Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Gregorio Santa Cruz I. Dantzak Eibarren: aurrekariak

Dokumentuaren akzioak

I. Dantzak Eibarren: aurrekariak

Urtez urte, mendez mende, herri baten historia egiten duten gertaera nagusiekin batera, komunitate baten izaera biribiltzen duten gertaera txikiak pilatzen dira. Tartean, historiak gutxitan biltzen dituen dantzak, dantzariak eta dantzatzeko moduak. Belaunaldiz belaunaldi ohituraz transmititu den espresio modua izanik, gaur egungo aldaerak, aurreko mendeetako dantzarien aldaera guztiak biltzen eta agertzen dizkigu, denak nahasian eta bakarra bailiran.

XV. mendetik aurrera dokumentatzen hasten diren dantzek ibilbide luzea egin dute XXI. mendearen atariraino iritsi arte. Baina esate baterako, datu gutxi daukagu XV. eta XVI. mendeko agirietan aipatzen diren ezpatadantzek gaur egun ezagutzen ditugunekin zerikusiren bat duten esateko. Hala ere, janzkerak, dantzatzeko moduak eta doinuak aldatu badira ere, dantzen oinarrizko egiturak berberak direla pentsarazten digute datu apurrek.

XV. mendetik aurrera udaletxeetako administrazio prozedurak eta artxiboak egonkortu eta sendotu egin ziren. Jaietarako gastatu ohi ziren sosak zenbat ziren eta zertan xahutzen ziren jasotzen hasi ziren akta liburuetan. Datu horiei esker ezagutu dira zenbait herritan oraindik dantzatzen diren hainbat dantzaren lehenengo berriak.

Euskal Herrian batu den datu zaharrenetako bat Gasteizen egiten ziren ezpatadantzena da. 1486ko irailaren 28an, Gasteizko udalbatzak ezpatadantza egiten zuten dantzariei 60 maravediko isuna jartzea erabaki zuen. Manuel Rodriguez Ferrer-ek jaso zuen dokumentu horren berri eta, itxuraz, dantza horien ondorioz istilu eta zaurituak gertatzen zirelako jarri zuen debekua Gasteizko udalak. Juan Antonio Urbeltzek (1985: 100) argitzen duenez, erabiltzen ziren ezpatak puntadunak eta zorrotzak ziren eta, beraz, erraz gerta zitekeen liskarretan arma horiekin zauritzea.

Eibarren egindako dantzen testigantza zaharrena Gregorio Mujikak (1984:408) bere monografian jasotakoa da. 1605. urtean, Espainiako printzearen jaiotzea ospatzeko antolatutako ekitaldiak aipatu zituen Mujikak. Maiatzaren 22an, igande egun batean, Felipe IV jaio berriaren ohorez dantza plazaratu zen meza osteko prozesioan. Dantzak antolatzeko lehenengo eta behin danbolinteroa behar izaten zen, eta garai batean urriak eta estimatuak ziren danbolinjoelak. Eibarko udalak, 1610eko maiatzaren 9ko batzarrean arduraz heldu zion danbolintero egokia topatzeko lanari. "…que se buscase un tambor con mucho cuidado y se le asalariase para que sirviera en la villa y tocase la caja y sirva en cualquier ocasión que se ofreciera, …"(Mujica, 1984:394)

Errege-erreginen ospakizunez gain, San Juan eta Gorpuzti egunetako ospakizunak ziren Eibarko jai nagusiak. Horietan agertzen ziren dantzari eta danbolinteroak. Jai egunetarako, dantzari eta danbolinteroen partehartzeak diru gastua ekarri ohi zion udalari eta ordainketa horiei esker dakigu sarritan dantza kontuen berri. 1669ko abenduaren 31n, Gorpuzti eta San Juan egunetan jaia alaitzen zuten danbolinteroek eta dantzariek egiten zituzten gastuak ordaintzeko, sindikoari urtean 200 erreal emateko erabakia hartu zen (Mujica, 1984:394). Garai hartan soldatapeko danbolinteroa zegoen Eibarren, baina San Juan eta Gorpuzti jaietarako beste danbolintero bat ekarri ohi zuten bertakoa laguntzera. 

