Dokumentuaren akzioak
4. Juan Antonio Urbeltz eta Haritz Dantzari Taldea
4.1. Juan Antonio Urbeltzen argia
Euskal dantza tradizionala eta folklorearen alorreko pertsonalitaterik interesgarrienetakoa dugu Juan Antonio Urbeltz. Euskal dantzaren historian eta norabidean funtsezko eragina izan duen gizona da, denboran eta planteamentuetan aitzindaria. Euskal Herri osoko dantza taldeetan nabari daiteke bere lanaren arrasto sakona. Pribilejioa, plazerra eta ohorea da Haritz Dantzari Taldearentzat, dantzan emandako lehenengo urratsetatik Urbeltzeniaren iturri agortezinetik edateko izan duen aukera.
Urbeltz eta berak gidatzen duen Argia Euskal Dantzari Taldearen eskutik Euskal Herriko eta kanpoko antzoki eta eskenatoki garrantzitsuenetan dantzatu dute Haritzeko dantzariek, tartean Pariseko Champs Elysées antzokian eta Madrileko Kongresu eta Erakusketa Jauregian. Baina goi mailako ikuskizun eta antzokietan parte hartzeko aukera emateaz gain, euskaldunon dantza egiteko moduari eta bere aberastasun koreografikoari zorroztazunez eta maitasunez heltzeko bidea erakutsi dio Urbeltzek Haritz taldeari. Hortik San Bartolome eguneko sokadantzarekin erakutsitako ardura eta dantza bakoitzaren duintasuna eta ikusgarritasuna eskaintzeko egindako ahalegina.
Juan Antonio Urbeltzekin ikasi dute Haritz Dantzari Taldeko kideek tradizioa ez dela beti iraganaren errepikapen mimetikoa izaten. Horrela, Virginia Maqueiraren hitzetan "ordenu garaikidea berretsi edo zalantzan jartzeko prozesu aktibo bezala" funtzionatzen duen tradizioaren berri izan dute Urbeltzen bidez Haritzeko dantzari eta musikariek.
1940ko urriaren 20an Iruñean jaio arren, Donostian hazi zen Juan Antonio Urbeltz. 18 urterekin Goizaldi talde donostiarrean eman zituen dantzako lehenengo urratsak. Ondorioz, Gipuzkoako dantzen tradizio garbiena ikasteko aparteko aukera izan zuen 60ko hamarkadaren lehen urteetan. Dantzari trebe bezala nabarmendu zen lehenengo urte horietan. 1964an, Donostiako Trinitate Plazan Euskal Jaien baitan ospatu zen aurreskulari txapelketan lehenengo saria eskuratu zuen Urbeltzek. Goizaldi dantza taldearen 25. urtemugan argitaratu zen liburuan halaxe idatzi zuen Javier Mª Sadak: "El éxito obtenido por Urbeltz en su justo evolucionar, demostró el real estado en el que se encontraba la danza vasca, (...) y por la pureza que podía deducirse de esta exhibición del aurresku, que causó honda impresión por su virilidad y por haber sido realizada con la precisión de un rito."
1965ean ARGIA dantzari taldearen zuzendaritza hartu zuen Urbeltzek. Dantzari lanak utzi eta zuzendaritza arduretan sartu zen bete betean. Kultura tradizionalaren ikerketan lagun eta eguneroko bizitzan emazte izango zuen Marian Arregi soinujolearekin bidaia sakon eta luze batean abiatu zen Urbeltz. Lehenengo urratsetako norabidea zehazteko oso baliogarriak gertatu zitzaizkion Jorge Oteizaren aholkuak.
Orduko dantza taldeek gerra garaiko Saski-Naski eta Eresoinka konpanien hildotik jarraitzen zuten dantza ikuskizunak eskaintzen. Horiek eskola errusiarrari jarraituz folklore dantza baletizatua egiten zuten, iturrietatik nahiko urruti zegoen eredua moldatuz. Jose Uruñuelak sortutako Kontrapas-Muxeta edo Saski-Naskiren ikuskizunetarako emakumeentzat moldatu zuten sagar-dantza behar-beharrezkoak izaten ziren dantza saioetan. Dantzak bere osotasunean baino, suitak, moldaketak eginaz erakusten zituzten 60ko hamarkadako dantza taldeek eta jantziak nahiko karikaturizatuta agertzen zituzten.
