Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Euskal dantza tradizionaletik abiatutako ikuskizunak gaur: begirada bat lau proposameni

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantza tradizionaletik abiatutako ikuskizunak gaur: begirada bat lau proposameni

Oier ARAOLAZA ARRIETA, 2001/11/30.

1. DANTZA TRADIZIONALA INSPIRAZIO ITURRI[a]

Herri dantzen eta antzokietako dantza ikuskizunen arteko eduki eta ezagutzen fluxua eta elkar-elikatzea soka luzeko jokabidea da. Eliteetako musika eta dantza adierazpenek behin eta berriz bilatu dute inspirazioa herri dantzetan, eta horietatik edanez sortu dituzte maiz eredu berriak. Halaber, erritmo mantsoagoz baina eraginkortasunez, dantzatzeko modu eta joera berriak eliteengandik herri xehearen moldeetara iragazi ohi dira.

Antzokietako eta plazetako dantzen arteko elkar-eragintza hori maiz dokumentatu da historian. Adibidez, XVII. mendean, Luis XIV Frantziako erregeak bultzatutako baletetan euskal dantzari eta euskal dantzetako urratsen erabilerak maiz aipatu izan dira[1] eta zenbait autorek eliteen eta folklore dantzen arteko elkareragintzak azaleratzeko hainbat saio egin dituzte[2].

XX. mendeko 20ko eta 30eko hamarkadetan, euskal dantza tradizionaletan oinarritutako ikuskizunak iritsi ziren antzokietara garaiko intelektual talde baten eskutik. 1920an Jesus Guridiren “Amaya” opera estreinatu zen eta bertan euskal dantza antzokietako arauetara moldatuz egindako koreografia erakutsi zen, Navarro Villosladak irudikatutako VIII. mendeko euskaldunen ezpata-dantza. Arana Martijak seinalatzen duenez, 20ko hamarkadan Europan barrena eta baita Euskal Herrian ere emanaldiak eskaini zituzten errusiar baletek eragin handia izan zuten euskal dantzetatik abiatutako pareko ikuskizunak taularatzeko. Ekimen horien artean aipagarria da Segundo Olaetak 1927an, Gernikan, ume eta gaztetxo talde batekin sortu zuen Elai Alai taldea[3].

1928an Saski-Naski aurkeztu zen Donostian. Euskal Folklorea eszenaratzeko sortu zen Saski-Naski abesbatza, orkestra eta dantzariz osatuta[4]. Atharratze, Berriz Izpurako eta Donostiako dantzariek taularatu zituzten ohiko euskal dantzak. Beren herrietan egin ohi zituzten moduan dantzatu zuten batik bat, baina eszenara begira egindako moldaketa eta sormen lanak ere tartean txertatuz. Sagardotegian, Iruleak, edo Kaxarranka bezalako estanpak prestatu ziren Saski-Naskirako. Donostiako Victoria Eugenian eta Principe antzokian eta Baionako Udalaren Antzokian aurkeztu ondoren, Parisera iritsi zen Saski-Naski eta 1929ko otsailaren 8an 2.000 lagunek ikusi zuten euskal dantza eta musika ikuskizuna Frantziako hiriburuko Champs Élysées antzokian. Eredu horrekin jarraituz Oldargi sortu zen 1930ean Bilbon, eta dinamika bizia izan zen gerra iritsi bitartean.

1937-1939 bitartean, Espainiako Gerra Zibilean, Eusko Jaurlaritzak sortutako kultur ordezkaritzaren puntu garrantzitsuenetakoa izan zen Eresoinka abesbatza eta dantza elkartea. Besteak beste Paris, Brusela, La Haya, Amsterdam, Rotterdam eta Londres-en dantzatu zuen Eresoinkak. Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Zuberoako tradiziozko dantzak erakusteaz gain, Kaxarranka, Sirimiri edo Aker-landa moduko izenekin koreografiak eta estanpak aurkezten zituen Eresoinkak[5].

Antzokietara begira ohiko dantzetan oinarritutako ikuskizun horiek sorburu zuten tradiziozko dantzetan ere izan zuten eragina. Adibidez, Saski-Naski ikuskizunerako prestatu ziren zenbait dantza, tradiziozko dantzak egiten zituzten taldeek beren errepertorioetan integratu zituzten. Ondorioz, dantza batzuekin joan-etorriko ibilbidea jarrai dezakegu. Arizkungo sagar-dantza inspirazio iturri izan zen Saski-Naskiko sortzaileentzat eta Baztango dantza horretan oinarrituta sagar-dantza berri bat sortu zuten. Euskal Herri osoko hainbat dantza taldek bere errepertorioan integratu zuten antzokirako “berregindako” dantza hori eta 70 urteren buruan dantza errotua da tradiziozko euskal dantza egitarauetan.