Eibarko udalaren 1708. urteko diru kontuak jaso zituen Mujikak (1984:223) — Salario y troqueado de danzantes 400 reales. Al tamborilero por su salario 300 reales. eta Juan San Martinek azaldu bezala, Gorpuzti eguneko eta San Juan jaietako dantzen ordainez emandako diru kopuruak dira. 

Gorpuzti egunez ezpatadantza egiteko ohitura zegoela adierazten digute 1744ko udaleko agiriek (Mujica, 1984:478). Udaleko ogasunak ezin zien aurre egin gastu guztiei eta ondorioz ordainketak ahal bezain beste murrizten saiatu ziren. Hartutako neurrien artean, Gorpuzti eguneko ezpatadantzan parte hartzen zutenei eman ohi zitzaien bazkariari buruzkoa zen bat. Bazkarira agertzen ziren lagun kopurua murriztu nahi izan zen eta horrela, sindikoak dantzari eta danbolinteroak, eta horien guraso, seme-alaba, anai-arreba, koinatu-koinatak bakarrik gonbidatzeko agindu zehatzak jaso zituen.  

1746an Fernando VI Espainiako errege egin zutenean, jaiak antolatu zituzten Eibarren. Eta ez makalak, Gregorio Mujikak (1984:408) jaso zuenari kasu egiten badiogu. Kanpaiak jo, txapliguak, etxafuegoak eta suziriak bota, zezenketak, ardoa dohain banatu eta dantzak egin zituzten eibartarrek. 

1744an gonbidatu kopuruan egindako murrizketa agindua urrunago iritsi zen 12 urte beranduago. Aintzinako ohitura alde batera utzi eta 1756an sindikoa dantzari eta danbolinteroen lana saritzeko arduraz libratu zuten. "…y se le exonera de la costumbre antigua de dar de comer por San Juan y Corpus á los danzarines y tamboriteros"(Mujica, 1984:203-204). Ordurarte, sindikoak bere 50 dukateko soldatatik ordaindu behar zuen San Juan eta Gorpuzti egunetako ezpatadantzari eta danbolinteroei eskaintzen zitzaien bazkaria. 

1753an soldatapeko danbolinteroa zein zen jaso zuen Gregorio Mujikak: Juan de Barrutia, Marruko gaitzizenaz ezagunagoa zena. Marrukok urtean 30 dukat jasotzen zituen danbolintero lanak egiteagatik. Hiru urte beranduago, Juan de Barrutiaren senidea izan zitekeen Domingo de Barrutia zen soldatapeko danbolinteroa. Domingori 40 dukat ordaintzen zizkioten urtean, bere aurrekoari baino 10 gehiago, baina trukez bere ardurapean geratzen zen San Juan eta Arrate egunetarako bigarren danbolinteroa ekarri eta ordaintzea. Danbolinjoleaz gain, danborrari edo atabalaria ere soldatapekoa zen Eibarren 1756an (Mujica, 1984:394-395).  

1796. urtean hutsik zegoen Eibarko Udaleko danbolintero postua Antxon Agirrek (1990) batutako datuen arabera. Urte horretako ekainaren 5ean Durangoko Martin Antonio de Bustinduik, bere aita Pedrok lagunduta, danbolinjole postua betetzeko bere burua aurkeztu zuen. Ekainaren 14an onartua izan zen eta bi urterako tratua egin zuten, 40 urte lehenago ezarritako soldata berarekin: urteko 40 dukat. Beste batzuen artean, jai egunetako dantzetan, prozesioetan eta arma alardeetan jo beharra zuen danbolinteroak.  

