Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 1.000tik gora dantzari Miarritzen

Dokumentuaren akzioak

1.000tik gora dantzari Miarritzen

Ipar Euskal Herriko Dantzari Txiki Egunak 30 talde bildu ditu, eta arrakastatsua izan da beste behin ere

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2007/05/09

Egia da maiatzaren 8a besta eguna izateak ere laguntzen duela arrakasta izateko. Ez dago lanik, Bigarren Mundu Gerlaren bukaera gogoratzeko, eta, gainera, eguzki eder batek alaitu duela eguna, aitzakia ezin hobea da guraso, lagun eta senideentzat beren dantzari txikiak sostengatzeko. Hor daude horietako anitz, beren argazki tresna edota kamerekin seme-alaben keinu guztiak behin betiko finkatu nahian. Jantzi ederrak soinean dituztela haurrek, «ai! ze polita!», «begira horiek, kolore-kolore...», «errazu adio aitari!» eta horrelakoak entzun daitezke.

Haur anitzentzat, beren herritik kanpo beren burua dantzari bezala agertzeko aukera bakarrenetako bat da Dantzari Txiki. Eta horregatik dute preseski antolatzen egun hau, Elorri Garat EDBko idazkariordeak azpimarratu duen bezala. Kirol edo beste jardueretan txapelketa edo bestelakoak baldin badituzte, dantzaren kasuan, aukera gutxi. Maiatzaren 8 honi esker, gutxienez, urtean egun bat atxikia dute. Baina egunak badu beste xederik ere: «Dantza zein hedatua den erakustea da helburua. Usaian dantza taldeak beren herrian bakarrik dira dantzatzen. Hemen beste herrietakoak ikusten ahal dituzte eta haiek dantzatzen ez dituzten dantza batzuk preziatu ere. Beste batzuei ikasteko gogoa sortzen ahal zaie. Besteak ezagutzeko eta harremanak lotzeko ere balio du egunak», gaineratu du Garatek.

Hainbeste dantzari bilduz, bide batez, euskal dantzak pisu eta indar bat baduela erakusteko plaza bat ematen die egunak kanpokoei begira, Garaten ustez. Hain zuzen, kopuru horrek erran nahi ote du euskal dantza osagarri onean dela? «Ez dakit gai naizen errateko osagarri onean den ala ez. Dantzarien kopuruaz ari bagara, ikusiz mila dantzari biltzen ahal direla horrela egun batean, horretan ez da dudarik. Gero, dantzarien mailaz mintzatzen bagara, hor, denetarik entzuten duzu. Batzuek diote dantza gero eta gaizkiago doala. Baina, memento berean, badira sorkuntzak ere. Gero, bakoitzak ikusten du sorkuntza horiek maite dituen ala ez, baina hasteko, bizitasun bat bada, bai. Gehiago izaten ahal dela? Segur, baina bada gogo bat euskal dantzak iraun dezan, zaharrak berriz ikasiz edo berriaz sortuz». Hori bai, txiki-txikietan ez dira oraino arras horretan: «Gurasoek eta haurrek dantza ez dute beste jardueren hein berean ezartzen. Ez da lehentasunetan. Baina, halere, dantzan ikusten dituzularik, ageri da gustukoa dutela, ez dira behartuak heldu. Gero, bada ere talde bakoitzak zer izpiritutan lantzen duen dantza. Batzuek dantza guztiak esplikatzen dituzte. Ikurrinaren agurra eta horrelakoak, zentzua ulertzeko behar diren esplikazioak ematen dituzte, kurtsoak euskaraz ere ematen dituzte. Beste batzuek kirol soil bat balitz bezala irakasten dute, ez dira urrunago joaten. Halere, gehienak kulturaren zentzuari lotuak dira».

Bada orain hogei bat urte Dantzari Txiki antolatua dela. Eta kopuruak handituz doazela seinale, iaz abiatu Dantzari Gazte egunaren bigarren aldia pentsatua dute aurtengo. Hendaian iraganen da, ekainaren 2 eta 3an. Egun horiek hamahiru urtetik goitikoentzat dira.

Dokumentuaren akzioak