Dokumentuaren akzioak
1. Haritz sokadantzak lotuta
Koldo Lizarraldek eta Pello Arrietak artxiboetan egin duten bilaketa lan sakonak erakutsi du dantzak soka luzea duela Elgoibarren. Agiriak testigu ditugunetik, hamaika gosari, bazkari, otordu eta ardo-zahagi jan-edan dituzte dantzariek dantza-lanen ordainetan. Izenik gabeko ehundaka dantzarik osatzen duten soka luze horrek eutsi dio gaurdaino dantza egiteko ohiturari Elgoibarren eta ohitura horrek dantza berezi bat jarraitzen du erakusten hirugarren milurteko atarian: sokadantza.
Euskal dantza tradizionalen ondare aberatsean sokadantza izan daiteke adierazgarrienetako bat. Oinarrizko egitura berari eutsiz eta batetik bestera hamaika aldaera erakutsiz, gizaldi askotan, igande eta jai egun dantzatu da. Makina bat izen desberdinekin ezagutu dugu: esku-dantza, gizon-dantza, karrika-dantza, aurreskua... Dantza gidatzen duen dantzariaren izena da, aurreskua, azken hamarkadetan erabiliena. Baina dantzak dantzari bakarlariaren izena hartu ondoren, dantzari-sokak berak galera handia izan du. Gaur egun, aurreskua, dantzari bakarrarekin irudikatzen dugu lehenago, dantzariz osatutako sokarekin baino. Elgoibarko aurreskuaren nondik-norakoen kontakizun honetan, dantzariek osatutako sokaz jardungo dugu, eta nahasterik sor ez dadin, sokadantza izena erabiliko dugu batez ere. Hala ere, garaian garaiko dantzariek halaxe erabiltzen zutenez, zenbaitetan aurreskua bezala izendatua agertuko da.
Elgoibarren sokadantzari buruzko datu zaharrenak Pello Arrietak bildu ditu eta Sallobente auzoan XIX. mendearen azken hatsean egindako sokadantzari buruzkoak dira liburu honetan bertan agertzen dituenez. Resurrección Maria de Azkuek XX. mendearen hasieran bildutako datua da Elgoibarren Gabon-zahar arratsaldean aurreskuak egiten zituztela plazan. Urteko azken eguneko sokadantza horien ondoriotakoa omen zen Azkueren esanetan: "Egun artantxe alkar begiz yota neska-mutil asko senar-emaztetzen omen dira".
Hala ere, 1931-37 epea hartu zuen errepublika garairarte ez dugu Elgoibarren dantzatzen zen sokadantzaren datu zehatzik. Garai horretan, Romualdo Andonegik ihardun zuen Elgoibarren dantza maisu moduan. Romualdo eta Tomas Andonegi anaiak 1915-16 inguruan, mutikoskorrak zirela, iritsi ziren Elgoibarrera Debatik. Juan Arrietak gogoratzen duenez, jai egunean plazan egiten zen dantzaldian, modako piezak dantzatzen jaioa zen Tomas. Romualdok berriz, gazte sasoian, aurreskurako zaletasun gehiago erakutsi zuen plazan andrazkoekin lotuan dantzatzeko baino.
Errepublika garai horretan Romualdo Andonegik laguntzaile aparta izan zuen dantzariak prestatzeko zereginean: Jose Lorenzo Pujana. Juan Inazio Iztuetarengandik abiatuta Gipuzkoako dantza maisuen lerro ezagunenaren azken katebegiak dira Pujanatarrak. Iztueta 1845ean hiltzean honen ikasle zen Jose Antonio Olanok hartu zion testigua eta Olano hiltzean bere ikasle onena izan zen Jose Lorenzo Pujana Bidegain ordiziarrak heldu zion dantza maisu lanari. Pujanak 70 urte luzez Gipuzkoako herri gehienetan antolatu eta prestatu zituen dantza taldeak eta 1927tik aurrera Donostiako Udal Dantza Eskola zuzendu zuen.
