Dokumentuaren akzioak
5. Dantza taldearen euskarria: Dantza Eskola
Haritz Dantzari Taldearen sorreran eta 25 urteko ibileran sokadantzak taldeari bizkar-hezurra eskaini badio, Dantza Eskola izan da taldea hezur-mamitu eta biziarazi duen odola. Haritzen sorrerako bultzatzaile nagusia izan zen Ion Arrietak ez du duda izpirik agertzen dantza taldea eta eskolaren arteko loturari dagokionean: "Nik ez nuke ipiniko Haritz Dantza Taldearen sorrera umeen dantza taldearekin loturarik izan gabe. Biak batera".
1966garren urte inguruan abiatu zuen Elgoibarko Izarra elkarteak umeentzako dantza eskola. Ikastolako orduetatik kanpo, heziketarekin jarraitzeko asmoarekin osatu zuten umeen dantza taldea. Ongarriko dantzariek egin zituzten maisu lanak lehenengo urteetan: Peli Uriguen, Luis Gurrutxaga,... Ondoren Elorra dantza taldea sortzean, talde horretako dantzariek, Ixidor Solupe buru zutela, egiten zituzten irakasle lanak.
1970eko hamarkada hasieran, Ixidor Solupe arduratzen zen Elgoibarko Izarrako mutilei dantzak irakasteaz eta nesketaz Elorran dantzari moduan zebiltzan dantzariak arduratzen ziren. 1973an, behin Elorra dantza taldea deseginda eta Ixidor Solupek dantzak irakasteari uztean, Lourdes Odria egin zen Elgoibarko Izarrako dantza eskolaren kargu, besteak beste Isabel Aizpurua, Pake Garcia, Itziar Elorza, Itziar Agirregomezkorta, Lourdes Zubiaurre Txillarre eta Ion Arrietak osatzen zuten taldearekin batera.
Dantza Eskolako arduradun berriek dantzen irakaskuntza sistema aztertu eta berrantolaketa baten beharra ikusi zuten. Erritmoa, koordinazio eta mugimenduak ariketa eta jolas praktikoen bidez irakasten hasi ziren. Ikastolan musikako klaseetan Regina Arrietak umeekin erabiltzen zuen materiala bildu eta egokitu zuten dantza eskolarako eta Edurne Lasa irakasleak eskainitako ikastaroa egin zuten dantza maisuek.
Garai hartan umeen folklore irakaskuntzan esperientzia oso interesgarriak burutu zituen Bixente Beltranek Lasarten. Beltranek Juan Antonio Urbeltzekin Argian ziharduen eta aitzindariak izan ziren jaialdiak antolatu zituen Lasarteko umeekin. Bertan izan ziren Lourdes Odria eta Ion Arrietak, ikusten eta ikasten, ondoren ikasitakoa Elgoibarren erabiltzeko. Herriko folklore ondarea biltzeko inkestak egin zituzten eta dantzen fitxak osatzen saiatu ziren.
Entsaioak merkatu plazako azken solairuan egiten ziren, udalak dantzak irakasteko Elgoibarko Izarrari uzten baitzion. Ordurako 300 ikasle inguru zituen eskolak eta inguruko umeen euskal jaietan parte hartzen zuten. Herriko dantza ikasle guztiek Trinitate jaian izaten zuten plazaratzeko aukera. San Anton egunez berriz, Elgoibarko Izarrak eratu ohi zuen jaialdian parte hartzen zuten. Jaialdi horietan txistulariak, abeslariak, baleta, antzerkia eta nola ez, euskal dantzak izaten ziren.
Haritz Dantzari Taldea Elgoibarko Izarrako dantza eskolarekin zilbor-hesteaz lotuta jaio zen. Dantza eskolako irakasleak dantzari bihurtu ziren eta dantza taldeko dantzariak irakasle. Ion Arrietak Argia taldearekin ikasitako gipuzkoako dantzak ume talde batek aurkeztu zituen lehen aldiz Elgoibarren 1975eko Trinitateko jaialdian. Debako Gure-Kai dantzari taldeko Txaro Garatekin ikasitako Iribasko Ingurutxoa ere lehenago aurkeztu zuten Elgoibarko Izarrako umeek, Haritz Dantzari Taldeko nagusiek baino.
