egiten zuten, herrietako alkateek edota diputatuek», azaldu du. 1912an, zehazki, diputatuek egin zutela gogoratu du Etxabek. Horregatik, haien jantziak soinean dituztela dantzatuko dute irailaren 8an dantzari zarauztarrek. Berrogei bat minutuko koreografia izango da.
Dokumentuaren akzioak