Maila altuko dantza-maisuaren gidaritzarekin ez da harritzekoa garaiko elgoibartarrek dantzarako erakutsi zuten dohain aparta. Errosario kalean egin zen Batzokiaren inauguraziorako ezpatadantzari taldea prestatu zuten Romualdo Andonegi eta Pujanaren artean, eta 1932ko San Bartolomeetan sokadantza aurkeztu zuten. Txiki egunean plazaratu zuten soka eta Romualdo Andonegiren zuzendaritzapean Arturo Zubiaurrek eta Antonio Azpiazuk dantzatu zuten bakarlari moduan. Gerra bitarteko urteetan Iñaki Alberdik ere gidatu omen zuen sokadantza.
Gerra osteko dantzari gehienek Elgoibarren bizkaiko erara dantzatzen zela azpimarratu ohi dutenez, interesgarria da gerra-aurreko Elgoibarko dantzariek Pujanarekin ikasi zutela ezagutzea. Pujanatarrak Gipuzkoako dantza tradizioaren bultzatzaile nagusiak dira eta Cándido Pujanak sortutako Goizaldi talde donostiarraren bidez iritsi zaie Gipuzkoako dantzen tradizioa gaur egungo taldeei. Badirudi gerra-ostean bizkaiko erara, edo gutxienez gipuzkoa-bizkaia nahasian, dantza egiteko joera nagusitu zela Elgoibarren, eta horrela egin da Haritz Dantzari Taldeak sokadantza gipuzkoako erara berriz dantzatzen hasi arte. Bitxia bada ere, 80ko hamarrekoaren bukaeran Haritz Dantzari Taldeko partaideak gizon-dantza berriz ikastera Donostiara jo zutenean, Cándido Pujanaren ikasle izandako Iñaki Gordejuela, Goizaldiko dantza maisua, izan z eta Durangon batxilergoa ikasten ziharduela ezagutu zuen Antonio Azpiazu. Dantzariak aldizkarian Emilio X. Dueñasek egin zion elkarrizketa batean honela gogoratzen du Gaizka Barandiaranek:
"Vino un joven de Elgoibar, que además de jugar muy bien al fútbol (más tarde sería jugador de la Real Sociedad de San Sebastián, aunque por poco tiempo), llamado Antonio Azpiazu, bailaba muy bien el «Aurresku» de donde él procedía. Nos hicimos amigos inmediatamente tanto por el fútbol como por las danzas. Cierto día este chaval bailó el «Aurresku» ante una concurrencia reducida, en la cual se encontraba el «txistulari» de Durango, a quien llamábamos «Kukutxu», El «txistulari» desgranó el conocido Contrapas, y fue tan brillante la ejecución del «dantzari», que el músico, emocionado y con la cabeza descubierta, lanzó al aire: «Gora Euskadi Azkatuta!». Es a este muchacho de Elgoibar al único que he visto hacer de modo maravilloso la «Grabilletia»".
Gaizka Barandiaranek behin baino gehiagotan gogoratu zuen Antonio Azpiazuri ikusitakoa eta noski, grabileta edo gurpil hura egiten ikasteko egin zuen ahalegina. Josemari Velez de Mendizabali kontatutakoa da ondorengoa:
"Elgoibarko Antonio Azpiazu dantzari ona ere, eta berarekin lehen aurreskua ikasi nuen, Iztuetarena ez bazen ere. Azpiazuk delako «Grabiletia» egiten zuen, hanketako bernekin molinete edo oboak idartsuki eta biribilka haizean, beste hankaren punttan zutik jarrita. Aldaera gaitza eta neketsua. Nik, gutxiago ez izatearren, «Grabiletia» hori egiten saiatu nintzen, bernetako minez bazen ere..."Antonio Azpiazuk Gaizka Barandiaraneri erakutsitako aurreskuak bide luzeagoa egin zuen hurrengo urteetan Oñatin jaio eta Arrasaten hazi zen ikerlearen bidez. Jarrai diezaiogun Barandiaran beraren kontakizunari.
