Dokumentuaren akzioak
10. Egunean egunekoa eta tokian tokikoa: Haritz Elgoibarren
Azken urteotako Haritzen ekitaldi kopuruei begiratuz gero pentsa liteke Elgoibar dantzaren herria dela. Ez dago ekitaldi ofizial, ospakizun, inaugurazio, jai, ongi-etorri, urteurren, harrera ekitaldi edo bestelako ekintzarik Haritzen dantzari eta Udalaren txistularirik gabe. Horretaz gain, herritarrei zuzendutako dantza solteko eta erromeriako ikastaroak burutzen dira.
Urtea, katekistek antolatzen duten Erregeen kabalgatarekin hasi eta Gabon Zaharreko feriarekin bukatzen du dantza taldeak. Tartean dozenaka agerraldi egiten dituzte dantzariek: Juan Mugerza krosseko atletei eta edozein kiroletako garaileei harrera eginez, Gaixoen elkarteko mezetan, San Bartolomeetan baserritarrei eskaintzen zaien ongi-etorrian, Gudari egun, ikurriñaren omenaldi eta preso eta errefuxiatuen ongietorrietan, parrokiako apaizen ongietorri eta agurretan, Errotatxoren jaietan eta HIESaren hildakoei eskainitako omenaldietan, 50 urte betetzen dituzten herritarren ospakizunetan, San Lazaro egoitzan, erakusketetan, Diputazioa eta Jaurlaritzako agintarien harrera ekitaldietan, plaza, monumentu, eraikin eta errepideen inaugurazioetan, AEKren KORRIKAn, ezkontza eta hiletetan, eta urtero urtero sortzen diren ekitaldi berri guztietan. Haritzeko dantzariak ohizkoak eta ia ia beharrezkoak bihurtu baitira Elgoibarren burutzen den edozein ekitalditan.
Urteko ekitaldi nagusiek Foruen Plaza izaten dute erdigune, baina Elgoibarko auzoekin ere harreman berezia du Haritzek. San Migel auzoan iraileko azken astean ospatzen diren jaietan dantza saio berezia eskaini ohi du dantza taldeak. Auzotarrek ahalegin handia egiten dute San Migel jaiak antolatzen eta 1993an auzolanez estalitako pilotalekua inaugurautu zenetik oraindik goxoago izaten da dantza taldeari egiten dioten harrera.
Sallobente eta San Roke auzoetan Haritzek bere lehenengo urratsetatik egin du dantza. Abuztuan, bi zaindarien egunetan, auzo horietan izaten da Haritz, sokadantza osoa eskainiz batzuetan eta aurreskulariak zama osoa bere gain hartuta beste batzuetan. Sallobenteko elkartearekin duen harreman onaren ondorioz suak erauntsi zuen Artazo baserriaren alde 1998an egin zen jaialdian prestaketa lanetan eta dantzan parte hartu zuen Haritzek.
Taldearen lehenengo urratsetatik gordetzen den beste ohitura bat mendizaleen finalista egunean parte hartzekoa da. Morkaiko taldeak gonbidatuta San Pedron dantza egiten da mendizaleen jai horretan. 1976an taldearen lehenengo urratsak bertan eman ziren eta 1998an sokadantza osoa egin zen San Pedroko eliza barruan auzoko gazteak sokan lagun hartuta.
Elgoibarko Galiziako etxearekin harremanetan jarrita 1986tik Letra Gailegoen ospakizunetan parte hartzen du Haritzek. Maiatzean ospatzen den jaian Galiziatik etorritako dantza talde batekin batera saioa eskaintzen dute Elgoibarko dantzariek. Dantza saioa herriko plazan izan da urte batzuetan baina baita Urasandin ere azken aldian.
Euskal dantza ezezik, bestelako dantza ekitaldien sustatzailea da Haritz Dantzari Taldea Elgoibarren. Bere eskutik ikusi ahal izan dira Elgoibarren dantza garaikideko hainbat lan, tartean Traspasos, Damian Muñoz eta Marta Carrascorenak. Azken hamar urteetan Traspasos dantza konpainia Gasteiztarrak ekoiztutako ikuskizun guztiak ikusteko parada izan da Elgoibarren. 1999ko maiatzaren 21ean, Josu Mujika, Haritz sortu zutenetakoa eta dantzari profesionalak, Gogoaren Hegalak ikuskizuna aurkeztu zuen bete bete eginda harrera beroa eskaini zion Herriko Antzokian.
Dokumentuaren akzioak