Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Puska biltzea Behobian Puska biltzea Behobian

Dokumentuaren akzioak

Puska biltzea Behobian

Ihauterien zuzpertzea

Eraiki Dantza Taldea, 2003/02/06.

(Artikulu hau berau gazteleraz hemen)

Ihauteri hau Behobian nola sortu zeneko galdera askotan egingo dio bere buruari zuetako askok. Beste batzuek agian, gure auzoan betidanik izan dela ere pentsa dezakete eta denboraren poderioz, beste hainbat gauzaren antzera, galdu egin zela. Zalantzak argitzeko guztia nola izan zen kontatuko dizuegu.

Irunen Zabalo familia gehienbat eta Meakako beste batzuengandik ematen zen ohitura honen ospakinzunaren berri izan genuen. Familia hauetako senitarteko batekin hitz egin genuen, Angel Zabalorekin hain zuzen, honi buruzko informazioa bilatzeko asmoz. Horrela, Bentheonea baserrian bilera bat ospatu zuten Eraiki dantza taldeko komisioak eta Angel Zabalok, bertan “Puzka Biltzea”ren nondik norakoak jakin ahal izan zituztela.

PUZKA BILTZEA 1.JPG

Angel Zabalok bere arreba Eskolarengana bideratu gintuen jantzien erakusgai bat lortzeko, eta honek, neska-mutil dantzarien eta laguntzaileen jantziak oso-osorik moldatu zizkigun.

Bitartean, Euskal Herriko ihauteriei buruzko dokumentazio gehiago jasotzeko asmoz, Irungo E K T elkarteak eman zituen hitzaldi batzuetara joan ginen baina informazio eskasa lortu genuen. Azkenik 1984ko martxoaren 3an (Ihauteri Larunbata) egingo litzatekeen programa banatu genuen gazteak animatzeko, hau baitzen IHAUTERI hauen helburu nagusia.

Otsailaren 18tik aurrera jantzien josketan hasi ginen. Hau guztia Bentheonea baserrian egin zen eta zenbait arazo izan genituen nesken alkandorak edo “txanbrak” lortzeko.

Ama asko eta zenbait aitarekin osatutako taldetxoaren laguntzarekin Ostiral Meharrerako jantzi guztiak prest izatea lortu genuen. Honela, larunbat goizean azken bilera egin genuen ibilbidearen nondik norakoak eta ordutegia zehazteko. Bilera honetan eguerdiko ordubietan irtetea eta arratsaldeko zortzietan bukatzea erabaki zen.

Eguna poliki-poliki animatzen joan zen eta hotz egonagatik ere jendeak emandako erantzuna ikusi genuen eta berehala jakin genuen hura ez zuela ezerk oztopatuko. Beraz alde batetik bestera presaka joan ginen toki guztietara ez iristearen beldur ginela.

Azken agurra Betheonean egin genuen jasotakoarekin afari bat egiteko asmoa erakutsiz (gauza arrunta, “Puzka Biltzea”ren helburuetako bat hauxe baita).

Hau guztia 1984ko ihauterietan gertatu zen eta guztiz positiboa zela ikusi genuen. Honela, handik aurrera urtero larunbatean egun osoz ateratzeko erabakia hartu genuen.

PUZKA BILTZEA 2.JPG

IHAUTERI LARUNBATA Puzka Biltzearen EGUNA

1984an eduki genuen lehen esperientzia ikusita, arratsaldekoa soilik, hurrengo urteetan egun osoz ateratzea erabaki genuen.

