Dokumentuaren akzioak
Euskal dantzaren "modernizazioa"
Ni zizelkaria naiz
Hi idazlea haiz
Hura dantzaria da
Gu artistak gara
Zu pintorea zara
Zuek argazkilariak, zarete
Haiek aktoreak dira
Artista, artea hitz potoloegia artikulu xume batean laburtzeko. Baina dauzkan esanahi guztien artean espresioarena aukeratzen bada, denok ados egongo ginateke aipaturiko lanbideak eta aipatu ez ditudan beste batzuk ere bilduko lituzkeela esatean. Espresio hau, ordea, bakarkako batena edota multzo batena izan daiteke. Egia da bakarkakoarenarenak multzoa ere ordezkatzen duela gehienetan, baina multzoarenarekin alderatuz, ekarmen pertsonala handiagoa delakoan nago.
Multzoarena har dezagun, bada, eta ikusiko dugu folklorea edota herri kultura eta berarekin dakarren espresio artistikoa hemen sailka genezakeela. Hori bai, bakarkakoak multzoa ere ordezka dezakeen moduan, multzoarenak ere badu tokirik bakarkakoarentzat, baina arau batzuk jarraituz, noski.
Hau honela, herri hitza lagun duen kultura, artea, espresioa…multzo batena izango litzateke. Multzo horrek bere-bereak dituen ezaugarriak kanporatuko lituzkeenak izango lirateke,alegia. Honen aurrean, ordea, galdera kezkagarri batekin topo egiten dugu. Izan ere, zergatik jasaten dute, herri edota gure kasuan euskal hitza lagun duten kulturaren esparruek, nolabaiteko mespretxua?. Baten batek pentsatuko du hau diodala zenbait kanpotarren jarrerarengatik. Bada ez, hain zuzen ere, gurean sumatu izan baita eta, tamalez, oraindik orain ere, aipatutako baztertze nahi hau. Egia da hemen egiten denari euskal jartzea soberan dagoela. Baina egia da ere, honela adierazi nahi dugula, hemen bereziki eta besteekin alderatuz, desberdin egiten dena dela. Ez naiz momentu honetan hori eztabaidatzen hasiko, nahiz eta bertan egiten dugunari gure "labela" jartzearekin ez oso ados egon. Hala eta guztiz ere, hori beste baterako utziko dut.
Aipaturiko baztertze hau dela eta, egoera honen arrazoi batzuk ekarri nahi dira lerrootara. Ez, noski, geure buruari harrika egiteko. Alderantziz, gure Folklorea arbuiatzen duen zenbaiti, ziur aski arrazoi handiak izanik, beste iritzi bat azaldu eta arrazoitu asmoz.
Azaleko analisi bat eginez gero, ikus daiteke herri Kulturarekin loturik dauden zenbait arlo, gaur egun eta orokorrean, gure gizartean onarturik eta Etxeparek zioen bezala beren goihen gradora igo ez badira ere, egoera onean daudela. Hau izango litzateke Herri Literaturaren kasua eta bereziki Bertsolaritzarena. Musikaren esparrura jotzen badugu ere, aurrekoarekin loturik egonik, aurreko gizaldian eta maila desberdinetan izan du ikertzaile eta interpreterik.
Zer gertatzen da, ordea, Dantza eta berarekin loturikoarekin? Ukaezina da, gure kulturaren barruan, maila baxuagoa atxikitzen zaiola. Hau dela eta, jarrera desberdinak aurkituko ditugu. Baina orokorrean, eta zoritxarrez, ezjakintasuna dela nagusi aitortu behar da. Eta ezjakintasun hau abiapuntu delarik mota askotako iritzi eta baieztapenak izango dira. Horregatik gauza asko aldarrikatzen da honen inguruan, horien artean idazki honen izenburuan dagoena.
