Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Gregorio Santa Cruz II. Gregorio Santa Cruz: dantza maisua

Dokumentuaren akzioak

II. Gregorio Santa Cruz: dantza maisua

1. Lehenengo urratsak

 Gregorio Santa Cruz Beristain 1898ko maiatzaren 24an jaio zen Ondarroan. Lau anaia artetik gazteena zen Gregorio. Aita, Teodoro, hospizioko umea zen. Hospizioan Teodoro Andres Avelino zituen izen-abizenak, baina ondarrutar familia batek hartu zuen eta Santa Cruz abizena hartu zuen. Manuel izenarekin ezagutzen zuten askok Teodoro Santa Cruz. Teodoro, Josefa Beristainekin ezkondu eta lau seme izan zituzten: Manuel, Jose, Inazio eta Gregorio.

 Anaia zaharrena, Manuel, abeslari bikaina zen eta Orfeón Pamplonésen parte hartu zuen urte batzuetan. Gero Donostiara joan zen bizitzera eta han izan zuen familia. Bigarren anaia, Jose, gizon ezaguna zen Ondarroan. Jose Santa Cruz izenaz baino, Polka gaitzizenaz zen ezaguna. Ondarruko udaleko pregonaria zen eta grazia berezia zuen bere ofizioan. Hirugarrenak, anaia Inaziok eman zion Gregoriori bere zaletasunerako bidea. Inazio dantza maisua zen Ondarroan eta Gregoriok bere anaiarekin ikasi zituen lehenengo dantza pausoak.

 Hamalau urte zituenean, Gregoriok ofizio bat ikasteko garaia zuela eta Eibarrera bidali zuten gurasoek. Armagin familia baten etxean hartu zuten apopilo. Akabatzaile ofizioa ikasi zuen Gregoriok, eta ondo ikasi ere, hirurogei urtez ihardun baitzuen akabatzailetzan. 

Gregorio Santa Cruz gaztea berehala integratu zen Eibarko bizimoduan. 15 urteko bihargina zen Santa Cruz sendiko txikiena, oinak arin, mendirako beti prest eta ikusten zuen guztiaz zerbait ikasteko begiak erne zituena.  

1913. urtean, eibartar gazte talde batek, ilusioz beterik, dantzaren erronkari heldu zion. Urte hartan, Eibarko udalak ezpatadantzari lehiaketa antolatu zuen Arraten. Indar handia zuten garai hartan mota horretako txapelketek eta Gipuzkoa eta Bizkaiko talde onenak hurbildu ziren Arrateko zelaira. Berriz, Antzuola, Donostia, Ermua, Gernika eta Bilboko ezpatadantzari taldeak aurkeztu ziren lehiaketara. Dantza taldeek banan-banan beren saioa eskaini ahala, Eibarko gazteen begiek arreta osoz jarraitzen zituzten mugimendu guztiak, batere xehetasunik galdu gabe. Handik urte batzuetara, Gregoriok zioen dantza talde haiek ikusita, min hartu zutela Eibarren ez zutelako talderik prest. Orduan hasi ziren pentsatzen Eibarrek bertako taldea eukitzea merezi zuela. 

Garai hartan ez zegoen Eibarren dantza talde finkorik. Aldian behin Policarpo Larrañaga abadeak antolatzen zituen jaialdiak, poxpoliñekin batipat. Bazen, ordea, beste gazte talde bat, horietako batzuk Adolfo Zubiarekin dantzari txiki izandakoak, eta aurreskulari txapelketetan ere saiatuak. Baina, helduek osatutako dantza talderik ez eta inbidiaz ikusi zituzten urte hartan Arraten bildutako ezpatadantzariak. Txapelketan ikusitakoak berotuta, gazte talde hark dantza taldea sortzeko gogoa erakutsi zuen. 

Pentsatu eta egin. Dantzarako gogoz zeuden gazteak bildu, taldea antolatu eta entsaiatzen hasi ziren. Tomas Maiztegi berriztarra izan zuten dantza maisua eta haren esanetara Durangaldeko Dantzari Dantza zikloa ikasi zuten: agintariena, zortzinangoa, banangoa, binangoa, ezpata jokoa, txotxongiloa. Urte batzuk beranduago Argentinara jo zuen Tomas Maiztegik eta Santa Fe-ko Rosario hirian bizi izan zen. 

"Dantzari Eibartarrak" bezala bataiatu zuten taldea eta 1914ko maiatzaren 4an, Arrateko zelaian, izan zuten estreinaldia. Jose Abando, Patxi Aristorena, Saturnino Arriola Txirloia, Pedro Aginaga, Felix Aginaga, Castor Arriaga, Felix Lasa eta Gregorio Santa Cruzek, zortzi gazte horiek osatzen zuten dantza taldea. Ortuoste argazkilariak erretratatu zituen zortzi dantzariak Arraten estrainekoz plazaratu ziren egunean.  

Horrenbeste prestaketa lan eta entsaioren ondoren, ilusioz gainezka, egun handia izan zen dantzari gazte eta eibartar dantzazaleentzat. Gregorio Santa Cruzek berak, urteen buruan oso gogoan zeukan bere lehenengo dantza saio hura eta emozioz gogoratzen zuen. Arrateko erronka gaindituta, han-hemenka dantza saioak eskaintzen hasi zen taldea eta plaza ugari egin zituzten. Bilbo, Donostia eta Gasteizen jardun zuten dantzan eta baita Gipuzkoa eta Bizkaiko beste hainbat herritan ere.  

Talde hartako partaideetako bat zen Saturnino Arriola Txirloia, Eibarren inoiz izan den dantzari bikainenetakoa. Lehen esan bezala, Txirloiak 10 urte baino ez zituela, 1907ko Euskal Jaietan aurreskulari txapelketan parte hartu zuen. Baina urte onenak 1920ko hamarkadan izan zituen. 1925-1926 urteetan hamazazpi aurreskulari txapelketatara agertu zuen bere burua Txirloiak, eta denak irabazi zituen. 16 urterekin "Izarra" taldearekin futbolean jokatzen zuen; eta urte gutxitan futbol ekipo askotan jokatu zuen, baita Donostiako Real Sociedad futbol taldean ere. Futbola eta dantza nahikoak ez balitu, pelotari ere ibili zen Satur Txirloia.  

Lanean jo eta ke, mendian sasoiko eta dantzan hona eta hara zebilen Gregorio gaztea. Neskatan ere hasiak ziren eta berehala topatu zuen Gregoriok gustukoa. 1918ko urriaren 12an Maria Dolores Iranzuegi Gojenolarekin ezkondu zen Gregorio Santa Cruz Eibarko San Andres elizan. 19 urte zituen Maria Doloresek eta 20 Gregoriok. Otxandiokoa zen Maria Dolores, aita ere bertakoa zuen eta ama, Dimakoa.  

Bikoteak berehala izan zuen lehenengo alaba: Teresa (1919). Baina gauzak erabat okertu zitzaizkion familiari. Maria Doloresi bigarrenaz erditzea gaiztotu zitzaion. Umea arazo handiekin etorri zen mundura eta berehala joan zen. Erditzeak erabat ahulduta utzi zuen ama eta ordu gutxiren buruan bide beretik jarraitu zion. 1921eko martxoaren 6a zen, umea eta emaztea galdu zituen egun beltz hartan Gregorio Santa Cruzek. Bizitzak astindu gogorra eman zion 22 urteko gazteari. Teresa alaba txikia zela geratu zen alargun Gregorio.  

Denbora aurrera joan zen, eta Gregoriok bere adineko neska eibartar batekin goxatu zuen tratua. Aita Valladolid aldekoa eta ama eibartarra zuen 21 urteko neska zen. Juliana Sanz Arizmendiarreta zuen izena eta 1923ko apirilaren 28an ezkondu ziren. Hiru seme-alaba izan zituzten Julia eta Gregoriok: Garbiñe (1926), Alexander (1928-1995) eta Elisabeth (1930)  

1920ko hamarkadan Policarpo Larrañaga apaiza zen Eibarren dantza arloan antolatzen ziren ekitaldi gehienen sustatzailea. San Juan jaietarako Don Poli arduratzen zen dantzari txiki batzuk prestatzeaz eta aldian behin antzerkia, dantza eta kantak nahasten zituzten jaialdiak antolatzen zituen. 

Gizon dinamikoa eta polifazetikoa zen Poli Larrañaga eta beste hainbat lanen artean zenbait zarzuela ere idatzi zituen. Horietako batek, Mendiko Eguna zarzuelak, Donostiako Euskal Esnalea elkarteak antolatzen zuen antzerki literatur sariketa irabazi zuen. Horrela, 1921eko maiatzaren 8an, Euskal Esnalea elkarteak jaialdi bat antolatu zuen Donostian eta Policarpo Larrañagaren Mendiko Eguna zarzuela eskaini zuten 30 neskatila eibartarrek. Don Polik berak erakutsi zien aktore txikiei abesten, dantzan eta antzesten. Arrakasta itzela eskuratu zuten eibartarrek Donostian eta izan zuen oihartzunaren ondorioz, maiatzaren 22an Usurbilen eskaini zuten berriz ikuskaria. 

1922ko abuztuaren 5ean Aita Mendibururen omenezko estatua inauguratu zuten Oiartzunen. Ekitaldirako talde ederra joan zen Eibartik Oiartzunera: Eibarko danbolinjoleak eta musika banda, ezpatadantzariak eta Policarpo Larrañagak zuzendutako ehun neska-mutil dantzari. Mendiko Eguna zarzuela eskaini zuten eibartarrek eta ondoren dantzari guztiek musika bandak jotako doinuak dantzatu zituzten. 

