Dokumentuaren akzioak
Ihauterien jatorri eta bilakabidearen inguruan
Fernando Rojo, 2002/02/05
Tolosako Iñauteriak direla eta Udaletik zerbait idazteko eskatu zidaten programan azaltzeko. Idatzi nuen, programan jarri dute eta orain aholkatu didate hona bidaltzeko nire idatzia; beraz, norbaiti interesgarria dakiokelakoan bidaltzen dizuet.
Urteko zikloen arabera ihauteriak negukoan kokatzen ditugu, garai batean etxean egoteko aroa, lurra eta animaliak babesean lo egoten zirenekoa. Udaberriarekin (Udahastea) esnatzen ziren hartza eta lurra eta ateratzen zen gizakia etxetik (zentzu zabal batean ulertua, non strictu sensu). Eta ihauteriak ospatzen ziren urte berriari agurra emateko. Baina ez du hau izan sorburu bakarra. Historian zehar, bere ibilbidean hainbat elementu jaso eta gorde ditu, eta halaber, denbora zeharkatuz gaurdaino, aldakuntza, fusio eta esanahi aldaketak jasaten joan da (ziurrenik biharkoak ere ezberdinak izango dira).
Egia esan, leku askotan ihauteria mozorro festa soil bat bihurtu da. Aitzitik, Iñauteria, Yotia, Antruejo edo Aratustea hori baino gehiago da, manifestazio folkloriko honek bere baitan kristautasunaren aurreko eta paganismoaren sasoiko indar berezi bat gordetzen du, jai honi bestelako zentzu bat ematen dion magia bat, eta oraindik herri askok bere manera berezian ageri duena (beste askotan aspaldi galdu egin zen arren).
Ezin izango dugu zentzu hertsi batean ihauteriak jatorri eta bilakaera finko bakarra dutenik ez kronologiaz ari garenean ezta geografikoki ere. Hauek prozesu sinkretiko baten ondorioz, eragin anitz jaso ostean, ingurune bakoitzean tokian tokiko ezaugarriekin, eboluzio propioa izan duten festak dira, aurreko errito eta ohituretatik edaten joan diren heinean gaur egun direna izatera iritsi diren arte. Claude Gaignebet mitologo frantsesak “El Carnaval. Ensayos de mitología popular” (Alta Fulla, 1984) saiakeran dio “el folklorista Van Gennep ve el aspecto actual del carnaval en Europa como el reflejo de la dramatización de un período de alegría (el que precede a la cuaresma), y de las reacciones populares ante el periodo de abstinencia y continencia que se prepara” (gogoratu “Don Carnal y Doña Cuaresma” Arcipreste de Hitaren luman).
Lehenago, XIX. Mendean, Mircea Eliaderen ideien jarraiki, Manhardten “vegetationsdamönen” edota Frazeren “spirit of the corn and of the wild”-en ildotik ihauterietan nolabaiteko antzinako nekazal kultuak zekusaten (ihaute=inhauts-garaia?).
Antzinako erlijioak eta sinesmenak (mitologiak) balio izan dute urte askotan ihauteri tradizionalen funtsa bilatzeko. Baina ez da aski. Ez da objektibo eta sinzeroa ikuspegi bakarra ematea jai hauei. Antropologiako adar hauez gain badira jorratu eta landu diren beste diziplina batzuk, batik-bat azken urteetan. Horrela historiak, soziologiak edo psikologiak lehen mailako papera jokatu dute azken azterlan, ikerketa eta, baita ere, prentsa artikuluetan, euskarri informatikoak barne (Euskonews & Media, adibiderako).
Historiari eusten badiogu, aditu batek baino gehiagok erlazionatu ditu hain maite ditugun ihauteriak jai klasikoekin, hots, Erroma eta greziako zenbait errito-ospakizunekin (ikus Caro Barojaren “El Carnaval. Análisis Histórico-cultural”, Taurus, 1965). Horien artean daude Saturnalia, Saeturnusen omenez egiten zirenak. Esklabuen festak ziren, esklabuak nagusi bihurtuz errege bat aukeratzen zuten (Erdi Aroan Frantziako rex stultorum edo Ingalaterrako lord of the misrule gogorarazten digu eta gaur, gurean, Nafarroako “El obispillo de San Nicolás” edo “El rey de la Faba”); Lupercalia, (Lupus=otsoa) otsoarengandik babestekoak, emakumeak astintzen eta haurrak bere ordenean jartzen, ernalkotasunarekin harreman zuzena (San Donato azpian bizi diren Unanuko Moxaurreak?); Matronalia, ugalkortasunarekin lotuta, emakume ezkonduen jaiak (Santa Ageda?).