Asko izan ohi da proposatu eta eskatzen dena, bai, baina asko eta asko ez da kezkatzen ikustean gaurko kultur munduan "anaia pobrea izanik", arlo honi irtenbide bat eman beharrean baztertu eta gutxiesten denean. Alde batetik mespretxua sumatzen da, egiten dena kategoriarik gabeko lana dela iritziz. Bestetik eta ikusirik maisu-lanak argitaratzen edota taularatzen direla noizean behin, hauenganako mesfidantza eta errekonozimendurik eza argi eta garbia izan ohi da. Arrotz egiten zaio askori bere-berea beharko lukeena eta jakin-mina sentitu beharrean gutxiesten du. Bestetan, ordea, oso polita, interesgarria dela iritzi dute, baina dauzkaten irizpide bakarrak, baliagarriak jakina baina ez nahikoak, gustu pertsonalarenak dira. Errekonozimendu ezaz gain, ezaguera eta heziketa falta dugu arlo honetan eta, esan bezala, edo baztertu egiten da edota ez dago irizpide sendorik egiten diren lanak baloratzeko. Dena "zaku berean" sartzeko joera duen jarrera hartzen dute askok eta askok. Ze, badirudi, gai honetan jakinduria neurtuko duen titulurik ez dagoenez denak direla kontuan hartzeko lanak (bada ezpada ere). Beraz, askorentzat, daukagun termometro bakarra, esate baterako, gero aipatuko ditudan tamalezko txapelketena izango litzateke
Zergatik gertatzen da hau?. Izan ere XX. mendean zehar gure Herriak jasandakoak kontuan hartuz gauza asko ikertu bada: historia, politika, literatura, euskara, ikastolak…folkloreari dagokion fenomenoa ez delako sakonki aztertu. Ez da ikusi, beste tokietan kulturaren arlo honi behar duen garrantzia ematen bazaio, zergatik hemen baztertu edota bigarren mailako jakintzagaitzat hartzen den orokorrean. Hori horrela, orain dagoen normalizaziorik gabeko egoera honi egotzi beharko genioke aurrean azaldutako arazoa. Horregatik, bere inguruan biltzen den guztiaren ikerketak egin eta argitaratzen saiatzen direnen lana ez dago inola ere "goi mailakoa" bezala errekonozitua. Jokabide honek gure kontra egiten du, jakina.
Izan ere, munduan zehar, asko dira bere herri kulturaren ikaskuntzak unibertsitate mailan ikasi eta ikertzen dituztenak. Hemen ere, ilunpean gehienetan, eta inolako errekonozimendurik gabe, goi-maila hau duten lanak egiten dira, eta beti bezala, kanpoan bertan baino ezagunagoak eta arrakastatsuagoak izaten dira.
Gaur egun gertatzen denaren argibide bila joanez gero, eta 150 bat urte atzera eginez gure herri jakintzaren egoeraren bilakaera egingo dut laburki.
Antoine D´Abbadiek Lore-Joko eta Euskal jaien mugimendua martxan jarri zuen garai hartan gure kultura loratze eta indarberritze baten atarian zegoen. Batez ere, letren munduan izan zen loratze sakona, eta ondorengo urteetan kulturan ez ezik politikan ere eraldaketa ikus zitekeen. Garai honetako Folklore agerraldiak aztertuz gero, alor honetan ere aro berri baten aurrean aurkitu ginela esan genezake.
Alde batetik, gure dantzak, kantuak, lanbideak, jantziak…jaso zituzten aipaturiko jai berezi hauetan, galtzeko arriskuan ikusten baitziren. Bestalde, hiri giroa nagusitzen ari zelarik nekazal mundutik aldendurik zeuden baina hau protagonista zeukaten ikuskizunak taularatzen ziren eta dantzari-talde ugari sortu zen. Eta honetaz gain, ikerketa etnologikoek bultzada handia izan zuten.
