Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Elgoibar dantzan 6. Musikariak

Dokumentuaren akzioak

6. Musikariak

Haritz Dantzari Taldeko dantzariak zorionekoak dira 25 urte horietan dantzan egin ahal izateko doinuak jartzen izan dituzten musikariekin. Txistulari edo danbolinteroak dira dantza talde batek behar beharrezko dituen musikariak. Badira afinazio eta trebetasun aparta erakusten duten txistulariak, baina dantzariak nahiago izaten du dantza ezagutuko duen danbolinteroa. Poltsikoko txistulariak ere ez dio laguntza handirik eskaintzen dantzariari, dantzaren erritmoa jarraitzeko beharrezkoa duen danbolina jo beharrean, praketako poltsikoan sartzen badu eskumako eskua.

Benetan argigarriak dira honetaz Mikel Aranburu Urtasun danbolintero nafarrak idatzitakoak. "El tamboril (...) es elemento insustituible en las danzas, porque la danza, mucho antes que de la música, necesita del ritmo para existir y éste se lo da básicamente la percusión". Eta oraindik gehiago esaten du Iruñeko udal danbolinteroak. "El bailarín se guia básicamente por el ritmo del tamboril, que hoy llamamos acompañamiento. Cualquier txistulari ha podido comprobar cómo en una danza popular puede dejar de sonar el txistu y continuar los bailarines como si nada sucediese siempre que no cese el tamboril o atabal; si ocurre lo contrario y es la percusión la que callá, más pronto o más tarde los danzantes muestran su desorientación. No en vano al músico de flauta y tambor se le ha designado por éste más que por aquélla: tamborilero, tamborín, tamboril, chunchunero..."

Jose Inazio Ansorena danbolintero apartak berriz, gaur egun txistulari eta dantzarien arteko harremanen egoeraz honako hau dio: "Txistulari onak dauzkagu, jotzaile trebeak, baina euskal dantzetan oso azaleko ezagupenak dituztenak. Dantzari arin eta abilak daude artean. Gaur egungo aurreskularien muriskak ikustea inoiz ez bezalako atsegina da euskal dantza maite dutenentzat. Baina bien arteko lotura ez da ondo gertatzen".

Errealitate gordin horrekin zerikusi gutxi du Elgoibarko egoerak. Haritzeko dantzariak zorionekoak dira bai txistuan jotzeko trebetasuna eta bai danbolinarekin dantzariei kasu egiteko arreta, bi ezaugarriak biltzen dituzten txistulariak izan dituztelako ondoan mende laurdenean. Ion Arrietak egin zituen danbolintero lanak dantza taldearen lehen urratsetan. Dantzari, dantza maisu eta musikari lanak eginak zituen Arrietak eta abantaila galanta zen hori. Molde zaharreko danbolinteroaren antz gehiago zuen Ion Arrietak 70eko hamarkadan nagusitzen ari zen ereduarena baino.

Dantza saioetarako Joseba Aranzamendi, Iñaki Mujika, Anton Azpiazu, Jose Inazio Sarasua, Jesus Mari Sarasuarekin eta lehenego urteetan Silbino Gabilondo atabalariarekin ere osatu ohi zuen taldea Arrietak. Silbino Gabilondok bere biloba Iñaki Goñiri pasa zion atabalaren testigua, erakutsi ere aitonak erakutsi baitzion bilobari. Odeoiko lehen jaialdirako txistu eta atabalaz gain, beste hainbat musika-tresna jotzen zituen taldea osatu zuten Ion Arrieta, Jose Inazio Sarasua, Sabino Arakistain, Jesus Mari Sarasua, Antton Azpiazu, Joseba Aranzamendi eta Iñaki Goñik.

Ion Arrietari Jose Inazio Sarasuak hartu zion erreleboa txistularien gidaritzan. 1986an Sarasuak dantza taldeko zuzendaritza bere gain hartzean Udalaren txistulari banda Haritz Dantzari Taldearekin elkarlan estuan jarriko da, bi taldeen gidaritza bateratuz. Ondorioz, gaur egun euskal dantza talde gehienek duten txistulari eskasiaren aldean luxuzko egoera bizi du azken 15 urteetan Haritzek Udalaren txistulariak baitira dantza taldeko danbolinteroak.

Jose Inazio Sarasuarekin batera, Juan Karlos Larreategi txistu irakasle eta bakarlari apartak, Haritzen entsaio guztietan parte hartzen du, eta ondorioz dantzari eta musikarien arteko lotura erabatekoa da. Iñaki Goñi atabalariak, hain garrantzitsua den perkusioaren ardura du Haritzen, eta aitona Silbino Gabilondoren jarraitzaile fina dela erakusten du Donostiako Argia eta Galdakaoko Andra-Mari dantza taldeek beren saioetarako elgoibartarrarengan jartzen duten konfidantzak.

Elgoibarko Udalaren txistulari bandak dantzariekin duten lotura estuari esker oso talde apreziatua da dantzaren munduan. Horrela 1987 eta 1999 bitartean Zortziko, Alakiketan eta Kondharian ikuskizunen 80 emanaldi ingurutan jarri dute dantzarientzako musika eta Donostiako Anoeta estadioaren edota Kursaal-eko Kuboen inauguraketa ekitaldietan izan dira protokoloan danbolina astinduz.

Txistua eta danbolina dira euskal dantzeri doinua jartzeko musikatresna garrantzitsuenak eta funtsezkoenak, baina badira tradizioz erabili izan diren beste tresna batzuk ere. Nafarroako gaita edo dultzainak harrera beroa izan ohi du Elgoibar inguruan eta horren testigu dira Elgoibarko Udalaren dultzaineroak. Txomin Mujika, Bittor Zubiaurre eta Ricardo Gorritik, eta zenbaitetan Iñaki Goñik osatutako dultzainero banda Haritz Dantzari Taldearen 25 urte horiekin erabat lotuta ageri da. Odeoiko Haritzen lehenengo jaialdian parte hartu zuten eta hamaika joaldi egin dituzte taldearekin harrezkero, azkena 99ko Nazioarteko Folklore Jaialdian bertan. Gozo, indartsu, zehatz eta dantzariei adi, Zieko, Biazteri eta Villabuenako dantzak, Lizarrako Larrain-dantza eta Otsagiko dantzak jo ditu besteak beste hirukoteak.

Odeoiko jaialdien garaietatik hasita makina bat trikitilari bikotek parte hartu dute Haritzekin orripeko eta arin-arin, trikitixa eta porrusalda, bals, korrido eta bidekoak berezkoa duen bizitasunaz jotzen. Katalotza eta Baskaran, Ainhoa eta Onintza Arrizabalaga, Oihane Balenciano eta Aitziber Larrañaga, Baltzola anaiak, eta azken urteotan Oihane Balenciano eta Eneritz trikitilari bikoteek jardun dute Haritzekin. Gainera 1993an Ibon Koteron albokari ezagunak jo zituen Kepa Lazaro panderojoleak lagunduta Arratiako jota bereziak.

Aipatutako guztiez gain beste hamaika lagunek jarri diete Haritzekoei dantza egiteko musika, hala nola Mauxitxa txaranga, Inazio Bereziartua Musika Eskolako hainbat ikaslek, Galiza etxeko tunako kideek, eta inolako talderen auspoan egon gabe bere tresnaren doinuak dantzarien zerbitzura jarri dituzten musikari mordoska bat.

Dokumentuaren akzioak