Mendizale porrokatua zen Gregorio eta bere kontura, lagun koadrillarekin edo Altza-Praka elkartearekin, hamaika mendi ibilaldi egiten zituen. 1924ko urtarrilaren 30ean, Eibarko Klub Deportiboa sortu zenean, bultzatzaileetako bat zen Santa Cruz. Bazkide sortzaileetakoa izateaz gain, Klub Deportiboko historian birritan presidente izan zen eta 100 mendiko konkurtsoa askotan osatu zuen. 

1927an Euskal Herriko Txistularien elkartea sortu zen. Elkarte sortu berriko partaideak Arraten bildu eta Arrateko Ama hartu zuten txistularien zaindaritzat. Gregorio Santa Cruzek oso gogoan hartu zuen gertakizun hura eta urte batzuk beranduago sortu zuen dantzetako bat Arrateko amari eskaintzeko arrazoietako bat izan zen. 1927ko abendua eta 1929ko uztaila bitartean Eibarko Klub Deportiboko presidentea izan zen Santa Cruz. 

1929ko San Juan jaietan dantza solte txapelketa egin zen. Programak ekainaren 25erako "triki-triki" txapelketa eta ekainaren 29rako, aurreskulari txapelketa, aurreikusten zituen. 40, 30 eta 20 pezetako sariak jaso zituzten txapelketa bakoitzeko irabazleek. Dantza talderik ez zen ageri ordea programan, hutsunea somatzen zen.

 

2. Gerraurreko urte biziak: dantza maisuaren sorrera

 1929an dantzari lanak atzean utzi eta ziklo berri bat hasi zen Gregorio Santa Cruzen bizitzan. Castor Arriaga bere adiskide minak lagunduta dantza talde bat prestatzeko lanari heldu zioten Eibarko Batzokiaren babespean. Talde hori urte horretan bertan, irailaren 8an, Arrate egunean, aurkeztu zuten Arraten. Lehenengo talde hura mutil koskorrez bakarrik osatu zuten, baina berehala prestatu zuten nesken taldea ere. Gregorioren alaba nagusiena, Teresa, lehenengo talde hartako kide izan zen. 

Irailean Arraten estreinatu zuten Castor eta Gregoriok horrenbeste mimoz prestatutako taldea, eta urrian lehengo irteera egin zuten. Durangoko Tabira Antzokian eskaini zuten dantza saioa eta gustora asko egin zuten Eibarrerako bueltako bidea. Durangon eskainitako dantza saioaren ondoren, makina bat dantza saio eskaini zituen bi lagun minek elkarrekin prestatu zuten taldeak. Ondarroan bizi arren, anaia Inaziok asko lagundu zuen Gregorio dantza maisu lanetan. 

Policarpo Larrañaga abadearekin ere hartu zuen tratua Santa Cruzek. Don Poli 1911tik 1936ra Eibarren izan zen apaiz plaentxiarra zen. Apaiza, soziologoa, eztabaida-zalea, idazlea, musika konpositorea… Antzerki, opereta eta dantza jaialdiak antolatzeko dinamismo izugarria zuen. Gerrak Eibar uztera behartu eta Baionara eraman zuen, baina eibartarrek ez zuten errez ahaztu. Gregorio Santa Cruzek ere ez. Policarpo Larrañagak behartsuenentzat dirua biltzeko dantza, antzerki eta kantu jaialdiak antolatzen egiten zuen lanaren jarraitzaile finenetakoa izan zen Santa Cruz. 

1930eko hamarkadarako euskal kutsuko adierazpenek indar izugarria hartu zuten. Gernikan, Segundo Olaetak Elai-alai taldea sortu berria zuen eta 1928an Eibarren eskaini zuten dantza saioa. Udako jaietan erruz aritzen ziren euskal dantza taldeak eta Eibarko San Juan jaiak Euskal Herri osoko taldeentzat erakargarriak ziren, bertako txapelketak entzutetsuak baitziren. 1930eko San Juan jaietan bi lehiaketa oso desberdin antolatu zituen Eibarko udalak. Udaleko danbolintero lanpostua betetzeke zegoen eta lan horretarako txistulari egokia aukeratzeko frogak antolatu ziren ekainaren 21ean. Garaiko txistulari bikainenek aurkeztu zuten beren burua. Jose Maria Olaizola, Juan Urteaga eta Eduardo Gorosarrik egin zituzten epaile lanak. Leon Laspiur txistulari bergararrak eskuratu zuen lehen saria eta lanpostua; bigarren Zornotzako Nikola Polen sailkatu zen eta hirugarren, Zirilo Azkarate, Segundo Olaetak zuzentzen zuen Elai-alai taldeko txistulari onena.  

Handik egun batzuetara ezpatadantzari txapelketa antolatu zuen Eibarko udalak. Partaidetza izugarria izan zen. Hamalau talde, zein baino zein hobea: Berrizkoa, Tabira Durangokoa, Garaikoa, Bergarakoa, Igorrekoa, Bilbokoa, Donostiakoa. Eta harrigarriena, Elai-alai gernikarrek bi talde aurkeztu zituzten, bata mutilez eta bestea neskatxoekin osatuak. Segundo Olaetak hamar-hamabi urte bitarteko umez osatutako talde bi aurkeztu zituen, gainontzeko talde guztiak gizonez osatuta zeuden bitartean. Espero bezala, Berrizko dantzari bikainek eskuratu zuten lehenengo saria eta Durangoko Tabirakoek bigarrena eta, hara sorpresa, Elai-alaiko neska-mutilek hirugarren saria. 

Gregorio Santa Cruz sei-zazpi urteko umeekin hasten zen lanean. Garai hartako zenbait umek, gerraosteko lehenengo taldeetan parte hartuko zuten urte batzuk beranduago. Batzokian antolatutako taldea izanik, abertzaleen jaiak izaten zituzten agerraldi ohikoenak, Aberri Egunak tartean. 1932an Bilbon, 1933an Donostian, 1934an Gasteizen eta 1935ean Iruñeko zezenplazan ospatutako Aberri Egunetan parte hartu zuten Eibarko dantzariek. 1934an Bermeoko batzokia inauguratzera ehundaka dantzari joan ziren, eibartarrak ere tartean.  

Bitartean Eibarko San Juan jaietan txapelketak ziren dantza kontuan ekitaldi nagusiak. 1935eko San Juanetako egitarauan, ekainaren 25ean ospatu zen aurreskulari txapelketa zen arreta handiena eskuratu zuena. Txapelketarako deialdiak, mende hasierako lehiaketetan ohikoa zen bitxikeria jaso zuen: sari berezia 50 urtetik gorako parte hartzaileentzat. Ekainaren 30ean Urkusuko pasealekuan "Concurso de bailes regionales por parejas" egiteko asmoa erakusten zuen programak. Goizeko 9.30etan hasi ziren bi lehiaketak.

 1913ko Arrateko ezpatadantzari txapelketan, gazte eibartarrek dantzak zuzenean ikustean bizi izan zuten lilura, gero eurek bisitatzen zituzten herrietako gazteengan errepikatzen zen maiz. Herri askotan, bertako dantzariekin taldea sortzeko gogoa pizten zen. Horrela, inguruko herri batzuetatik dantzariak prestatzeko deituko dute Santa Cruz maisua.  

1931ko Santiago egunean Gregorio Santa Cruz Mendaron izan zen Eibarko dantza taldearekin erakustaldi bat egiten. Izandako arrakastak herriko gazteen gogoa piztu zuen eta bertako gazteekin talde bat prestatzeko eskaera egin zioten Gregoriori. Baiezkoa eman eta entsaioak hasi zituzten. Batzokian ihardun zuten entsaiatzen Santa Anako zelaian estreinatu arte. Santa Cruz maisuak erakusten zizkien dantzak; gazteak arduratzen ziren astean zehar ikasitakoa entsaiatzen. Bai gogor egin ere banangoa, binangoa, zortzinangoa eta ezpatadantza ikasi arte. 

1931ko abenduaren 8an, Kontzesio edo Sortzez Garbiaren egunez, Garagarzako plazan egin zuten estrainekoa Mendaroko gazteek. Lehen talde hartan hauexek zeuden: Jose Zabaleta, Inazio Garitaonaindia, Jose Loiola, Vitoriano Garate, Simon Zabaleta, Ramon Ansola, Jose Mari Iriondo, Ramon Esnaola, Joseba Garitaonaindia eta Angel Zabaleta. Gregoriorekin etorri ziren txistulariak Eibartik; Sabin Barrenetxea eta Serafin Lakasa txistulariak eta Leocadio Ajuriaguerra atabaleroa. 

Mendaroko mutilek lortutako arrakastaren ostean, neska taldea ere jarri zuten martxan. Gerraurrean Donostian, Atotxako zelaian egiten ziren alardeetan parte hartu zuten Mendaroko dantzariek eta baita inguruko herrietan ere, Deban, Ondarroan… 

1929. urtean hasi eta gerra zibila bitartean, lan mardula egin zuten Castor Arriaga eta Gregorio Santa Cruzek. Egindako lana eskertu nahian omenaldia egin zieten bi dantza maisuei. Urte dinamiko eta biziak ziren eta ezer gutxi zekiten hurrengo urteetako neke eta penen gainean. Hogeita hamar urteren buruan berriz ere Arraten omendu zutenean gogorarazi zuen Gregorio Santa Cruzek gerra aurreko omenaldi hura: "Gerra aurrian, Arraten egin eusten omenaldia. Orduan, Castor Arriagari ta neri erloju bana emon euskuen. Nere pozik aundiena orduan, nere lau semealabak dantza talde baten ikustia" (Revista Eibar: 1966). 

 

3. Urte ilunak

1936ko uztailaren 18an bertan behera gelditu ziren ordurarteko kultur ihardun guztiak. Bi urte eta zortzi hilabete t’erdiz gerrak hartu zuen Espainia. Euskal Herrian gerra zibilaren eragina bortitza izan zen. Kontaketa honetako protagonistek ere gogotik sufritu zuten gerraren krudeltasuna.  

