Dokumentuaren akzioak
100 urte ondoren, Aurreskua
1912an egindako jaialdia berriz irudikatuko dute bihar Musika Plazan
Mende bat igaro da 1912ko abuztuan gure herrian garai artako agintariak aurreskua dantzatu zutela. Aitzaki aproposa aurtengoan herriko hainbat talderen eskutik berriro 100 urte ondoren honelako emanaldi puntuala egiteko.
Ekitaldi honen aurkezpenean Gari Berasaluze, kultur zinegotziak, argi eta garbi esan zuen, «proposamena egin zitzaionean Udalari ez genuen inongo zalantzarik izan Euskal Jaien egitarauaren barne sartzeko. Garai hartako kronikak diotenez egundokoa izan omen zen agintariek eginiko emanaldia eta giroa. Xabier Etxabe eta bera bezalako beste batzuk egindako lanaren emaitza da, kronika zaharrak arakatzen ibili ondoren ezagutzen ditugu honelako gertakariak. Hori berreskuratu nahi izan dute hainbat elkartetako dantzariek, horretarako bereiziki elkartu dira eta gure aldetik eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen».
Egitasmoaren indarra
Xabier Etxabe berak azaldu zuen ondoren ekitaldi honen arrazoia eta indarra non dagoen, «guretzat duela 100 urte aurresku hori egitea gehiago izan da aitzaki bat. Inportanteena elkartu egin garela eta hori zen helburu nagusia, azken 60 urtetan tradizio hau aurrera ateratzen ibili garen taldetako ordezkari batzuk biltzea. Bi efemeride elkartzen dira emanaldi honetan, alde batetik mendeurrena agintariek egin zutela dantza eta bestetik 60 bat urte gerra bukatu eta herrian berriro aurreskua ateratzen hasi zirela talde batzuk. Antonio Alberdi Garate izan zen garrantzitsuena eta ondoren tradizio hori mantentzen jarraitu da, Irrintzirekin hasi eta gaur egun arte».
Ekitaldia bera bihar izango da, «zazpiak aldera udaletxean elkartu eta desfile bat egingo dugu kale Nagusitik barrena Musika Plazara heldu arte. Bertan 19:30ean aurreskua egingo dugu, 40 bat minutuko koreografia. Zerbait aldatu egin dugu ez delako berdina dozena batek dantza egin edo 30 bikoterekin aritu. Adin ezberdinetako bikoteak izango dira, neska-mutilak eta janzkera berezia eramango dute».
Janzkera berezia
1912. urteko abuztuaren 15ean, arratsaldeko 5etan, Gipuzkoako Diputazioko agintariak atera ziren dantzara, eta gero haien emazteak gonbidatu zituzten. 'Ohorezko Aurreskua' deitzen zioten koreografia egin zuten eta bihar antzeko zerbait egingo denez, beharrezkoa zen janzkera ere garai hartara moldatzea. Izaskun Mendizabal arduratu da hortaz, «ikusiko ditugun arropak ez dira ohiko baserritarrenak. Kontutan izan behar da herriko jauntxoak dantzatu zutela. Trajearekin joango dira bai gizonezko zein emakumezko eta asko direnez janzkera ezberdinak ikusiko dira. Oinarria duela 100 urteko janzkerak izango dira, baina bakoitzak ezaugarri bereziak daramatza. Orrazkerak eta osagaiak ere zaindu ditugu. Denak ezberdin baino oso dotore joango dira».
Dokumentuaren akzioak