Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Dantza taldeak zertarako?

Dokumentuaren akzioak

Dantza taldeak zertarako?

Oier Araolaza, 2002/11/01.

*Ikus oharra bukaeran

Azken aldian zenbait dantza alorreko zenbait aditurengandik lehen ere entzuna nuen ideia hau jaso dut. Hau da, dantza taldeak direla euskal dantzaren egungo egoera okerraren eragile nagusiak.

Horrela borobil eta gordin esanda astakeria eta bidegabekeria dirudi, baina euskal dantzaren munduan eskarmentu handia eta folklorearen ezagutza aberatsa duen jendearengandik etorrita, merezi du gordinkeria horrekin zer adierazi nahi den aztertzea.

Beraz, "dantza taldea"ren ereduak eragiten dituen zenbait arazo adierazten saiatuko naiz ondoko lerroetan. Hori bai, aldez aurretik hiru ohar:

1. Orokorrean hitzegingo dut, dantza tradizionalen antolaketa eta kudeaketa eredu batetaz, eta horrek ez du esan nahi talde guztiak eta beraien jarduna zaku berean sartu eta errazkeriaz juzga daitezkeenik.

2. Hau ez da inoren lanaren epaiketa, baizik eta antolaketa sistema batek eskaini dituen ondorio negatiboen (positiboak izan dituela ukatu gabe) adieraztea.

3. Jakin dezazuela ni ere antolaketa eredu horren (dantza taldeen) kide eta bultzatzaile nauzuela.

Guzti hori kontuan hartuta, gogoratu beharrekoa da egun dugun dantza taldearen eredua XX. mendean sortutakoa dela, eta beraz, gainbeheran zetorren dantza tradizionalen ohiturei eutsi eta indarberritzeko sortu zen eredua dela. Baina zer gertatu da?

a. Monopolioa. Dantza taldeek monopolizatu dugu dantza tradizionalen alorra, eta ordurarte funtzionatzen zuten agente indibidualak eta talde ez sistematikoak baztertuta geratu dira.

b. Neurririk gabeko hedapena. Herri eta auzo guztietan sortu dira dantza talde antolatuak eta hamarkada batzutan (60-80) masifikazio fenomeno itzela gertatu da.

d. Dantza nortasun politikoaren euskarri bihurtu dugu. Auzoko edo herriko dantzari soil izatetik Euskal Herriko dantza talde izatera pasa gara. Beraz, Euskal Herri osoko dantzak prestatu eta ematen ditugu, historikoki eta kulturalki inoiz izan gabeko tradizio berriak ezarriz gure herrietan. Ondorioz, gure herrietan lehenagotik dantzatzen ziren asko baztertu eta galdu egin ditugu

e. Merkatua saturatu dugu. Saio batean 7 herrialdetako dantzen laburpena eskaintzen badugu eta ehunka talde baldin badaude horixe bera egiteko moduan, oso denbora gutxi behar da ikusleari dena ikusita duenaren sentsazioa eskaintzeko. Errepertorio tradizionala mugatua (aberatsa baina mugatua) denez, berehala erre ditugu baliabide gehienak, eta orain, "berri"tasunaren bilaketa eroaren zurrunbiloan erori gara.

f. Dantza taldeen antolaketa demokratikoa. Dantza talde askotan ez dago gidaritza garbi bat. Beraz, ausartenak, langileenak, oihu egiten duenak edo bozketa “demokratikoak” erabakitzen du taldearen norabidea. Oso gutxitan dantzaren ezagutza zabalena duenak edo kriterio egokienak dituenak.

g. Dantza taldeak egitura formala hartzen duen unetik aurrera, taldeak berak du lehentasuna eta ez dantzak. Egiten den guztia taldearen progresioa edo irautea ziurtatzeko da, eta ez dantza beraren onerako. Dantza saioak antolatu behar dira erregularki, taldeak irauteko beharrezkoa dituelako, eta ez dio ardura ganorazko dantza saiorik eskaintzeko moduan gauden, errepertorioa erreko dugun, edo ba ote dugun ezer transmititzeko.

h. Asteroko ensaioak egiten ditugu, gorputza gehiago prestatzen dugu, teknika zorrotzagoa dugu, eta gero eta ikusgarriago dantzatzen dugu. Prestaketa horrekin, erromerietan ere nabarmentzen dugu gure dantzari sasoia, dantza taldeetan jarduten ez duten beste guztiak akonplejatuz eta uzkur araziz. Beraz, beste inork dantzatzen ez duenez dantza taldeetakoak oraindik behartuagoak sentitzen gara plazan dantzatzera eta dantzalekua monopolizatzera.

i. Dantza taldeen tirania. Ez dugu gure gustuko dantza taldea askatasunez aukeratzen. Gure auzoan edo hurbil dagoelako, lagunak ditugulako bertan edo umetan eraman gintuztelako hasten gara talde batean. Eta hori gero ez dago aldatzerik. Beste talde eta eredu batzuk ikustean argi izaten dugu "gure taldearen eredua" dela onena (eta egokia den bakarra...). Gure taldearekiko dugu lotura hautsi-ezina da. Inori ez zaio okurritzen "beno, talde honekin urte batzuk eman ditut eta banoa orain beste horrekin probatzera". Talde bat utzi beste batera joateko "traizioa" da! Konpartitu daiteke, baina ez aldatu.

Bukatzeko hasierakoa gogoratu nahi dut. Ez dezala inork dantza taldeen aurkako libelotzat hartu zerrendatxo hau. Dantzaren inguruko gure jardunak programatzean kontuan hartzeko baliagarri izan daitezkeen ohar baino ez dira. Eztabaidagarriak eta eztabaidatzekoak, noski!

 

*Lerro hauek posta zerrendan sortu zen iritzi truke baterako idatzitakoak dira. Ondoren Gasteizko Folklore Akademiaren Doinu eta Dantza berripapererako laburtu nuen eta azken bertsio hori da hemen zintzilikatu dudana.

Dokumentuaren akzioak