Oso laburki azaldutako XX. gizaldiaren hasierako egoera honi, Gerra Zibila gaineratu zitzaion. Egoera latz honetan kultura lanak ezkutuan egin behar baziren ere, dantza izan zen gure adierazpen indartsuenetako bat. Baina ez zen bereziki ahaleginik egin galtzen ari zena ikertu eta plazaratzen, gure sustrai eta sinboloak bizirik mantentzen zituzten dantza horiek( inauteriak, ezpata-dantzak, soka-dantzak…) gordetzen, baizik eta bereziki ikuskizunetarako moldaturiko dantza, jantzi eta kantuak izan ziren herririk herri eta baita gure mugaz kanpo zabaldu zirenak. Talde hauek egiten zituzten lanek eta sortu zuten estetikak, zalantzarik ez da egiten, balore handia izan zuten, batez ere, dena debekaturik zegoen garai haietan. Baina fenomeno honek, gure kontra ere egin zuen. Gure populazioaren zati handi batek hori jaso baitzuen gure folklorearen espresio bakartzat. Herri eta nekazal giroan egiten zena, hein handi batean debekaturik zegoenez eta bertakoek ere askotan berea baloratzen ez zutenez, galtzen ari zen. Gainera, Frankismoa ere egoera honetaz aprobetxatu zen eta gure dantzak "bere" egin zituen Falanjeak sortu zituen dantzari taldeen bidez.
"Koktel" hau guztia zegoen 1960. urte inguruan, gure kulturak eta politikak beste mugimendu sakon bat izan zuenean. Beraz, zer zen orduan gure folklorea? Zer informazio jaso genuen? Zer errepresentatzen zuen orduan mugitzen ari zen gaztediarentzat?.
Aurrekoa ikusirik argi suma daiteke dantzak eta berarekin loturik zegoen guztiak, atzerapena, mugimendu politiko zehatz bati loturikoa eta sormenik gabeko artelana irudikatzen zuela. Garai bateko estetika eta taularatze lana, zeharo lekuz kanpo bazegoen ere irmoki zirauen eta horrek egotzi zion gure dantza munduari halakoxe ustel kiratsa.
Kantuan, musikan eta literaturan, ordea, nahiz eta aurreko mugimenduari loturik Koroek eta beren lanek dantzaren tankerako estetika izan, beste irtenbide batzuk ikusi ziren eta hain zuzen ere kultura eta politika mailako mugimendu berri honek : kantagintza berria (baina kantu zaharrak berpiztuz), ikastolak, literatura berria (hirian inspiratua)…galtzear zeuden gure zenbait tradiziori eutsi zion zenbait arlotan.
Dantzaren arloan ere, nekazal kulturan galtzen ari ziren mugimendu, ohitura eta jantziak jasotzeari ekin zitzaion (J.A.Urbeltz izango genuke mugimendu honen aitzindari). Gure dantzen ikuspuntu berria aldarrikatzen zuen mugimendu hau, galtzen ari zenTradizioari lotu nahi zitzaion, hain zuzen ere, gero esango den bezala, unibertsalki modernoa den horri, beti berritzen ari den horri, alegia.
Zoritxarrez, ordea, kulturaren beste esparruetan ez bezala, eta dantzarenak, zenbait kultur girotan zeuzkan konnotazio ezkorrak oso sendoak zirelako , folklorearen arloan egin zen berrikuntza prozesu honek (60ko izpirituarekin loturik zetorrenak) ez zuen gure zenbait kulturgilerengan eraginik eduki eta askorentzat oinordekotzan jaso genuen dantzaren kontzeptu zeharo “estankatu” hori izan zen eta, tamalez, gaur egun ere hala da oraindik batzuentzat, ezagututako bakarra.
Horregatik bada, berrikuntza eta "modernizazioa" aldarrikatzeak, gure benetako tradizioari buruzko informazio urria erakusten du. Zer da modernizatu behar dena? Izan ere, gure tradizioarekin loturiko beste esparru batzuk aurrera egin duten heinean, automatikoki modernizatu dira. Zenbaitek gure folkloreaz duten iritzia joan den gizaldiko lehen hamarkadetako mugimendu horretan dute sorburua. Nekazal mundu idealizatu bat irudikatzen zen garai horretan. Baina kontuan hartu behar dugu, gizaldi bat pasatu dela eta horrek bere garaian izan bazuen bere funtsa( kasu batzuetan mesedegarria izan zitzaigun, beste batzuetan, ordea, kaltegarria) ez dugula ezer egiten orain, horren kontra joanda. Beraz 60an zaharkitua zegoen folklore kontzeptu horren kontra ekin bazen, 40 urte beranduago, eta kontuan izanik garai hartan hasi zela mugimendu berri bat, zertan ari dira gaur egun batzuek dantza gutxiesten? Dantza eta folklorearen esparrua ezagutu gabe, bertan lanean dabiltzanei zer egin behar duten esanez?