Hasieran Santa Cruz familiak bizimodu berari eutsi zion. Gregoriok Gernikako Astra lantegian ziharduen eta etxetik kanpo ematen zuen aste osoa, Julia lau seme-alabekin Eibarren zegoen bitartean. Bonbek Santa Cruztarren etxe ondoko tailerrak txikitu zituztenean handik ihes egin eta Bilbora jo zuen familiak. Horrela jarraitu zuten gerraren lehen zortzi hilabeteetan, 1937ko apirilaren 26ko data historiko eta ankerra iritsi zen arte. 

Frankismoaren aldeko hegazkin alemanek Gernika suntsitu zuten egunean, bertan zegoen Gregorio Santa Cruz. Triskantza hura larruazalean sofrituz eta hondamendia atzetik zuela egin zuen ihes Gernikatik. Bilbon familiarekin bildu zenean, ezin izan zuen hitzik egin gizonak. Oinazeak mutu utzi zuen eta egunak behar izan zituen irentsitako ke eta hautsak garbitu eta hitza berreskuratu arte. 

Familia Frantziara bidali eta gerrara joan zen Gregorio, baina ordurako bi bandoen arteko oreka hautsia zegoen. 1937ko ekainean Bilbo hartu zuten gudaloste frankistek eta Santander aldera egiten zuten ihes errepublikaren aldekoek. Santa Cruz preso harturik, Oviedora eraman zuten eta frankisten lantegietan lan egitera behartu. Bitartean, Juliak Katalunia aldera jo zuen seme-alabekin. Gerra amaitu orduko, Teresa, alaba nagusiena katalan batekin ezkondu zen eta bikotea Tarragonan geratu zen bizitzen. 

Julia, Garbiñe, Alexander eta Elisabeth etxera itzuli ziren Teresa Katalunian utzita eta hutsetik hasi behar izan zuten berriz. Handik gutxira Gregorio kartzelatik irten zen eta familiarekin elkartu zen. Eibarren zeuden berriz, hiru urte beldurgarri pasata, baina kontatzeko moduan. 

Asko izan ziren ordea itzuli ez zirenak. Batzuek, atzerrirako bidea hartu beharra izan zuten. Beste batzuk betiko eraman zituen gerrak; Inazio Santa Cruz, Gregorioren anaia, gerran hil zen. 

Santa Cruzekin txistulari hara eta hona ibilitako Serafin Lakasak ere atzerrian geratu behar izan zuen. Lakasak txistua jotzeaz gain, kanturako trebetasuna zeukan eta Gerra Zibila iritsi zenean, Eresoinkan hartu zuen parte abeslari moduan. 1937ko iraila eta 1939ko uztaila bitartean, Eusko Jaurlaritzaren kultur enbaxadan parte hartu zuen Serafin Lakasak. Abesbatzean bajoa zen. Paris, Brussela, Gante, Amberes, Brujas, Amsterdam, Rotterdam, Londres eta Europako hainbat hiriburutan abestu zuen Lakasak Eresoinka abesbatzarekin. Abentura eten zenean, Venezuelan aurkitu zuen babesa eta etxea eta urte asko egin zituen Euskal Herrira itzuli gabe. 

4. Gerraosteko zailtasunak

Gerraostean dantza kontuan izan zen lehen ekimena 1940ko San Juan jaietakoa izan zen. Gerraurreko jaien egitaraua berdintzen saiatu ziren antolatzaileak, horrexegatik San Juan txiki egunean ohikoa zen dantza txapelketa jarri zuten programan. Honelaxe iragartzen zuen: "A las 5 y media. Gran Festival Altético y Concursos de Acordeonistas y Bailes Regionales, en la Plaza de Toros". Zerikusi gutxi zuen hark, ordea, gerraurreko dantza saioekin. Taldean biltzeko arazoak bazeuden, zer esanik ez dantza talde bat antolatzeko… 

Gerran eta gerraosteko lehenengo urteetan sufritutakoak ez zuen kokildu Gregorio Santa Cruz. Urteak aurrera zihoazela ikusi eta euskal kultura mutu ikusteak sutan jartzen zizkion barrenak. Nola edo hala, zerbait egin beharra zegoela erabaki zuen. Eta zerbait hori zer izango zen garbi zeukan, bere lantresna dantza zen eta hortaz zekiena abian jarri beharra zeukan lehen bait lehen. Dantza talde bat martxan jarri behar zuela erabaki zuen. Gerra aurretik berarekin ikasitako batzuk bildu eta dantzarako gogoz zeuden beste batzuk inguratu eta martxan hasteko moduko taldea bildu zuen. Zailena falta zen, ordea, erregimeneko agintarien baimena. Taldea erakunde baten barruan antolatu beharra zegoen aurrera egiteko, baina ez zegoen giroa horrelako ekimenak baimentzeko.  

Lehenengo saioa Eibarko Klub Deportiboan egin zuten. Mendizale sutsua izanik, Klub Deportiboko bazkide sortzaileetakoa zen Santa Cruz. Proposamena egin zuen, baina artean Francoren erregimena zorrotza eta itxia zen. Ezezko borobila izan zen erregimeneko arduradunen erantzuna. Ondoren elizaren bidez, "Jóvenes de Arrate" kongregazioan antolatzen saiatu ziren, baina orduan ere debekua etorri zitzaien. Ez zuen horregatik etsi. Nola edo hala, euskal dantzek aurrera egingo bazuten, irtenbideren bat topatu beharrean aurkitu zen. Azkenean, zirrikitua erregimenaren baitan aurkitu zuen.  

David Arriolak mendi eta dantza zaletasunean bat egiten zuen Gregorio Santa Cruzekin eta maiz ibiltzen ziren batera mendi ibilaldietan. Horietako batean, Santa Cruzek dantza taldea berriz antolatzeko gogoa agertu zion Arriolari.  

1944an, Francoren erregimeneko erakundea zen Obra Sindical-Educación y Descanson, dantza taldea sortzeko baimena eskuratu zuen. Agapito Anitua zen Educación y Descansoko delegatua eta haren bidez lortu zuten baimena. Aurrerako ekitaldi guztietan Agapito Anitua beraiekin izan zen eta Educación y Descansoren ikurra zeraman bandera eta insigniak prestatu zituzten dantza taldearentzat. Educación y Descanso zerbitzu sindikala zen, kirol eta aisialdiko ekintzak bideratzea zuen helburu nagusia. Emakumeen taldea ezartzeko Sección Femeninaz baliatu ziren. Pilar Primo de Riverak 1934an sortutako emakumeen erakundea zen, Falange Española eta J.O.N.S.-en auspoan antolatzen zena. Emakumeen formazio politikoa eta gizarte zerbitzuak bideratzea zuen helburu. Bi erakunde hauen baitan antolatuko da dantza taldea. Gizonezkoak Educación y Descanson eta emakumeak Sección Femeninan.

"Tristea bada be, harek urtietan, gure folklorerako balio zaben toki bakarrak ziran harek", onartu zuen Santa Cruz berak bizitzan eskaini zuen azken elkarrizketetako batean. Izan ere, dantza taldea Educación y Descanso barruan antolatzeko erabakiak nahiko burukomin ekarri zion. Zenbaitek erregimenarekiko kolaboraziotzat hartu zuen eta Francoren aldekoak ote ziren leporatzen zietela gogoratzen du Elisabeth Santa Cruzek, Gregorion alabak. "Guri esaten zeskuen kalian — Ze, zuek faxistatuta zaozie!". Santa Cruzek garbi zuen kontzientzia ordea, zirrikitu hura aprobetxatu ezean, euskal dantza eta ohiturak galduko ziren beldur zen, eta ez zegoen bere muturren aurrean horrelakorik ikusteko prest. 

1944ko San Juanetako programan ekainaren 29ko dantza txapelketa zen euskal dantzaren zirrikitu bakarra. Herrian ez zegoen dantza talderik eta kanpoan ere apenas. Gerraondoko aitzindarietako bat Iruñeko Oberena taldea izan zen, 1941-1943 bitartean, Acción Catolicaren babesean lehenengo urratsak emanak baitzituen. Horrela ba, Eibarko dantzazaleek beren urratsa emateko erabakia hartu eta martxan jarri ziren. 

Sabin Mendikute txistularia lagun hartuta ekin zion Santa Cruzek dantza taldea prestatzeko lanari. Sección Femeninako egoitza Untzagako musika kioskoaren ondoan, eskumaldean zegoen. Bertako tabernaren ondoko aretoan egiten zituzten emakumeek dantza prestaketak. Gizonezkoak berriz, udaletxeko erdiko patioan (estali ondoren, kulturako areto bezala erabili izan zena). Bi hilabetez gogor egin zituzten entsaioak eta 1944ko irailerako dantza taldea jendaurrean agertzeko prest zegoen. Erropak, makilak, ezpatak eta abar jiratzeko ez zegoen bitarteko handirik. Bakoitzak bere erropak inguratzeko zailtasunak zeuden eta gauza asko Educación y Descansoren bidez lortu ziren. Donostiara deitu eta eskaera egin zuen Agapito Anituak. Dena ez bada, zer edo zer eskuratu zuten eta gainontzekoa ahal izan zen moduan konponduta prestatu zituzten beharrezko guztiak. 

Irailaren 8an, Arraten eta Arrate egunez izan zuten aurkezpena. Agintariena, banangoa, binangoa, ezpatadantza, makildantza, txankarrankoa, zahagidantza eta arkudantza egin zituzten, besteak beste. Pedro Muguruzak erretratatu zuen gerra osteko lehen dantza saio hura. 

Egun gutxiren buruan, Azpeitian eskaini zuen taldeak dantza saioa, erregimenak antolatutako ekitaldi batean. 1944ko irailaren 24an adinekoei egin ohi zitzaien omenaldian parte hartu zuten. 18 gizon eta 17 emakumek osatzen zuten taldea eta denak bilduta argazkia egin zuten udaletxe ondoan. Gizonezko gehienak "Pantalla" futbol elkarteko kideak ziren.  