Argia dantzari taldeak lehenengo urratsetik folklorea bizirik zegoen iturrietatik zorrotz edan beharra ikusi zuen. Asteburuetan tokian tokiko dantzak egiten jarraitzen ziren herrietan ikerketa zehatz eta lan mardula eginez jatorrizko bertsioak berreskuratzen hasi zen Argia dantzari taldea.
Iturrietara itzultzean Argiak egindako lanak iragana baino etorkizuna izango du gogoan. Ordurarte dantza tradizionala eta folklorea mistizismo eta malenkoniaz jorratzen zen eta Urbeltzen ekarpen harrigarrienetakoa Argiaren ikuskizunak garaikideak izatean datza. Joandako garaiak gogoratzea baino, unean unekoak bizi eta bizi arazi nahi ditu Urbeltzek. Euskal dantza garaikidea du helburu nafarrak bere ibilbidea abiatzean, baina horretarako sustraiak ongi ezagutu beharra dagoela aitortzen du eta lan horri helduko dio luzarik gabe.
1967an Rikardo Arregi kazetari zenak elkarrizketatu zuen Juan Antonio Urbeltz Zeruko Argia aldizkarirako. Komunikabideekin izandako lehen elkarrizketa hartan aurreratu zituen Urbeltzek bere ibilbidea osatuko zuten eraikinaren zutabeak. Lehenik eta behin garaikidetasuna azpimarratzen zuen Urbeltzek eta segidan bide horretarako beharrezkoak izango zituen lanabesak zeintzuk ziren argitu zuen:
"Guk gaur eguneko euskaldun bezela dantza egiteko modua aurkitu nahi dugu, baiñan ortarako lehenengo gure dantza zaharrak aztertu ta inbestigatu nahi ditugu".
Zergatik?
Bi arrazoiegatik batez ere. Alde batetik gaur eguneko folkloristak, euskal dantzetako taldeak esan nahi dut, ez dituzte euskal dantzak bere jatortasunean azaltzen, mistifikatuta baizik. Bestetik berriz gure joera berriak, gure dantza berriak, gure gaurko dantzatzeko moduak, gure garaiei dagozkienak, gure lehengo dantzetan sustraituta, finkatuta, egin nahi ditugulako. Gaiñera badugu lanerako beste arrazoi psikologiko bat: dantza berriekin hasten geranean burruka eta eztabaida asko sortuko dira eta ez genduke nahi orduan jendeak pentsatzeae berri hoiekin hasten gerala lanean zaharrekin ezin gendulako, zaharrak ezagutzen ez ditugulako".
1967ko otsailaren 5ean aurkeztu zen lehen aldiz jendaurrean Argia Dantzari Taldea. Victoria Eugenian eskaini zen jaialdiak harridura, zirrara eta emozio beroak eragin zituen. Bazirudien mundu berri eta harrigarri bat asmatu zutela Argiako partaideek. Dantzak beren jatorrizko doinu, jazkera eta urratsekin, bere edertasun osoan aurkeztea izan zen Urbeltzek gidatutako taldearen lana. Lan zintzo eta zorrotzarekin, bere baitan ikusgarria eta harrigarria zen folklore aberatsaren berri ematen zuen horrela Argiak eta ordurarte taldeek aurkezten zituzten hondakinen gainbehera agerian geratu zen.
Argiak bere bilketa eta aurkezpen lanekin aurrera egin ahala talde askok jarraitu zioten bide berari eta dantza taldeetan lan egiteko modu berriak barreiatu ziren. Jose Inazio Ansorena danbolinteroaren hitzetan, "Argia dantzari taldearen agerkuntzak giro aldaketa bat suposatu zuen, euskal dantzen eremuan hasiera batetan ta geroago euskal folklore osoan. (...) Giro berri honek -hau dateke, agian, Argia taldeak egin duen lanik eskergarriena- talde folkloriko guztietan eragin handia erdietsi zuen".