Olaetak Lapurdin ereindako hazitik iritsiko da XX. mendearen bigarren zatian, euskal dantzarekin antzokietarako ikuskizunak egiteko saio adierazgarrienetako bat. 1954an, Paris-eko Champs Élysées antzokian estreinatu baitzen Philippe Oihanburu-ren Etorki Dantza eta Kantu Batasuna. Hiru hamarkadatan munduko 30 estatutan aurkeztu zuen Etorkik euskal dantza, kanta eta ohituretan oinarritutako ikuskizuna. Gerra aurreko ikuskizunen ereduaren oinordeko ziren hein baten Etorkiren ikuskizunak eta koadro kostunbristak eta estanpak aurkezten zituen, baina eszenaratzea dinamikoagoa zen eta estetika garaikideko proposamenak ere biltzen zituzten. Besteak beste genero ohitura hertsiak irekitzeko saioak egin zituen Etorkik, tradizioz gizonezkoek egin izan dituzten Gipuzkoako zenbait dantza emakumeek eman araziz eta auziari ausardiaz erantzunez. Maskarada, ihauteri eta Lantzeko zortzikoan oinarritutako konposizioekin batera, Eresoinkak egin bezala, Akelarrearen irudikapena erabiltzen du Oihanburuk.

Antzokietatik plazarako bideak ere ez du etenik izan, eta adibidez, XX. mendearen bukaeran Juan Antonio Urbeltz-ek Argia dantza taldearen emanaldietarako egindako zenbait errekreazio naturaltasunez txertatu dira ohiko dantza taldeetan. Adibidez, Baztango mutil-dantzetako urratsetan oinarrituta, eta Nafarroako Jaurrieta herrian bildutako doinuarekin Juan Antonio Urbeltzek osatu zuen emakumeen dantza Euskal Herriko ehunka dantza taldek dantzatzeaz gain, Jaurrieta herrian bertan dantzatzen dute herriko neskek. Antzeko bidea darama Nafarroa Behereko dantzekin batera emateko Marian Arregik konposatutako musikaren gain Urbeltz berak koreografiatutako kadrilea.

Munduko musikak, folk musika eta kultura anitzen erakusketa ugari antolatzen da Europan azken urteotan. Nazioarteko folklore jaialdiak erruz ugaldu dira. Euskal Herrian bertan, 25 urte bete ditu aurten mota horretako jaialdien aitzindariak, Portugaletekoak, eta heldutasun horretan eskuratu du zabalkunde handiena. 2001. urtean, Portugaletera etorritako 10 folklore taldeek 50 herritan erakutsi dituzte beren dantzak. Jaialdi horietan parte hartzen duten folklore talde gehienetan, dagoeneko nabaria da eszenaratze hutsaz gain koreografoen lana, baina erakusten dituzten dantza, kanta, arropa eta ohiturak tradizionalak diren irudia ematen saiatzen dira.

Tradiziozko dantzetatik abiatu eta ageriko moldaketak egin eta “ikuskizun garaikideak” egiten dituzten taldeak urriagoak dira. Hala ere bakar batzuk ikuskizun erraldoi bihurtuta munduan barrena dabiltza jiratan. Horien artean “Riverdance” aipatu daiteke. Estatu Batuetako superprodukzio ereduari jarraituz munduko hainbat lurraldetako dantzak baliatuz, munduko birak egiten dituen ikuskizun erraldoia da. 2001ean egiten ari den munduko jiran Madrilen izan zen Riverdance, baina emanaldia hartuko zuen kiroldegiaren suteak bertan behera utzi zuen ikuskizuna.

Riverdance-ren tamainako beste ekoizpen handi bat Michael Flatley dantzariaren Lord of the Dance da, Irlandako musika doinuek egun duten presentzia mediatikoak lagunduta. Espainian, Iberica izeneko ikuskizunak eskualde desberdinetako dantzak estetika garaikidez aurkezten ditu.

2. EUSKAL TRADIZIOAN OINARRITUTAKO LAU IKUSKIZUN

Tradiziozko euskal dantzetatik abiatuta antzokietara begira ikuskizun garaikideak egiten dituztenen artean lau adibide aztertuko ditugu komunikazio honetan. Begiradapean jarri ditugun ikuskizunak hautatzeko 3 ezaugarri hartu dira kontuan: a) Tradiziozko dantzetan oinarritu edo inspiratutako ikuskizunak izatea; b) Tradizioz ikasitako dantzak, moldatuta, egokituta edo aldatuta aurkezteko asmoa agertzea. c) Eredu sortzaile izateko ikuskizunak izan duen oihartzuna komunikabideetan eta emanaldien hedapenean. Ezaugarri horiek betetzen dituzten lau ikuskizun hautatu dira: Juan Antonio Urbeltz-ek gidatzen duen Argia dantzari taldearen Kondharian, Eduardo Muruamendiaraz-ek gidatzen duen Aukeran dantza konpainiaren Sutargi, Claude Iruretagoienak gidatzen duen Maritzuli konpainiaren Ingura-Mingura eta Laxok taldearen Upeletan Erronka. Ikuskizun bakoitzaren oinarrizko ezaugarriak[6] bilduko ditugu lehenik eta behin.

2.1 Kondharian[7]

Zenbait autorek aipatu dute euskal dantza tradizionalaren azken 35 urteko ibilbidean Juan Antonio Urbeltzen lanaren eragina[8]. Bi aldi nagusi bereiz daitezke dantza zuzendari bezala egindako ibilbidean. 1965 eta 1987 bitartean tokian tokiko dantzak egiten jarraitzen zen herrietan bilketa lana egin eta jatorrizko bertsioak berreskuratzen jardun zuen Argia dantzari taldea gidatuz. Herrialde bakoitzari buruzko ikuskizun monografikoak aurkeztu zituen Argiak 70eko hamarkada osoan zehar eta iturrietara jo beharra eta erreprodukzioekin zorrotz izan beharraren garrantzia zabaldu zuen Argiak hainbat dantza taldetan.