1801eko maiatzaren 26an, Thomas Arrozpide arrasatearra kontratatu zuen Udalak danbolintero lanerako. Sei urterako tratua egin zuten, oraingoan ere urteko 40 dukateko ordainarekin Antxon Agirrek Oñatiko Protokolo Agiritegian jaso zuenaren arabera. 1807an Arrozpideri kontratu berria egin zitzaion baina ordukoan urtean 60 dukatekoa izan zen soldata. 1832an Eibarko Udaleko danbolinteroak urtean 800 erreal irabazten zituen eta danborrak, 240 erreal.  

Espainiako errege-erreginak Eibartik pasatzea beti izaten zen jai handiak antolatzeko arrazoia. 1828 eta 1908 bitartean, gutxienez sei aldiz izan ziren Espainiako errege-erreginak Eibarren. Seietan etorrera ospatu eta harrera goxoa egiteko dirua erruz xahutu zen. Ekitaldi horietan dantzak leku berezia izaten zuen. 1828an Espainiako Fernando VII.ak probintzian barrena egin behar zuen bisitaren berri eman zion Gipuzkoako Diputazioak Eibarko Udalari. Berehala bisita egunerako ospakizunak antolatzeko batzordea osatu zen, eta Gabriel Ibarzabal eta Francisco Retolaza arduratu ziren zeregin horretaz. 1828ko ekainaren 2tik 14ra bitartean Fernando VII.ak Gipuzkoako hainbat herri bisitatu zituen eta ibilbide horretan egin zitzaion ongietorriaren berri jaso zuen Juan Antonio Urbeltzek. Lizartzan, Tolosan, Billabonan, Andoainen, Urnietan, Hernanin, Donostian, Ordizian, Beasainen, Ormaiztegin, Zumarragan, Urretxun, Legazpian, Antzuolan, Bergaran, Soraluzen eta Eibarren, horietan herri guztietan dantzariek egin zioten harrera Fernando VII.ari. Eta ia denetan ezpatadantzariak ziren danbolinteroak lagunduta. Eibarren, "Veinte danzantes de espadas de los más diestros" jaso zuen Urbeltzek (1985:100). 

XX. mendeko lehen urratsetan, dantza sozial adierazgarrienetako baten berri zehatza utzi zigun herri-lan garrantzitsu baten inaugurazioak. Udaletxeaz ari gara, 1901eko irailaren 14an inauguratu zen udaletxeaz. Udal administrazioa hartuko zuen egoitzaren eraikuntza bukatutzat eman eta ospakizun ekitaldiak burutu ziren. Eibarko lantegietan egiten ziren tresnekin erakusketa osatu zen: armak, grabatuak, damaskinatuak, tresna elektrikoak eta makinaria… Abesbatz lehiaketa egin zen Salon Teatroan eta segidan bazkaria udaletxe inauguratu berrian. Bazkal ostean antolatu zen gure arreta jaso duen ekitaldia. Mahaitik altxatu eta bazkarian parte hartutakoen artean eskudantza antolatu zela aipatu zuen Gregorio Mujikak Eibarko monografian: 

"Terminado el banquete se organizó un esku-dantza. En el baile figuró comoaurresku el director del Instituto provincial Sr. Machiandiarena y como atzesku el Sr. Orbea. En la cuerda formaron casi todos los comensales y las señoritas de Zuloaga, Larrañaga (Maria), Irusta, Ibarzabal, Charola, Martínez, Larrañaga (Benigna), Barriatua, Elorza y otras muchas más.

El baile fue presenciado por enorme gentío que aplaudió mucho" (Mujica, 1984:412-413).

Bazkarian parte hartu zuten 72 gonbidatuen artean, Gobernu Zibileko ordezkariak, Gipuzkoako diputatu nagusia, Fermin Calbeton senadorea, Ogasun saileko buruak, Mikelete eta Guardia Zibilaren buruak, arkitektu, injineru eta artista entzutetsuak zeuden, Zuloaga bera tartean. Eta horietako gehienek parte hartu zuten dantzan.