70eko hamarkada osoan Haritz Dantzari Taldeko dantzariak arduratu ziren Elgoibarko Izarrako umeei euskal dantzak irakasteaz. Haurren Euskal Jaiak non-nahi ospatzen dira garai horretan eta Elgoibarko ordezkariak hamaika herritan izango dira dantzan. Umeei dantzak irakaten eta Euskal Jaiz Euskal Jai ibili ziren besteak beste Sabino Arakistain, Agurtzane Epelde, Begoña eta Iñaki Gil, Esteban eta Sebas Larrañaga, Lutxi Etxabe eta Aintzane Uncilla.
80ko hamarkadaren hasieran Iñaki Gilek du dantza eskolaren ardura nagusia eta urte batzuk beranduago Jon Lizarraldek hartuko du ardura hori. Nagusien dantza taldeak dinamika motel xamarra duen urteetan umeeri begira egingo da lan mardulena. Ahaleginak ahalegin, zaila gertatzen da jarraitasuna izango duten eskarmentudun dantza-maisuak izatea. Ikasketak, soldadutzak, lanak,... oztopoak erraz pilatzen dira eta ondorioz, lan-tresna bakartzat borondatea onena duten dantzari gaztetxoenek hartu behar izaten dute maiz dantza irakasteko zama astunena.
1987garren urte inguruan Lourdes Odriozola dantza eskolaz kargu egiten hasten da. Irakasle bezala ibilia zen lehenagotik Odriozola baina garai horretan bere gain hartzen du dantza eskolako zama astunena. Dantza taldeko dantzaria izateaz gain dantza klasikoko ikasketak eginak ditu Lourdes Odriozolak.
1990-91 ikasturtean Euskal Automi Erkidegoan aitzindaria izan zen proiektua jarri zen martxan Elgoibarren. Euskal dantzen eskola Inazio Bereziartua Musika Eskolaren baitan egokitu zen eta ondorioz Udalaren babesean euskal dantzen irakaskuntza arautua eskaintzen zuen lehenengoetako herrian bihurtu zen Elgoibar. Ekimen honen ezaugarri esanguratsuena, dantzen irakaskuntzaren ardura Haritz Dantzari Taldearen eskuetan egokitu zela da eta Lourdes Odriozolak hartuko du irakaskuntzako gidaritza. I. Bereziartua Musika Eskolaren baitan egokitu berri zen dantza eskolaren helburua Haritz Dantzari Taldea indarrean mantentzeko dantzariz hornitzea izango da.
Euskal dantza helburu nagusi izanik, dantza klasikoa, aerobica, eta ikasleen dantza formazioa borobilduko duten ikasgaiez hornitzen da ikasketa prozesua. Horren baitan egokitzen dira jendaurrean egiten diren saioak: ikasturte bukaerako jaialdiak Herriko Antzokian, euskal dantzen jaialdiak Foruen Plazan, Plazara Dantzara erromeriak Eibar, Deba eta Elgoibarren,... Bestalde Bera, Galdakao, Mendaro eta Deban dantza saioak eskaini ditu dantza eskolak eta 1997ko uztailean Lapurdiko Kanbo herrian ospatu zen Nazioarteko Haurren Folklore Jaialdian Gipuzkoako dantzak aurkeztu zituzten Dantza Eskolako ikasleek.
1995-1996 bitartean Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak eta Ikerfolk elkarteak eratutako Dantza Maisu ikasketak burutu zituzten Dantza Eskolako irakasleek. Lapurdiko Beskoitz herrian bi urtez eman ziren eskolak eta euskal dantzen irakaskuntzarako edukietan sakontzeko aukera izan zuten bertan. Dantza akademikoko klaseak eskaini zizkien Koldo Zabalak, Zuberoako dantzak Titika Errekaltek eta Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean Argia dantzari taldeko Iñaki Arregi, Jexus Larrea eta Fernando Aristizabalek Gipuzkoako dantzen analisi eta sailkapen zehatz bat.
Hamarkadak bere onenak eman ostean, Lourdes Odriozolaz gain, Haritz Dantzari Taldeko Arantza Aginako, Edurne Odriozola, Abel Iriondo, Jon Lizarralde, Itxasne Jauregi eta Unai Froilanek egin dituzte dantza maisu lanak I. Bereziartua Musika Eskolan. 280 ikasle inguruk jasotzen dute euskal dantzan tradizionalean berezitutako dantzako hezkuntza eta Haritz Dantzari Taldea hornitzen dute adinean gora egin ahala.
Dokumentuaren akzioak