1987an, bildutako material etnografikoa barneratu ondoren, 20 urte lehenago Argiaren zuzendaritza hartu zuenean iragarri zuen sormen gogoari heldu zion[9]. Lehen emaitza Irradaka izan zen, eta 1988an euskal dantzen sintesi bat proposatzen zuen Zortziko aurkeztu zen Confolens-eko Nazioarteko Jaialdian. Urtebete beranduago, bigarren zati bat gehitu zion, mairu eta kristauen ertaroko antzezlanetan inspiratutako Muriska sormen lana. Zortziko, 200 lagun inguruk osatzen zuten ikuskizun erraldoia zen. Argia eta Goizaldi donostiarrak, Añorgako Harkaitz, Beskoitzeko Oinak-Arin¸ Antiguo, Añorga eta Astigarragako haur taldeak, Iturengo Zanpantzarrak eta Elgoibarko Haritz dantzari taldeek parte hartzen zuten bertan. 1988 eta 1991 bitartean Zortziko ikuskizunaren 45 emanaldi egin ziren. Zortzikoren ereduan gehiago sakonduko du Urbeltzek 1992an estreinatu zen Alakiketan ikuskizunarekin.

“Kondharian. Irulea eta Itzaiaren ezteiak” 1997ko ekainaren 28an aurkeztu zen Bilboko Arriaga antzokian. Juan Antonio Urbeltz-ek zuzentzen duen Donostiako Argia euskal dantzari taldearen ekoizpena da Kondharian, Koldo Ameztoy kontalariak lagunduta dantza, musika, ipuinak eta mitoak elkarlotzen dituen ikuskizuna. 200 lagun ingururen parte hartzea eskatzen zuten Zortziko eta Alakiketan-en aldean, Kondharian intimoa, hurbila da. Aurreko ikuskizunak Arriaga edo Victoria Eugeniaren tamainako antzokietan, edo bestela kiroldegi eta pilotalekuetan baino ezin zitezkeen aurkeztu, behar zen eszenatokiaren tamaina eta parte hartzaileen kopuru handiaren ondorioz. Horien aldean, Kondharian formato txikiko ikuskizuna da. Dantzari, musikari, tekniko eta laguntzaileen artean 60 laguneko taldea. Argia, Añorgako Harkaitz eta Elgoibarko Haritz taldeetako dantzariak eta Iturengo Zanpantzarrek parte hartzen dute ikuskizunean Koldo Ameztoy, ipuin kontalariak eta Argia, Ezpelur eta Haritzeko musikariek lagunduta. Eszena zuzendaritzaz Maribel Belastegi arduratu da, Marian Arregi da musika arduraduna, Amaia Bueno jantziena eta Juan Antonio Urbeltz da koreografoa eta zuzendari artistikoa.

Juan Antonio Urbeltz-ek bere ikerketetan eta argitaratutako lanetan jorratu dituen gaietan inspiratzen da Kondharian. Elezaharrak, ipuinek, erritoek eta herri-sineskerek presentzia handia dute, eta ezsenaratzen den elementu bisual bakoitzak hausnarketa teorikoa dauka atzean. Zazpi ipuinek osatzen dute ikuskizuna, eta ipuin bakoitzarekin dantza eta giro desberdinak agertzen dira eszenatokian, baina bata bestearekin lotzen dira kontakizun bakarra osatuz. Zuberoako maskaradetako Itzaina, Irulea, Jauna eta Anderea, Pitxu eta Kabana, Torralbako “Juan el lobo”, edota Hartzandi bihurtzen dira antzezpenaren protagonista. Koldo Ameztoyk hitzez kontatzen ditu dantzak iradokitzen dituen ipuinak, baina ez da ikuskizun narratiboa, kontalariaren jarduna bezala, ikuskizun osoa poetikoa da, metaforen kateatzean oinarritzen baita.

Tradiziozko zenbait euskal dantza bere horretan agertzen dira, beste batzuk elkarrekin josiak -Lapurdiko eta Otsagabiako makil-dantzak-, Mazedoniako ijitoen dantzak, Argentinako habanera, eta baita tradizioko dantzetatik abiatutako ekarpen koreografikoak. Dantza tradizionalaren teknika eta lojika barneraturik, folk dantzaren eredu garaikidea proposatzen du Juan Antonio Urbeltzek. “Galaien esku-dantza” pieza izan daiteke honen erakusgarri, soka-dantzaren berrirakurketa ausarta egiten baitu bertan. Tradiziozko soka-dantzaren egitura koreografikotik abiatzen da taldearen mugimendu nagusiak bideratzeko. Urratsetan, berriz, erromerietako dantza soltearen lojika askea Gipuzkoako dantzen teknika akademikoarekin uztartu eta doinu tradizional biziekin laguntzen du. Bestalde, Ana Remiro dantzari eta koreografoa arduratzen da sagar-dantzan oinarritutako koreografia garaikideaz.

