Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Pirmin Trekuri elkarrizketa Pirmin Treku: "Urteak pasa ahala, herrimina areagotzen ari zait"

Dokumentuaren akzioak

Pirmin Treku: "Urteak pasa ahala, herrimina areagotzen ari zait"

Txaparro, Xabier Etxabe / Zarautz, 2003/10/03.

Bi urte dira Porton, Portugalen, omenaldia egin zitzaiola. Izen handiak bildu ziren bertan, “Coliseu do Porto”n; jatorriz Pirmin Aldabaldetreku izan, eta Britainia Handian bizi zen garaian Pirmin Treku izenaz ezagun egin zen zarauztarraren gonbiteak eraman zituen bertara. Dantzari profesionala, ballet-klasikoaren gailurrera iritsi zena. Han izan nintzen ni ere, omenaldian, Pirmini agurra egiten. Orain Kale Nagusiko mahai baten aurrean gaude biok, iraganaz eta orainaz hizketan.

- Zarautzen jaio, Britainia Handian hazi eta Porton bizi. A ze ibilerak, Pirmin!

Bai, ibilera ederrak. Gerrak ez zigun bidaiatzea beste aukerarik eman. Sei urte nituela hasi zen Gerra, eta berehala Bilbora alde egin behar izan genuen Eli, Lore eta hiruok aita eta amarekin. Gainontzeko senideak ez ziren oraindik jaio. Nire haurtzaroaren oroitzapenak lausoak dira: Santa Marinako etxea nolakoa zen gogoan dut, eta gure aitaren fabrika nolakoa zen ere bai. Bilbon goseak egon ginen; han gaizki geunden eta Britainia Handira bidali gintuzten hiru haurrak. Gurasoak Mexikora joatekoak ziren, ihesi. Elik hamabi urte zituen orduan, eta oso ondo konturatzen zen gertatzen ari zen guztiaz. Gure amak hitz hauek esan zizkion abiatzerako: “hemendik aurrera hi izango haiz bi hauen ama; zaindu hitzan ondo”. Oso gogorra izan zen denentzat, zer esanik ez Elirentzat.

- Han bizimodu berria egin behar. Hizkuntza berria, familia berria…

Elik gazteleraz hitz batzuk egiten zituen, guk hori ere ez. Ingelesez hitz egiten ikasi genuen, ikasi beharko, eta niri euskara erabat ahaztu zitzaidan. Kent-en egon ginen gu eta gure moduko haurrak, hogeita bat denera, Gobernuak eta errefuxiatuen aldeko elkarteek diruz lagunduta. Familiarik ez genuen; hiruok osatzen genuen geuon familia. Gurasoak urtebetera joan ziren gu nola ginen ikustera. Harremana bagenuen haiekin, kartaz, eta haien asmoa denok Mexikora joatea zen. Azkenean ez zen hala izan, Bigarren Mundu Gerra hasi zelako eta horrek gauzak okertu zituelako. Gurasoak Mexikora joan ziren eta gu 1944. urtera arte Kent-eko etxean egon ginen.

Garai hartan hasi zinen dantzan. Kontatu nola izan zen…

Hamabost urte nituen orduan, eta nire bizitza dexente aldatu zen Kent-etik atera ginenean. “Arte Ederrak” ikasten hasi nintzen eta, lehenengo aldiz, neure erabakiak hartzen. Gurasoak gustura zeuden aukeratu nituen ikasketekin; haiek etxeko negozioa zuten buruan, altzariena, eta diseinuak horretarako bidea emango zidala uste zuten. Kontuak kontu, behin Sadlers Wells Ballet taldearen emanaldi bat ikusi nuen. Ez dakit nola esplikatu: ikusitako hura nire bizitza izango zela jakin nuen, bat-batean, ia pentsatzeko astirik ere izan gabe. Pentsa, ez nuen ezagutu ere egiten ballet klasikoa!

Esan eta egin. Nola lortu zenuen, ordura arte dantza formaziorik izan gabe, inork aintzakotzat hartzea?

Oso konbentzituta nengoelako izango zen. Audizio batera aurkeztu nintzen eta beka bi urtetarako lortu nuen. Hala ere, zailena amari esatea izan zen. Ez nekien gastuei aurre egiteko moduan izango nintzen, eta amari idatzi nion nire asmoen berri emanez. Gure ama Ingalaterrara etorri zen propio ni iritziz aldatzera. Gainera, familia elkartzea zuen aspalditik buruan eta gu denok Zarautzera eramatea zen bere asmoa. Gure aita ordurako hila zen.

- Ez zuen lortu ez zu iritziz aldatzea eta ezta zuek Zarautzera bueltatzea ere.

Ni dantzatik urrunduko ninduenik ez zegoen. Egoskor jarri nintzen eta amak nire bidea egiten utzi zidan azkenean. Elik bizimodua antolatua zuen jada, eta hura ere han gelditu zen. Lore zen ekartzea lortu zuen bakarra, gogoz kontra izan bazen ere.

- Azkenean zure apustua ona izan zen, edo?