Izan ere, 60ko hamarkadan, Modernizazioaren beharra sumatzen zen garai horretan, askok eta askok ez zuten ulertzen, eta baten batek gaur egun ere ez, nola uztar zitekeen modernizazioa tradizioarekin. Tradizioari buruzko zenbait gogoeta beherago egingo ditut, baina esan dezagun orduan gertatzen zena ikustea errazagoa egiten zaigula 40 urte beranduago. J.A. Urbeltzek, ordea, esan bezala, argi ikusi zuen eta garaiz, zein zen hartu beharreko bidea. Horri esker ondoren sortu zen mugimenduak eta berari atxiki zitzaizkionak gure folklorea eskola eta Unibertsitatearen mailan sartzea aldarrikatzen dute eta idazle, aktore, zizelkari eta beste zenbait artistek egiten duten lana bezain duina egiten dutela adierazi nahi dute. Horregatik diot, bide hau egiten hasia dagoelarik eta errekonozimendu eza delarik oztoporik handiena, zentzurik ez duela zaharkiturik geratu den dantzaren modernizazio kontzeptu hori hitzetik hortzera erabiltzeak.
60ko hamarkadan beraz, gure politikak eta kulturak aire berriak bizi izan zituen garai hartan, normaltzat jo daiteke aurrekoari uko egitea. Baina, gaur egun ikusi behar da, gure folkloreari dagokionean, akats handi bat egin zutela askok eta askok (hau guztiz ulergarria bada ere). Aurreko belaunaldiek aldarrikatzen zutena arbuiatu egin zuten. Ez ziren konturatzen galbahea pasatu beharra zegoela.
Hona hemen zer egin zuen gure kultura eta politikaren arloan zebilen zenbaitek:
- - Oinordekotzan geneukan guztia txartzat jo.
- - Gure kulturak bizi nahi bazuen, berritzea zela, soilik, egin behar zena pentsatu.
Horrek, ordea, gure kontra egin zuen, kenketa eragiketa besterik ez baitzen egin. Eta ez! Ez zen kenketa egin behar, hautaketa eta ikerketa baizik. Eta, jakina, gehiketa: modernizazioa.
Beraz, aurrekoa laburbilduz, orain dela 40 urte, Herri Kulturari dagokion arloak eta zehazki ikuskizun folklorikoarenak, bi bide hartu zituen. Bata, lehendik zetorren horren jarraipena. Eta ez naiz soilik dantzari buruz ari, musikak, jantziak… eta orokorrean estetikak eta jendaurrean jartzeko moduak lehengoari jarraitu baitzion aldaketa sakonik egin gabe: alardeak, txapelketak, dantzari-egunak…egiten jarraitu zen. Garai zehatz batean asmatutako edo moldatutako dantzek eta jantziek ez zuten aldaketarik jasan izan eta, hau dela eta, askoren ustez modernizazio baten beharra zuten. Baina, gakoa ez zegoen jadanik emankorra ez zen korronte hura eraldatzean, baizik eta beste alde batetik urratzen hasitako bide berri batean. Izan ere bigarren bideari, garaiko modernizazio izpiritu horretan kokatzen zenari alegia, ekin zitzaion galdutako sokaren muturra jaso eta bizirik zirauten gure tradizioen sinboloak jasoaz eta galdu zirenak berpiztuaz. Honela bada, aurreko belaunaldietatik jasotakoari zeharo muzin egin gabe, lehen esan bezala galbahea paseaz eta egiten ari ziren ikerketa lanek ematen zutena honi gehituz, dantza eta beraren inguruan biltzen den guztia azaltzeko modu bati, guregan guztiz berritzailea zenari, ekin zitzaion. Eta tamalgarria da, urte hauetan guztietan egin den lana ikaragarri emankorra izanik, gaur egun oraindik, eta kultur munduan lanean ari den askok, folklorearenganako eta, bide batez, horretan lanean ari direnekiko nolabaiteko "distantzia", ezjakintasuna eta askotan mespretxu argia adieraztea.
