Dokumentuaren akzioak
Iñauteriak Zarautzen
Xabier Etxabe, 2002/02/25.

Zarautzen sortu berri den "Txaparro"
herri-aldizkariko 6. alean artikulu bat idatzi nuen Iñauteriei buruz,
otsailaren 8an. Hasierako zatian gehienontzat ezagunak diren kontuak
aitatzen ditut Iñauterien inguruan (nola kalkulatzen den Iñauterien
data, Garizumarekin zer lotura izan duten, ...). Bukaera aldera,
Zarautzen mende hasieran Iñauteriak nola ospatzen ziren azaldu nahi
izan dut. Horretarako, Juan de Iruretagoienak "Eusko Folklore" 1922ko
urtekarian idatzi zuenaz eta neronek orain gutxi egindako
elkarrizketetan oinarritu naiz. Hona hemen testua:

"...Baina zein egunetan hasten da Inauteri
garaia? XX. mendearen hasierako datuak badira, Juan de Iruretagoienak
idatziak, Zarauzko Inauteriei buruz. Berak dioenez, Urteberri egunean
hasten zen Inauteri garaia.

‘Inauteiak’ deitzen omen zitzaien Zarautzen. Egun inportanteenak,
noski, azken hiruak. Egun bakoitzak, gainera, bere izena zuen:
Inauteri-igandea Zaldun-iñauti, Inauteri-astelehena Astelenita eta
Inauteri-asteartea, egunik handiena, Astearte-Iñauti edo Asteartieta.

Inauteri garaian maiz eman diren bi gertaera ere aipatzen ditu Juan De
Iruretagoienak. Jan-kontuak batetik. Inauteri aurreko osteguna,
Ostegun-Gizen eguna, sonatua zen egiten ziren meriendak zirela eta:
patatak txerri belarriekin eta tortila txorizoarekin. Ardoa lagungarri.

Bigarren gertaera eskean ibiltzearena da. Oraindik gaur egun herri
askotan egiten den bezala dantzariak kalera irteten ziren igande,
astelehen eta asteartean, eta dantzen ordain gisa jana edo dirua
jasotzen zuten (San Pelaio bigarreneko Oilasko-biltzean egiten den
bezala). Baserriz-baserri ibili ohi ziren bi egunez arrautzak jasotzen,
eta asteartean herrian egiten zuten eskea. Mutil batek, aurretik
zihoanak, burdinazko puntadun makila eramaten zuen. Makila hau
oinarrian zinta koloretsuz hornitzen zuten, eta bertatik zintzilikatzen
zituzten eskean jasotako ogi eta txorizoak.

Dantzariak txuriz jantzita joaten ziren, alpargata edo apretak zinta
gorri eta berdez apainduta. Txapela eta gerriko gorria, eta lepoan
kolore anitzeko zapi handia. Hauen atzetik txistulariak, eta gero
dantzarien modura jantzitako zenbait kide, jendearen limosna jasotzen
zuena (etxe gehienetan dirua, eta komentutan ogia eta txorizoa).

Gazte ugari mozorrotu egiten omen zen, pailazoz, hiru egun horietan
zehar. Aurpegia zapi batez estalita ibiltzen ziren jendearen algara
artean, eta Angelus-aren orduan erakusten zuten aurpegia.

Datu kuriosorik ere bada Inauterien inguruan. Garai hau bizitako
zenbait herritarrekin hitz egiteko aukera izan nuen orain gutxi. Orduko
Inauteriak deskribatzean Juan De Iruretagoienak esandako kontuak
aipatzen dituzte. Dantzen deskribapena egitean, “Sorgin-Dantza” aipatu
zuten besteak beste. Nola diren gauzak; Oriakoak eta Antzuolakoak hor
dabiltza borrokan dantza honen jatorria aldarrikatuz. Eta Zarautzen ere
dantzatzen zela? Itxuraz Oriatik ekarri zuten dantza hau langile
batzuk, lehen bertan omen zegoen lantegi bat Zarautzera aldatu
zutenean."
Dokumentuaren akzioak