Hurrengo urtean, San Juanetan dantza saioa eskaintzeko ohitura berreskuratu zuten. Gerraurreko San Juan jaietan ohikoak ziren dantza saioak eta aurresku txapelketak. San Juan eta San Juan Txiki egunean parte hartzen zuten dantza taldeek. Ekainaren 24an, udalbatza meza nagusira lagundu eta mezetatik udaletxera itzultzean, Untzaga Plazan dantza saioa eskaini ohi zuten. Agerraldia sokadantzarekin bukatzen zen.  

1945eko San Juanetako programak ohitura horren berragerpena erakusten du: "Día 24 a las 10.- Solemne Misa Mayor en honor a San Juan Bautista, con asistencia de la Corporación Municipal, Autoridades y Jerarquías de la Villa a las que hará guardia de honor el grupo de Espatadantzaris de Educación y Descanso". Bezperan, San Andres ospitaleko kaperan egiten zen salbean ere lagundu zituzten dantzariek udal agintariak. Urte horretako jai egitarauan aipatu ziren lehen aldiz txistulariak, ordurarteko programa idatzietan beti danbolintero bezala agertu izan zirenen ordez. 

Poliki-poliki emanaldiak han eta hemen eskaintzen hasi zen Educación y Descanso eta Sección Femeninako dantza taldea. 1945ean Ondarroan, 1946an Elgetan, Lekeition, Donostiako zezen plazan… Denek kamioi batean sartuta bidaiatzen zuten eta ilusioz beterik eskaintzen zituzten han eta hemen dantza saioak. 

Dantzak ordu asko hartu arren, taldearen sortzaileek zuten mendizaletasuna ez zuten alde batera utzita. 1946an Agapito Anitua, David Arriola eta Gregorio Santa Cruzek ekipoa osatu eta Bilboko Copa Pagasarri mendi lehiaketan parte hartu zuten. Acción Deportiva Bilbaok antolatzen zuen ibilaldi neurtuan lehenengo saria eskuratu eta gustora itzuli zen txapelarekin hirukotea. 

1947an Espainia egoera larri xamarrean zegoen: nazioartean isolatuta eta gerraren hondamen ekonomikoari hamar urte ondoren buelta eman ezinik. Ekainean Argentinatik iritsi zen esperantza. Eva Duarte de Perón, Ibarguren ezkongabeko abizenez, bisitan iritsi zen Madrilera. Argentinako Errepublikaren presidentearen emazteak hitz goxoak eta espainolen gosea baretzeko garia ekarri zituen. Francoren erregimenak eginahal guztiak egin zituen Evita lausengatzeko. Tartean Espainiako probintzietako folklore erakustaldia. Artean gutxi ziren Euskal Herrian martxan zeuden dantza taldeak. Goizaldi bera sortu gabe zegoen eta Oñatin, Sección Femeninan, dantza taldea bazegoen ere, emakumez bakarrik osatua zegoen. Gainera, Eibarko taldea erregimenaren egituran egokitua zegoenez, abantaila guztiak zituen aukeratua izateko eta Eibarko Educación y Descansoko taldea bidali zuten Madrilera. 

Taldeko dantzari bi, Ramon Mari Egaña eta Patxi Beitia, Madrilen zeuden soldaduzka egiten. Obra Sindicaleko delegatuek gestioak egin zituzten eta bi dantzariek baimena eskuratu zuten erakustaldian parte hartzeko. 

Honela, 1947ko ekainaren 10ean, Gregorio Santa Cruzek prestatutako taldea Euskal Herriaren ordezkari izan zen Eva Duarte de Peróni Madrilen eskaini zitzaion jaian. Espainiako lurralde ezberdinetako 20 talde inguruk parte hartu zuten. Eibartarrek banangoa, binangoa, ezpatadantza eta aurreskua eskaini zituzten. Emanaldi horretan bi talde nabarmendu zituen garaiko prentsak, Malagakoa eta Eibarkoa. 

Madrilen lortutako arrakastak oraindik gehiago animatu zuen Gregorio Santa Cruz. Gerra aurreko dantzariekin bilduta, dantzak berreskuratzeari ekin zion. Ibarzabal arkudantzari buruzko datuak bildu eta berriro osatu zuen, baina emakumeentzat moldatu zuen bertsio berria. 1948an Leridan izan zen dantza taldea. Bidaia autobusez eta Leridan hotel batean bospasei egun egin zituzten dantzari eibartarrek.  

Lana erruz egiten zuen Santa Cruzek. Tailerrean hamar ordutik gora egin eta belztutako aurpegia garbitzeko astirik gabe iristen zen entsaioetara. Eta hori gutxi balitz, dantza berriak sortzeko astia hartzen zuen. Berreskuratu-moldatutako Ibarzabal arkudantzari Ibildantza gehitu zion, eta poliki-poliki iristen joan ziren Egoarbitzako makildantza, Arratera Begira, zapidantza… 

Halako batean, Sección Femeninak Donostian abesbatz, errondaila eta dantza lehiaketa antolatu zuela eta, Gregoriok mimo osoz prestatu zuen taldea. Principal antzokian egin zen ekitaldia, eta gerraostean antolatzen zen mota honetako lehenengo lehiaketa zenez, ikusmin handia sortu zuen. Lau abesbatz, bi erroindaila eta zazpi dantza talde aurkeztu ziren bertara: Tolosa, Errenteria, Zarautz, Azkoitia eta Donostiarrak tartean. Eibartarrek Santa Cruzek berak sortutako Ibildantza eta zapidantza eta berreskuratu berri zuen Ibarzabal arkudantza aurkeztu zituzten. Lehiaketaz kanpo "Eibartarrak" zortzikoa eskaini zuten. Gorulari edo "hilandera" erropa beharrean, baserritar erroparekin agertu ziren eszenara Gregorio Santa Cruzek gidatutako emakumeak. Prentsak Gregorio Santa Cruzek Ibarzabal arkudantza berreskuratzen egindako lana azpimarratu zuen txapelketa jokatu behar zen egunean bertan. 

"Tiene un gran interés este Concurso, por ser el primero en su clase, porque al mismo concurren cuatro Coros, dos Rondallas y siete grupos de Danzas, y también debido a que uno de estos conjuntos de danzas va a exhumar un antiquísimo baile. Es el "Arku dantza" de Ibarzabal. Se remonta a más de doscientos años y hace cuarenta se bailaba aún. Entonces lo sacó del olvido la agrupación eibarresa que dirigía el gran impulsor de la dantza Jose Azpiazu, conocido también por "Jose Ondarru", y hace poco fallecido en Buenos Aires.

El "arku dantza", aunque de origen vasco-francés, puede considerarse genuinamente eibarrés, pues es ahí donde siempre, y con más frecuencia, se interpretaba, y hoy mismo, en el Príncipe, nos lo va a ofrecer el Grupo de Eibar, según los datos facilitados al actual maestro de danzas Gregorio Santa Cruz y recogidos a través de croquis y música de la antigua danza por los antiguos bailadores Eulogio y Fernando Garate.

Este tan antiguo baile lo conoceremos con nuevo vestuario, no de hilanderas, sino de "casheras", constituye uno de los más importantes alicientes del programa".

(Prentsa errekortea.Gregorio Santa Cruzen album pertsonala)

Kazetariak aurreikusi zuen bezala, dantzari eibartarrak izan ziren lehiaketako protagonista nagusiak. Lehenengo saria eskuratu zuen Santa Cruzen taldeak eta bigarren Errenteriako dantza taldea sailkatu zen. 

"ÉXITO DE NUESTRO GRUPO DE DANZAS DE LA SECCIÓN FEMENINA- (…). Su actuación, a juicio de todos los asistentes, ha sido magnífica. Bailaron la danza titulada "Ibarzabal", dantza antiquísima "eibartarra". (…) Gracias al constante trabajo de Santa Cruz y la colaboración de Eulogio y Fernando Garate, Eibar ha triunfado una vez más y nuestra arkudantza "Ibarzabal", ha obtenido el primer puesto.

Fuera de concurso, nuestro grupo actuó en el zortziko "Eibartarrak", poniendo una vez más de manifiesto la gran labor que callada y asiduamente realiza Santa Cruz, que gracias a su constancia y aplicación ha obtenido el primer puesto para Eibar. Nuestra felicitación a todos".

(Prentsa errekortea.Gregorio Santa Cruzen album pertsonala)

Emanaldiek aurrera jarraitu zuten: Iruñean, Donostian, Eibarren, Bilbon eta beste hainbat herritan dantzatu zuten.

 Poliki-poliki, Francoren erregimenaren hasierako kate estuak apur bat lasaitzen zihoazen. Elizaren babespeko erakundeetan dantza taldeak antolatzeko aukerak ireki ziren. Santa Cruzek Acción Católicaren babespean dantza taldea sortzeko aukera ikusi zuen. Mutil koskor talde batekin hasi zen lanean, Leon Laspiurrekin ikasitako 12 urteko txistulari gaztetxoa, Jose Luis Perez Sarasketa, laguntzaile hartuta. 1949an Jaime Font Andreu izendatu zuten Gipuzkoako elizbarruti sortuberriko gotzain eta Eibarrera egin zuen lehen bisita pastoralean Santa Cruzek prestatutako dantza taldeek egin zioten harrera. Neskak Sección Femeninan prestatutakoak ziren, hau da, erregimenak ezarritako derrigorrezko gizarte zerbitzua betetzen ziharduten neskatilez osatatutako taldea. Mutilak Acción Católicaren auspoan prestatutako taldekoak.  

