Dokumentuaren akzioak
9. Enbor bereko adarrak: familien pisua dantza munduan
Familia izan da euskal tradizioan kulturaren transmisiorako espazio garrantzitsuena. Nekazal gizartetik hiri bizitzara pasa arren, kultura tradizionalaren zenbait alorretan eragina izaten jarraitzen du familia bidezko transmisioak. Horrela gertatzen da dantzan ere Haritz Dantzari Taldean bertan froga daitekeenez. Dantzaren munduarekin lotura handia erakutsi duten zenbait senitarte jaso ditugu hemen adibide moduan. Familia bereko kideek dantzarako joera erakutsi duten kasu ugari dagoen moduan, kontrako bidea ere makina bat alditan gertatu da. Alegia, dantzaren bidez, inguruan, aitzakian e.a. ezagutu, hurbildu eta bikote mordoa osatu da. Anaiak, ahizpak eta anai-arrebak asko dira ere, baina denak jasotzerik ez dagoenez famili bereko gutxienez hiru kide biltzen dituzten zenbait adibide bildu ditugu hona.
Badira Elgoibarren dantzarekin eta Haritz Dantzari Taldearekin estu estu lotuta ageri diren zenbait familia. Horietako bat osatzen dute Odriozolatarrek. Jose Odriozola 1946an Julian Iriondo eta Jose Maria Agirrebaltzategiren zuzendaritzapean aurkeztu zen taldean dantzari izan zen eta dantza maisu moduan ere ihardun zuen. Jose Odriozolaren lau seme-alabak izan dira edo dira Haritzeko dantzariak. Iñaki Odriozolak Haritzen lehenengo hamarkadan parte hartu zuen eta Igorrek bigarrenean. Lourdes eta Edurne Odriozola dantzari eta irakasle dira gaur egun ere Haritz Dantzari Taldean.
Haritzen lehengusu dantzari kuadrilla ederra osatu dutenak Mujikatarrak dira. Susana eta Esther batetik, Gorka eta Arkaitz bestetik eta Miriam azkenik, denak lehengusuak, dantzariak eta Haritzeko kideak izandakoak. Beste dantzari familia bat Otaegitarrek osatzen dute. 1959ko eta ondorengo urteetako sokadantzetan parte hartu zuen Joxe Otaegiren ondotik, Kastor, Izortze eta Joseba Otaegi seme-alabek jarraitu diote bideari Haritz dantzari taldean eta baita horien lehengusina den Igone Galarragak ere. Iriondotarren aldetik, Naziorteko Folklore Jaialdi guztietan aurkezle izan den Anjelo Iriondoren hiru seme-alaba, Irune, Abel eta Antxon, aipatu behar dira dantzari moduan.
Legorburu familiak lotura sendoak erakutsi ditu dantza tradizionalarekin. Elgoibarren Legorburu lau anaietatik hiru, Joseba, Alexander eta Mikel dantzariak irten dira eta laugarrena, Iñigo, txistularia. Antzuolako lehengusuen artean, Jon Legorburu dantzaria da, Xabier eta Blanca txistulariak eta Gerbasio osaba, dantzaria eta txistularia. Dantzari eta musikariz osatutako beste familia bat Josu Mujika dantzaria eta honen anaiak diren Txomin dultzaineroa eta Iñaki atabaleroak osatzen dutena da. Bestalde, Manolo Santos eta M. Luisa Urain senar-emazteak dantzan eta dantzak erakusten ibilitakoak dira, eta Imanol eta Idoia Santos seme-alabak Haritzen dantzari.
Haritz dantzari taldean hamaika lan ordu egindakoa da ondorengo hirukotea: Begoña eta Iñaki Gil anai-arrebak eta Agurtzane Epelde Iñakiren emaztea. Haritzeko beste hirukote bat Iñigo eta M. Reyes Leiaristi anai-arrebek eta M. Reyesen senarra den Jabier Oñederrak osatzen dute. Iker eta Unai Froilan anaiak eta horien lehengusina Amaia Aranzamendik osatzen dute beste hirukote bat. Lizarraldetarren aldetik Jon, Igor eta Unai aipatu behar dira, eta horien lehengusua, auto istripuz hil zen Iñaki Berasaluze.
Dantzari lotuta ageri den senitarte zabalenetako bat Arrietatarrak bezala izendatuko ditugunak osatzen dute. Jose Odria (1913) eta Juan Arrieta (1906), aitaginarrebakideak dira senitarte horretako lehenengo belaunaldiko dantzariak. Jose Odriak 1939-1943 bitartean dantza solteko txapelketetan parte hartu zuen Luisa Alberdi, Miren Vallejo eta Maritxu Sodupe Gelatxorekin bikote eginez. Sallobenteko jaietan, San Bartolomeetan, Arraten eta Urkizun sariak eskuratu zituen Odriak. Bestetik, ohizko dantzaritzat hartzerik ez badago ere, Juan Arrietak ere egin zuen sartu-irtenik dantza kontuetan. 1935eko San Roke egunean, meza ondoren Onaindia apaizak ospakizuna loratzeko aurreskua egitera gonbidatu zituen eliza atarian bildutakoak. Zortzi gizonek osatu zuten soka eta Tiburcio Beristain -futbol jokalari bikaina, Alavesean jokatu zuen lehenengo mailan - aurreskulari eta Juan Arrieta atzeskulari aritu ziren. Bestelakoan ez zen dantzari bezala nabarmendu Arrieta, baina noiz edo noiz, ezkontzetan eta horrelakoetan atera izan zuen dantzari sena.
Arrietatarren bigarren belaunaldiari dagokionez, Juan Arrieta eta Agapita Soraizen lau semealabak, Arantza, Regina, Pello eta Ion, dantzaren inguruan ibilitakoak dira. Arantzak eta Reginak Gabonetako taldeetan eta San Bartolomeetako sokadantzan parte hartu zuten, eta Arantzaren senar Juan Jose Araolaza Elgoibarko Izarrako presidentea zen elkarte horren baitan Haritz Dantzari Taldea sortu zenean. Pellok Ongarri elkartean ikasi zuen dantzan eta txistua jotzera ere iritsi zen lehenengo Euskal Jaietan. Pelloren emazte Isabel Aizpurua Elgoibarko Izarrako dantza eskolan irakasle ibili zen. Ion Arrietak eta Lourdes Odriak -Jose Odria eta Teodora Aldazabalen alaba da Lourdes- osatzen duten bikotea behin baino gehiagotan aipatua izan da dagoeneko liburu honetan, horiek baitira Haritz dantzari taldearen lehenengo urratsen erantzule.
Arrietatarren hirugarren belaunaldiko hamar bilobak dira edo izan dira dantzariak. Garikoitz eta Oier Araolazak Elgoibarko Izarran dantzatu zuten lehenengo, Maialen Araolazarekin batera Eibarko Kezkan ondoren, eta Oier Elgoibarko dantzari taldeko partaidea da 1991tik. Nagore eta Arkaitz Irureta, eta Oihana eta Unai Arrieta Haritzeko dantzariak izan dira, eta Elur Arrieta dantzari da gaur egun. Ion Arrieta eta Lourdes Odriarenen seme-alabek osatzen dute lehengusuen hamarrekoa, gaur egun dantzari baita bikotea, bai Miren eta baita taldearen izen bera eta sortzaileen abizenak dituena, Haritz Arrieta Odria.
Dokumentuaren akzioak