Zuzeneko musika da nagusi ikuskizunean eta zenbait pasarte grabatutako musikaz osatzen dira. Marian Arregiren zuzendaritzapean, arrabita jotzen dute Mikel Urbeltz eta Arantzazu Mujikak, txirula Imanol Anzak, txistua Jose Inazio Sarasua eta Juan Karlos Larreategik, panderoa Imanol Urkizuk, atabala Iñaki Goñik, dultzaina Tomas Diaz eta Diego Ruedak, danborra Javier Beorlegik eta kontrabaxua Sergio Rojok.

2.2 Sutargi[10]

Aukeran dantza konpainia 1997an sortu zen Eduardo Muruamendiaraz-en eskutik. Muruamendiaraz Donostiako Koruko Amaren Eskola abesbatz eta dantza elkarteko dantzaria zen. Bergararra da Muruamendiaraz eta Moises Azpiazu-ren eskolan eman zituen lehen urratsak Donostiako taldera pasa zen arte. Aurresku eta dantza solte txapelketetan nabarmendu zen Edu Muruamendiaraz: dantza solteko txapelduna Seguran Amaia Agirrekin 1993, 1994 eta 1995ean, eta aurresku txapelduna Pasaian 1994, 1995 eta 1996an.

1997an, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatutako Euskal Koreografo Berrien I. Erakusketan aurkeztu zuen bere lehen koreografia, Aukeran. West Side Story musikalean oinarrituta, dantza solteko urratsekin egindako koreografia zen. Filmeko estetikari jarraituz praka bakero eta txaleko hutsez mutilak, eta soinekoz jantzita neskak, agertzen ziren dantzariak. Hamar minutu inguru irauten zuen koreografian, dantza solteko txapelketetan garatu den dantza estiloan ziharduten dantzariek, urrats desberdinak tartekatuz, tartean Arratiako jotetako urratsak ere, baina txapelketetako estiloz eginak. Dantza solteaz gain, Durangaldeko dantzari-dantzako zenbait urrats tartekatzen zituzten dantzariek.

Aukeran lehen koreografia horren abiapuntua aipatutako Eskola dantza taldearen koreografietaz gain, Gozategiz Blai ikuskizunean kokatu behar dugu. Gozategi musika taldea eta Jesus Mari Garatek gidatutako dantzari talde batek osatzen zuten ikuskizun hori, eta bertan aurkitzen dira Aukeranen ondoko ikuskizunetan biltzen diren oinarrizko ezaugarriak: dantzari talde txikiarekin eta ohiko dantzetan oinarrituta koreografiak egiteko aukera eta erropak apaingarriz biluztea dantzariak bere dohainak erosotasunez erakutsi ahal izateko.

Urtebete beranduago, Euskal Koreografoen II. Erakusketan Akilimarro izeneko lana aurkeztu zuen Edu Muruamendiaraz-ek. Akelarrean inspiratutako koreografia zen, sorgin eta akerrak protagonista zituena. Berriz ere, dantza solteko urratsak daude koreografiaren oinarrian, Durangaldeko dantzari-dantzako eta Gipuzkoako urratsekin batera. 1999ko “Dantzaren nazioarteko egunean”, Errenkan aurkeztu zuen Aukeran-ek eta 2000. urtean Zirga-ezean koreografia berria sortu zuen.

Hasieratik dantza tradizionalaren oinarritik abiatuta, dantza garaikideruntz jotzea da Aukeran-ek aurkezten duen asmoa. 2001ean Sutargi aurkeztu du Aukeran-ek. Sutargi Akilimarro koreografiarekin hasten da eta 7 dantzariz osatutako taldeak ordubete pasako dantza ikuskizuna borobiltzen du. Edu Muruamendiaraz-ekin batera, Eskola dantza taldean hezitako Aiert Beobide, Eli Alberdi, Iurre Aranburu, Iker Arrue, Maitane Mujika eta Onintza Odrizolak osatzen dute taldea. Aiert Beobide, 2001ean Pasaiako aurresku txapelketa irabazi duen dantzaria da.

Aukeran-en hasierako koreografiak grabatutako musikarekin egiten ziren -Kepa Junkera-ren grabazioak batik bat-, eta Sutargin soinu bandaren zati handiena zuzeneko musikariek jotzen dute. Sergio Lamuedra eta Arantza Ansak txalaparta, Lurdes Alkortak trikitixa eta Garikoitz Mendizabalek alboka, txistua eta txirula. Arropen diseinua Ramon Garciarena da, Garbi Losada antzerki zuzendaria eta Jose Antonio Vitoria gidoilaria arduratzen dira eszenaratzea zuzentzeaz.

Sua eta sugarrak dira ikuskizunaren ardatz, eta argi eta itzalez betetako giroan plazaratzen dira koreografiak. Akilimarrorekin hasi eta Agurra edo zortzikoak bezalako dantza tradizionalak eskaintzen dira, konpainiaren aurreko koreografia eta ikuskizunerako sortutako berriekin. Berriz ere dantza soltea, dantzari-dantzako urratsak, Gipuzkoako eta Zuberoako dantzetako urratsak dira koreografien oinarria. Tarteka esku eta gorputz enborren mugimenduak gehitzen dira. Sutargirako egindako koreografia berrien artean, makil jokoekin egindakoa da Aukeran-en berritasun handiena, esku-huska dantzatu izan baitu nagusiki aurretik eta dantza solte, Gipuzkoa edo Zuberoako dantza teknikatik aldentzen baita.

