Dokumentuaren akzioak
12. Hirugarren milurtearen atarian
Zer egiten du 2000. urteko gazte batek dantza tradizionalak dantzatzen? Ba al du zentzurik hirugarren milurtearen atarian folklore dantzak egiten jarraitzerik? Euskal dantza krisiak jota omen dago azken 20 urteetan. 60-70eko hamarkaden boomaren ondoren krisi existentzialistaren gaitzak jo zituen dantza talde gehienak, eta ez dirudi 90ekoan horri buelta ematerik lortu zaionik. Erreferentetzat ziberkultura eta internet dituen gizartean, harrigarria gertatzen da Elgoibarren ia 300 ikasle izatea dantza eskolan eta dantza taldea, zailtasunak zailtasun, sasoi betean agertzea plazan.
Kable bidezko telebistak, ehundaka irrati kate, interneteko iraultza birtuala, zine eta bideoaren eskaintza itogarriak, musikaren multinazionalen erretorika, teknologia berrien uholdeak eta milurteko berrirako sumatzen den etengabeko jarioak entretenimendua du helburu. Nahaspila horretan, adieraztea eta sentitzea gizabanakoengana iristeko urrezko bideak dira, eta hunkitzeko gaitasun harribitxian du dantza tradizionalak etorkizunean aurrera egiteko giltzarri sendoena.
Gauzak horrela, akaso bada ordua sinisteko iragana berpiztuz baino, egunekoa biziz urratzen dela etorkizunerako bidea. Dantza tradizionala iraganeko revival edo berpizkundea bezala ikusi beharrean, unean uneko bizipen bezala antzematea izan daiteke bidea. Espresatu, komunikatu eta hunkitzeko gaitasuna duen ekintza den heinean mundu modernoko partaide da dantza tradizionala eta ez historiako fosil bat.
Tradizioa atzera begira bizitzeko baino, aurrera egiteko euskarri moduan erabil daitekeen tresna aparta da. Tradizioan aurreko belaunaldiek zorroztutako bizimoduen hondakinak eta egungoek odolberritutakoak txertatzen dira. Liburu honetan bildutako Elgoibarko dantzarien eta danbolinteroen kontu zaharrak, aurrera egiteko lan horretan lagungarri gerta daitezke, eta elgoibartarrek dantzariak plazan ikustean, herriaren nortasuna adierazteko modu horrekin identifikatzen jarraitzeko tresnatzat erabil daitezke, baina Haritzeko dantzariak hirugarren milurteko zibergizakiak direla ahaztu gabe eta ez XVI. mendeko ezpata-dantzariak. Ez al ziren 400 urte alperrik pasako.
Dokumentuaren akzioak