Testigantza horrek, Eibarren mende hasieran oraindik bizirik zegoen dantza sozial adierazpen baten aurrean jartzen gaitu eta hain urrun ez dagoen garai batera garamatza, esku-dantza edo sokadantza berez sortu eta plazaratzen zen garaira. Erakusten digun eredua, gizarteko goi mailako kideek jai haundi baten testuinguruan egiten zuten dantza sozialaren eredua da. Aurresku eta atzesku lanean ziharduten gizonak, Rufino Machiandiarena eta Wenceslao Orbea, biak ere erakundeetan goi mailako postuak zituztenak ziren eta dantzarako zuten prestutasun eta jaiotasunari esker, sokadantzaren gidaritza eta protagonismo nagusia bereganatu zuten.

Horrek erakustena diguna da, ziurraski ohikoa izango zela garaiko gizon-emakumeen artean dantzan jakitea, eta ez baserri giroko erromerietako partaideen artean soilik, baita hiritar letratu eta elite intelektualaren artean ere. Errege-erreginen etorrerak edo jai haundien ospakizunek dantza taldearen prestaketa lana eskatuko bazuen ere, horrelako sokadantza bat bapatean sortu eta antolatzen da, beraz, ezinbestekoa dirudi parte hartzaileen artean aurretiko halako ezagutza bat. Akaso ezagutza hori ihardunaren bidez jasoko zen eta horrenbestez pentsatzekoa da ez zirela horren arraroak sokadantzak Eibarren XIX. mende bukaeran. 

Baina udaletxearen inauguraziokoa ez da sokadantzari buruzko testigantza bakarra. Juan San Martinek Arrateko elizaren aldarea irudikatzen duen XVIII. mende hasierako grabatua aipatzen du. Bertan aldarearen irudia inguratuz Eibar eta Arrateko zelaia agertzen dira. Arrateko zelaian erromeria giroa islatzen da eta beste batzuen artean, gizon-emakumez osatutako soka bat nabarmentzen da. Sokaren buruan eta atzean, buruzagi makila edo lantza eskuan dutela, San Martinen ustez herriko alkatea eta auzo alkatea izan zitezkeenak ageri dira. Eliza aurrean danbolinteroak ikus daitezke. 

1907ko Eibarko San Juan jaietako egitarauan, mendearen aurreneko zatian oso ohikoa izan zen ekitaldia ageri da. Ekainaren 25ean, goizeko 9.30etan aurreskulari txapelketa iragartzen du programak. Urte horretatik aurrera erruz agertuko da mota horretako ekimena jai egitarauetan: "De 9 y media a once, concurso de Aurrescolaris, en el que se distribuirán premios de 30, 20 y 10 pesetas, cuyo reparto se hará a juicio de un jurado competente".

XIX. mendearen azken urratsekin batera fenomeno berri bat hedatzen hasi zen euskal dantzetan: dantzari txikien taldeak. Eibarren dantzari txikien lehen agerpenaren testigantza Euskal Jaien ospakizunarekin batera dokumentatu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak 1896an heldu zion Euskal Jaiak antolatzeko lanari, Antoine Abaddiek ereindako haziaren arrakasta ikusita. Lehenengo urte hartan Arrasaten egin ziren Euskal Jaiak eta handik aurrera, urtez urte, hainbat herri bisitatu zituzten jaiek harik eta 1908an Eibarrera iritsi ziren arte. Irailaren 4tik 7ra bitartean ospatu ziren jaiak. Irailaren 6an, meza nagusiaren ondoren dantzari txikien saioa aurkezten zuen egitarauak: "Después de Misa Mayor la comparsa de dantzaris-chikis de esta villa ejecutará las diversas figuras de las danzas del país". Dantzari txiki horien dantza saioa zezen plazan prestatutako oholtza baten gainean izan zen. Gregorio Mujikak dantzari horien irakaslea Adolfo Zubia zela dio bere monografian.