Txalapartak presentzia handia du ikuskizunean, eta dantzari talde txikia denez, arropa aldaketak egin ahal izateko denbora tarteak txalapartaren musikaz betetzen dira nagusiki.

2.3 Upeletan Erronka[11]

1999ko azaroan, Bilboko Kafe Antzokian egin zuen aurkezpen ofiziala Upeletan Erronka ikuskizunak. Aurretik urrats txiki batzuk eman bazituen ere, ikuskizun honekin eman zen ezagutzera Laxok taldea. Lau dantzarik osatzen dute Laxok: Jon Maya, Iban Agote, Oier Imaz eta Kimetz Larrañaga. Dantza solte eta aurresku txapelketetan eskarmentu handikoak laurak. Jon Maya Pasaiako aurresku txapelketako irabazlea izan da lau aldiz 1997 eta 2000. urte bitartean, Oier Imaz 15 urte bitarteko gipuzkoar aurresku txapelduna izan zen, Iban Agotek 1997an Segurako dantza solte txapelketa eskuratu zuen Iraultza Garmendiarekin batera, eta Kimetz Larrañagak txapelketa hori bera hirutan irabazi zuen Eneritz Epelde-rekin 1998, 1999 eta 2000. urteetan.

Txapelketetako eskarmentuaz gain, taldekide bakoitzak bere herriko dantza taldean jaso du oinarrizko formazioa, Jon Maya-k Errenteriako Ereintzan, Kimetz Larrañagak Azkoitia-Azpeitiako Sahatsan, eta Oier Imaz-ek Irungo Kemen dantza taldean.

Zenbait folk musika talderen emanaldietan dantzatuz hasi zen Laxok taldea. Alaitz eta Maider-en Inshala diskoaren aurkezpenean eta Alboka taldearen emanaldietan besteak beste. Upeletan Erronka saioa bertsolari eta trikitilari bikote banarekin osatu dute. Anjel Mari Peñagarikano eta Andoni Egaña bertsolariak, eta Jon Ansorregi eta Andoni Larrañaga trikitilariak.

Upeletan Erronka ikuskizuna sagardotegi batean kokatzen da. Eszenatokian sagardo kupelak, mahaiak eta aulkiak ageri dira, eta kupeletatik txotx egiten dute dantzari, musikari eta bertsolariek. Dantzari eta bertsolariak bi taldetan bananduta ageri dira, bi dantzari eta bertsolari bat talde bakoitzeko, eta erdian trikitilariak geratzen dira. Sagardotegian bi talderen artean sortzen den lehia irudikatzen du ikuskizunak. Lehia hori dantzaz eta bertsoz gauzatzen da.

Dantzariek trikitilarien doinuekin dantzatzen dute, bertsoaren erritmora dantzatzen duten salbuespenarekin. Dantzariek, elkarren arteko norgehiagokan dantza soltean, Bizkaia eta Gipuzkoako aurreskua, edo Zuberoako godalet dantza egiten dituztenean gauzatzen da. Bertsolariek ikuskizunaren mamia kantatzen dute, eta tokian-tokiko erreferentziekin lotzen dute.

2.3 Ingura Mingura[12]

Ingura Mingura 2000ko irailaren 17an aurkeztu zen Miarritzen, Gare du Midi aretoan eta Maitaldia dantza programazioaren barruan. Soka-dantza da Claude Iruretagoienak zuzentzen duen ikuskizunaren ardatza. Sei soka-dantza aurkezten dira ikuskizunean, beste horrenbeste toki edota garaitan inspiratutakoak. XV. mendekoa izan daitekeen soka-dantza batetik abiatu eta lengoaia garaikidez dantzatutakora.

Dantza tradizionalaren alorrean eskarmentu handiko dantzari eta dantza maisua da Claude Iruretagoiena. Iparraldeko Euskal Dantzarien Biltzarraren eskutik ehunka ikasleri erakutsi die dantzan. 1975etik aurrera, bere maisu Pierre Betelu, Pierre Gil eta Thierry Truffaut-ekin batera, galduak ziren Lapurdiko ihatuerien inguruko datu etnografikoen bilketa eta ohitura, musika, dantza eta arropen berreskuraketaren arduradunetakoa da Claude Iruretagoiena. Beskoitzeko Oinak Arin dantza taldearen zuzendari izan da 90eko hamarkadan zehar. Juan Antonio Urbeltz-en Zortziko eta Alakiketan ikuskizunetan parte hartu du dantzari eta dantza maisu bezala, eta baita arropen diseinuan ere.

Maritzuli konpainia 1996an jaio zen Claude Iruretagoienaren eskutik. Pantxika Telleriarekin batera kudeatzen duen dantza eskolako ikasleek osatzen dute Maritzuli. Ixtorio Mixtorio izan zen talde honen lehen ikuskizuna. Umeen jolas eta kantekin osatutako ikuskizuna zen eta umeak ziren dantzariak.