1949ko apirilaren 24an, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Acción Católicako batzar nagusia burutu zen Eibarren. Ipuruako futbol zelaian egin ziren ekitaldiak eta Donostian sortu berri zen Goizaldi dantza taldeak parte hartu zuen bertan. Candido Pujana dantza maisuak erakutsita, Gipuzkoako dantzak eskaini zituzten donostiarrek Eibarren. Urtebete lehenago sortua zen Donostiako dantza taldea eta artean Goizaldi izena ere ez zuen. 

1949an Euskal Herriko mendizaleen batzar nagusia egin zen Elgetan. Elkartea Elgetan bertan sortu zen, 1924ko maiatzaren 18an, eta Hego Euskal Herriko lau probintziak batzen zituen: Federación Vasconavarra de Alpinismo. 25 urte beranduago, maiatzaren 22an, sortzen ikusi zuen herrian bertan egin zen batzar nagusia. Programan jasotako ekitaldien artean, Santa Cruz maisuak zuzendutako dantza taldeak erakustaldia egingo zuela iragartzen zen.  

Garai hartan bertan, Sociedad Femenina Eibarresa Goi-Argiren auspoan mutil koskor talde batekin hasi zen lanean. Ume txiki taldea zen, baina pazientziaz hartu zituen Santa Cruzek eta txispa berezia erakusten zuten dantzan. Arrakasta izugarria lortzen zuten aurkezten zituen toki bakoitzean.  

1949an Euskal Herrian oporretan zebilen estatubatuar batek Loiolara egindako bisitan Santa Cruzen talde txikiarekin topo egin zuen. Liluratuta gelditu zen. Argazki kamara eskuan, behin eta berriz sakatu zion botoiari eta dantzari xarmangarrien maisuarekin berriketaldia izan zuen. Roy W. Nickerson eta Gregorio Santa Cruzen artean harreman berezia sortu zen. Estatubatuarrak unibertsitatean ikastetak burutzen ziharduen eta joan beharra zeukan, baina itzultzeko promesa egin zuen eta taldeari Loiolan egindako argazkietako bat bidali zion Santa Cruz maisuari. Congregación Marianaren orrialde informatiboan jaso zen argazkia, 1950eko ekaineko zenbakian, honako testuarekin: 

"El grupo de dantzaris del cuadro artístico "GOI-ARGI", que tan calurosos aplausos cosechó en el Salón Teatro el día 23 de Mayo. Felicitamos efusivamente al maestro Santa Cruz por la meritísima labor que realiza con ese grupo simpático.

Esta foto se la debemos a la delicadeza de un universitario norteamericano, ROY W. Nickerson, que coincidió con nuestra excursión a Loyola del año pasado, y que entusiasmado con nuestros pequeños dantzaris proyectó varios metros de película, mientras estos actuaban, y disparó su "Leica" sobre los rostros de estos pequeños nuestros. ¡Muy agradecidos Sr. Nickerson! Recogemos su promesa de visitarnos el año 51 con el rodaje que nos promete".

(Prentsa errekortea.Gregorio Santa Cruzen album pertsonala)

Roy W. Nickerson-ek benetan estima handian hartu zituen Santa Cruz eta bere dantzariak eta kontaktuan mantendu ziren luzaroan. Handik urte bira Nickersonek New Jerseyn soldadu zela idatzi zion Gregoriori.  

 

Camp Kilmer, N.J. - EE. UU. de America

24 de Noviembre de 1951

Estimado amigo Sr. Santa Cruz:

Hace mucho tiempo que no tengo sus noticias y me pregunto qué le haya pasado. Espero que todo vaya bien con Ud. y su familia.

(…) Quiero mucho visitar al País Vasco, con que me enamoré por completo durante mi breve estancia allá (…) Me acuerdo de Ud. muy bien desde ese día cuando sacaba fotos en Loyola y por eso le cuento entre mis viejos conocimientos. También tengo unos nuevos amigos en el sur de España.

(…) Lo que echo de menos es no poder ver los bailes de Euzkadi, los cuales recuerdo con tanto placer: la música hipnótica del txistu y tambor, los pasos intrincados, el garbo y la alegría con que los Vascos siempre bailan, cantan - y viven!

En este momento no puedo escribirle más, pero quería decirle que no les he olvidado y espero que Uds. todavía se acuerden de mí. También tengo la esperanza que no pasará mucho tiempo más antes de verles de nuevo. Cuando tenga tiempo, escríbame las nuevas de Eibar, las actividades de su grupo y las noticias de su familia.

Reciba un abrazo de su amigo, Roy."

(Familiak utzitako eskutitza. Eibarko Udal Artxiboa)

 Gregorio Santa Cruz gelditu barik zebilen batetik bestera. San Juanak gainean zirela eta, ohi bezala, taldeak prestatu behar izaten zituen. 1949ko San Juanetan ere lana erruz izan zuen dantza taldeak. Ekainaren 23an, San Andres ospitaleko kaperan egiten zen salbean udal agintariak lagundu zituzten Educación y Descansoko ezpatadantzariek eta Sección Femeninako emakume dantzariek. San Juan egunean meza nagusira lagundu zituzten agintariak eta, irteeran, San Andres eliza aurrean dantza egin zuten. San Juan Txiki egunean aurreskulari txapelketa egin zen.  

5. 50eko hamarkada

 Urte beltzak atzean geratu ahala, dantzarako gogoz zeuden gazteak zuzpertzen zihoazen herri askotan. Dantza maisuak urri ziren, ordea, eta Gregorio Santa Cruzengana jotzen zuten inguruko herri askotatik. 1950. urtean Arrasatetik deitu zuten bertako zerbitzu sozialeko sailak Sección Femeninako emakumeei dantzan irakasteko prest egongo ote zen galdezka. Baiezkoa aurretik izan ohi zuen Santa Cruzek.

 Astean birritan joaten zen Arrasatera eta benetan gogotsu agertu ziren neskak. Berak erakutsitakoa gogor entsaiatzen zuten eta erraz ikasi zituzten dantzak neska gazteak izan arren. Donostian lehiaketa batean aurkeztu eta lehenengo saria eskuratu zuten Arrasateko neskek. Gipuzkoa ordezkatuz, Madrilen izan ziren eta han lortutako arrakastak oraindik urrutiago eraman zituen. Espainiako beste lurralde batzuetako taldeekin batera, Mediterranioan barrena hilabete t’erdiko bira egin zuten. Hamabi dantzarik osatzen zuten taldea, Arrasateko sei neskak eta Donostiako beste horrenbestek. Donostiarrak Goizaldi dantza taldearen ingurukoak ziren. Txistulari moduan Jose Inazio Montes, Goizaldiko txistulari bikainak lagundu zituen.

 Arrasatetik 1950eko azaroaren 29an abiatu eta abenduaren 1ean ontziratu ziren Bartzelonan. Grezia, Turkia, Palestina eta Egipto bisitatu zituzten. Toki bakoitzean jaialdi handiak antolatzen ziren eta luxuzko hoteletan hartzen zituzten. Gabon egunean Belenen dantzatu zuten. Pozez gainezka idatzi zioten emakumeek bidaian irten aurretik.

 

"Mondragón 24 noviembre 1950

Querido amigo: Le extrañará que le escribamos pero creo que es nuestra obligación el hacerlo. Se habrá enterado ya del viaje que dentro de unos días van a hacer varios grupos de coros y danzas de España. Sabrá también que entre ellos es uno de Guipuzcoa el que va. De la Nacional decidieron que fuesen ocho de Oñate y completaron el grupo con cuatro de Mondragón pero por alguna razón no van las de Oñate, y somos seis de aquí con seis de San Sebastián las que vamos a ir nada menos que a Egipto, Turquía, Palestina y Grecia. Salimos de aquí el día 29 y embarcamos en Barcelona el día 1, llevamos entre otros bailes el Ibil-dantza que es suyo y gustó muchísimo, los demas son todos nuevos aparte del launako. Como ve, gracias a sus lecciones nos ha sido fácil el aprenderlo, estamos muy contentas con usted y le recordamos mucho, tal vez reciba una postal de aquellas tierras de las danzantes mondragonesas que usted preparó. Le saludamos afectuosamente. Marichu Villar, Mari Arambarri, Gloria Aguirreurreta, Felisa Mendiarach, Merche Ormaechea y Gloria Ugarte".

(Familiak utzitako eskutitza. Eibarko Udal Artxiboa)

 1955. urtean Elorrioko Luistarren Anaibatzak hotsegin zion Eibarko dantza maisuari. Ekainean, Luistarren patroia den Luis Gonzaga Deunaren jai-egunak ospatzeko ekitaldiak prestatzen ziharduten eta dantza taldea antolatzeko maisu bila jo zuten Santa Cruzengana. Horrela, emakume eta gizonezko talde bana prestatu zituen Santa Cruzek Elorrion. Ikusmin handia eragin zuen gertaera horrek. Honela agertu zen 1955eko ekainaren 17, 18 eta 19an ospatu ziren jaien egitarauan: "Gogo aundia dago Gregorio Santa Kurutz eibartarrak eta gure betiko txistulari Gregorio Etxenausiak gertauriko gorulari ta ezpatadantzari taldeak ikusteko. Euren dantza-erak, atsegin aundiz ikusiko dirala, gure artean, guk uste, dantza-era barri areik Elorrion lenengoz egingo dira-ta." (Familiak utzitakoa. Eibarko Udal Artxiboa).

 1956an, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak egoitza inauguratu zuen Eibarren. Hori zela eta, jaialdia antolatu zuen aurrezki kutxak urtarrilaren 15ean. Coliseo antzokian. Bergarako "Umore Ona" abesbatza, "Kikio" musikari-komikoak eta Donostiako Goizaldi dantza taldeak parte hartu zuten. Kanpoko taldeentzat plaza goxoa zen Eibar. Donostiako dantzari bikainek Eibarrera egin zuten bigarren bidaia zen, lehenengoa 1949an izan baitzen. Eta hurrengo urteetan ere errepikatuko zuten Donostiatik Eibarrerako bidea. 1958 eta 1959ko San Juan egunetan dantza agerraldia eskaini zuen Goizaldik Untzaga Plazan. 1998ko maiatzean, Euskal Jaian, Eibarren izan dira berriz Goizaldiko dantzariak.

