Dokumentuaren akzioak
11. 1998, Haritzen XXV. urteurrena
1998an Haritz Dantzari Taldearen 25. urtemuga ospatzeko hainbat ekitaldi burutu ziren. Udalaren babesarekin urte osoan zehar aparteko ekitaldiz bete zuten Elgoibar eta San Bartolome egunean plazaratu zen sokadantza bereziarekin jo zuen gailurra urteurrenak. Bezperan, 1998ko abuztuaren 23an, 25 urtetan egindako lana txalotuz herriko Urrezko Domina eskaini zion Gillermo Garate alkateak Elgoibarko Udalaren izenean Haritz dantzari taldeari eta San Bartolome egunean, Haritzen lehenengo sokan parte hartu zuten hainbat dantzari eta txistulari plazaratu ziren berriz sokadantzan. Udalaren Musika Bandak ere zoriondu zuen dantza taldea eta herriko hamaika elkarte eta talderen zorion oroigarriak jaso zituen Haritzek urte osoan zehar.
Urteurreneko ekitaldien artean jendetsuena Trikitilari Eguna Elgoibarren ospatuz Gelatxo soinujole familiari eskaini zitzaion omenaldia izan zen. Trikitixa Elkarteak, Ongarrik eta Haritzek Trikitixaren mundua erakusketa eta Gelatxo izeneko liburua aurkeztu zituzten eta ekainaren 5ean ospatu zen Trikitilari eguna Elgoibarren. Goizean goizetik trikitxa hotsak hartu zituen Elgoibarko kaleak eta hunkigarria izan zen herriko dultzainero, txistulari eta Haritzeko dantzariek lagunduta, Pedro Sodupe Gelatxo, trikitilariz lepo zegoen plazan sartu zen unea. Elgoibarko Udalak Haritz Dantzari taldearen proposamena onartu eta Urrezko Domina eskaini zion Gelatxori.
Kiroldegian ospatu zen bazkarian 800 lagun inguru bildu ziren, Euskal Herriko baztar guztietatik etorritakoak asko eta Elgoibar eta Sallobente auzokoak beste asko. Arratsaldean Foruen Plazan urtetan Elgoibarren egin den erromeria handiena ospatu zen. Plaza bete lagunek dantzatu zituzten apartekoa den musikarien zerrenda luzeak jotako piezak: Tapia, Leturia eta Motriku, Maixa ta Ixiar, Alaitz eta Maider, Aitor Furundarena, Imuntzo eta Beloki, Iparragirre anai-arrebak, Iker Goenaga, Karlos Aranzegi, Zabale anaiak eta Lourdes Alkorta, Trikitixa Elkarteko taldea (Oihane Balenciano eta Adolfo Jainaga tartean), Elgoibarko Udalaren dultzaineroak eta txistulariak,...
Martxoaren 29an Euskal Herriko Txistularien batzar nagusia ospatu zen Elgoibarren eta goizean goizetik hasita gaueko ordu txikietara txistu eta danbolin hotsak zabaldu ziren behin eta berriz Elgoibarko kaleetan. Maiatzaren 24an, berriz, Erraldoi eguna ospatu zen eta erraldoi eta buruhuandien konpartsa mordoska batek alaitu eta berotu zituen herriko kaleak eta ikusleek hankak. Maiatzaren azken igandean dantza erakustaldi bikaina eskaini zuten Foruen Plazan Galdakaoko Andra Mari, Portugaleteko Elai-Alai, Añorgako Arkaitz eta Elgoibarko Haritz dantzari taldeek.
Urteurrena herriko taldeekin elkarlanean sakontzeko aproposa izan zitzaion Haritz taldeari. Harreman estu horren ondorioz, Elgoibarko Elkarte Filatelikoak dantza taldearen inguruan antolatu zuen sellu erakusketa; Mauxitxa txarangarekin elkarlanean euskal ihauteria aurkeztu zen aratusteetan herriko kaleetan; Itxaropena abesbatzarekin San Juan suaren inguruan dantza eta kanta ikuskizuna eskaini zen San Juan bezperan; Ongarri elkartearekin dantza taldeari buruzko erakusketa prestatu zen herriko jaietarako; eta Elizako taldeak urtero prestatzen duen jaiotza erraldoia goitik behera berritu eta dantza taldearekin lotu zuen. Enrike Izagirre Haritzeko dantzariak Hartzarenak hitzaldia eskaini zuen eta Argia taldearen Alakiketan erakusketa ikusteko aukera izan zen.
Dokumentuaren akzioak