Dokumentuaren akzioak
Dantza Anoetan
Fernando Rojo, Mikel Errazkin, 2003/02/25.

Juan Garmendia Larrañaga etnografo tolosarrak
bere “Solsticio de verano” liburuan jasotzen ditu garai bateko Anoetako
San Joan jaiak, Sarobe eta Tolaretxe baserrietatik entzunak. Bertan
aipatzen denez, dantza-soka Anoetako jaietan hiru aldiz dantzatzen zen;
San Joan egunez meza nagusiaren ondoren eta arrats partean; eta San
Joan hirugarrenean bestea, ekainaren 26ean alegia.

Azken egun honetan, goiz osoan zehar baserriz
baserri oilasko biltzea egiten zuten, oilaskoak makil batean zintzilik
eramaten zituztelarik. Bazkalostean, arratsaldeko 4etan ollasko jokuba
egiten zen: oilaskoa hiru makilei lotua ezarri eta dantzariak zortziko
bat inprobisatuaz bertara hurbildu eta ezpataz lepoa mozten zion
oilaskoari. Oilasko hauek afaltzeko arrazoi izango ziren. Tarte
horretan egiten zen Aurreskua. Aurresku honetan lehen dantzariak
piparerroskilla bat zeraman eskuan eta sokara ateratzen zuten lehen
emakumeari emango zion opari gisa.

50. hamarkadan hau aurrera eramango zuen dantza talde bat sortu zen.
Urte askotan taldearen arduraduna Manuel Odriozola izan zen. Policarpo
Olano, Iruratik etortzen zena, ibili zen irakasle moduan. Taldea 16
mutil izatera iritsi zen, eta hauek egiten zuten dantza-soka San Joan
eguneko meza nagusi ostean. Garai honetan dantza honek harreman handia
izan zuen Tolosan San Joan egunez ospatzen ziren batelekin. Izan ere,
Guadalupeko Anoetako langileek hainbat bandera eskuratu zituzten garai
honetan. Arraunlari hauei herrira itzultzean taldeak dantza bitartez
eskeintzen zien ongi etorria. 60. hamarkadan herriko jendea Tolosara
joaten zenez batelak ikustera jaien eguna Korpusera igaro zen; jaiekin
batera dantza-soka.

Hasiera batean txistulari gisa Ramon Urruzola tolosarra eta Mikel
Arregi zizurkildarra etortzen ziren, gero Jabier Sarasa ere ibili
zelarik. Dantza-sokan aurre-atzian, aurreskulari eta atzeskulari moduan
David Mateo eta Txomin Garmendia Arotzetxekoa ziren, oso dantzari finak
herri tradizioak dioenez. Policarpo Olano ostean Pedro Ezkerra irurarra
etortzen zen erakustera. Dantzari hauek nabarroz jantzita irteten
ziren, hau da, zuri-gorriz.

San Joan egunez gain, ikasitako dantzak, batik bat Bizkaiko ezpata
dantza, hainbat lekutan dantzatu zuten. Besteak beste, 1952ko
abuztuaren 30ean Anoetako Escuelas Nacionales-en inaugurazioan, bertara
Luis Carrero Blanco Ministroa eta Caballero Ahaldun Nagusia etorri
zirelarik; Donostiako Txofreko zezen plazan Euskal Jaialdi erraldoi
batean beste 15 talderekin batera (itxuraz Falangeak antolatutakoa);
1962 inguruan Tolosako San Joanetan Bordon dantza eta aurreskua,
tolosar dantzariek Udalari plante egin eta gero.

Gerora emakumeen dantza taldea sortu zen, irakasle Joxe Leon Larrarte
izan zutelarik. Azken urteetan dantza izpiritua mantendu zuena
Txalaparta dantza taldea izan zen. Gaur egun Anoetako Udalak gaztetxoen
dantza taldeaz gain hainbat ikastaro antolatu ohi ditu.

Otsailaren 22an hainbat aldiz galdu den ohitura zahar hau
berreskuratuko da herriko gazteen ekimenez. Dantza hau garai berrietara
egokitu da, besteak beste, dataz aldatu eta ihauteri garaira pasa da.
Gainera emakumeek beren espazio propioa izango dute, bazkalaurreko
dantza-soka euren ardurapean egongo delarik. Nesken dantza-soka hau
Gipuzkoako bakarra da.

Fernando Rojo

Mikel Errazkin

Dokumentuaren akzioak