Dokumentuaren akzioak
3. Nazioarteko folklore jaialdiak
1986an Portugaleteko Elai-Alai dantzari taldearekin harremanetan hasi ziren Haritz dantzari taldeko kideak. Odeoian ospatzen ziren jaialdiei segida eman nahian Juan Antonio Urbeltzengana jo zuten eta honek Portugaleteko taldeari bisita egitea aholkatu zien. Jose Inazio Sarasua eta Lourdes Odriozola Elai-Alaiko Jose Inazio Beitiarekin jarri ziren harremanetan eta berehala bizkaitarrek beren konfidantza osoa eskaini zieten elgoibartarrei. 1974. urtetik munduko folklore jaialdi garrantzitsuenetako bat antolatzen du Elai-Alai taldeak Portugaleten. Elgoibarko Udalak begi onez ikusi zuen Odeoiko jaialdieri jarraipena emateko aukera eta 1987rako prestatu zen folklore jaialdia.
Elai-Alaiko arduradunek, jaialdirako atzerriko taldeak ekartzeaz gain, Haritzeko kideei dantzak erakutsi eta erropak utzi zizkieten. Honela Luzaideko ihauteria eta Larrain dantza prestatu zituen Haritzek. 1987ko uztailaren 23an Ikastolako frontoian egin zen Elgoibarko Nazioarteko I. Folklore Jaialdia. Jugoslabia eta Puerto Ricok parte hartu zuten Haritz Dantzari Taldearekin batera. Ikusleen erantzun beroak, jaialdiaren arrakastak eta Portugaleteko taldearekin hasitako harremanak aro berri bati eman zion hasiera.
Nazioarteko I. Folklore Jaialdia ospatu zenerako dantza taldea nahiko eraberrituta ageri zen. 1977ko Odeoiko Jaialdian parte hartu zutenen artetik, hamar urteren buruan, bi lagunek baino ez zuten parte hartu nazioarteko folklore jaialdian: Iñaki Gil eta Jose Inazio Sarasuak. 1986-1999 bitartean urtero ospatu da uztailean Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdia eta 1993, 1994 eta 1999 urteetan Mendaron antolatu diren Nazioarteko Folklore Jaialdietan dantzatu du Haritz Dantzari Taldeak bertako udalak gonbidatuta.
Talde gazte horrek gogotik egin behar izan zuen lan hurrengo urteetan. 1988an Juan Antonio Urbeltz eta Argia dantzari taldearen eskutik Otsagiko dantzak ikasi zituzten elgoibartarrek. Honela, artean inauguratzeke zegoen Olaizaga kiroldegian ospatu zen bigarren folklore jaialdian aurkeztu zituzten Otsagiko dantzak eta abuztuan Urbeltzek zuzendutako Zortziko ikuskizunarekin Frantziako Confolens-eko jaialdian, 5.000 ikusleren aurrean dantzatu zuten elgoibartarrek.
Juan Antonio Urbeltzek Zortziko ikuskizunerako bere inguruan bildu zuen dantza maisu talde bikainarekin hainbat dantza ikasi zituzten elgoibartarrek hurrengo urteetan. Beti ere Urbeltzen gidaritzapean, Argiako Fernando Aristizabalekin Otsagiko dantzak, Betti Betelu lapurtarrarekin Lapurdi eta Zuberoako ihauterietako dantzak, Josema Mendiolarekin Arratiako jotiek, Iñaki Arregi, Jexux Larrea eta Fernando Aristizibal berarekin Gipuzkoako dantzak,... Guzti horiek eta Zortziko ikuskizunaren bidez ikasitako beste hainbat, -erronkariko Ttun-ttuna, Lesakako dantzak, Luzaideko Kadrile, Durangaldeko dantzari dantza eta erregelak,- nazioarteko folklore jaialdietan aurkezten joan zen Haritz.
Zortziko ikuskizunean ezagutu zuten elkar Betti Betelu eta Haritz Dantzari Taldeak. Betelu Lapurdiko dantzen berpizkundea bultzatu eta gauzatu zuen dantza maisu aparta zen. Lapurdiko ihauteria, Betelu berak moldatutako Lapurdiko orripeko ikusgarria eta Zuberoako dantzak ikasi zituzten Haritzeko dantzariek Betelurekin. Ordainetan Haritzekoek Begiraleak taldeari gipuzkoako dantzak irakasten jardun zuten Donibane Lohitzunen.
Itxuraz, Betelu Elgoibarko ikasleen lanarekin gustura geratu zen, izan ere, gidatzen zuen Begiraleak taldearen emanaldietan parte hartzera joaten hasi ziren Haritzeko zenbait dantzari eta musikari. Horrela izan ziren 1989an Portugalen, Durangon, Baionan, Errenterian, Saran, Pamiers-en... 1990ean hil zen Betti Betelu dantza maisua eta haren seme-alabak Elgoibarren izan ziren Nazioarteko Folklore Jaialdian taldearen oroigarri bat jasotzen. Harrezkero, Beteluren ikasle izandako Claude Iruretagoiena dantza maisuarekin jarraitu ditu harremanak Haritz Dantzari Taldeak eta Elgoibarko taldean konfidantza izaten jarraitzen du honek ere, hamaika jaialdiren antolatzaileei Elgoibarko taldea kontratatzeko aholkatzen baitie Iruretagoienak.
Galdakaoko Andra Mari dantzari taldearekin gordetzen den adiskidetasunari esker 1999an, XIII. Jaialdirako Arratiako jotiek berrikasi zituzten Haritzeko dantzariek. Arratiako bailaran baserriz baserri ibili ziren Galdakaoko dantzariak adineko dantzariekin urratsak ikasten eta Josean Legarreta Andra Mariko kideak erakutsi zien elgoibartarrei bilketa lan horren emaitza aberatsa. Belen Sagarzazu azkoitiarrak berriz, dantza solteko hainbat urrats erakutsi zizkien 1991an eta Haritzekoek berriz Arratiako jotien urratsak erakutsi zizkieten Sahatsa dantza taldekoei.