Bitartean Urbeltzek iturrietara jotzen jarraitu zuen. Asteburuetako txangoak Nafarroa, Gipuzkoa, Lapurdi, Bizkaia eta Zuberoan barrena zabaldu zituzten. Adineko dantzariak elkarrizketatu, dantzak ikasi, doinuak bildu, Azkue eta Aita Donostiaren kantutegiekin erkatu, urratsak behin eta berriz landu tokian tokiko dantzariak egindakoaren berdin berdina izatera iritsi arte, jantziak osatu eta ikasitakoak aurkezteko ikuskizunak prestatu. Horrela herrialde bakoitzari buruzko ikuskizun monografikoak aurkeztu zituen Argiak 70eko hamarkada osoan zehar.
Aldi berean hezurdura teorikoa osatuz zihoan Urbeltz. Caro Baroja eta Jorge Riezuren aholkuak, Lucile Armstrong-en intuizioa, eta batipat literatura antropologikoa, historikoa eta etnomusikologikoa sabeleratzen. Emaitzak taula gainean ezezik, paper gainean argitaratzeari ekin zion eta hainbat artikulu, hitzaldi eta hitzaurrez gain Dantzak: Notas sobre las danzas populares de los vascos¸ liburua argitaratu zuen 1978an. Harrezkero euskal dantzen inguruan argitaratzen jarraitzen du Urbeltzek.
Hogei urte euskal atlas koreografikoa ezagutzen, mamitzen eta aurkezten eman ondoren, abiapuntuan iragarri zituen dantza berriak koreografiatzen hasteko lanari heldu zion Urbeltzek. Bildutako material guztiari etekina atera eta eredu berriak sortzeko garaia iritsi zen. Bide berri honen lehen urratsa 1987an eman zuen Irradaka ikuskizunarekin eta bere benetako gauzatzea 1988an, Confolens-eko Nazioarteko Jaialdirako prestatu zuen Zortzikorekin izan zen. Euskal dantzen sintesi ikusgarri batek osatzen du Zortzikoren lehen zatia. Urtebete beranduago, bigarren zati bat gehitu zion, mairu eta kristauen ertaroko antzerkietan inspiratutako Muriska sormen lana.
1992an Bilboko Arriagan estreinatu zen Alakiketan ikuskizunean oraindik gehiago sakonduko du hasitako kreazio bidean. Zortzikoren jarraipentzat har daiteke Alakiketan, oinarrizko hezurdura bera baitu baina folkloretik han eta hemen jasotako keinuekin sormenean aurrera jotzen du bertan Urbeltzek.
Epe labur batez arnasa hartu eta ordurarteko ikuskizun berritzaileena aurkeztu zuen 1997an: Kondharian. Irulea eta Itzaiaren ezteiak. Koldo Ameztoy kontalariak lagunduta dantza, musika, ipuinak eta mitoak elkar-lotzen dituen ikuskizuna da. 200 lagun ingururen parte hartzea eskatzen zuten Zortziko eta Alakiketan-en aldean intimoagoa, hurbilagoa da Kondharian. 1967ko lehen ikuskizunetik Kondharianera 30 urte igaro dira eta ez alperrik. Urratsez urrats, ibilbide paregabea osatu du Urbeltzek taulagainean eta bide luze horretan berakin izan ditu ikusleen berotasuna ziurtatu dioten ezaugarriak: euskal kultura tradizionalarekiko zintzotasuna eta hunkitzeko ahalmena. Ibilbide hori txalotuz, 1998an Hamburgoko Alfred Toepfer Stiftung Fundazioak Europa saria eskaini zion Argia dantzari taldeari.
4.2. Haritz Urbeltzen argiaren itzalean
Haritz dantzari taldeak lehenengo urratsak eman orduko Juan Antonio Urbeltzekin harremanetan zegoen. Ion Arrieta 1974 inguruan ikasketak Donostian egiten ari zela, Argia taldeak San Telmon egiten zituen entsaioetara joaten hasi zen. Gipuzkoako dantzak ikasi zituen bertan, gimnasia ariketak eta beste zenbait dantzarekin batera. Ordutik tarteka-tarteka, ikastaro bat Donostian edo hitzaldia Elgoibarren, hurbiletik jarraitzen zioten Haritzekoek Donostiako nafarrari.
