Dokumentuaren akzioak
Zahar berri
- Egilea
- Xut
- Formatua
- CD
- Editorea
- Etxe-ondo
- Data
- 2006/12/05
Xut fanfareak Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoako doinuekin osatu zuen diska hau. Miguel Angel Sagasetak bildutako partituretatik abiatuta tokian-tokiko musikari eta lagunekin moldatu zituzten doinuak. Besta Berri jaian erabiltzen diren hainbat doinureki batera inauteri, herriko jai eta bestelako festetakoak agertzen ditu CDak.
Doinuak
01 Galtxetaburia
02 Karrikartia
03 Danzaenia
04 Tafernaberria
05 Dorria
06 Lakoenia
07 Tonkinoise
08 Titi-Iantza / Le spirou
09 L'Atomic
10 Grabelania
11 Basagaitza
12 Eskilia
13 Ekaina
14 Magnificat
15 Benedicamus
16 Domekenia
17 Glisez mortels
18 Serorateia
19 Txantreteia
20 Xistelatea
21 Oihenartia
22 Dantzena
Musikariak
Akordeoia: Roberto Lazaro
Akordeoia: Serafin Zalba
Arrabita: Natalia Segura
Atabala, Bonboa eta Txintak: Iñaki Osinaga, Patxi Olaiz eta Iosu Sarasate
Bonbardinoa: Alvaro Diaz
Klarinetea: Dani Sanchez
Tuba: Iosu Lizarazu ("Puntxes")
Tronpeta eta tronpeta barrokoa: Carlos Perez
Txanbela eta zeharkako xirula: Koldo Azcona
Txirula: Bea Segura, Xabier Irisarri
Hari-laukotea
Arrabita: Muskilda Paskualena
Bibola: Blanca Arbea
Biolontxeloa: Ana Hernandez
Fitxa teknikoa
Produkzioa: XUT
Edizioa eta zabalkundea: Etxe-ondo
Grabaketa: Iruñeko Arion estudikoa
Soinu teknikariak: Jesus Los Arcos / Daniel Ulecia
Diseinua eta maketazioa: Horixe Diseño
Irunea, 1998
CD-arekin batera datorren liburuskan jasotako testua:
Zahar berri
Kasik hogei urte iragan dira gure azken diska agertuz geroztik. Aunitzek entzun dituzue gure doinuak, nahiz eta gutaigok gure izena ezagutu eta segur bakar batzuek doi doia jakin nor ginen taldeko partaideak.
Iruñeko Udaletxeko dantzari talde barnean asmatu zen XUT fanfarrea 1970eko hamarkadaren erditsutan eta, 1982a arte iraun zuen. XOXOA aetxean egin ginuen gure lehen diska hori eta, bere azalean agertzen zen San Ferminetako afitxa zahar bat. Arrakasta ederra ukan zuen 1980eko urtetan gaindi eta gero, herrietan ibiltzen ziren txaranga, banda eta bestek, nasaiki baliatu zituzten gure doinuak. Gaurko egunean oraino, "Lesaka Bat" eta beste holako batzu jotzen dira gure betiko musika herrikoia bezala. 15.000 diska saldu ziren, bereziki ostatu eta leku publikoetan erabiliak izateko. Herri musikak ziren alabainan. Euskal Herriko karrika eta plazetan ibili ginen soilik, kontzertu haundi eta holakorik egin gabe. Eta, diska berri hau dela eta, nahi ditugu eskerrak bihurtu hain ontsa errezibitu gintuzten leku batzueri. Gero gure agerraldiak bakandu ziren eta azkenean, bururatu 1982an. Doinu ezagun batzu utzi genituen bai ta ere lagun onak egin hainbat lekutan.
XUTen urte beretan, Principe de Viana erakundeak argitaratu zuen 1978an, Luzaideko dantzen liburu bat M.A. Sagasetak izkiriatua. Hamar urtez gaindi, bai Luzaiden, bai ta ere Ipar Euskal Herri gehienean bildu ta ikertu emaitza baten ondorioa izan zen. 1981ean, XUTek bereganatu zituen M.A. Sagasetaren eskuetatik, Baxe Nafarreko 40 doinuen partizioneak (gehienak ezezagunak). Hartan gelditu zen agera gu zordun bezala geldituz.