Ingura Mingura-n dantzariak helduxeagoak dira dagoeneko, baina gaztetxoak oro har. 50 dantzari eta 10 musikarik osatzen dute taldea. Ohiko dantzak eta dantza garaikide ikasketak jasotzen dituzte dantzariek. Claude Iruretagoiena bera da tradiziozko dantzen irakaslea, dantza garaikidea irakasteaz Johana Etcheverry arduratzen da eta dantzarako teknika orokorraz Pantxika Telleria. Ingura Mingura ikuskizunaren soinu bandaz Didier Teillagorry, Manolo Espellet, Juana Etchegoin eta Iker Robles arduratu dira, txistua, txirula, bibolina, biolontxeloa, kitarra eta musika elektroakustikoaz baliatuz.

XVI. mendeko margo batean oinarritutako soka-dantzarekin hasten da ikuskizuna. Bigarren zatian bi soka-dantzarekin jolasten du Iruretagoienak, Erronkari aldeko ttun-ttuntuna eta Biarnokoa bestea. Hirugarren soka-dantzan lengoaia garaikidearekin aurkezten du, tradizioak han eta hemen erakusten duen sokaren egiturari eutsiz, baina dantzatzeko modu garaikideaz gauzatuz. Ijitoen munduarekin lotutakoa da laugarren soka-dantza, Lapurdiko ihauterietakoa bosgarrena eta Nafarroa Behereko soka-dantzarekin osatzen da Ingura Mingura.

3. IKUSKIZUN BERRIEN EKARPENAK

Azken 4-5 urteotan plazaratu diren ikuskizunek, oinarrizko planteamenduan, taldeen konfigurazioan, proposatzen duten eredu estetikoan, tradizioarekin planteatzen duten erlazioan eta oro har tradiziotik abiatutako ikuskizunek jorra ditzaketen bideetan, eredu desberdinak aurkeztu dituzte.

Oro har, badirudi kreaziorako bidea 80ko hamarkadan baino askatasun handiagoarekin jorratzen ari dela. Hala ere, tradizioa eta kreazioa nahastea arriskutsutzat ikusten dute zenbaitek[13] edo gutxienez batetik besterako bidean tradizioa ez kaltetetzeko ardura erakusten dute[14].

3.1 Ikuskizunen dimentsioen egokitzea

Aztertutako ikuskizunetan nabarmentzen den ezaugarrietako bat parte-hartzaileen kopuruari dagokiona da. Dantza tradizionalean ohitura zenaren aurka, badirudi tendentzia talde txikietara jotzea dela. Batez ere dantzari kopuruari dagokionez, musikari taldeak ahalik eta osatuenak izaten jarraitzen baitituzte, eta gainontzeko arduretan ere taldeak sendotu baitira eszena zuzendariak, argi eta soinu teknikariak, eta arropa zein atrezzo arduradunak gero eta arruntagoak baitira.

Dantzari talde txikietan funtzionatzeko joera indartzen ari dela dirudi ordea. Sutargin 7 dantzarik dantzatzen dute eta Laxok 4 dantzariz osatuta dago. Kondharian-en 40 dantzari inguruko taldeak dantzatzen du, baina Urbeltz-ek gidatutako azken ikuskizunetan (Zortziko eta Alakiketan), 150 dantzari inguruk parte hartzen zutela kontuan hartuz, joera berean koka dezakegu. Maritzuli konpainiak ere 50 dantzarirekin aurkeztu zuen Ingura Mingura, Ixtorio Mixtorion baino zerbait gutxiago.

Dantzari kopuruaren murrizketak ikuskizunaren hainbat alderditan eragiten du. Teknika maila altua duten dantzariek bakarrik parte hartzen dute ikuskizunean eta horrek saio osoaren kalitatean eragiten du. Dantzariei ardura handiagoa eskaintzen die baina prestaketa erritmoa azkartu egiten da, ohiko talde handietan “motelenaren” erritmoan egiten baitu aurrera taldeak. Dantzari kopuru txikia izaterakoan euskal dantza tradizionaleko taldeetan erabat ez-ohikoa den aukera irekitzen du: dantzariek emanaldiengatik kobratu egin dezakete. Emanaldiak kobratzean, dedikazio handiagoa eskaintzeko prest izaten dira dantzariak, ikuskizunak aniztasun handiagoz eskaintzeko modua dago eta profesionalizazio edo erdi-profesionalizazio bidean jarri daitezke dantzari batzuk. Eredu horri jarraitzen diote Aukeran eta Laxok taldekoek.

Bestalde, talde txikiagoak osatzea eta ikuskizunak hartuko dituzten aretoen tamaina ere elkarlotuta daude. Zortziko eta Alakiketan bezalako ikuskizunak, Arriaga, Victoria Eugenia edo Gasteizko Principal antzokiez gain, kiroldegi edo pilotalekuetan antolatu beharra zeuden, zenbait unetan eszenatokian 80 dantzari biltzen baitzituzten. Kiroldegi eta pilotalekuetan horrelako ikuskizunak prestatea azpiegitura, soinu eta argi aldetik ahalegin handia eskatzen du, eta ekonomikoki ere garestiagoa gertatzen da. Kondharian, Sutargi eta Upeletan Erronka formato txikiagoko ikuskizunak izanik tamaina ertaineko hainbat antzokitan erakutsi ahal izan dira. Hala ere pilotaleku, kiroldegi eta bestelako aretoetan ere erakutsi dira ikuskizun horiek, eta baita plaza eta kaleetan ere.

