Dokumentuaren akzioak
Euskadiko arte nazionala?
J.A. Urbeltzen "Dantzak" liburuaren hitzaurretik hartutakoa
Luis Iriondo Etxaniz, 2003/10/15.1958ngo urtean, Londresko Covent Garden antzokian Tchaikovski-ren “The Sleeping beauty” antzesten ari zen Royal Balletaren saioa ikusten nengoelarik, programari begiratzen hasi eta... non ikusten dudan Pirmin Trecu-ren izena. Margot Fonteyn, Svetlana Bariosova eta Michael Somes dantzari famatuen “partenaire” bezala ziharduen goren mailako zarauztar dantzaria.
Pirmin Aldabaldetreku, Zarautzen jaio zen; eta oso haurra zelarik, gaudak herbesterazi zuen. Geroago, ahalegin askoren fruitu eta behaztopa asko gaindituz, Royal Balleteko lehen figura bilakatu zen.
Zerbait beranduago, pertsonalki ezagutu nuen dantzari hura. Eta bere biografia osa nezan, zenbait xehetasun eman zidan. 17 urte zituelarik eta delineatzaile lanetan bizia zeramanean, Ballet jaialdi bat ikustera joan zen. Eta bertan behera, dantzari izatea erabaki zuen. Zeregin nekeza zela ba zekin. Izan ere, Inglaterrako Sadler’s Wells akademia ofizialak, ume-umetan hartu eta hezitzen zituen geroko dantzariak... Eta Pirmineko haurtzaroko urteak iraganak zituen. Baina balletaren mundu sorginean, bat-batean, hada-amabitxia sortu zen, frangotan gertatu ohi denez. Sadler’s Wells dantza akademiako zuzendari zen Ninnette de Valois andereak eskutik hartu, eta berehala Royal Balleteko zeru sapairaino jaso zuen Treku.
Harrigarrizko experientziadun Inglaterrako Ballet Nazionaleko fundatzaile ospehaundikoa –Diaghilev-ekin batean lehen dantzaria, Royal Balleteko koreografiari eta zuzendaria- zerk eragin ote zuen gure mutila horrela babestera? Beste arrazoin guztien gainetiko bat ba zen, itxura danez: Euskal Herriko jendeak dantzarako duen aparteko sen eta doahiez konbentziturik zegoen nonbait. Eta Ninette de Valois andereak, euskaldun gazte batekin aspaldidanik amesturik zuen entsegua egin nahi zuen. Horretarako Madame de Valois andereak, folklore eta ballet inbestigatzaile zuhur eta handien eritzi eta baiestapenak ezagutzen zituen. Ba zekin nonbait Ballet tradizionalaren sorburua eta jatorria euskal dantzetan aitortzen zuela askok eta askok. Probintzietako dantza taldeak, solas eta dibertsio bide ziren XVIII. mendeko fraintziar gortean. “Pas de basque”, adibidez, ez da halabeharraren fruitu hutsala, eta ez dantza maisu handien gutizia noraezkoa, balletaren arauetan.
(Hitzaurreak jarraitu egiten du)
Dantzak: Notas sobre las danzas tradicionales de los Vascos, Bilbao: Caja Laboral Popular/Lankide Aurrezkia, 1978.
Dokumentuaren akzioak