 Donostia eta Bilboko dantza talde bikainen arteko oreka saiatzen ziren lortzen jaietako antolatzaileak. 1956ko San Juan Txiki egunean Bilboko Gaztedi dantza taldeak Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Zuberoako dantzak erakutsi zituen Untzaga Plazan. Ekainaren 29an berriz, Donostiako Salleko dantza taldeak egin zuen agerraldia Urkizun. Ondoren, bikotekako dantza solteko txapelketa ospatu zuten, Eibarko I. Txapelketa bezala bataiatu zutena eta 750 pezetako saria eskuratu zuen bikote garaileak. 

1957ko San Juan Txiki egunean Bilboko Dindirri dantza talde bikainak erakutsi zituen Untzagan Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia eta Iparraldeko dantzak. Jai haietan parte hartu zuen Eibarko dantza taldeak Ibarzabal S. F. izenarekin egin zuen. Gregorio Santa Cruzek arkudantza ekarri zuenaren izena jarri zion dantza taldeari. Ekainaren 29an egin zuten dantza eibartarrek Urkizun eta segidan dantza solteko txapelketa ospatu zen. San Juan egunean aurresku txapelketa egin zuten. 

Hiriburuetako dantza taldeak Eibarrera etortzen zirenetan, Santa Cruzek arreta osoz ikusten zituen dantza saioak. Bilboko "Dindirri" taldekoek Eibarren erakutsi zuten Dindirri Binakoa izugarri gustatu zitzaion eta ez zen geldi geratu hura ikastea lortu zuen arte. Bilbora joan zen eta elkartrukea egin zuten, berak Ibarzabal arkudantza erakutsi zien eta trukean Dindirri Binakoa ikasita itzuli zen Eibarrera. 

6. Eibarko Klub Deportiboa

 Eibarko Klub Deportiboan, ordurarte murriztuta zeuden beste aktibitate batzuk egiteko baimenak lortzea samurragoa zela ikusita, kultur arloko batzorde bat sortzeko asmoa agertu zen. 1957ko urtarrilaren 25ean, Deportiboko urteko batzar nagusian, Juan San Martinek batzorde Artístico-Cultural bat sortzeko proposamena egin zuen. Argazkilaritza, pintura, hizkuntzak, musika, dantza eta liburutegiko ekimenak bilduko zituen batzorde berriak. 

San Martin bera arduratu zen batzorde artistiko-kulturaleko osaketaz eta horrela 1957ko maiatzaren 3an, Deportiboko hileroko bileran ezagutarazi ziren batzorde berriaren sail bakoitzeko arduradunak. Fernando Zuloaga batzordeburu eta Agustin Urquiola idazkari zirela; Jose Careaga pinturaz arduratzen zen; Santiago Arizmendi linguistikaz; Juan San Martin natur zientziaz; Gregorio Santa Cruz folkloreaz. Modu horretan, gaur arte iraun duen dantza taldea sortu zen Eibarko Klub Deportiboaren habian.

 Izendapenak 57ko maiatzean egin arren, taldea osatu eta lanean hasi orduko hilabeteak aurrera joan ziren, eta dantza ikasi, erropak, materialak eta beharrezko denak biltzerako, 1958. urtean sartuta zeuden. Udaletik laguntza ekonomikoa lortu zuten eta talde batekin hasi zen lanean Gregorio. Entsaioak Klub Deportiboko egoitzan bertan egiten zituzten. Lehenengo talde hartakoak ziren Ramon Maria Careaga, Xabier Baglietto, Juan Echave, Agustin Sanz, Garaizabal, Juan Maria Garmendia, Victor Baglietto eta Jose Uzkudun besteak beste. Taldea prestatu eta 1958ko apirilaren 13an, Deportiboko mendizaleen finalista egunean agertu zen lehen aldiz Arraten.

 Deportiboko zuzendaritzak udalari egoki zeritzonerako eskaini zion dantza taldea, bertatik jasotako diruari esker prestatu ahal izan baitzen. Udalaren eskaerei erantzunez, 1958ko San Pedro jaietan Urkizun eta azaroaren 9an eta 30ean, San Andres egunean, Untzagan dantza saioak eskaini zituen Eibarren Klub Deportiboko dantza taldeak. Azaroaren 9an, elizbarrutiko gotzainak Eibarrera egin zuen bisitan dantzan aritu ziren. Urte horretako San Juan egunean, Goizaldi dantza talde donostiarra izan zen berriz Eibarren, eta San Juan Txiki egunean Gipuzkoako hiriburuko beste dantza talde bat: Ballets Vascos Bioztun

Talde bat hutsetik sortzea garestia izaten da, eta 1959an neskentzat erropak egiteko aurrekontua prestatu zuten: 9.024 pezeta. Diru asko zela eta nola edo hala biltzeko modua aztertu zuten. Baziren gerraurrean Santa Cruzekin dantzan ikasten ibili eta urteekin industria gizon garrantzitsu bihurtu zirenak, batzuk aberastutakoak. Arazoa agertuz eta dirulaguntza eskatuz gutun batzuk zuzendu zizkien Gregoriok eta horrela bildu zuten behar zen diruaren zati handiena. Gainontzekoa Klub Deportiboak berak jarri zuen. 

1959ko uztailean, Eibarko alkateak Errebal kalean merkatu plaza ondoko lokal bat gimnasio moduan erabiltzeko eskaini zion Klub Deportiboari. Aurrerago dantza taldearen egoitza izango zen lokala. 

Azaroan, Juan Antonio Mogel idazlearen omenez, Euskaltzaindiak Euskararen Kongresua antolatu zuen Eibarren. Klub Deportiboak parte hartu zuen ekitaldien antolaketan Juan San Martin euskaltzaina eta Deportiboko kidearen bidez. Ekitaldi akademikoez gain, jaialdiak ere izan ziren. Azaroaren 7an, Amaia antzokian, Bilboko Gaztedi dantza taldeak Otsagi eta Zuberoako dantzak eta Amaya operako ezpatadantza aurkeztu zituen. Jaialdia, Soroak laukotearen eta Robles anai-arreben kantuekin osatu zen, eta bigarren zatian Larrinaga anaiek txistu kontzertua eskaini zuten.  

Juan eta Policarpo Larrinaga anai bermeotarrek urte mordoa egin zituzten Gregorio Santa Cruzekin txistua jotzen. Familia musikaria zen Larrinagatarrena. Lanbidez arotzak eta aitak irakatsi zien musika, eta nola ez, txistua. Bermeoko txistulari banda maila altukoa zen garai hartan. Juan Larrinaga Eibarrera etorri zen bizitzera eta Gregoriorekin tratu handia izan zuen. Santa Cruzek behar zuen guztietarako prest egoten zen beti eta maiz etortzen zen Poli anaia ere Bermeotik laguntzera. 

1959ko Euskararen Kongresuko ekitaldien artean, azaroaren 8an, Bermeoko txistulariek kalejira egin zuten Eibarko kaleetan. Arratsaldean Euskal Jaia ospatu zen Untzagan. Eibarko Klub Deportiboko eta Bilboko Gaztediko dantzariek parte hartu zuten bertan eta horien ondoren, 8 aurreskulari bikainek erakustaldia egin zuten. Euskal Jaia amaitzear zegoela, ume harrigarri batzuk plazaratu ziren. Ikusleak zur eta lur geratu ziren Javier Aguirrek, 7 urteko mutil koskorrak eskusoinua jotzen zuela, 4 urteko Maria Jesus Gallastegi eta 5 urteko Julen Zabaletak dantza soltean nola egiten zuten ikusterakoan. 

Gutxi iraun zuen, ordea, Santa Cruzek Deportiboko taldearen arduradun bezala, 1959. urtea bukatu aurretik, dimisioa aurkeztu baitzuen. Berak jakin gabe egindako gestio batek haserretu eragin zuen dantza maisua eta bertan behera utzi zuen taldea. 

Klub Deportiboko arduradunek beste dantza maisu berri baten bila jo zuten. Soraluzen dantzak erakusten zebilen Patxi Beitia eibartarrari deitu zioten. Educación y Descansoko dantzaria izan zen Beitia eta Santa Cruzekin ikasitakoa zen. Hasieran ezezkoa erantzun bazuen ere, azkenerako ekarri zuten eta garai hartan Soraluzeko udal Txistulari Bandaren zuzendari eta Gregorio Santa Cruzen laguntzaile zen Jose Luis Perez Sarasketarekin hasi zen lanean Eibarko Klub Deportiboan. 1960ko apirilean, Elgetan ospatu zen finalista egunean aurkeztu zen dantza maisu berriak prestatutako Klub Deportiboko taldea.  

San Juan egunean meza nagusiaren ondoren, aurreskua egin zuten Deportiboko dantzariek Untzaga Plazan. San Pedro egunean Urkizun eskaini zuen dantza saioa Beitiak zuzentzen zuen taldeak eta segidan ohikoa zen dantza solte txapelketa burutu zen. Eibarko V. Txapelketa zen dagoeneko eta sariak honakoak izan ziren: irabazleek 1250 pezeta, eta ondoren sailkatutakoek 1000, 750, 500 eta 250na pezeta jaso zituzten. 1961 eta 1962 urteetan San Juanetako programa berari eutsi zion Deportiboko taldeak: meza nagusira udal agintariak lagundu eta ondoren aurreskua San Juan egunean. San Pedro egunean, berriz, dantza saioa eta dantza solte txapelketa Urkizun. 

Santa Cruz ez zen etxean egotekoa eta Deportiboko taldea utzi ostean Sociedad Recreativa Cultural Arraten hasi zen dantza talde berri batekin lanean. Ume talde batekin hasi zen lanean eta berehala zituen plazan agertzeko gertu. 