1986an taldearen ardura Jose Inazio Sarasuak hartzean Urbeltzengana jo zuen berriz aholku bila. 1988an, Argiako zuzendariak Elgoibarko taldea lan egiteko gogotsu ikusi zuen eta Eusko Jaurlaritzak egin berri zion enkargu bati erantzuteko osatzen ari zen lantaldean sartzea erabaki zuen. Confolenseko Nazioarteko jaialdirako Zortziko ikuskizuna prestatzen ziharduen eta Otsagiko dantzak egiteko talde egokia iruditu zitzaion Elgoibarkoa.
Horrela, Argiako dantza-maisuekin ikasi zituzten elgoibartarrek enperadorea, katxutxa, dantza, modorro, pañuelo-dantza eta jota . Urbeltz eta Argiako dantzariek 1966an ikasi zituzten Otsagiko dantzak. 1974an Francisco Arraras folkloristak aldaketa batzuk egin zituen Otsagiko dantzetan eta harrezkero ikasi duten talde gehienek aldaketa horiekin egiten dute. Elgoibartarrek, ordea, Urbeltzek gordetako eredu zaharrarekin ikasi zuten.
1988ko abuztuaren 13an 5000 ikusleren aurrean aurkeztu zen Zortziko Frantziako Confolensen. Halaxe hasi zen Haritzeko dantzarien partehartzea Urbeltzen ikuskizunetan. Zortziko 200 lagun inguruk osatzen zuten ikuskizun erraldoia zen. Argia eta Goizaldi donostiarrak, Añorgako Harkaitz, Beskoitzeko Oinak-Arin¸ Antiguo, Añorga eta Astigarragako haur taldeak, Iturengo Zanpantzarrak eta Elgoibarko Haritz dantzari taldeek parte hartzen zuten bertan.
Bi ordu irauten zituen ikuskizunean Otsagiko dantzak egiten hasi ziren elgoibartarrak eta emanaldiak pilatu ahala gero eta partehartze zabalagoa izan zuten. Dantzari eta musikarien artean 40 lagun inguruko elgoibartar taldeak parte hartu zuen Zortziko eta Alakiketan-en saio bakoitzean. 1988 eta 1991 bitartean Zortziko ikuskizunaren 45 emanaldi egin ziren, mota horretako euskal ikuskizun batek inoiz egin duen jaialdi kopuru altuena.
Euskal Herriko kiroldegi eta pilotaleku gehienetan dantza egiteaz gain lehen aldiz sona handiko antzokietan aktuatzeko aukera izan zuten Haritzeko dantzari eta musikariek. 1989ko Andra-Mari egunean Victoria Eugenia antzokian aurkeztu zen Zortziko. Donostiako Musika Hamabostaldian euskal dantzak eskaintzen ziren lehen aldia izan zen eta itxuraz ikusle, kritikari eta antolatzaileak asebete zituen saioak. Izan ere, Urbeltzek harrezkero prestatu dituen ikuskizunek lekua izan baitute Donostiako Hamabostaldian.
1990ean Estatu Batuetako Boisen eta Madrileko Kongresu eta Erakusketa Jauregian aurkeztu zen besteak beste Zortziko, eta hurrengo urtean Euskal Herrian barrena herrietan eta Bilboko Arriaga eta Coliseo Albia antzokietan eskainitako ikuskizunak tartekatu ziren. Hiru urtez emanaldiak eskaintzen ibili ondoren 25.000 lagun inguruk ikusi zuten Zortziko zuzenean. Bien bitartean Haritzeko dantzariek gero eta partehartze handiagoa zuten ikuskizunean: Gipuzkoako dantzak, Lapurdiko ihauteria, irradaka, Ihaurrietako emakumeen dantza,...
