Dokumentuaren akzioak
2. Odeoiko jaialdiak
Sokadantzari eta Elgoibarko Izarrako umeen irakaskuntzari begira eman zituen lehenengo urratsak Haritz Dantzari Taldeak, baina taldea indartzen joan ahala emanaldiak zabaltzeko gogoa piztu zen. Umeei irakasteko ikasten ziren dantzen kopurua hazten zihoan eta gutxi behar izan zuten dantzari helduen talde iraunkorra osatu eta dantza saioak eskaintzen hasteko.
1976an, Trinitateetako danborradan dantzatu zuten dagoeneko dantzari gazteek. Urte horretan bertan, ekainaren 9an, Morkaikok antolatutako Mendiko finalista egunean, San Pedron egin zuen bere agerraldia orduan Aritza moduan bataiatu berri zuten taldeak. Launakoa, makil txiki, Iurretako arkudantza, uztai-txiki, sagar-dantza, neska-mutilak azkenean pozik eta makil dantza eskaini zituzten. Ondoren, Aubixan eskaini zuten beste dantza saio bat. Lehenengo irteera Eibarko Amaña auzoko jaietara izan zuten uztailean.
Taldea indartuta ikusita, herrian aurkezpen-saio eder bat egiteko gogoa sendotu zen dantzarien artean. Umeei begira ikasten hasitako dantza berrien norabidea aldatu eta nagusiekin pentsatzen hasiak ziren. Dantza saioa osatzeko nahikoa dantza zituztela ikusten hasi ziren: Ion Arrietak Juan Antonio Urbeltz eta Argia dantzari taldearekin ikasitako Gipuzkoako brokel-dantza zikloa, Iurretako Abasolorekin ikasitako dantzak, Josu Mujikak Gasteizen ikasitako Biasteriko makil-jokoak, Debako Gure-Kaiko Txaro Garaterekin ikasitako Nafarroako ingurutxoak, Sebas Larrañagak Donostian ikasi zuen sorgin-dantza,... Odeoi antzokirako aurreikusi zen aurkezpen jaialdia.
Elgoibarko Izarrak Odeoi antzokian jaialdi handiak antolatzeko tradizioa zuen. Horietan baleta, kantak, antzerkiak, euskal dantzak eta beste hainbat ekitaldi izaten ziren. Haritzeko dantzariek ordea, huts hutsean dantzaz osatutako ikuskizuna zuten gogoan. Gabonetako oporrak azken bultzada emateko aprobetxatuz 1977ko urtarrilaren 7rako jarri zen data.
Dantza-saioko joan etorriak lotu eta eszenografia atontzeko ahalegina egin zuten. Baserrietatik goruak, alkondara zaharrak, txalekoak e.a. bildu zituzten giro desberdinekin margotutako teloian aurrekaldean jartzeko. Erropak egiteko Elgoibarko Izarrak dirulaguntza eskaini zuen eta Donostia eta Iurretan utzitako ereduak jarraituz josi ziren. Ion Arrietaren ikaskidea zen Xabier Laka eskultoreak Haritz Dantzari Taldearentzat logotipoa diseinatu zuen. Musika kolorez jazteko ahalegina handia izan zen eta Odeoiko lehen jaialdi horretan, bertan izan ziren 25 urteren buruan dantza taldearekin lanean jarraitzen duten hainbat musikari. Txomin Mujika, Bittor Zubiaurre eta Ricardo Gorritik osatutako dultzainero banda, eta Ion Arrieta, Jose Inazio eta Jesus Mari Sarasua anaiak, Sabino Arakistain, Antton Azpiazu, Joseba Aranzamendi eta Iñaki Goñik osatutako txistulari banda eta txaranga.
Bi orduko saioak ondo aseta utzi zituen Odeoia bete zuten elgoibartarrak. Garaiko egunkariek "extraordinario éxito" eta "sensacional festival folklórico" bezalako loreak eskaini zizkioten Haritz Dantzari Taldearen aurkezpen jaialdiari. Dantzariak hustuta geratu ziren. Jaialdia bukatu eta luze joan zen berriz taldea bildu orduko. Pizgarririk gabe ilusioa galdu eta egoera latzean sartu zen dantza taldea. Odeoiko jaialdi arrakastatsua ospatu eta urtebete beranduago egin zen bileran diagnostiko latza egin zen: ensaioetara ez zen jenderik joaten, dantzari askok taldea utzi zuten eta lan-batzordeek ez zuten funtzionatzen.
