Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Elgoibar dantzan 7. Gure-Kai, Kezka eta Haritz: Deba Beheko dantzariak

Dokumentuaren akzioak

7. Gure-Kai, Kezka eta Haritz: Deba Beheko dantzariak

1970ko eta 1980ko hamarkadetan bailarako dantza taldeekin zenbait harreman izan zituen Haritzek. Debako Gure-Kai dantzari taldeko Txaro Garatek irakatsi zizkien elgoibartarrei Iribaseko Ingurutxoa 70eko lehen urteetan eta 80koetan, berriz, Debako San Roke eta Jorrai dantzak ikasi zituzten Haritzekoek Gure-Kaikoekin. Eibarko Kezkako dantza taldearekin Banako Zaharra ikasi zuten 1984an Haritzeko dantzariek. Gainera garai horretan dantza jaialdi bateratuak antolatu zituzten Haritz eta Kezkak, Mutriku eta Oñatiko taldeekin batera.

80ko hamarkadaren bukaeran orohar euskal dantza eta folklorearen mundua hartu zuen krisiak eragin latza izan zuen Deba eta Eibarren. 90eko lehenengo urteetan lanerako gogoz baina ezagutzarik gabe eta eredu bila noraezean zebiltzan gazte taldeek hartu zituzten Kezka eta Gure-Kai dantzari taldeetako gidaritzak. Bide horretan iritsi ziren Elgoibarrera laguntza eske.

Hiru taldeen arteko harremana sendotzen joan ahala elkarlanean burututako lehengo ekintzen emaitza plazaratzen hasi zen. Neguko nekazal feriak izan ziren lehenengo urratsaren lekuko. Eibarren azaroaren 30ean San Andres eguneko feria, Elgoibarren urteko azken larunbatean Gabon Zaharrekoa eta Deban urteko lehen larunbatean Zoro ferian erromeria giroan dantza egiteko ohitura zutenez, ahaleginak bateratu eta elkarrekin ospatzeko bidean jarri ziren. 1991an Debako eta Elgoibarko ferietan eman zuten lehenengo urratsa eta 1993an Plazara Dantzara lemapean osatu zen hiru herrien arteko erromeri zirkuitoa.

Plaza dantzarako gune natural bezala berreskuratzeko gogoa zuen Plazara Dantzarak eta xede horretarako aproposak diren erromeri dantzekin osatzen dira egitarauak: orripeko, arin-arin, trikitixa eta porrusaldak, kalejirak, baltsak eta korridoak oinarrian eta iparraldeko jauziak, kontradantzak eta polkak, baztango mutildantzak eta Nafarroako ingurutxoak, eskudantzak eta bestelako irri-dantzak dira erromeria borobiltzen dutenak. Horrela baserritar jantzita plaza bete dantzarik ospatzen dute erromeria taldeetako dantzari ez direnak ere plazara dantzara animatuz.

Plazara Dantzara hiru taldeek batera ofizialki egiten duten ekitaldi nagusia izan arren, elkarlana alor guztietara zabaltzen joan da 90eko hamarkadan eta ondorioz erabat ohikoa bihurtu da talde bakoitzaren dantza saioetan beste bi taldeetako dantzariek parte hartzea. Alor askotan talde bakarra bailitzan funtzionatzera iritsi dira eta horren ondorio da Deba Beheko Dantzariak deitura. Interneten hiru dantza taldeen berri ematen duen web orriaren izenburua da hori eta egun de facto funtzionatzen duen egiturak etorkizunean formalki ere funtzionatuko duen esperantza adierazten du bere baitan. Izan ere kaleak garbitzeko udalerriak mankomunitateetan antolatzen badira, akaso bide berari jarraitu beharko zaio hain ahulduta dabilen kulturaren alorrean.

Dokumentuaren akzioak