Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Elgoibar dantzan 8. Gipuzkoako dantzen ordezkari

Dokumentuaren akzioak

8. Gipuzkoako dantzen ordezkari

Elgoibarko sokadantza oinarrian hartuta eta Euskal Herri osoko dantzak ikasi eta aurkeztu arren, zerbaitek nabarmendu badu Haritz Dantzari Taldea, bere herrialdeko, hau da, Gipuzkoako dantzak ahalik eta txukunen aurkezteko ahalegina izan da. Lan horretarako erabakigarriak izan dira Haritzeko dantzariek izan dituzten dantza maisu apartak. Juan Antonio Urbeltz eta Argiako dantza maisuak batetik: Iñaki Arregi, Jexus Larrea eta Fernando Aristizabal. Eta Goizaldiko Iñaki Gordejuela dantza maisua, hitz larriekin, eta honen ikasle Mikel Pontesta, Ramon Santxez eta Xabier Urresti bestetik. Horiek dira funtsean Candido Pujanak Goizaldiri transmititu zion ondarea zorrotz jaso eta zabaltzeko lana bere gain hartu dutenak.

Lourdes Odriozola, Jon Lizarralde, Abel Iriondo eta Mikel Legorburuk Donostiako dantza maisuekin ikasitakoa Haritzeko dantzariekin landu dute atsedenik gabe eta Jose Inazio Sarasuak gidatutako Udalaren txistulariekin egindako elkarlanaren ondorioz itsu itsuan dantza egiteko beste ezagutzera iritsi dira. Dantza guztietan garrantzitsua da dantzari eta musikarien arteko lotura, baina Gipuzkoako dantzetan funtsezkoa gertatzen da. Iztueta bera oso zorrotza zen alor honetan eta zaldibikoaren ustez danbolinteroak gutxienez honako baldintza hauek bete behar zituen:

"1. Dantzan jakitea, edo bederik ezagutzea dantzariak noiz uts egiten duen. 2. Dantza darabillenari arreta aundiarekin oñetara begiratzen diola, beraren alde aldetxoan soñua joaz ibiltea, eta dantzatzen asitzen dan toki guzietan aurkez aurke jarririk oarketzea, aldaira edo mudanza gogorren bat, lasaiegi edo estutxo egitea gertatzen bazaio, laguntzeko".

Edo beste modu batean esanda:

"Itz batean, dantzan ez dakien, edo dantza ezagutzen ez duen danboliñak, ezin dezake egin dantzarien naikida, eta batez ere Gipuzkoatarrena, zergatik gure dantza motan diraden txit eginkizun asko dutenak, eta guzu trabesia aundikoak".

Ondo baino hobeto betetzen baitituzte Sarasua, Larreategi, Juaristi eta Goñik, Gipuzkoako dantzak jo behar dituzten danbolinteroei Iztuetak jartzen dizkien baldintzak. Dantza maisu apartak izanda eta danbolinteroak lagun Gipuzkoako dantzekin ikuskizun borobila prestatu du dantza taldeak. Jon Lizarralde, Nerea Lariz, Abel Iriondo, Lourdes Odriozola, Mikel Legorburu, Ainhoa Larrañaga eta Unai Froilanek egiten dituzte bakarlari lanak eta taldeak bat eginda dantzatzen du, irudi oso trinkoa eskainiz. Ondorioz, Gipuzkoako dantzak han eta hemen aurkezteko deitua izan da Haritz Dantzari Taldea.

Azken hamarkadan Gipuzkoako dantzak aurkeztu ditu besteak beste Amurrion eta Arrangoitzen birritan, Ipazterren, , Bidarrain, Zangotzan, Ziekon, Galdakaon, Azpeitian, Elgetan,... 1996an Sestao eta Tuterako nazioarteko folklore jaialdietan parte hartu zuen Haritzek eta 1998an Segovian Europar Musika Egunean parte hartu zuten Elgoibarko Udalaren txistulariek eta Haritzek.

1994an Belgikako Hasselt eta Halen hirietako nazioarteko folklore jaialdietan parte hartu zuen Haritzek Euskal Herria edo Baskenland ordezkatuz. Gipuzkoa, Bizkaia, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroako dantzak aurkeztu ziren Belgikan astebetez Frantzia, Irlanda, Polonia, Errusia, Eslobakia, Espainia, Holanda eta Suediako taldeekin egin zituen emanaldietan.

Goizaldi dantzari taldearen 50. urtemuga ospatzeko Donostian egin zen gipuzkoako dantzen erakustaldian parte hartu zuten Haritzeko dantzariek Goizaldi, Ereintza, Eskola eta Kemen dantza taldeekin batera 1998ko ekainean. Ekitaldi honetan 100 dantzariz osatutako ezpatadantza erraldoia osatu zuten bost taldeetako dantzarien artean. Urte horretan bertan, Miarritzen antolatzen den Maitaldia dantzako egitarau zabal eta ospetsurako gonbidatu zuten Haritz eta Gipuzkoa eta Bizkaiko dantzak aurkeztu zituen Miarritzeko Casinoko antzokian. 1999an Aragües del Puerton ospatu zen PIR’99 Festival de los Pirineos jaialdian Kepa Junkera eta Alboka taldeekin euskal ordezkaritza osatu zuen Haritzek.

Dokumentuaren akzioak