Bost urte igaro ziren horrelako beste jaialdi bat prestatu orduko. Bien bitartean Euskal Dantzarien Biltzarra antolatzen zituen Dantzari Egunetan parte hartzen hasi zen Haritz. Gipuzkoako dantzak prestatu behar izaten zituzten horietarako eta Larrain dantza saioaren bukaerarako. Horrela 1978an Iruñean ospatu zen lehen Dantzari Egunean parte hartu zuten elgoibartarrek eta baita, hurrengo urteetan Baionan, Bilbon eta Gasteizen egin zirenetan ere. 1979ko Andra Mari egunean Gernikan eskaini zuen dantza saioa taldeak, beranduago Barakaldon eta Kanalan izan ziren. Epealdi honetan dantzari asko sartu eta irtengo dira taldetik.
1981eko Gabon Zahar egunerako aurreikusten da Odeoian Haritz Dantzari Taldearen bigarren jaialdia. Dantza saioaren oinarrizko egitura, bost urte lehenago aurkeztutakoaren beretsua da errepertorioaren aldetik, baina badu berritasunik. Galdakaoko Andra Mari taldearen laguntzaz Lizarrako Larraindantza prestatzen da eta erropa guztiak Galdakaotik ekartzen dira jaialdirako. Dantzen ikusgarritasuna loratzeko prest zeuden argiztaketa eta ke efektu bereziak.
Urteko azken eguna haizetsua irten zen ordea, eta argindarrak huts egin zuen. Bertan behera geratu zen jaialdia horren ondorioz. Bi egun beranduago, 1982ko urtarrilaren 2an eskaini zen jaialdia Odeoian. Elgoibartarren erantzuna bero beroa izan zen berriz ere eta egunakariek ere gogoz txalotu zuten Haritz Dantzari Taldearen lana: "gran éxito" , "formidable y apoteósica."
Lehenengo jaialdiak erakutsi bezala ordea, arrakastak ez du iraunkortasuna ziurtatzen eta dantza taldeak gora-behera handiak izan zituen hurrengo urteetan. Ordurarteko batzordeari Iñaki Gilek hartu zion erreleboa taldearen zuzendaritzan, Patxi Alvarezek jarraitzen zuen arduratzen azpiegitura kontuetaz eta Lourdes Odriozola hasi zen dantzarien prestaketa fisikoa gidatzen. 1982an Euskal Dantzarien Biltzarraren bitartez Gipuzkoako dantzen ikastaroa burutu zen Elgoibarren Iñaki Gordejuela Goizaldiko dantza maisu bikainak zuzenduta. Urte berean ohizko jazkeren erakusketa antolatu zen Bilboko Euskal Museoko Karmele Goñi zuzendariaren laguntzarekin eta Juan Antonio Urbeltzek hitzaldia eskaini zuen.
1983an Arizkunen eta 1984an Iruñean ospatu ziren Dantzari Egunetan izan zen dantza taldea. Dantzarien belaunaldi aldaketaren ondorioz dantzari berriak eta lehendik jarraitzen zuten batzuk osatzen zuten taldea eta dantzak hutsetik ikasten hasi beharrak taldearen dinamika moteltzen zuen. Emanaldiak ziurtatu eta bide batez taldea indartzeko bailarako beste herrietako taldeekin jaialdiak prestatzen hasi ziren 1984an. Oñati Oñatz, Mutrikuko Gure Ametsa, eta Eibarko Kezka eta Amalur taldeekin antolatu zen zirkuitoa eta herri bakoitzean jaialdi bana ospatu zuten. Gabon Zaharreko ferian baserritar jantzita trikitilariak lagunduta plazaratu ziren dantzariak.
Odeoiko hirugarren jaialdiak taldeak bizirik jarraitzen zuela frogatzeko erronka itxura hartu zuen Haritz Dantzari Taldearentzat. Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Bizkaiko dantzak prestatu ziren berriz eta "X. urtebetetzeko jaialdia bezala bataitu zuten". 1985eko abenduaren 27an ospatu zen jaialdia Luis Santolayak berriz ere eskuzabal utzitako Odeoi antzokian. Haritz Dantzari Taldearen lehenengo urratsak ezagutu zituzten bakar batzuekin batera, hurrengo hamarkadan nabarmenduko ziren dantzariek parte hartu zuten Odeoiko azken jaialdi hartan. 1986an itxi zen Odeoi antzokia, eta horrela mota honetako emanaldiak egiteko Elgoibarren zegoen areto bakarra eta azken hamarkadetako dinamika kultural bizienaren testigu izan zen antzokia betirako desagertu zen.
Dokumentuaren akzioak