Janzkera prestatu, trikitilariekin hitz egin, beste zenbait xehetasun gehiago prestatu eta hamabost egun beranduago gutxi gora behera, “Puzka Biltzea” guretzat goizeko 9:30tan hasten da Bentheonea baserrian. Bertan arin-arina dantzatu eta ibilbidea hasten dugularik. Eguerdira arte Bidasoako baserri gehienetara hurbiltzen gara eta ordubiak aldera Zinkoenea baserrian bazkaltzen dugu. Baserri hau Aranburu familiak uzten digu (taldeko dantzari batzuen gurasoak). Zenbait gurasok egun honetan bazkaria prestatuz eta eramanaz parte hartzen du. Jan, edan, eta indarrak berreskuratu ondoren (bai guk eta baita astoak ere) gurean jarraitzen dugu. Arratsaldez Bidasoako auzoan amaitu eta Behobiako zati bat bisitatu ondoren, Blaian berriro ere indarrak berriztatzen ditugu merienda goxo batekin. Honen ondoren pausura bueltatzen gara azken itzulia ematen dugularik, eskolan afaria prestatzera joan aurretik. Afari honetan, nahiz eta nekatuta egon, inoiz ez da girorik falta eta honela eguna amaitutzat ematen dugu.

Baserri guztietan egiten diren dantzak Fandangoa eta Arin-arina dira. Baserrira iristerakoan, erratza eramaten duenak baserri ataria ekortzen du bertan eroso dantza dezagun. Normalean kalejira batez amaitzen dugu eta dantzariak badoazen bitartean laguntzaile edo eramaileak bertakoak emandakoa jaso eta hauekin pare bat hitz egiten dituzte.

Gutxitan joan izan gara esku hutsik edo burumakur, eta hau inoiz gertatzen bada, laguntzaileak ez dira oilotegitik oso urrun ibiliko (hau guztia egitea zilegi den sasoia dugu).

JANTZIAK

NESKARENA

Zinta batzuez apaindutako Poxpoliña jantzia dela esan dezakegu.

Lepoan korapilo bat egiteko zinta gorri eta urdin bana duen alkandora zuriz. Honen maukak era berean erronboak osatzen dituzten zinta gorri eta urdinez doaz eta erronbo hauen erdian kolore bereko erroseta bat eramaten dute. Korpiño beltza lokarri gorri eta urdinez. Gona gorriak zinta beltzaduna izan behar du, launa gurutze urdin eta gorri dituela. Hauetako bakoitzean txintxarri bana dago. Artilezko galtzerdiak eta alpargata gorriak zinta zuri eta urdinekin (eguraldiaren arabera alpargatak edo abarkak). Mantala beltza bi gurutze eta bi txintxarriz apainduta.

PUZKA BILTZEA 3.JPG
MUTILARENA

Alkandora zuria, galtza zuriak zinta gorri eta urdinek erronboak osatzen dituztela. Hauek ere txintxarriak eta gurutzeak daramatzate. Txapela gorria, koloretako zapia lepoan, gerriko gorria eta alpargata zuriak, zinta gorridunak.

LAGUNTZAILEENA

Dantzariak bezala doaz jantzita baina txintxarririk gabe.

Laguntzaileen multzoan sartzen ditugu trikitilariak eta saskiak, burduntziak, erratza eta astoa eramaten dituztenak.

ASTOA

Ibilaldi guztian zehar asto bat eramaten dugu, jasotzen den guztia eraman ahal izateko. Asto hau Errekorte baserriko Francisko eta Encarnak utzitakoa izaten da. Berak ere bere jantzia du: Lastozko txanoa, lazo gorri bat isatsean, lepoan urdina eta bizkarrean bi saski.

SASKI ETA ERRATZAK

Zinta gorri eta urdinez estalita egoten dira . Saskiak kolore berdineko lazo handi batzuk eramaten ditu.

IHAUTERIEI BURUZKO ZENBAIT PERTSONAREN IRITZIA

Ihauteriekin izandako lehen esperientziaren ondoren, Eraiki dantza taldeak auzoko jendeak zuen iritzia ezagutu nahi izan zuen, aintzina zegoenarekin konparatzeko. Horretarako pertsona nagusiengana jo genuen, guztiok dakigun bezala beraiek ezagutzen baitituzte hobekien ohitura hauek, eta bildutako datuen artean Bekoerrekako (Bidasoa) aiton-amonek emandakoak aipagarriak dira.

