Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Gaztedi Dantzari Taldearen 50. urteurrena

Dokumentuaren akzioak

Gaztedi Dantzari Taldearen 50. urteurrena

Karmel aldizkarian argitaratutako artikulua

Joseba Arrieta, 2002/01/22.

Artículo de Joseba Arrieta en la Revista "Karmel" de los P.P. Carmelitas acerca del 50º aniversario de GAZTEDI DANTZARI TALDEA.

Hona hemen Gaztedi Dantza Taldeak egin dauan ibilbide luzea. Aurten, hain zuzen, bete dauz berrogeita hamar urte eta, jakina, urrezko ezteguak betetzeko zer hoberik aurkeztu deuskun egitaraua baino.

1951garren urtean Franco diktadorea bere sasoirik gogorrenetan egoan. Bere amorru bizian Euskal Herria egoan baino zapalduago euki nahi eban; zapalkuntza horrek iraun egian ahalegin guztiak egiten ebazan.

Hurrengo hamarkadan gertatu zan moduan, berrogeita hamarreko hamarkadan bere, Eleizaren babesa behar-beharrezko izan zan gure Herraiaren aldeko zeredozer egiteko. Atara kontuak, euskaraz egitea debekatuta, umeak bataiatzerakoan euskarazko izenik jartzea bere debekatuta. Sendi askotan, umeen izenak agirietan, paperetan, erderaz agertu arren, etxean eta kalean euskeraz erabiltzen ziran. Sarri askotan, isunak jaso bere bai ume bati deitzerakoan bere euskerazko izena erabiltzeagaitik.

Holako giro baten sortu zan Gaztedi Dantzari Taldea. Giro gogorra zan eta inor gitxik uste eban aurrera jarraituko ebanik. Inor gitxik, esan dot, baina sinisten ebenen artean bere sortzaile zan Aita Txanton karmeldarra dogu.

Berak sortu eta batu ebazan behar ziran bitarteko guztiak. Gazteak batu, irakasleak aurkitu, eta aktuazinoak lortu.

Gorago aitatu dodan giro horretan ez an bape erreza aurrera ataratzea, baina Aita Txantonen adorea agortu ezinezkoa zan, beti Gaztediren alde.

Behin baino gehiagotan esaten eustan: momentu honetan honeri, folkloreari, eutsi behar deutsogu, eta gero hizkuntzari, euskerari ekingo deutsogu. Inork ez daiala pentsatu, gauzak esan eta geldi egotekoa zanik; ekintza gizona zan. Euskera arloan bere jo ta ke ibili zan lanean. Ez dodaz aitatuko idatzi ebazan liburuak, ze niretzat Fatimako Ama Birjinia, go eukan beste idazki mota batek. Hain zuzen., Karmel aldizkari honen aurrekoa izan zan Karmel Egutegiak. Urtean urtean argitaratzen eban Egutegia izen horren babespean liburutxo bat. Aldizkari bat argitaratzeko baimenik ez, eta egutegi modura zomorrotuta atera behar.

Berak egin, berak aurkitu nork argitaratu, eta berak saldu. Ha zan lana!

Badirudi hau guztia Aita Txantonen gorazarrez egindako lan bat dala, baina ez, ez da hori. Gaztedin sorrera zelako baldintzetan izan zan jakiteko beharrezko zala uste izan dot.

Taldea sortu zan, baina gero aktuazinoak behar ziran, bestela porrota ganean egoan. Agintarien aldetik ezin ezer espero eta zelan edo halan aktuazinoak topatu behar.

Horretan bere Txanton, nagusi; sermolari ona zan, bilburrik gabekoa eta jendeak zeredozer entzun gura; horretarako zein, Txanton baino hobea? Hori zala-eta herri askotatik deitzen eben jaietako sermoia egiteko. Berak baldintza bat jarri: beragaz batera Gaztedi Dantzari Taldea. Eta askotan bai lortu bere asmoa. Hor ibilten ginan Txanton sermolari, eta Gaztedi dantzari. Piñu punta baten ganean dantzatu behar bazan bere, Txanton ez zan ikaratuko: -nire mutilak hortxe bere dantzatuko dabe. Inoiz ez atzerantz.

Holakoxea izan zan hasiera eta hortik etorri zan Gaztediren geroa. Gero luze eta oparoa, katea eten gabe gaurko egunetara heldu arte. Berrogeita hamar urte holako erakunde batentzat gitxitan lortzen dan muga da. Baina, zorionez, oraingo honetan ez da mugarik, aro baten amaiera eta aro barri baten abiapuntua baino.

Argi eta garbi ikusi da abiapuntua dala. Berrogeita hamargarren urteurren honetan agirian geratu da hori. Bestela ez an posible izango urteurren hori ospatzeko antolatu ditugun jaiak-jai ederrak, jai oparoak, artez jantziak eta errespetuz jokatuak-aurrera eroatea.

Hor izan dogu Ume eta Gazteen Folklore Jailadia, Gaztediko 150 dantzari txiki eta artain, eta Pasai Antxoko Alkartasuna Txiki dantza taldeak, martxoaren 10ean Berrio-Otxoako kiroldegian jokatua. Uztailaren 22an, Santutxuko jaien barruan, Nazioarteko Folklore Jailadia, Burundiko, Batimbo eta Siverko (Arkhangelsk, Errusia) taldeak eta Gaztedik Etxebarriako Hockey zelaian emona. Berbenak bere bai (danetarik behar bai dau gizakiak).

Eta hori gitxi balitz legez, Euskalduna Jauregian, inoiz dantza talde batek izan dauan toki eder eta erosoenean, Zazpiak bat Besarka, zazpi Herrialdeen arteko dantzaldia. Han egon ziran Zuberoako Urdiñarbetarrak euren Maskaradako dantza batzuk eskeintzen, Donostiako Goizaldi, Ezpeletako Ezpela, Iruñako Duguna, Baigorriko Arrola, Lantziegoko Iradier Salaberri eta jakina Gaztedi bera.

Eta marka guztaik gainditzeko asmoz, hor dator azaroaren 4an, Arriaga Antzokian emondako ikuskizuna.

Hirurogeiko hamarkadan, Gaztedik Arriagako Antzoki zaharrean eskaintzen eban “Eusko Ederti” izen berean oinarriturik, nik sekula ikusi dodan jaialdirik ederrena. Berrogeita hamar urte luze honeetan parte hartutako dantzariez osotutako dantza agerraldia.

Bertan dantzari piloa, 150 dantzari baino gehiago, ikusteko aukera izan genduan: garai bakotxeko dantzariak, belaunaldi besbardinetakoak, 50. hamarkadan ibilitakoak, eta gaur egun ari diranak –azken honeek Gaztediren geroa direnak-, eta garai guztietako txistulari eta musikoak. Dantzariekin batera Euskeria Abesbatza, “Mairuek” erraldoien Konpartsa eta Ibon Koteron albokaria. Aurkezleak, taldeko partaide izandako Aitziber Irurtia eta Aitor Mazo. Eta ezkutuan, hainbat eta hainbat pertsona gehiago. Guztien lana ahaztu ezinezkoa, beharrezkoa eta eskertzekoa.

Kategoria handiko ikuskizuna, noizbehinka baino ikusi ezin dana; ni, neure aldetik, beste inoiz nekez ikusiko dala esatera ausartuko nintzake. Abagune hau galdu dauenak berak jakingo dau zergaitik izan dan.

Joseba Arrieta

Dokumentuaren akzioak