Dantza berriak ikasi eta lehendik zekizkitenak gogo-berritzeko aukera aparta zen ikuskizuna. Esate baterako, Ihaurrietako emakumeen dantza bersortu zuen koreografoarekin zuzenan ikasteko parada. Gaur egun Euskal Herriko dantza talde gehienek Jaurrieta izenarekin dantzatzen duten dantza hori, Urbeltzek koreografiatu baitzuen Nafarroako Pirinioetako Ihaurrieta herrian jasotako doinua eta Baztango mutildantzen urratsak nahastuta.
Atsedenik hartu gabe Zortziko ikuskizunari Alakiketan izenekoak jarraitu zion. Oinarrizko egitura berari eutsiz ikuskizunaren bigarren zatiko Muriska koreografia hornituago aurkeztuko da oraingoan eta Leon Rostmithal baroiaren omenezko sei dantza jasotzen dira. Alakiketan 1992an estreinatu zen Bilboko Arriaga antzokian eta Donostiako Musika Hamabostaldian Victoria Eugenian aurkeztu zen urte berean. 1994an Pariseko Champs Elysées antzokian aurkeztu zen Alakiketan eta ikusle eta kritikaren erantzun bikaina jaso zuen.
1992tik 1994ra guztira Alakiketan ikuskizunaren 25 emanaldi eskaini ziren. BBC eta ETB telebistetarako grabaketa bereziak egin ziren. 1994ko urrian egin zen azken aldiz Alakiketan Gernikako Santanape pilotalekuan. Zortzi urte lehenago Otsagiko dantzekin hasitako Haritzeko dantzariek eta musikariek 75 emanaldi ostean ikuskizun osoan zehar partaidetza nabarmena zuten eta Mikel Legorburu eta Abel Iriondo elgoibartarrek bakarlari lanak egiten zituzten.
Bi urteko atsedenaren ondoren goitik behera desberdina zen ikuskizuna prestatu zuen Juan Antonio Urbeltzek. Oraingoan formato txikiagoko ikuskizuna zen. Dantzari, musikari, tekniko eta laguntzaileen artean 60 laguneko taldea osatu zen. Argia, Harkaitz eta Elgoibarko Haritz taldeetako dantzariak eta Iturengo Zanpantzarrek parte hartzen dute ikuskizunean Koldo Ameztoy ipuin kontalaria eta Argia, Ezpelur eta Haritzeko musikariek lagunduta. Ikuskizun berriaren izena Kondharian. Irulea eta Itzaiaren ezteiak da.
1997ko ekainaren 28an aurkeztu zen Bilboko Arriaga antzokian. Hamarkada bat lehenago bezala Otsagiko dantzak dira Haritz dantzari taldekoen lehen lana ikuskizunean. Baina bada gehiago ere. Ikuskizun osoan parte hartzen dute Elgoibar, Deba eta Eibarko dantzariek. Izan ere, ordurako Deba Beheko dantzarien bilgune nagusia da Haritz Dantzari Taldea eta hiru herrietako dantzariak ditu bere baitan. Haritzeko 15 dantzariekin batera Jose Inazio Sarasua, Juan Karlos Larreategi eta Iñaki Goñik musikariek ere parte hartzen dute ikuskizunean. Baina Kondharianen dizdira berezia egiten duen dantzari bat ageri da. Protagonista nagusietakoa den Itzainaren papera betez, eskenatokian erraldoi bihurtzen den dohain bereziko dantzari aparta nabarmentzen da: Mikel Legorburu.
1997-1999 bitartean Kondharian ikuskizuna Euskal herriko antzoki garrantzitsuenetan aurkeztu da. 14 emanalditan hiriburu eta herri handienak bisitatu ditu. "Un bellisimo espectáculo que está a la altura de cualquier espectáculo internacional" eta "las delicias artísticas musicales, dancísticas, escénicas se sucedieron en continuidad hasta culminar en un malabarismo atrayente y espectacular" dira besteak beste kritikoek ikuskizunari buruz idatzi dituztenak, Haritz Dantzari Taldeari buruzko aipamenak ahaztu gabe: "La depuración y sobriedad formal de lo plasmado es de gran fuerza y colorido, tanto en la participación del cuentacuentos Koldo Ameztoy como en la participación notable del grupo de danzas de Elgoibar y del propio conjunto de Argia".
Dokumentuaren akzioak