Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Gregorio Santa Cruz Hitzaurrea

Dokumentuaren akzioak

Hitzaurrea

Edozein herritan, bertako etnia ezagutzeko, garrantzi handia dute dantzak. Hauen ederra, dantzari bakoitzaren mugimenduetan eta talde multzoaren koreografian datza. Herri baten dantza eren ugaritasuna bera ere aberasgarritzat jotzen da. Dantzak, musika, musikagailu, jantzi, ospakuntza, kanta eta abarrek, beren ingurua dute. Beraz, dantzaren balioa ez da dantza soiletik bakarrik begiratzekoa, inguru bat osagarri duenezkero. Gainera, dantzak heurak ere, erlijio ospaketaz, ohorezko erreberentziaz, herri jaietan, ezkontzetan, ihauterietan... seriozki edo alaitasunez, gizonak lanez kanporako jolasetan beharrezko ditu bizitza beraren lagungarri.

Dantzen aldetik ospe handia du Euskal Herriak. Baina, horrez gainera, herbeste eta etxean bertan, ustez hain zabaldua izan den euskal literaturarik eza bera gezurtatzen du dantzak. Ez zenbait dantza kantatuak direlako, ez; baizik, Iztuetak gai hontaz utzi zizkigun bi liburuegatik areago. Folkloreak oraindik izen hau hartzeke zuela, dantza bilketan oraindik kasik inor aritu ez zen garaian, gure Iztuetak bi liburu idatzi zizkigun: Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira (1824) eta Gipuzkoako soiñu zahar eta hitz-neurtu (1826) deritzanak. Horietatik ikus dezakegu, dantzak, kantekin batean, gure doinu zaharren eusle izan direla eta, horri esker, Euskal Herriaren musika jatorra inork ez du ukatzen.  

Era hortara azalduz hasi nuen J. A. Urbeltzen Dantzak (1978) liburuaren aurkezpenez Donostiako Hoja del Lunes hartan 1978ko uztailaren 17an idatzi nuen artikulu hura, gero Bidez (1981) liburuaren 56-61garren orrialdeetan bildurik argitara eman nuena. Baina, liburu hortan, Arrateko zelaian XVIII. mendean agertzen den esku-dantzaren grabadu irudiarekin eman nuen. Kalkografiazko grabadu hori Donostiako San Telmo Museoan dago nornahik ikusteko eran, baina ordurarte guti batzuk baizik ez ziren hortaz ohartzen. 

Etnografia lanetan, dantzen bilketan baino gehiago arduratu izan naiz ohitura eta kantak jasotzen. Ezin ba gai guzietaz arduratu. Eta berebiziko poza hartu dut Oier Araolazak bere Eibarko dantzen bilketazko lan honentzat hitzaurrea eskatu didanean. Ordua zen norbait hortaz arduratzea, zeren idatzia betiko idatziz gelditzen bai da eta hitzak haizeak daramazki. Gainera, era hortako bilketa, nork hobeto bera dantzari den batek baino ? 

Iztuetak dantza askoren xehetasunak eman zituen, baina Eibar eta inguruko herrietakoenik ez ordea. Horregatik ahalegindu nintzen gure herrian ere aspalditik ezagutu zirenen berri ematen, baina berri soilak baizik ez. Ikus, Eibar, 1974. Fiestas de San Juan jaietako programan, 1605, 1708 eta 1744. urteetako dantzen aipamenak egin nituen, Gregorio Mujikaren Monografía Histórica de la Villa de Eibar (1910) liburutik jasotakoaren arabera. Gero, Eibar, 1977. Fiestas de San Juan jaietako programan berriz erabili nuen gai hori, zerbait luzeago. Baina, egia esan, horrez gainera besterik ezer ere ez. 

Mutikotatik gogozko nituen San Juan eta San Pedro jaietan Eibarren folklore inguruan egiten ziren jolasak, heuren artean dantzak eta Untzagako plazan aurrezkulari txapelketa, baina bereziki Urkuzuko plazan bertsolariak. 

Gehienok udalaren ardurapean Batzokikoek antolatuak izaten ziren. Antolatzaleen ardura Gaztelu zenaren esku zela. Aurrezku txapelketan, nik ezagutu nituenen artean hoberenetakoa zen Fausto Sanz, antolatzaileetariko Gregorio Santa Kruzen eskon-anaia zen.  