Ez naiz orduan hartutako erabakiaz damutzen, inondik inora. Bi urte eman nituen dantza-ikasketetan buru-belarri, eta 1947an kontratua sinatu nuen Londonen Sadlers Wells Ballet taldearekin. Garai hartan mundu osoko konpainiarik onentsuena zen. Gerora, Royall Ballet izena hartu zuen. Talde lanean hasi nintzen, baina berehala jarri zidaten bakarkako lanak egiten. Lana erruz egiten genuen; profesionalak ginen eta taldeak erabateko arreta eskatzen zigun. Ordurik gabe lan egiten genuen, eta hala ere hura zela lan egiteko modurik onena uste dut.

- Mundu osoko antzokiak ezagutu zenituen. Zuretzat propio egindako koreografiak interpretatu, eta garaiko dantzari onen pare ibili zinen. Noiz erabaki zenuen Portugalera joatea?

Hamar urtez batetik bestera ibili nintzen, dantza egiten. 1957an, ordea, belauneko minarekin hasi nintzen. Sendagileek ez zekiten zer izan zitekeen; badakizu, garai hartan ez zen egiten orain bezain analisi onik. Hogeita hamar urte baino ez nituen; osasunak lagun izan banu, nire dantza-estiloa kontuan hartuta, zortzi edo hamar urte gehiago eman nitzakeen antzokietan. Pare bat urte gehiago egin nituen, minari nola edo hala eutsiz. Azkenean, uztea erabaki nuen. Banuen dantza egiten segitzeko aukera; ez, ordea, ordura arte bezala. Erabaki zaila izan zen baina, nire ustez, egokia.

- Beraz, hogeita hamar urterekin berriz ere bizimodu berria egiten hasi behar.

Bai, baina dantzarako nuen zaletasuna utzi gabe. Koreografiak egiten hasi nintzen dantza egiteari utzi eta berehala. Kontu berria zen hori niretzat, artean ez bainuen horrelakorik egin. Hala ere, ilusioz eta indarrez gainezka sentitzen nuen neure burua, eta gauza politak egitea lortu nuen. Gauzak horrela, omenaldia antolatu zidaten 1961ean, eta bertan dantza egitea eskatu zidaten. “La Fête Étrange” izeneko funtzioa aukeratu nuen dantza egiteko, oso ondo egiten bainuen pieza hori, eta egia esan adituen kritikak halakoxeak izan ziren. Azken ekitaldi horrek Portugalera joateko bidea erraztu zidan.

- Omenaldia egin eta, handik egun gutxira, Portugalera.

Portugaletik hots egin zidaten, dantzari profesionalak formatzearen beharra ikusten baitzuten. Horretan hasi nintzen: hasieran, “Companhia Nacional de Bailado”n, Lisboan; gero nire akademia sortu nuen, Porton. Ni hara joan nintzenean ez zegoen ezer dantza kontuan; lanik ez zitzaidan, ez, falta izan.

- Bertan lan egin duzu azken berrogei urte hauetan.

Hala da. Urte guzti hauetan dantzari asko sortu ditut taldean. Batzuk oso onak ere bai, hamar bat edo; hauetako bi, Lisboako Ballet-ean lehenengo dantzari izatera ailegatu dira. Nire ikasle izandako bi neska dira orain lanik handiena egiten dutenak nire akademian. Gazteak dira, ni baino ideia berriagoak dituzte koreografiak sortzeko, eta orain badute nahikoa askatasun bere kasa lan egiteko. Nire espiritu bera dutela iruditzen zait, eta oso pozik nago egiten ari diren lanaz.

- Hortaz, sarriago ikusiko al dugu Pirmin Treku, hemendik aurrera, Zarauzko kaleetan?

Egia da orain artean egonaldi motzak egin ditudala Zarautzen. Portoko eginkizunek hara bidean jartzen ninduten hemen egun batzuk igarotzerako. Egia esan behar badizut, urteak pasa ahala herrimina areagotzen ari zait. Hemen ditut anai-arrebak eta gainontzeko senide guztiak. Han, omenaldia egin zidatenez gero, ez dut lanbide handirik. Beharbada, jatorrira bueltatzeko garaia iritsi zait.

- Orain bi urte egin zizuten omenaldia Porton. Badakit Zarauzko Udala ere zerbait antolatzekotan zela. Zertan da kontua?

Oraintxe bertan ezertan ez. Asmoa bazen, aurrekontua ere onartu zen Udalean, baina azkenean ez genuen hona etortzerik izan: nire akademiako dantzariak hona ekartzea baitzen asmoa, baina gauzak okertu egin zitzaizkigun eta… honez gero zaila izango da ezer egitea.

- Igandean zoaz bueltan Portora [irailaren 28an]. Noiz arte, Pirmin?

Lehen ez dizut garbi esan, baina orain esango dizut: hango kontuak antolatzen ari naiz, lehenbailehen hona bizitzera etortzeko. Atzo berri onak izan nituen eta pozik nago. Hori aldizkarian jartzea gustatuko litzaidake.

- Jarriko dut. Bai noski. Ondo izan, Pirmin!

Eskerrik asko, Xabier.

2003-Pirmin-Trekuri-dantzan-Oporton-XEtxabe.jpg
Porton omenaldia Pirmin Trekuri

Pirmin Trekurekin lotuta irakurri hemen Pirmin Trekuri buruz Luis Iriondok Juan Antonio Urbeltzen Dantzak liburuaren hitzaurrean kontatzen duena

Dokumentuaren akzioak