"Este «Aurresku» no lo olvidé después. Alguna vez que otra con ocasión de cierta fiesta bailaba ante unos pocos, pero siempre con el temor de excitar las iras y los rayos de Júpiter. Aquel «Aurresku» lo bailé, porque me salía mejor, ante 80 folkloristas reunidos en Stuttgart. La «carrera» horizontal de esta danza, si se realiza como verdadera «carrera», llama poderosamente la atención, como pude ver en los rostros de aquellos especialistas de música popular".1936-39 bitarteko Gerra Zibilak eragindako halabeharrezko hutsunearen ondoren lehenengo urratsak zailak gertatu ziren. Frankoren errejimenaren lehenengo urteak, gerraren hondamenak eragiten zuen estutasunaz gain, arau zorrotz eta askatasun gutxikoak izan ziren. Giro horretan, elizaren inguruko elkarteek zuten kultur adierazpenak bultzatzeko zirrikitu bakarrenetakoa. Azpimarratzekoa da alor honetan Luistarren kongregazioak egindako lana.
Jose Mari Agirrebaltzategi apaizak gidatuta osatu zen dantzarako taldea eta San Bartolomeetan sokadantza plazaratu zen berriz. 1940-50 arteko hamarkada honetan aritu ziren dantzan besteak beste Pako Juaristi, Inazio Etxeberria, Santi Kortaberria, Bixente Zubiaurre eta Iñaki Gorostiza. Sokadantza eta dantza solteko txapelketak ziren dantza erakustaldi nagusiak San Bartolomeetan. 1943tik aurrera jai egitarauetan, abuztuaren 25ean, hau da San Bartolome Txiki eguneko eguerdian "el tradicional aurresku" iragartzen da.
Agirrebaltzategi berak bultzatu zituen elizaren auspoan kaleratzen ziren gabonetako dantzak. Abenduaren 25ean, goizez, jaiotzarekin batera kalejiran irteten zen neskek bakarrik osatzen zuten taldea. Artzai buru, makil-txiki eta arku-dantza egiten zituzten kaleetan barrena lehenengo urteetan eta ingurutxoa ere 60ko hamarkadan. Dantza saiorako apropos prestatzen zen taldea eta ez zuen urte osoko jarraitasunik, baina dantzarekiko zaletasuna pizten lan handia egin zuen eta hamaika elgoibartar neska pasa ziren bertatik. Urte mordoska bat beranduago, Elorra dantza taldea sortu zenean, eta baita Elgoibarko Izarran umeei dantzak erakusteko maisuak behar izan zirenean, beren lehen urratsak gabonetako dantzetan emandakoak izan ziren hurbildutako emakume gehienak.
1950eko hamarkadaren azken urteetan Baltasar Pilotazale Elkarteak hartzen du aurreskua antolatzeko ardura. San Bartolomeetako sokadantzaz gain auzoetako jaietan ere dantzatzen dute aurreskua: Sallobenten, San Roken eta San Migelen. Horietan, auzotarrek osatzen dituzte sokak.
1961an Ongarri Kultur elkarteak erreleboa hartu zion sokadantza antolatzen Baltasar elkarteari. Hala ere, Baltasar elkarteak dantzarekin estu-estu lotuta jarraitu zuen. San Bartolomeetako sokadantzako dantzariei hamaiketakoa eskaintzen zieten Baltasarreko kideek eta elkarteak Errosario kalean, Plazaren atarian, zuen egoitzatik abiatzen ziren dantzariak plazara. Ohitura horri gaur egun arte eutsi dio Baltasar elkarteak, baina egungoan dantzariak plazara udaletxetik irteten dira eta dantza saioa amaitutakoan, azken kalejirarekin egiten dute Baltasarrerako bidea hamaiketakoa hartzeko.
Lehenengo aldiz Santa Ana kaleko jaietan aurkeztu zen Ongarri kultur elkartearen baitan prestatutako taldea, eta ondoren San Bartolome Txiki egunean. Irakasle Iñaki Gorostiza izan zuten Luis Gurrutxagak eta Jose Antonio Iriondok egin zituzten bakarlari lanak.
Ekonomikoki oso garai bizia bada ere, politikoki eta kulturalki errejimen frankistak aukera gutxi ematen du euskal nortasuna adierazteko. Euskal dantzak eskaintzen du, hitzik gabe, esaterik ez dagoena kaleratzeko aukera. Sinboloek inoiz baino indar handiagoa hartzen dute eta euskal dantza bihurtzen da sinbolo adierazgarrienetakoa. Ondorengo hamarkadetan euskal dantzak biziko duen neurri gabeko haize boladak zoratzeko moduko dinamismoa ekarriko dio.