Baina, lehenagotik, dantza taldeak Don Poli Larrañaga apezaren zuzendaritzapean eratzen ziren. Aurkezten zituen poxpoliñen arku-dantza, sagar-dantza eta gorulari edo iruleak. Indaleki Ojangurenek 1922. urtean Bilbao-Gráfico (año II, núm. 41) aldizkarian argitaratu zituenen artean dator horren lekuko polit bat, Eibarko zezen-plazan, Don Pili zuzendari, 60 neskak osatutako dantzari taldea sagar-dantzan dela.  

Gerra ostean, San Pedro-Atxerre gailurretik jaistean, Ibarrangeluako Akorda auzoan apaiz gazte baten zuzendaritzapean ikusi nituen iruleak, langintza dantza hori jolas bihurtuz, eta ohartu nintzen zortzikoaren neurrian lehen bertsoan honako hau kantatzen zutela: 

Kantatu dagiguzan
Linuaren penak
Ezpata honeen hotsian
Izanik latzenak;
Alkar ondo hartuta,
Soñuba neurturik,
Gorputzeko nekia
Izteko arindurik.

Bertsoen tartekan beste honako euskaritxo hau: 

Gara neskatillak,
Euskaldun ez illak,
Ez da iñor lurrian
Gure bihar ezdanik;
Ez atso, ez agura
Alkandora barik.

Alajaina ! Hori bedori ez ote zen Don Poliren poxpoliñak kantatzen zutena ? Baietz uste dut, baina ezin nezake ziurtatu. Gerora, euskarazko liburu irakurketetan ohartua nintzen "Liñuaren penak" Eibarren 1745ean jaio zen Juan Antonio Mogelen Peru Abarka liburuan zetoztela, euskaritxoaz gainera, guziz hemeretzi bertsok osatua. Hortik, nire buruan zein gogoan, Eibarrera lotzekoa iruditu zitzaidan, naiz eta Mogelen gurasoak markinarrak izan eta bera ere han hil 1804.urtean. 

Gaur egun, zorionez, langintza dantza bihurtu zen hortaz badugu saiaera bikain bat, Julian Alustiza "Aztiri"ren Lihoaren penak eta nekeak (1981) deritzana. Bertatik ikus norainoko loturak izaten dituzten jatorrizko lanak, ohiturak, kantak, doinuak, dantzak, herri baten kultura bideetan. 

Gure herriko dantzak inork ez zituen zehazki idatzi eta aipamen soilak gelditzen zaizkigu. Orain, Oier Araolazari esker, gure garaikoen berriak jaso dira eta aurrerantzean hobeto ezagutzeko jarraipena izango dutela uste dut. Bere lanak, hobeto esan, berak bizi izan duena hor dugu lekuko eta on zaigu, bereziki Gregorio Santa Kruz zenagandik iritsi zaizkigunak.

Gerra ostean, hasteko, Gregorio Santa Kruzen aukera bakarra Educación y Descanso izan zen. Baina, denboraz, Club Deportivo-an Artistico Cultural saila sortzean eskaini zitzaion bertan lan egiteko aukera eta 1958ko apirilaren 13an agertu zen lehen aldiz Arraten, mendizaleei dominak jartze egunean. Benetan harrera ona izan zuen. Ikus Club Deportivo Eibar boletinean (Junio, 1958) 15-16. orrialdeetan;

Hortarako esan beharrezkoa iruditzen zait Gregorio Santa Kruz ez zela elkarte horretan pertsonaia berria, ez horixe. Kontuan izan C. D. Eibar elkartearen sortzaileetarikoa genuela, mendizale oso ezaguna, 1925-1926. urteetan elkarteko presidente izana eta 1927. urtean lehenengo aldiz 100 mendi desberdin igotzearen domina jaso zuenetako bat hain zuzen. Nik pertsonalki berakin izan nituen harremanak, mendiko ibilera haietan izan ziren. Gizon atsegina eta lagun ona genduen. Autobusez antolatzen genituen eskursioetara maiz etortzen zen bere emaztearekin edo bere bi alabetariko batekin. 

Lehengo oin-jokoez baliaturik dantza berriak sortu zituen, besteak beste, Egoarbitza-dantza zeritzana. Baina baita beste toki batzuetakoak ikusi, ikasi eta irakatsi. 

Orain, Oier Araolazaren idazlan honi esker, ohorea merezi duenaren oroitzapenez, bere ekintzen eragina ere hor agertzen zaigu, esaldi zaharrak dioen bezala: sortuko dira berriak, gu gara Euskal Herriak. 

Juan San Martin

Dokumentuaren akzioak