Dokumentuaren akzioak
%10 igo ditu Eusko Jaurlaritzak kultura sektoreentzako deialdi ireki bidezko laguntzak
Kultura “estrategikoa” dela azaldu du Joxan Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, eta horregatik egin dutela indar berezia. Liburutegientako funtsak erosteko eta irakurzaletasuna bultzatzeko laguntzek ere gora egingo dute.
Urratsez urrats azaldu dute igoera. Ikus-entzunezko sorkuntza laguntzeko deialdira bideratuko du diru kopururik handiena: 1,8 milioi. 400.000 euro bideratuko ditu dantza sustatzeko laguntzetara, iaz baino %25 gehiago. %7 igoko da antzerki ekoizpenentzako laguntza; 787.500 euro. 445.000 euro bideratuko dituzte musika laguntzeko deialdietara (%7ko igoera). 626.800 literatur argitalpenak laguntzera, iaz baino %14 gehiago. 416.000 arte plastikoen jarduerak bultzatzeko laguntzetara (%20ko igoera). Eta mantendu egingo ditu 75.000 euro kale antzerkia bultzatzeko laguntzak, Sormen Lantegiak programarako bideratutako 1.000.000 euro, eta Euskadi Literatura Sariak banatzeko 150.000 euro. Zabalik dira jadanik deialdi horietariko batzuk.
“Sekotrearekin sektorearentzat”
Sortzaileekin eta sektoreko eragileekin batera egindako lana dela azpimarratu du Muñozek. Deialdi irekiak sektoreko kideekin batera hautatu eta zehazten direla azaldu du, adibidez. “Sektorearekin egiten da ahalegina sektorearentzat”. Hori da asmo orokorra, dioenez, eta orain bi egun aurkeztutako Musika Bulegoa ekimena jarri du lankidetza asmo horren frogatzat. Izan ere, musikariak, ekoizleak, antolatzaileak, diskoetxeak, eta sektoreko bestelako eragileak ere mahai beraren bueltan biltzea da egitasmo horren helburua.
Laguntzen igoeraren jatorria ere azaldu du Muñozek. Aurrekontu orokorrak behera egin arren, gora egin dutelako partidek. Eta azaldu du nola. Bi bidetik lortu dute dirua. Sailaren azpiegitura gastuak murriztu dituzte, batetik, eta larrialdietarako gorde ohi zituzten diru partidak aurrekontu orokorrera bideratu dituzte, bestetik. Larrialdi poltsarik gabe gelditu da, beraz, saila. “Esfortzua suposatu du horrek”, aitortu du Muñozek.
Liburutegi sarea indartzea
Ez dira ekimen pribatuentzako laguntzak soilik igo. Gora egin dute aurten ondarea babestu eta sustatzeko laguntzek ere. Hazi egin da, adibidez, liburutegietarako funtsak erosteko partidak eta baita irakurzaletasuna eta liburutegi publikoen erabilera sustatzekoa ere. Liburutegietan teknologia berriak txeratatzen joateko 350.000 euro bideratuko dira, bestetik, eta 600.000 euroz lagunduko ditu Eusko Jaurlaritzak museoak, beren bildumak kudeatu, erakusketa egin eta kultur programak garatzeko, besteak beste. 4,18 miloi eurokoa da Kultur Ondarearen Zuzendaritzaren aurrekontua horretarako guztirako.
Hazi egin da, bestetik, Kultur Ondarearen Zuzendaritzak 30 elkarte eta fundaziori bideratutako diru laguntza izendunen zenbatekoa ere. 8.222.312 euro bideratu ditu horretarako. Iaz baino %12 gehiago. Guggenheim museoa edo Arte Ederren Museoa dira, adibidez, partida hori baliatzen duten erakundeetariko bi.
Aldeketaz hausnarketa egin beharra
Aldaketa egoeran deskribatu du kulturgintza sektorea Muñozek. Egoera ekonomikoa estuagatik, bai, baina baita digitalizazioagatik eta kontsumo ohituren aldaketagatik ere. Eta horri aurre egin eta hartara moldatu ahal izateko hausnarketarako beharra azpimarratu du behin baino gehiagotan. Eta orain hilabete batzuk aurkeztutako Kultura Auzolanean ekimena aipatu du lantzen jarraitu beharreko bidetzat. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakunde publikoen arteko koordinazio mahai moduko bat da Kultura Auzolanean, eta “eraginkortasuna handitu” eta “bikoiztasunak saihestea” ditu helburu.
Dokumentuaren akzioak