Airean dauzkagun galdera batzuei erantzunez emango diot amaiera hausnarketa honi.
1.-Zergatik gozatzen dugu kanpoko folklorearekin?. Esaterako, Irlandako ala Hungariakoarekin?
- Dantzari, soinu jole, idazle edo dena delako horrek ezaguera hauek, hizkuntzaren moduan txikia zenetik jaso dituelako eta berezkoak dituenez, era naturalean sortu eta egin ditzakeen aldaerak eta sormen lanak maitasunez egiten dituelako, hori izan baita etxean jaso duena eta harro sentitzen da.
2.-Zergatik, ordea, aspertu edo lotsatzen gara gure folklorearekin?
- ez dugulako, kasu askotan, geurea bezala jaso. Eskola ondoren, aisialdirako ekintza moduan, futbola, judoa edota pianoaren alternatiba bat bezala eskaini zaigulako. Hiri giroan, zoritxarrez, hau da orokorrean gaur egun dugun egoera.
- 60ko hamarkadako mugimendu horren baitan, folklorearen aurkako mezua zegoelako. (lehen esan dudan bezala, zenbait pertsona gaizki ulerturiko kontzeptu baten aurrean zeudelako)
- Gure kulturak jasan duen eta jasaten duen egoera honetan, bizirauteko formula, ziur aski, okerrak, erabili izan direlako. Neurri handi batean txapelketak izan dira beste zenbait “formulekin” batera, trikitixa, dantza soltea, bertsoa…amaigabeko saioetan eta asperraldia, eta maiz negargura eta ezinegona sortzen duten egoeratan plazaratu izan dituztenak.
- Arte eta espresio izanik,.gehiegi arautu izan direlako. Eta gehienetan, tradizioaren soka etena egon denez, gaiari buruzko ezaguera gutxi( baina asmo on asko) zutenek zuzenduak izan direlako.
3.-Zergatik berrikuntza eta modernizazio sukar hori?
- Aurrean esandakoari lotuz, gu gaur egungo euskaldunak izanik, gure herri jakintzaren jabe izango bagina, gaur egun biziko genuke herri jakintza hori, beraz gaurkoa izango litzateke eta ez genuke gaurkotu beharrik izango. Tradizioa ez da zaharkiturik dagoena, baizik eta eginaren eginez berritzen dena. Adibidez, Lesakako zaku zaharrek inauteri igandez ateratzen direnean ez dute "desfasatutako" ezer egiten, urtero berritzen baitute ohitura hori. Eta ene ustetan "ikaragarri modernoak" dira.
- Gure sustraien jabe bagina ez genuke indar berezirik egin beharko sustrai horiek "modernizatzeko". Baina, zoritxarrez, planteamenduak ez dira gehienetan honela egiten eta orain hain "modan" dagoen mestizaiari ekiten zaio, nahasten diren elementuen funtsa apenas ulertu eta ezagutu gabe.
- Benetan, gure Herri jakintzaren inguruan eginiko planteamendu finko baten gabezian gaudenez, "titulaziorik" ez dagoenez, ez du inork aitortu nahi nor den jakitun eta nor ez. Bertan lanean ari den guztiari kategoria edo maila bera egozten zaion bitartean, irizpide minimo batzuk ezartzen ez diren bitartean, ez gara Folkloreak behar duen tratamendu gaurkotu, "moderno" baten aurrean izango eta hau gure kulturaren kaltetan izango da, jakina!.
Dokumentuaren akzioak