Oro har ikuskizun hauetako dantzariek teknika maila altua erakusten dute. Hiru talde gipuzkoarrak dira eta Gipuzkoako dantzetan sakontzeak eskaintzen duen gorputz heziketa dute oinarrian. Alde horretatik xumeena Maritzuli Lapurdiko taldea da. Dantzari gaztetxoz osatuta egoteaz gain, ez daude teknikoki horren zorroztuta.

3.2 Ikuskizunetan lantzen dituzten gaiak eta nola adierazten diren

Ikuskizunetan plazaratzen diren gaiak eta dantzatzen den errepertorioak bien arteko lotura seinalatzen du. Kondharian eta Ingura Minguraren kasuan, badirudi ikuskizunak planteatzen duen gaiari ongi lotzen zaizkion dantzak, doinuak eta koreografiek izan dutela lehentasuna. Istorioak edo gaiak du garrantzia, eta kontakizunari makurtzen zaio dantzen hautaketa. Upeletan Erronka eta Sutargiren kasuan, koreografia eta dantzarien erakustaldiek pisu handiagoa dute kontakizunak berak baino.

Claude Iruretagoienak dantzen sailkapen morfologikoan oinarrituta, egitura koreografiko tradizional bat hautatu du, soka-dantza, eta denbora eta espazioan oinarrizko egitura horrek dituen aldaerak aurkezten ditu. Berdintasunen eta desberdintasunen arteko jolasa planteatzen du. Lehen itxura batean hain desberdinak izanik, funtsean apaingarri desberdinez hornitutako eskema bera agertzen da aldaera guztietan, edo alderantziz planteatuta, oinarrizko egitura koreografiko sinple batetik erator daitezkeen aldagai aberats eta anitzak.

Juan Antonio Urbeltzek folklore, mito eta ele-zaharretako pertsonaia eta kontakizunak ikuskizunaren harira egokitzen ditu eta narrazio aberatsa osatzen du. Torralbako “Juan el lobo”, Zuberoako maskaradetako itzaina eta herri ohituretako pertsonaia tradizionalak taularatu eta haien majiaz bustitzen du ikuskizuna.

Joan den mendean besteak beste Eresoinka eta Etorkik erabilitako gai bera du abiapuntuan Sutargik: akelarrea. Ondoren dantzarien ezaugarri teknikoei etekin handiena ateratzen dieten dantzak aurkezten dituzte, eta “argiak eta itzalak” ideiarekin saiatzen dira dantzen segidari lotura eta jarraitasun sentsazioa ematen.

Gidoi eta gai aldetik eskema oso sinplea da Upeletan Erronkan ikus daitekeena. Gerra aurreko Saski Naski ikuskizunean dagoeneko erabilia izan zen Sagardotegiaren giroan kokatzen da eta bi koadrilen arteko lehia da ikuskizun osoaren ardatza. Doinuak eta dantzak aukeratzeko, lehian dabiltzan bi taldeen arteko norgehiagoketan dantzariek beren trebetasuna eta akrobazia gaitasuna erakusteko baliagarri direnetara jotzen da.

Lau ikuskizunetan tradiziotik jasotako dantzak koreografien beharretara egokitzeko lan bat egin da. Gai eta gidoi planteamenduek tradiziotik hartzen diren dantzen hautaketan eragina dute. Sutargi eta Upeletan Erronkan ikuskizunetan Zuberoako maskaradetako urratsak, Gipuzkoako dantzetako teknika, Durangaldeko dantzari dantzako urratsak eta dantza solteko urratsekin osatzen dira koreografia gehienak. Horiez gain Sutargin Bizkaiko erregelak edota hainbat makil-joko ere erabili dituzte. Ingura Minguran eta Kondharian tradizio desberdinetako dantzak egitean tokian-tokiko urrats eta teknikak erabiltzen dituzte.

Janzkerari dagokionez, Laxok taldeko dantzariek tradizioan oinarritutako arropak daramatzate eta ikuskizunean zehar ez dute arroparik aldatzen. Sutargin ikuskizunerako espreski diseinatutako arropak daramatzate. Ramon Garciaren diseinuetan tradiziozko ezaugarriak, estetika modernoa eskaintzea helburu duten ezaugarri berriekin nahasten dira zenbaitetan, edota diseinu erabat berriak aurkezten dira bestetan. Kondharian eta Ingura Mingura ohiko jantziak, janzkera tradizionalaren estetikan oinarritutako jantzi berriekin tartekatzen dira.

OHARRAK:

[a] Komunikazio hau Euskal Ikasketen XV. Kongresuko “Antzez arteak (zertan diren)” izena duen 4. Sailerako aurkeztu zen. Antzez arteen gaur egungo egoera eta etorkizuna aztertzeko gonbitea zekarren 4. Sail horrek. Aurreratutako egitarauan jorratuko ziren gaiak kontuak harturik, dantza tradizionaletik abiatutako ikuskizunak zertan diren ezagutzeko begirada xume bat lagungarri izan zitekeelakoan aurkeztu genuen honako komunikazio hau. Halabaina, besteak beste dantza aztergai zuen sail horretako koordinatzaileek komunikazio hau jardunaldirako aurreikusitako lan ildoarekin ezkon-gaitza dela ulertu dute. “Etorkizun bat gure iraganerako (Berrikuntzak Antropologia eta Kultura Ondarearen alorrean)” izeneko 1. Sailean berriz, folklorearen ikerketari dagokion ekitaldian eskuzabal hartu dute komunikazioa eta sail horretan aurkeztu da. Gauzak horrela, begibistakoa da, hasierako helburu hori eta sail aldaketa kontuan hartu behar direla testu hau irakurtzerakoan, eta milurte aldaketaren testuinguruan, dantza tradizionaletik abiatuta antzokietara begira egindako ikuskizunak zertan diren erakutsi nahi duen testigantza xume bat baino ez dela.