Urte hartan bertan, Mendarotik deitu zuten berriz dantzak erakustera joateko. Gerraurrean egona zen bertako dantza taldeak prestatzen eta ia 30 urte beranduago berriz deitu zuten. Estimatua zen dantza maisua. Urtebete lehenago mendarotar gazte talde batek herriko jaietarako zahagidantza prestatu zuen. Santa Cruzen koinatua, Fausto Sanz, izan zuten irakasle. Orain, Bizkaiko dantzak, dantzari dantza ikasteko gogoa zuten eta horretarako Santa Cruz maisuaren beharra zuten. Mendarotarrek gogotsu ihardun zuten eta asteburuetan Santa Cruzek erakutsitakoa behin eta berriz lantzen zuten astebarruan. Urte batzuk beranduago Gurutzpe Kultur Elkartearen babespera pasa zen dantza taldea. 

Harreman estua izan zuen Gregoriok mendarotarrekin. Umeekin hasi zirenean ere, joaten zen laguntzera. Arrate Kultur Elkartean zuen taldearekin laguntza behar izan zuenean, mendarotarrek sarri lagundu izan zioten. 

1962. urte inguruan Elgetatik deitu zuten bertako dantza taldeari dantza berriak irakasteko. Hilabete batzuk lehenago, Joakin Gastesi apaizak bultzatuta, apaizgai gazte batzuek erakutsi zizkioten lehen dantza urratsak sortzen ari zen taldeari. Elgetarrek, dantza taldearekin aurrera jarraitu eta dantza berriak ikasteko asmoz, dantza maisu baten bila jo zuten. Joxe Arrizabalaga Pandero, Santa Cruzen lagunaren bitartez jakin zuten Eibarko dantza maisuaren berri. 12 urtez luzatu zen harremanaren hasiera izan zen hura. 

Igande goizetan, Joxe Arrizabalaga Pandero eta Juan Larrinaga txistulari bermeotarra lagun hartuta, Elgetara joaten zen Gregorio Santa Cruz. Dantza taldeak berehala hartu zuen gorputza eta urte hartako Santiago egunean aurkeztu zen Elgetako plazan. Hurrengo urtean, uztaila hasieran ospatu zuten Elgetan lehenengo Euskal Jaia. Kalejira eta segidan meza izan zuten Elgetako plazan. Ondoren dantza saioa, Juan eta Poli Larrinaga txistulariek lagunduta. 

1964an ospatzekoa zen Elgetako II. Euskal Jaia bertan behera gelditu zen, Guardia Zibilak hala behartuta. Horrelako ekitaldiak antolatzeko entitate baten beharraz eta sortzen ari zen mugimendu hari euskarri bat eman nahian sortu zen Ozkarbi elkartea. Dantza taldearekin batera, beste batzorde batzuk eratu ziren elkarte sortu berriaren baitan. 

Elgetan ezezik, kanpoan ere eskaini zituen dantza saioak dantza talde hark. Lehenengoetako bat Orexan, eta baita Debako II. Euskal Jaian ere. Lehenengo taldeko dantzari izan zirenek, hurrengo belaunaldiei erakusteko lana hartu zuten eta horrela 1966an, Gregorio Santa Cruz maisuari Arraten eskaini zitzaion omenaldian, Patxi Basaurik eta Mariasun Agirrek gidatutako taldeak parte hartu zuen. 

1965 urte inguruan, Eibarren Galerías Preciados ipini eta bertako langileen artean, besteak beste futbol, saskibaloi eta dantza taldea antolatzeko asmoa agertu zuten. Dantza taldea prestatzeko Gregorio Santa Cruzi hotsegin eta lanean hasi zen dantza maisua. Hilabete batzuetan entsaiatzen ihardun zuten baina taldeak ez zuen aurrerabide handirik izan. 

Joseba Etxeberria mendarotarrak bildutako informazioaren arabera, Mutrikun, Saturraranen zegoen apeztegian ere ihardun zuen Santa Cruzek euskal dantzak irakasten. Apaizgaiak izan zituen ikasle eta apaizgai ondarrutar baten berri jaso zuen Etxeberriak. Ikasketak bukatu eta Ondarroako apaiza Amerika bidean jarri zen misiolari. Urte askotan Ekuadorreko Los Rios misioan ihardun zuen lanean, bertako txiro eta behartsueri laguntzen eta irakasten. Eta irakatsitakoen artean, apeztegian Santa Cruzekin ikasitako dantzak erakutsi zituen abade ondarrutarrak. 

7. Omenaldia

 1966an Eibarko Klub Deportiboko kultura batzordeak, Sociedad Cultural Recreativa Arratek eta bere ikasle izandako dantzari ohiek antolatuta, omenaldi handia eskaini zitzaion Gregorio Santa Cruzi. Urriaren 16an, Gregoriok 68 urte zituela, Arraten omendu zuten. Santa Cruzek ez zuen omenaldirako motiborik ikusten artean eta horrelaxe idatzi zuen Miguel Angel Astiz-ek La Gaceta del Norten Gregorio Santa Cruzen omenaldi bezperetan: 

"Este hombre sencillo y vocacionalmente entregado a enseñar danzas vascas, sufrirá su homenaje, que ha aceptado porque le han dicho que tiene que hacerlo para que sirva de ejemplo a los demás, y haya muchos preparadores de grupos de danzas, que sirvan a la conservación de los viejos bailes".

(Prentsa errekortea. Gregorio Santa Cruzen album pertsonala).

Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat dantza taldek eta bestelako hainbat lagunek parte hartu zuten Arraten eskaini zitzaion omenaldian. Deportiboko eta Kulturaleko dantza taldeez gain, bertan izan ziren berarekin ikasi zuten Elgetako eta Mendaroko dantza taldeak ere. 52 urte zeramatzan euskal dantzaren alde lanean omenaldia eskaini zitzaionean. Egun hartako pozik handiena bere bi oinordekok eman omen zioten, berak irakatsitako biloba bik dantza egin baitzuten Arrate gainean. 

Eibarren hasi eta Arraten jarraituz, egun osoko egitaraua izan zuen omenaldiak.

9etan Arrate Kultur Elkarteko txistulari bandak kalejira egin zuen Eibarko kaleetan.

10.30etan Arrateko elizan hildako dantzarien (Juan Maria Aguinaga, Lorenzo Telleria eta Begoña Marfull) aldeko meza.

11.30etan Eibarko Klub Deportiboko eta Arrate Kultur Elkarteko euskal dantza taldeen saioa. Beste zenbait dantzaren artean Santa Cruz maisuak sortutako Egoarbitzako makildantza eskaini zuten.

14.00etan omenaldi bazkaria Arrateko Hostalean.

150 lagun bildu ziren Arrateko Hostalean egin zen omenaldi bazkarira. Mahai nagusian, Gregorio Santa Cruz eta Julia Sanz emaztearen ondoan, Pedro Zelaia, Indalezio Ojanguren, David Arriola eta Jose Maria Ormaechea eseri ziren.

 Postre garaian, David Arriolak, Klub Deportiboko kultura batzordeko presidenteak, urrezko domina eman zion Santa Cruzi euskal dantzen alde egindako lan mardula eskertuz . Paulino Larrañagak grabatutakoa zen urrezko domina. Ondoren Pedro Zelaia abade eta Eibar aldizkariko zuzendariak, Santa Cruzi jarritako bertsoak kantatu zituen eta Ana Maria Iturriartek bere poema batzuk irakurri zizkion. Gregorio Santa Cruzek, hunkituta, ondoko hitzak irakurri zituen: 

"Jaunak: neure lenengo agurra gaur emen batu zeraten guztioi.

Orain dala 52 urte — 1914 urtean eta Orrillaren 4ean — nere aziera dantzari bezela Arrateko zelaian izan zan. Garai artako adizkide ta lagunak oneik ziran: Tomas Maiztegi, Berrizko Irakaslia, orain Ameriketan bizi dana. Gero Castor Arriaga, Saturnino Arriola ta ni. Pedro Aginaga, Felix Lasa, Felix Aginaga eta Patxi Aristorena. Oneik ilda daude eta G. B.

Gero berriz, 1929 urtean, Arrate Egunian, etorri nintzan eibartar gazte dantzari talde bategaz, gure Amatxoren aurrean dantzan egitera, baiñan ez dantzari bezela, irakasle edo maixu bezela baiño.

Orain dala 52 urte, Arrateko zelaia zapaldu eban dantzari mutiko ura emen aurkitzen da gaur egun zuen aurrean, baiñan ez dantzari gazte bezela, baizik Arrate Bazkunak eta Club Deportivoak jarri zuten nere aldezko omena zelebratzen baizik.

Jaunak, garai artan, batedon batek aditzen eman bazidan esanaz:

Emendik 52 urtera omen bat egingo detsue eta omen ori izango da Arraten, sasoi artan ixil-ixillik egongo nintzan jakiña, baiñan gaur esan egin biar:

— ¿Zergaitik omen au? ¿Uzte dozue merezizkoa dala?

Nik ez det ba uzte malla ortara eldua naizenik. Neure ustez omenaldi baten jabe izateko gauza asko egin biar diralako, eta nik egin dedan guztia ezta besterik izan neuk ikasi nebana beste batzueri erakutsi. Orrela gero, eurak — guk utzitako bidea zabalduaz — aurrera eramateko.

38 urtean, egun batzuk alai eta beste batzuk trixte igaroaz, neure izate guztia eman det. Neure biotz eta anima guztiakin batera alegindu naiz lan aztun au aurrera eramaten. Geure erriko enparantza edo plazetan, geure txistu dantza, abesti eta abar, zalbaduaz geure Eibarren izena eta goian jarriaz. Eta Euskal-erriko oitura ederrak gordeaz egin det egin dedan guztia.