Giro horretan bateko eta besteko dantzarien arteko harremanak biderkatu egingo dira, dantza berriak ikasi (batzuetan zaharrak ahaztuz), dantza saioak han-hemen antolatu, e.a. Elgoibarko dantzan ere haize berriak sartuko dira. Zumarragako Jose Migel Etxanizek egingo ditu dantza maisu lanak eta hainbat aldaketa sartuko dira ordurarteko sokadantzan. Kondia enpresara lanera etorritako Gaztedi dantza taldeko bizkaitar baten bidez ere ikasiko dituzte zenbait urrats dantzariek.
1964an, jaietako sokadantza Txiki egunean egin beharrean, San Bartolome egunean bertan, hau da abuztuaren 24an, kaleratu zuen Ongarri elkarteak. Maalako Ongarriko egoitzan egiten zituzten dantzak prestatzeko entsaioak. Luis Gurrutxaga eta Joxe Otaegik egin zituzten aurresku eta atzesku lanak eta hurrengo urteetan Peli Uriguenek ere parte hartuko zuen bakarlari bezala sokadantzan.
Ongarri elkarteari Elorra dantza taldeak hartu zion erreleboa. Ixidor Solupek zuzentzen zuen taldea izan zen dantzari helduz osatu zen lehen dantza talde iraunkorra Elgoibarren. 1965an Ixidor Solupek plazaratu zuen soka eta hortik aurrera Elorrak hartu zuen bere gain San Bartolome eguneko sokadantzaren ardura. Pedro Bergara eta Manolo Santosek egin zituzten bakarlari lanak hurrengo urteetan.
Pilarreko ikastetxean egiten ziren Elorrako entsaioak. Ixidor eta Imanol Solupe anaiak Ondarroan jaioak dira eta horien eskutik iritsi zen lehen aldiz Elgoibarrera Lekeitioko kaxarranka dantza. Elorraren ekitaldi entzutetsuena 1968ko ekainaren 9an, Zubi-Ondo elkarteak prestatu zuen Xake-joko bizidunean egindako dantza saioa izan zen. RTVEko kamarak Elgoibarren izan ziren eta ikuskizuna telebistaz emateko asmotan.
1972an egin zuen Elorra dantza taldeak azken aldiz sokadantza. Elorra desagertzean, dantzari nagusiz osatutako dantza talderik gabe geratu zen Elgoibar. San Bartolomeetako aurreskua bertan behera gelditzeko arriskua sortu zen.
1.2. Sokadantza Haritz Dantzari Taldearen oinetan
Aurreskua galduko zen beldurrez, San Bartolomeetarako sokadantza ateratzeko taldetxo bat prestatzen hasi zen. Elorrako dantzari izandako batzuk eta apropos egun horretarako prestatutako beste batzuekin konpondu zen taldea, baina oinarrizko zutabea Elgoibarko Izarrako umeei dantzak erakusten ari zirenek osatu zuten. Ion Arrietak bultzatu zuen talde hori. Arrieta, Ongarrin dantzari eta Elorran txistulari ibilitakoa zen eta Elgoibarko Izarrako dantza eskolara lotuta jarraitzen zuen.
1973ko abuztuaren 24an, San Bartolome egunez plazaratzen da Ion Arrietak eta Lourdes Odriak gidatzen duten talde berria. Bakarlari lanak Jose Alberto Ansola Mauxitxak egingo ditu eta hurrengo urteetan Sebas Larrañagak hartuko dio aurreko eskuan erreleboa, Mauxitxak atzesku lanak betez. Anton Azpiazu, Ion Arrieta, Jose Inazio Sarasua, Joseba Aranzamendi, Iñaki Mujika eta Jesus Mari Sarasua dira txistulariak. San Bartolome egunean Foruen Plazan egiten den sokadantzaz gain Sallobente eta San Roke auzoetan ere egiten da aurreskua.
