Dokumentuaren akzioak
Omenaldia laborantzaren modernizatzearen defendatzaileari
Jean Errekarten bizitzaren bidez, gerra ondoko garaiak orraztu ditu Berzaitzek 'Ze bolada!' sorkuntzan
Auzapez, kontseilari nagusi, diputatu eta senatari, Errekarten lanaren garrantziaz ohartzea garrantzitsua zaie proiektuaren oinarrian direnei: «Bizi osoa pasatu du laborantza modernizatu nahian», Jean Pierre Goitik esplikatu duenez. Institutuaz arduratzen den administrazio kontseiluko lehendakaria da Goiti, eta Paueko Laborantza Ganberako lehendakariorde ere bai. Interesgarria iruditzen zaio Errekarten hautuen bidez ikustea «nola egin duten batzuek zailtasunen gainditzeko.Badira loturak orduko eta gaurko garaien artean», gaur egun laborariek partikularki eta sektore guztiek oro har duten krisia gogoan izan ditu Goitik.
Pier Paul Berzaitzi eman diote ikusgarriaren sortzeko ardura. Horren asmoa ez da izan biografia xehe baten egitea, baizik eta Errekartek «nola ikusi ahal izan dituen 40 urtez zeharkatu dituen egoerak». 1925ean hasi eta 1968ra arte irauten du ikusgarriak. Aita edo aitona oroitarazten dio Berzaitzi Errekartek: «Laborari seme, ikusiz nola gauzak hemen bultzatu eta aldatu dituen, pentsatu dut kalitate handiko jendea dela. Aztarna anitz utzi ditu». Beritza konpainiarekin muntatu du proiektua Berzaitzek. Orotara 30 artista biltzen ditu produkzioak. Musika saila Karlos Gimenezek du eramaten. Dantza Edu Muruamendiarazek Aukeran konpainiarekin. Kantarien artean, zazpi bat, Berzaitz bera barne. Diru aldetik, produkzioa 60.000 euro kostatu zaie. Laurdena, gutxi gorabehera, erakunde publikoek emana. Gaineratekoa pribatuen eskutik lortua, tartean, Lur Berri kooperatiba, zeinen sorreran parte hartu baitzuen Errekartek garaian. Ikusgarriaren berezitasunetako bat, forma aldetik, bere «bizkarrezurra» den bideo dokumentala da. Allande Boutin kazetariak egina duena.
Berzaitzek zuen gomitatu proiektura eta Boutin pozik, ohartu baita: «Euskal Herriak zer xantza izan duen horrelako jendeak izatea. Berak eta bere inguruan osatu lan taldeak sindikatu mailan, politikan eta kulturan aitzinera eraman dute barnealdea. Gaur egun dugun Euskal Herria posible izan da haiei esker». Gizonaren biziaz interesatzen hasi eta «etxetiarren dramak» du gehien hunki Boutin: «50eko hamarkadan oraindik eskubiderik gabe zeuden etxetiarrak». Eta, bizkitartean, beren eskubideen alde anitz egin zuen Errekartek, Boutinek azpimarratu zuenez.
Ikusgarriaren harira, liburuxka bat argitaratu du Beritza konpainiak, non eta Elena Phagaburuk idatzi Errekarten biografia irakur baitaitek
Dokumentuaren akzioak