Erdi Aroan gizarte osoa elizaren kontrolpean erortzean urtea egutegiratzen dute eta ihauteriek gaur duten itxura hartzen doaz, arestian aitatu dugun garizuma aurreko bestak. Pixkanaka hiribilduen fundazioekin hiri ihauteriak sortzen jaongo dira, baina nekazal giroko kutsu nabarmenarekin, Tolosa lekuko. Aro honetan ohikoa zen kaleko herri antzerkia (gaurko Xiberuko Maskarada, Lantzeko Miel Otxinen epaiketa, eta neguz kanpoko xaribari eta asto-lasterrak Iparraldean horren adierazgarri dira) edo elizaren barruan ospatzen ziren zoro-festak (ihaute garaiaz gaindi ikus ditzakegu zenbait elementu hori oroitarazten digutenak, esaterako Otsagabiako Boboa, Arabar Errioxako Katximorroa edo Castillan Botarga).
Gero, Aro modernoan, jaiak eboluzionatzen doazen heinean fosilizatzen joango dira eta gaur egun ezagutzen dugun ihauterien antza handiagoa hartuko dute (hor dugu, kanpokoak ere aipatzearren, Veneziakoa, Berpizkunde garaiko fosil bizia edota Rio de Janeirokoa kolonialismoaren esklabu afrikarrak eramandako doinu, kanta eta dantzen ondorioz sortutako Samba edo Batucadarekin (faveletatik ateratako “escolas do Samba” dira protagonistak).
Azken sasoietako estudioek, bestalde, soziologia eta psikologia hartu dituzte oinarritzat interpretazio berriak emateko edo, bederen, osagarri moduan beste irakurketak bermatzeko.
Soziologikoki, gizabanakoak (emakume zein gizonezkook) gizartean dugun jokabideak bistan jartzen ditugu egunotan; eta molde edo eredu asko zalantzan jartzen dira. Hein berean, ihauteriak eskaintzen duten aukera ezin hobea da eguneroko bizitzaren kritika parregarri eta egoera sozial zein politikoaren parodiak egiteko, salaketa zorrotzak modu publiko batean agertzeko, inoren eta inongo beldurrik gabe. Eta honen adibide garbi bat dugu Tolosako Iñauteria. Gizatalde baten tentsio gordeen kanporatze bat da eta komunitate baten giza-harremanen erakusle. Dena den ezaugarri hauek ez dira ihauterien esklusiba, neurri txikiago batean bada ere, bestelako festetan ere ikus daitezke.
Psikologia garaikideak, bere aldetik, denbora luzez erreprimiturik egon diren barne-eraginen azaleratzea dela dio (Txema Hornilla adituak dixit). Gaur egun lehen mailako papera du festagile eta partalier ororen desira, emozio ndibidualak, finean, jaiaren egile eta protagonista printzipala pertsona bakoitza baita. Har ezagun gogoan gizonezkoen artean emakumearen itxura hartzeko dagoen "ohitura" (sexu trasgresioa).
Gaur ihauteri asko beste modu batean ulertzen dira. Batzuk, ikusi dugun hasiera eta bilakaera honetatik, oso gutxi mantentzen dute. Adibidez hiri handietakoak (Cadiz, Tenerife, Donostia) desfileen inguruan egiten dira eta herria ez da protagonista, ikusle baizik, horrela ihauteria ikuskizun bat bihurtzen delarik. Edota denbora-muga gainditzen du, edonon ospatzen direlarik mozorro-gauak udako herriko jaietan edo abuztu erdian ikusteko parada izan genuena Portugaleko kostan, Sesimbran hain zuzen: "Desfile do carnaval", kontsumoari begira turistak erakartzeko. Hau guztia ihauteri tradizionalen inguruko ukitu batzuk besterik ez dira, gainbegirada bat lerro txikitan. Berbarako gai asko gelditzen dira tintontzian. Ihauteriaren hizkuntza sinboliko-totemikoa, bere neguko zikloan dauden beste festekiko erlazioa, funtzioak, pertsonai eta ohiko zeremonia zehatzak, ihauteria iniziazio errito bezala...
Izkiriatutakoan ere gehiago sakondu daiteke baina orrialde honen mugak ikusita beste baterako utzi beharko ditugu. Aurten ere gure zaharrengandik jaso duguna jakin dezagun ongi zaindu eta belaunaldi berriei erakusten, zeren Tolosakoa magia duen horietakoa baita.
Dokumentuaren akzioak