Elgoibarko Izarraren auspoan antolatzen den taldeak bere ardurapean ditu dagoeneko San Bartolome eguneko sokadantza eta dantza eskola. Izan ere, horiek dira garai horretan sortzen hasten den Haritz Dantzari Taldearen bi zutabe nagusiak. Bi alor horiek dira dantza taldearen sorreran parte hartuko dutenak eta 25 urteko ibilbidean ez dira utziko alde batera.
"Maiatzean dantza talde bat sortu zen gazteen artean; San Bartolometan egin zuen bere lehen agerpena, Aurreskua dantzatuz. Talde hau, laister batetan, neskez osatua izango da eta neska-mutilen dantza talde bat izango dugu orduan. Talde honetan gure konfiantza jartzen dugu, hemendik haurrentzat irakasle berriak ateratzeko asmotan".Goiko testua Elgoibarko Izarrako dantza taldearen 1974. urteko txostenetik bildua da. Sortu berri zen talde hartan jarritako konfidantza erakusten du. Aurreikusi bezala taldea berehala osatu zuten 14-16 urteko neska-mutil gazteekin.
Modu horretan, San Bartolome eguneko sokadantza plazaratu ahal izateko eta Elgoibarko Izarrako dantza eskolan egiten ziharduten lana sendotzeko sortu zen Haritz Dantzari Taldea. Lehenengo sokadantza plazaratu arren, osatu berri zen taldeak umeeri irakastea zuen helburu nagusia eta horretarako prestatzen ziren. Erakusteko ikasi beharrak sendotu zuen taldea. Ion Arrieta, Donostian ikasketak burutzen ari zela, Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen zuen Argia dantzari taldearen ensaioetara hurbiltzen hasi zen. San Telmon egiten ziren saioetan Xabier Urbeltzek, Juan Antonioren anaia eta dantzari bikainak, erakusten zituen gimnasiako taulak eta gipuzkoako dantzak ikasi eta Elgoibarren irakasten zituen Arrietak.
Osatzen ari zen taldeak bi norabide garbi zehaztu zituen bere lanean. Alde batetik Elgoibarko tradizioak mimoz gordetzea eta bestetik aurrera begira ordurarteko errepertorioan sakondu eta eduki berriak ikastea. Lehenengo lanean sokadantza zen eutsi beharreko tradizio nagusia baina bazen besterik ere. Lourdes Odriak elizaren taldean ikasi zituen gabonetako dantzak Olentzero ospakizun berriakin galtzear zeudela ikusita, haiek jasotzeko ahalegina egin zuen dantza taldeak. Horri esker paperean idatzita utzi zuten Artzai buru zuri bi dantzaren koreografia osoa. Dantza berriak ikasteko ahaleginekin uztartu zen lan hori. Argiarekin gipuzkoako dantzak ikasterarekin batera, Iurretara egindako bidai batzuren ondoren, bertako José Javier Abasolo Tiliñorekin domingilloa, txontxongilloa eta Iurretako arkudantza ikasi zituzten.
1977an Elgoibarren bizi zen Roberto Monasterio bilbotarrak erakutsi zien aurreskua Haritz Dantzari Taldeko dantzariei. Monasterio Bilboko Dindirri taldean eta Bizkaiko aurresku txapelketetan ibilitakoa zen. Aurreskua eta bizkaiko zenbait dantzaz gain, Haritzeko dantzariei Zuberoako dantzak irakasten jardun zuen. Urte hartan Monasterio berak egin zuen aurreskulari sokadantzan eta hurrengo urteetan berakin ikasitako Jose Luis Juaristi eta Josu Mujikak egin zituzten bakarlari lanak.
Lehenengo urteetan plazan begira zeuden ikusleen artetik plazaratzen zituzten neskak dantzari-zerbitzariek. Gerora, dantza taldeko neskak izaten ziren irteteko prest izaten zirenak, jubilatuen egunean egiten zen sokadantzan oraindik ikusleen artetik ateratzen baziren ere emakumeak.
Gizartea demokrazia bidean irakiten zegoen eta giro politiko eta sozialak islada zuzena zuen dantza taldean. Urrats txikiena erabakitzeko bilera eta asanblada luzeak egiten ziren, denek parte hartzen zutene eta erabaki bakoitzaren sakoneko nondik-norakoak bilatzen eta azaleratzen saiatzen ziren.