1996an, Roberto Lazarok proposatu zaukun berriz elgarretaratzea, Sagasetaren uzta ikertzeko eta hedatzeko. Hola finkatzen da XUT berriaren agerpena eta lan berri hunen sustatzea. Duela hamar urte egin ginituen gure azken emanaldiak eta, konprenitzekoa den bezala, biziko gorabeherak tarteko direla, orduko 12 lagunetatik ez gira lau baizik juntatu. Izugarri, Paz de Ziganda eta beste txaranga batzuetako soinulariak guri uztartu dira urrats berri hau emaiteko. "Benedicamus" eta "Magnificat" jotzeko, musika tresna haridunak baliatzen dituzte laukote baten laguntza izan dugu. Eta gisa hortan, elgartzen ditugu adinez eta izaitez diferenteak diren musikariak.
Ongi badakizue nor giren eta gure lana erakutsi behar dautzuegu. Sagasetak partizioneak utzi zauzkun eta horiek ikertzeko eta osatzeko, Lapurdin eta Baxe Nabarren gaindi ibili gira.
Partizione horietan hamalau, Besta Berriko aireak dira. Heletan eta Iholdin bilduak.
Hastapenean berean, ohartu ginen, biziki besta berezia zela, nun musika, dantza eta ohitura uztartzen baitira. Ipar Euskal Herrian, arras jenden gogokoa da Besta Berri eta ez bakarrik Baxe Nabarran, joan den medean duelarik iturburua. Herri anitzetan ohoratzen da Besta Berri manera berezi huntan eta batzu eta batzuetan, hogeigarren mendean hasi dira. Denbora jin denbora joan, itxura ez zaio biziki kanbiatu nahi eta herri bakotxak bere moldea emendatu. Doinu motak, arropak eta beste itxurak: horiekin baliteke liburu batn gaia. Horra hor beste pario bat lanari eta ikerketari lotu nahi dutenentzat.
Diska guziari osotasun bat emaiten dako Besta Berriko musikak, nahiz eta beste aire batzu ere sartu ditugun. Alabainan, Lapurdin, Xuberon eta Baxe Nabarren, gertakari gehienak baliatzen dira jauziak, martxak, polkak eta kontradantzak emaiteko. Ez da nihundik ere Besta Berri ikertzen ahal bakarrik, beste ohidura horiek bazterturik. Alde batetik, Besta Berri eta Otaba beren prozesioen eta elizkizunekin, bestalde dantzak eta kantuak.
Aitortzekoa da gure lan huntako doinuak urte osoan dantzatzen direnak direla eta, ez bakarrik Besta Berri egunean: nahi dugu begien bistan utzi ez dela hor katzakarik, baizik eta osotasun bat Iparraldeko Folklorean.
Hainbeste kontradantza eta martxo atxeman ginituen Sagasetaren emaitzan nun ohartzen baigira ez dutela izenbururik ere. Jauzi bakotxak badu bere deitura bainan kontradantzak eta martxak xifre soil batekin izendatuak dira: 1ª, 2ª, 3ª, eta beste. Horra zergatik, ausartzia hutsez, deliberatu dugun bakotxari nortasun bat emaitea, gure Baxe Nabarre maiteko etxe izenen bidez. Alabainan, etxe horietan, jenerazionez jenerazione, dantza horiek ikasi eta eman dira aire horietan. Gure bihotzkada erakutsiz denboran Nafarroari kendu zuten Baxe Nabarre Maitagarriari bai eta Besta Berriko ohidurari ere, eskertze batzuekin bururatzen dugu solasaldi hau.
M.A. Sagastea: Luzaideko erretor ohia, bere emaitza nasaia gatik.
Xabier Itzaina (Itsasu): Besta Berri buruzko xehetasunak emaitea gatik.
Michel Aurnague (Uharte Garazi): Baxe Nabarreko doinuen interpretazionea.
"Adartza" Taldea (Peio Jaury eta Josef Darridu): doinuen zuzenketa
Aita Etchehandy: Folklore ikertzailea
Noël Elorga (Bidarrai): Baxe Nabarrari buruzko informazioa.
Mikel Melero: filologoa, testuak.
Ciryl Jeannot: itzulpena.
Xabier Muñoz: musika laguntza.
Jesús Los Arcos (Soinu Teknikaria, "Ariont")
Benito Goñi (Diseinua "Horixe")
Juan Miguel Cantero ("Kiteria") eta Teodoro Echeberri Luzaidarrak, musikari haundiak eta lagun maitagarriak: beren laguntza baliosa gabe, lan hau ez ginuelako bururatuko.
Iruñeko "Iparla" Elkartea.
Dokumentuaren akzioak