"Fiestas Euskaras" izeneko Euskal Jaien egitarauetan mota guztietako txapelketek izaten zuten tokia. Eibarko San Juan jaietako aurreskulari txapelketak sona handikoak izaten ziren mende hasieran, eta Euskal Jaietan ere antolatu zen halako bat. Irailaren 7an izan zen, musika banden lehiaketaren ondoren eta danbolinteroen txapelketaren aurretik. Dantzari txikien maisu zen Adolfo Zubiak irabazi zuen sari nagusia; Jose Aizpurua eta Saturnino Anzuola aurreskulariak sailkatu ziren bigarren eta hirugarren. Irabazleak 40 pezetako saria jaso zuen, bigarren sailkatuak 25 pezeta, hirugarrenak 15 eta laugarrenak 10.

Euskal Jai haietan ondorengo urte luzeetan Eibarren dantzan ihardun zuen taldearen lehenengo urratsak ematen hasi ziren. Ez zuen aurresku txapelketa irabazi, baina horren beharrik gabe zur eta lur utzi zituen ikusleak parte hartu zuen mutil koskor batek: 10 urte baino ez zituen mutil koskor hura gizon heldu eta aurreskulari bikainekin lehiatu zen, batere lotsarik gabe. Garaile izan zen Adolfo Zubia bera 30 urteko gizon zaildua zen, eta nerabe hura bere ikaslea izango zen ziurraski. Saturnino Arriola, Satur Txirloia zen mukitsu aurreskularia. Izango zuen aukera aurrerago bere balioa erakusteko. Bere bizitzan aurreskulari txapelketa mordoa irabazi zituen Txirloiak, eta futbolean eta pelotan maila bikaina erakutsi zuen.

Aurreskulari, danbolintero eta musika banden txapelketen eguna bere azkenetan zegoela gerlari, zaldun eta karrozekin osatutako konpartsa kalejiran irten zen. 1908ko Euskal Jaiei azkena eman zien ekitaldian ez ziren falta izan Adolfo Zubiak prestatutako ezpatadantzariak. Euskal Jaiak bukatu zirenean udalak egindako diru kontuetan agertzen denez, 315,90 pezeta gastatu ziren dantzari txikien ekinaldietan.

1908ko irailaren 11n Espainiako Alfonso XIII eta bere emaztea Eibarrera etorri ziren. Euskal Jaietarako prestatu zen Arte eta Industria Erakusketa ikustera etorri ziren errege-erreginak. Urkizuko zubitik sartu zen errege-erreginen automobila eta harrera beroa eskaintzeko dantzari txikien konpartsa zuten bertan zain. Gregorio Mujikak (1984:410) dioskunez, musika eta dantzari txikien konpartsaren atzetik egin zuen erret segizioak erakusketarainoko bidea.

Adolfo Zubiarekin batera Jose Azpiazu zen XX. mendearen lehen urteetan dantza taldeak prestatzen lan handienak hartzen zituena. Jose Azpiazu ondarrutarra omen zen berez eta, ondorioz, Jose Ondarrutzat ezagutzen zuten. Aurreskulari bikaina izan zen Jose Ondarru eta bere ardura izan zen Ibarzabal arkudantza irakatsi eta prestatzea, Argentina aldera, Buenos Aires-era bizitzera joan aurretik. Jose Ondarrurekin ikasi zuten Eulogio eta Fernando Garate, Candido Arrizabalaga eta Gorrochategui dantzariek; eta gerraostean, Santa Cruz arkudantza hori berreskuratzen saiatu zenean, Garate anaiak izan zituen berriemaile finenak.

1910eko San Juan jaietan aurreskulari txapelketa jokatu zen berriz, eta Eibarko udaleko artxiboan egun hartan emandako sarien berri jasotzen du zirriborro batek. Guztira 40 pezeta zituen banatzeko epaimahaiak, eta hauxe izan zen aurreskulari bakoitzak jaso zuena: Jose Azpiazuk 15 pezeta, Saturnino Arriolak 10, eta Lucio Inchaustik, M. Acholeguik eta Jose Gomezek 5na pezeta.

Dokumentuaren akzioak