Oso pozik nago, bai. Nik egindako lana ondo be ondo ordainduta geratuko delako. Zuen maitasun eta txalo eder oiek orrela esaten dezte.

Arrate Bazkunari eta Club Deportivoari eta erri guztiari, dan-danori, eskerrikasko eman didazuten medalla onegaitik. Bizi naizen artean ondo be ondo gordea izango da medalla au. Eta ez naiz aztuko omenaldi onekin.

Eskerrikasko ba danori… Eta orain amaitutzera noa biotz-biotzezko besarkada sutsu eta maitekor bat emanaz danori. Eskerrik asko".

(Gregorio Santa Cruz ondarea. Eibarko Udal Artxiboa)

Gregorioren hitzen ostean bazkarian bildutako gehienek beren ekarpena egin nahi izan zuten. Larrinaga anaia bermeotarrek, Poli eta Juanitok, txistu pieza batzuk eskaini zizkioten omenduari. Fausto Sanzek, Gregorioren koinatua eta dantzari eta dantza-maisuak, aurreskua egin zuen, eta berarekin ikasitako hainbat dantzari beteranok ere sasoia erakutsi zuten: Agapito Anitua, Marcelo Aranberri, Manuel Lasa, David Arriola, Vicente Aristondo, Fernando Izagirre, Jose Maria Gil, Jose Maria Urdanpilleta, Carlos Narbaiza, Manuel Egaña, Paco Murua, Ramon Careaga, Javier Perez txistularia, Mikel Larrañaga. Santa Cruzentzat une hunkigarrienetako bat bere biloba bik dantzatu zutenean iritsi zen: Xabier Zubizarretak dantzatu zuen lehenengo, eta ondoren, Arrate Vitoriak Manuel Lasarekin. Hilabete batzuk lehenago dantzatu zuten plaza agerian bi bilobek eta hura gogoratuz honako hau esan zion kazetari bati: "Uno de los momento más dichosos de mi vida fue al ver bailar a mis dos nietos. Sentí una emoción tan honda que no puedo expresarla con palabras".

(Prentsa errekortea. Gregorio Santa Cruzen album pertsonala)

 Espontaneoak bata bestearen atzetik pilatu ziren. Berraondo, Careaga, Lasa eta Urdanpilletak aurreskua egin zuten. Tartean bertsolariak, Pampo eta Joxe Olano, eta denak batera kantuak. Handik eta hemendik, omenaldiarekin bat eginez iritsitako telegrama ugari irakurri zituzten:

 

"DE SYRACUSE: UNIDO HOMENAJE ZORIONAK - JAVIER AGUIRRE"

 

"DE ONDARROA: NOS ADHERIMOS AL MERECIDO HOMENAJE QUE SE TE TRIBUTA ENVIAMOS SALUDO CORDIAL"

 

"DE ONDARROA: MERECIDO HOMENAJE NOS UNIMOS DE CORAZÓN JÓVENES DANTZARIS ONDARROA GRUPO TXANPA"

 

"DE SAN SEBASTIAN BIOTZES NERE ZORION BEROENA - KAREAGATAR MERCEDES"

 

"DE ELORRIO: ELORRIOKO DANTZARIAK BIOTZEZ SURE ONOMASTICA EGUNEAN OSABA ETA ZUZUA"

(Gregorio Santa Cruz ondarea. Eibarko Udal Artxiboa)

 Egunetara zorion gutunak iristen ziren oraindik Santa Cruztarren etxera. 

Gregorio santa Cruz’eri Eibar’en

15-X-66

Gure erritar ospatsu ori: Ondarrutarrok poz pozik jakin dogu zure omenaldia. Biotz biotzez zugaz gaukazuz. Ain zuzen be biarko eguna dogu azpalditik Urretxun KRESALETAN emoteko aukeratua eta origaitik ezin juan al izango gara guretariko batzuk zure jai orretara. Baña origaitik ez uste izan gogoan ez zaitugunik eta gure besarkadarik onena emoten ez dautzugunik. Biotz biotzez.

Zubikarai

 

Q Q Q

 

Bridgewater 12-X-66

Apreciado Don Gregorio

Quizá le extrañe recibir ésta, desde Inglaterra. Estoy aquí hace más de tres meses, perfeccionando este idioma.

Enterado del homenaje, también yo, como alumno y eibarrés, quiero sumarme a él, aunque sólo sea con estas pobres lineas.

Recuerdo aquellos años, que bajo su dirección bailábamos delante del Dr. Fleming… Zorionak

 

José Ignacio Vicuña

 

Q Q Q

 

Tarancón, 13 de Octubre de 1966

Querido profesor: Me he enterado por mis padres que va a ser objeto de un homenaje por todos los años que lleva dedicado a tan noble actividad. Yo, desde hace unos meses estoy en Tarancón, en la nueva Fábrica que Orbea ha instalado, y desde aquí quiero felicitar y enviarle mi más cordial enhorabuena, y unirme en ese día tan significativo para Ud. Sin más reciba un saludo y una felicitación de su alumno,

Juan Carlos de Iraolagoitia Orbea

 

Q Q Q

 

"San Sebastian Gregorio Santa Cruz

Uniéndome al justo homenaje, felicidades. Vda. de Daniel Vicuña."

 

" San Sebastian Gregorio Santa Cruz

Zorionak besarkada, Txaka".

 

" Zarauz Gregorio Santa Cruz

Zorion sutsua besarkada batekin, Antonio Sarasua"

 

" Zarauz Gregorio Santa Cruz

Ezin izan dogu joan baña biotzez zuekin gaude, zorionak.Gunner, Juanita, Edurne."

 

Prentsan ere ohiartzun zabala izan zuen omenaldiak. Gregorio Santa Cruzi buruz idatzitako guztien artetik bakarren bat ekarriko dugu hona: 

"Y es que quienes le conocen se habrán dado cuenta cómo todos los días ese hombre camina con paso rápido, con la cabeza baja y la "txapela" inclinada al estilo clásico del hombre vasco, hacia el cumplimiento de su tarea. Y así es en efecto. En 52 años así ha sido. Todo por un amor y una dedicación a la danza vasca, cuyo límite nosotros no podemos ni nos atrevemos a describir, acaso porque no existe. Quizá el historial de este gran hombre y sencilla persona pueda hacerlo."

(Prentsa errekortea. Gregorio Santa Cruzen album pertsonala)

8. Erretiroa

 Edadeko gizona zen Santa Cruz eta dantzako ardurak beste batzue lepo uzten joan zen. Arrate Kultur Elkartean zuen taldea Deportibora pasatu eta merezitako atsedena hartu zuen. Ez zen, ordea, etxean geldi egotekoa eta maiz joaten zen Deportiboko Kezka dantza taldeko entsaioetara. 

1966ko omenaldiaren arrakasta ikusita, hurrengo urtean horrelako jai bat berriz antolatzen hasi ziren. Herriko dantza taldeak agertu eta aurreko belaunaldietako dantzariak omentzen zituzten. Dantzari Egunak urtero ospatzen hasi ziren modu horretan. 

1968an GACeko lanari ere utzi zion. Ez oso gogo onez, baina adinean aurrera zihoan eta familiak behingoz utzi beharra erakutsi zion. Gutxi iraun zion, hala ere, jubilazioak. Etxean egon ezinik, berriz ekin zion lanari eta beste bi urte egin zituen, 72 urte arte lanean. Mendi ibilera luzeak paseera lasaiengatik aldatu, lana eta dantza utzi eta jubilatu erretiroko bizimodu trankilari heldu zion. Koadernoetan dantzak berridazten jarraitu zuen, ordea. Aldaketak, hobekuntzak eta zuzenketak eta dena argi eta garbi jasotzen zuen bere koadernoetan.

Mendarotarrek ere beren zorra kitatu nahi eta 1971n omendu zuten Gregorio Santa Cruz. Ekainaren 20an, Mendaron dantzari izandako guztiak bildu zituzten jai handi bat ospatzeko eta Gregorio Santa Cruzi beren esker ona agertu zioten. Mendaron dantza taldea aurrenekoz prestatzen jardun zuenetik 40 urte betetzen ziren eta berak ereindako hazia zein lerden ernetu zen ikusteko aukera izan zuen.  

Garai horretan 60 ume inguru ditu Mendaroko dantza taldeak eta Madres Agustinasen eskolen azpikaldean entsaiatzen dute. Gurutzpe elkartearen itzalean dago dantza taldea. Santa Cruzekin batera, bere lanaren jarraitzaile, gidari eta oinordekoek ere egindako lanarengatik esker ona jaso zuten. 200 dantzari ohi inguruk parte hartu zuten festa egunean. Honakoa izan zen egitaraua: 

10.30etan dantzari eta dantzari izandako guztiak Gurutzpe elkartean bildu eta Garagartzako bidea hartu zuten.

11.00etan meza hildako dantzariak gogoratuz bereziki.

12.00etan Gurutzpeko dantza taldearen erakustaldia. Jarraian, dantzari ohiek aurreskua egin zuten.

13.30etan lagunarteko bazkaria.

 

Urte horretan sortu zuen bere azken dantza: Gurutzpeko Zortzikoa. Agustin Berasaluze, Mendaroko txistulariak jaso eta moldatutako doinuarekin osatu zuen Mendaroko Gurutzpe elkarteari eskainitako dantza. 73 urte zituen. 

1980ko urriaren 5ean, 82 urte zituela hil zen Gregorio Santa Cruz. Urriaren 8an San Andres parrokian egin zitzaion azken agurra eta Kezka eta Amalur dantza taldeetako dantzarien artean eraman zuten hilkutxa.

 Kontzesio egunean Mendaroko Gurutzpe elkarteak meza eskaini zion Santa Cruzi Garagarzako elizan. Meza ondoren, dantzak egin zituzten eta Santa Cruzen alargunari opariak eskaini zitzaizkion. Ondoren Aizpe elkartean bazkaria egin zuten.

Dokumentuaren akzioak