[1] JORDA, Enrique, “Lo vasco en la danza clásica” in Homenaje a Enrique Jorda. Musiker 9. Eusko Ikaskuntza, Donostia, 1997, 88-96.orr. eta ARANA MARTIJA, Jose Antonio, Eresoinka. Euskal kulturaren mezua, 1937-1939. Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz, 1996, 18.orr.

[2] Oso adierazgarria da Juan Antonio Urbeltzek dantzari buruzko idazle klasikoen lanen eta Iztuetaren lanen artean egindako konparaketa lana: URBELTZ NAVARRO, Juan Antonio, Bailar el caos. La danza de la osa y el soldado cojo, Pamiela, Iruñea, 1994. Bestalde, Carlos Sanchez Equizak ilustrazioak euskal dantza tradizionalean, eta batik bat Iztuetaren lanean, izandako eragina aztertu du: SANCHEZ EQUIZA, Carlos, Del danbolín al sílbo. Txistu, tamboril y danza vasca en la época de la Ilustración, Iruñea, 1999.

[3] Ikus OLAETA, Lide de, Segundo de Olaeta, 100 años para la cultura vasca, Bilbo, 1996; ARANA MARTIJA, Elai Alai: Euskalherriko lehenengo koreografi taldea, Gernika-Lumo: Gernika Kultur Elkartea, 1977.

[4] ARANA MARTIJA, Jose Antonio, Eresoinka. Euskal kulturaren mezua, 1937-1939. Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz, 1996, 38-41. orr.

[5] Ibidem., 23. orr

[6] Tradizioarekin lotutako elementuen azterketari eman diogu lehentasuna begirada honetan, baina ezaugarri koreografikoen analisi hurbilketari dagokienetan ondoko gidari jarraitu diogu: Teoría y práctica del análisis coreográfico, Janet ADSHEAD, Valeria A. BRIGINSHAW, Pauline HODGENS eta Michael HUXLEY, (traducción de Carlos Garcia Aranda), Centre Coreográfic de la Comunitat Valenciana, Valencia, 1999.

[7] Dantza arte adierazpide bizia eta dinamikoa da, ez daude bi saio berdin. Kondharian ikuskizunaren ezaugarriak zerrendatzeko 1997ko azaroaren 22an Gasteizko Printzipal antzokian eskainitako emanaldian oinarritu naiz.

[8] Ikus IRIGOIEN, I. “Euskal Dantza, 50 urteko historia laburra”, in Gipuzkoa 50 urte dantzan, Goizaldi1948-1998, Goizaldi Dantza Taldea, Donostia, 1998, 31-39. orr.; ARAOLAZA, O. “Haritz euskal dantzari taldea, 25 urte dantzan” in Elgoibar Dantzan, Ongarri, Elgoibar, 1998, 93-100.orr.; ANSORENA, Jose Inazio, “Autoktono kontzeptua ta euskal folklorea”, in Cuadernos de sección: Folklore, 1, Eusko Ikaskuntza, 1993, 277. orr.

[9] "Guk gaur eguneko euskaldun bezela dantza egiteko modua aurkitu nahi dugu, baiñan ortarako lehenengo gure dantza zaharrak aztertu ta inbestigatu nahi ditugu" esaten zion Juan Antonio URBELTZ-ek 1967an Ricardo Arregiri eskainitako elkarrizketan. ARREGI, Ricardo, Zeruko ARGIA, 1967-02-19, 208. zkia, 12.orr.

[10] Sutargi ikuskizuna aztertzeko 2001eko abuzuaren 19an Bilboko Plaza Barrian eskainitako emanaldian oinarritu naiz.

[11] Azkoitiko Baztartxo antzokian 1999ko azaroaren 20an ikusitakoan oinarritu naiz begirada honetarako.

[12] 2000ko irailaren 17an Miarritzeko Gare du Midi aretoan ikusitakoan oinarritu naiz Ingura Mingura-ri eskainitako begiradarako.

[13]Garaikideak eszena bat izango du, baina ez da tradizioarekin nahastutako ikuskizuna, hori arriskutsua baita. Ingurutxoan sortzen diren harremanen gaineko lan garaikidea da”, Claude Iruretagoiena, Euskaldunon Egunkaria, 2000-04-29.

[14]Ni ez naiz inor esateko zerekin apurtu eta nondik segi behar den, eta gainera nik ez dut tradizioa hausteagatik egiten, nire asmoa da gauza berriak egitea, beste mundu batzuetara zabaltzea eta denetik nahastea”, Edu Muruamendiaraz, Argia, 2000-12-07

Dokumentuaren akzioak