Inaxiok esan digunez, jaio zenetik ezagutzen omen du ohitura hau (gutxi gora behera 75 urte dituela kalkulatzen dugu). Baserrietatik eta Irundik ibiltzen zirela dio. Ibarlako lau anai aipatzen ditu (hauek dudarik gabe informazioa eman digutenak dira) taldeetako baten soinujolea ezagutzen dute, Errota Zaharreko Guillermo. Guda aurretik ere ibiltzen omen ziren.

Gogoratzen duenez ez zen bakarrik lagun talde bakarra ibiltzen, batzuk baizik. Urte Zahar egunarekin parekatzen du, talde bat atera eta beste bat sartzea, alegia. Lagun talde hauek sei, zazpi pertsonaz osaturik zeuden, goizek zortziak aldera ateratzen ziren, eta gutxi gora behera arratsaldeko laurak arte “Puzka Biltzean” ibiltzen ziren, gero bazkaldu ahal izateko, baina ez omen zuten ordutegi zehatzik.

Bazkaria, normalean, jasotakoarekin egiten zuten, batzuk Ibarlan, besteak Alundan (Natirekin) eta beste batzuk San Martzialen.

Candida Inaxioren emazteak, mutilek galtza eta alkandora zuriak eta neskek gona gorria zeramatela gogoratzen zuen.

Badirudi guda ondoren ohitura hau debekatu egin zela eta Francoren heriotza eta gero berriro ezarri zen (hau jarraitu zutenak salatuak izan ziren).

Ihauterietan irteterakoan, gazteak pozten diren modu berean pozten dira helduak ere, beraien aburuan denen gustokoa baita joatea.

Honela jarraitzeko animoak jaso genituen.

Inaxiok esan digunez libururen bat omen dago ihauteri honi buruz.

IBILBIDEA

Egun osoan zehar dantzatuz eta saltoka Bidasoa eta Behobiako baserri gehienak hartzen saiatzen gara.

BEHOBIA: Gaztañalde, Puntxas, Elorri, Urjausi-berri, Botenea, Beko-Sistia, Polido, (Frantxiska), Petan, Ernautenea, Larrazuri, Urdaine, Arribillaga, Gazteluzahar, Zinko-Enea (Bazkaria), Blaia (Merienda), Behobia (Afaria).

BIDASOA: Erkaztegi, Irazabal, Sokoa, Lamiberri, Lastaola, Gonbizenea, Alunda, Loinea, Gurutze, Beko-Erreka, Zinoritz, Urketegi.

Ibilbide honen ondoren auzoari ere bueltatxo bat ematen diogu, eta horrekin bukatzen dugu.

Azken xehetasun modura esan dezakegu urteroko ihauterietan gero eta jende gehiagok nahi duela parte hartu, eta datorren urtean talde bat baino gehiago ateratzeko aukera egongo litzatekeela. 1986. urtean Meaka eta Kemeneko dantza taldeak gu bezalaxe atera ziren, honela aurten ihauterietan hiru talde aterako gara.

GAUR EGUNGO IBILBIDEA

San Martzial gainetik goizeko hamarretan irteera, Iturriarte, Barrileku, Iturburu, Saroiazpi, Erkastegi, Irazabal, Zokoa, Lamiarri, Lastaola, Etxetxar, Alunda, Gomizenea, Lodienea, Luberri, Bekoerreka, Señoriotz, Urketegi, Lau-Haizetara, Larraldenea, ZINKOENEA, Gaztañalde, Errekorte, Puntta, Elorregi, Txukuta, Laskoainerri, Botenea, Urjauziko auzoa, Sistiaga, Sistiaga-Berri, Goikoetxea, Arribillaga, Gazteluzahar, Gazteluberri, BEHOBIA.

Eraiki Dantza Taldea

Dokumentuaren akzioak