80ko hamarkadaren lehenengo urteetan Iñaki Gil, Javier Oñederra, Alberto Gartzia eta Josu Mujikak jardun zuten aurresku eta atzesku moduan. 1982an taldearen barne antolaketa sendotzeko Iñaki Gil-ek hartu zituen bere gain zuzendari eta mutilen irakasle lanak, Lourdes Odriozola beroketa ariketak zuzentzen hasi zen eta Patxi Alvarezek antolaketa orokorra eta koordinazio lanekin jarraitzen zuen.
Hamarkadaren lehen zati honetan Iñaki Gil eta Josu Mujika nabarmendu ziren bakarlari lanetan eta 86tik aurrera, Alberto Gartzia, Iñigo Leiaristi eta Abel Iriondok hartu zioten erreleboa. 1985ean Deban eskainitako dantza saio baten ostean, ordurarte txistulari lanetan ibilitako Jose Inazio Sarasuak hartu zuen taldearen zuzendaritza Lourdes Odriozolarekin batera. Dantzarien prestaketa fisikoaz eta dantzen irakaskuntzaz Odriozola arduratzen zen bitartean, taldearen zuzendaritza eta txistulari lanak bere gain hartu zituen Sarasuak.
1987an iritsi zen Portugaleteko Elai-Alai dantzari taldearen eskutik I. Nazioarteko Folklore Jaialdia Elgoibarrera eta segidan 15 urte lehenago Urbeltzekin hasitako ikasketa bideari heldu zion berriz Haritz Dantzari taldeak. Izan ere, 1988an Frantziako Confolens-eko folklore jaialdian Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean aurkeztu zen Zortziko ikuskizunean parte hartu zuten elgoibartarrek. Harrezkero Donostiako Argia dantzari taldeak eta Urbeltzek prestatu dituzten ikuskizun guztietan parte hartu du Haritzek.
1989an Haritzeko dantzariak ikastaro berezi batean izan ziren Donostian. Goizaldi dantza talde donostiarrak Gipuzkoako Gizon-dantza irakatsi zuen bertan. Bertan ziren irakasle Mikel Pontesta eta Iñaki Arregi, baina dantza maisu nagusi moduan Iñaki Gordejuela izan zuten. Hain zuzen, Candido Pujanarekin -gerra-aurrean Elgoibarren aurreskua erakutsi zuen Jose Lorenzo Pujanaren semea eta dantza maisu lanetan jarraitzailea- ikasitakoa zen Gordejuela. Honela gerra-aurrean gertatu bezala, gipuzkoako tradizio garbiko sokadantza plazaratu zen berriz Elgoibarko plazan. Txistu hotsak berriz Udalaren txistulariek jartzen dituzte: Jose Inazio Sarasua, Juan Karlos Larreategi, Aintzane Larreategi, Itziar Goñi, Mikel Kornejo, Iñigo Legorburu eta Iñaki Goñi. 1991tik Jose Inazio Ansorenak moldatutako partiturak erabiltzen dira San Bartolome eguneko sokadantzan.
Jon Lizarralde eta Abel Iriondo izan ziren aurreskua eta atzeskua 1989an. Harrezkero, urtez urte, hamarkada oso batez eta 2000. urtearen atariraino , bikote berak gidatu du sokadantza Jose Inazio Sarasuak zuzentzen duen Udal Txistulari Bandak aurkez-aurkezkoak, kontrapasak eta zortzikoak maisuki jotzen dituen bitartean. San Bartolome eguneko meza nagusian ezpatadantza eskaintzen dute Haritzeko dantzariek eta Jon Lizarralde, Abel Iriondo, Kastor Otegi, Aitor Viñaras eta Unai Froilan nabarmendu dira lan horretan azken hamar urteotan. Azken 15 urteetan dantza taldeak ezagutu duen sendotzea garbi islatu da San Bartolome eguneko sokadantzan eta horren adierazgarri da 1999koan 20 dantzari bikotek parte hartu duela bertan, Lizarralde eta Iriondo bakarlariak tarteko.
Dokumentuaren akzioak