Dantzak ikasi eta barneratu ahala, irakastea ere egokitu zaie Haritzeko kideei. Mendaroko dantza irakasleei, Beskoitzeko Oinak-Arinekoei Erronkariko Ttun-ttuna, Auritzeko ingurutxoa eta Urdiango San Juan dantza, Donibaneko Begiraleak eta Tuterako udal dantzariei dantza soltea eta Elai-Alai eta Gasteizko Folklore Akademiakoei dantzarako oinarrizko prestaketak irakasten jardun dute Haritz Dantzari taldekoek.
Dantza berriak ikasi eta aurkeztearekin batera dagokion jazkerak eginez, Euskal Herri osoko dantza-jazkera desberdinak biltzen dituen jantzitegi aberatsa osatu du Haritzek. Aurreko urteetan horrenbeste lan egindako Mila Oiarzabalen ondoren, Ikerfolk elkarteak, Claude Iruretagoienak eta Kontxi Ezenarro jostun elgoibartarrak egin zituzten erropak. Beste zenbaitetan Argia, Gure-Kai, Elai-Alai, Kezka, Andra-Mari eta Harkaitz dantzari taldeek utzitako erropekin dantzatu izan da. Jantzitegia txukun eta ordenean mantentzen nahikoa lan izaten dute Lourdes Odriozola, Arantza Aginako, eta beste zenbait dantzarik, eta ez da gutxiagorako dantzarien ama batzuk erropak garbitu eta plantxatzen izaten duten lana.
Dantzarien prestaketa eta ezagutza maila osatzen joateko etengabe egiten dira ikastaroak, batzuetan eskarmentuko irakasleak Elgoibarrera gonbidatuz eta bestetan antolatutako hainbat ikastarotan parte hartuz. 1989tik Ikerfolk elkarteak antolatutako 10 ikastaro desberdinetan izan dira ikasten Haritzeko kideak. Urbeltzek zuzentzen duen elkartearen bidez Piriniotako dantzak, Gipuzkoako dantzak, militar tradizioko urratsak, Greziako dantzak, Bulgariako dantzak eta Baztango mutil-dantzak ikasteko aukera izan dute ikastaro desberdinetan. 1995-96 urteetan Ikerfolk eta Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak antolatutako Dantza Maisuen ikasturte aitzindarietan parte harte zuten. Elgoibarren bertan izan dira dantzarien prestakuntza zabaltzeko lanean laguntzen besteak beste Anabel Orueta Dantza klasikoko irakaslea, Lauren Aldabal Aerobik irakaslea eta Carmen Garmendia aretoko dantzen irakaslea.
Portugaleteko Elai-Alai dantzari taldearen eskutik mundu osoko 26 folklore dantza konpainia desberdinek erakutsi dute bere kultura tradizionala Elgoibarren azken 13 urteetan. Jugoslavia, Puerto Rico, Antillak, Txekiar Errepublika, Costa Rica, Bulgaria, Egipto, Sardinia, Brasil, Grezia, Errusia, Bolivia, Haiti, Errumania, Argentina, Lituania, Benin, Kabardino-Balkaria, Taiwan, Ukrania, Jamaika, Moldavia, Mexiko eta Chuvasiako folklorea ikusi ahal izan da Olaizaga Kiroldegian. 1999an Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren XXV. edizioa ospatu zen eta urteurrena zorionduz oroigarria eskaini zion Haritzek Elai-Alai taldeari.
Uztailaren azken astean ospatzen hasi zen folklore jaialdia eta dantza taldearen urteko jardunari erritmoa ematen zion modu horretan. Urte osoan zehar zorrotz jarraitzen dira entsaioak eta azken hilabetean buru belarri ekiten diote jaialdiaren antolaketa lanari. Entsaioak indartu, erropak prestatu eta azken detaileak lotzen dira. Astebete lehenagorako Haritzek egingo duen saioa erabat lotuta egoten da. Azkenengo aste horretan dantzaz gain bestelako lanak egokitzen baitira. Olaizaga kiroldegian 1500 lagun hartzeko azpiegitura prestatu beharra dago.
Udalaren brigadako langileekin eta laguntzaile taldearekin batera, dantzariak dira 150 metro karratu inguru dituen eskenatokia eta ikusleentzako bi harmailak Bilbotik ekarri eta muntatzen dituztenak. 100.000 watteko indarra argitan eta 5.000 watt soinutan erabiltzen dira jaialdirako, dena dantza tradizionala bere ikusgarritasun osoan dastatua izateko.
Jaialdi egunean Portugaleteko Elai-Alai dantzari taldeari esker Elgoibarrera iristen diren atzerritar taldeei harrera egiten zaien Udaletxean. Ondoren, katekisten taldeak lagunduta afaria eskaintzen zaie jaialdian parte hartuko duten hiru taldeei. Elgoibarko Udalak Haritz Dantzari Taldean jarritako konfidantzari esker soinu, argi, dantza eta musika ikuskizun erraldoia da Nazioarteko Folklore Jaialdia eta bailara osoko ikusleak erakartzen ditu. Gaueko hamarretarako dena prest dago eta Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdia ospatu den 13 aldietan, plazagizon dotore, eztarri leun, umoretsu eta natural, aurkezle izan den Angelo Iriondoren hitz majikoen zain izaten dira dantzari, musikari, tekniko eta ikusleak: "Jaun-Andreok, bost minutu barru hasiko da jaialdia!"
Dokumentuaren akzioak