Dokumentuaren akzioak
Txistulari 255, 256
- Egilea
- Euskal Herriko Txistulari Elkartea
- Formatua
- Aldizkaria
- Editorea
- Euskal Herriko Txistulari Elkartea
- Data
- 2018/12/01
Migel Angel Sagaseta txistularia eta ikerlaria da Txistulari aldizkariaren 255, 256 zenbakiko protagonista nagusia. Iturenen jaio zen 1941ean eta bizitzako zati handi bat euskal kultura jaso, ikertu eta mantentzeari eskaini dioten apaizen belaunaldiaren parte da. Luzaideko dantzak biltzen hasi eta Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoan barrena dantza-maisuen arrastoei jarraituz lan mardula egin du Sagasetak. Euskal Dantzarien Biltzarraren izenean egindako ekarpena eskertu dio Joseba Altubek aldizkariko lehenengo zutabean.
Jose Manuel Albenizek Sagasetari egindako elkarrizketa irakur daiteke hurrengo orrietan. Sagasetak kontatzen du dantza eta musika familiatik jaso dituela, Aurelio anaiak txistua jotzen zuen eta arrebek zortzikoa dantzatzen zuten. Aita ere dantzaria zen, musika entzun orduko bera omen zen korrora hurbiltzen zen lehena. Iturenen dantzak erakusten ere ibiltzen zela aita dio; azkenengo aldiz dantzan Aurelio anaiak lehenengo meza eman zuen egunean ikusi zuen. Migel Angel Sagasetak Luzaiden izan zuen lehen lan-lekua behin apaiz eginda. Bertan dantza-jauzien bilketa lana egin zuen eta txistu eskola ere ireki zuen, baita ondoren Leitzan ere. Albenizek Sagasetaren lanerako garrantzitsuak izan diren hainbat faktore nabarmentzen ditu: apaiz izanda etxeetako ateak irekita izan dituela, ondorengoei musika transmititzeko grina eta euskal kultura baloratzeko eta gordetzeko sentsibilitatea.
Jarraian, Sagasetari 2018ko irailaren 15ean Urdiainen eskaini zitzaion omenaldiko kronika jaso da. Dantza eta txistu doinuen artean egin zitzaion Sagasetari aitortza. Txistulariak, domina jasotzean, bere laguntzaile guztiak gogoan izan zituen eta aitortu zuen egindako lana gozamen hutsa izan dela berarentzat. Euskal Herri osoari eskaini zion domina eta bere lanari jarraipena emateko beharra azpimarratu zuen.
Jose Ignazio Ansorenak omenaldira joaterik ez eta egun batzuk lehenago bisita egin zion Sagasetari. Hala kontatzen du aldizkarian eta oparia ere eskaini ziola, Sagasetaren bizitza musikala laburtzen duen kontzertutxoa. Sagasetak txundituta utzi omen zuen Ansorena, Iturengo soka-dantza jotzen hasi zenean aulkitik altxa eta dantzan hasi baitzen.
Sagaseta, ordea, ez da ale honetan lekua izan duen txistulari bakarra. Jose Manuel Ugarte Tolosako txistulariari ere eskaini zaio tartea. Bestalde, aldizkariaren bigarren zatian klaretar musikagileak dira hizpide. Horrez gain, beraien zenbait errepertorioren partiturak argitaratu dira.
Bestalde, Elosegi eta Zabaleta txistulariek, txistularien eta dantzarien arteko harremanaren inguruko gogoetak konpartitu nahi izan dituzte irakurleekin. Pedro Elosegik dantzariei laguntzeak bezainbesteko poza eman dion lanik ez duela egin aitortzen du. Kontzertuetan hitzaldia ematen ari dela iruditzen zaio, baina dantzariei jotzea elkarrizketaren parekoa dela. Dantzariekiko harremana zuzena dela sentitzen du eta dantzariek eta txistulariek elkarri laguntzen dietela. Horrekin lotuta, beharrezkoa ikusten du musika tresnaren irakaskuntzan dantza tradizionala txertatzea; musikaria dantzaria ere izateak konfiantza handia ematen baitio dantzariari. Bide beretik, Gorka Zabaletak txistulari ona izateko ezinbesteko hiru puntu aipatzen ditu eta horietako bat dantza erritmoen oinarrizko ostinatoak dira. Dantzaren esentzia ulertzeko beharrezkoak direla dio.
Edukiak
- Hormatxulotik: Bazka - Jagoba Astiazaran
- Zutabea: Sagaseta - Joseba Altube
- Xiria pasa: Gogoetaldia - Pedro Ignacio Elosegi
- Diskopolis: Nor zara zu? - Ainara Martinez
- Solasean: Migel Angel: "En Valcarlos no hay grupo de danzas es un pueblo que danza" - Jose Manuel Albeniz
- Kronika: Sagasetari domina emate ekitaldia
- Umorea: Txispunk
- Artikulua: Sagaseta. Oparia ematera joan eta hartua itzuli - Jose Ignazio Ansorena
- Artikulua: Jose Manuel Ugarte Oria, txistulari ongilea - Jose Ignazio Ansorena
- Artikulua: Alaken, gabon-kanta ala bertso satirikoak? - Agustin Mendizabal
- Artikulua: Claretianos, músicos para recordar - Josu M. Alday
- Ale honetako musikari buruz: Klaretar musikagile hainbat - Jose Ignazio Ansorena
- Solasean: Luis Elizalde, langile nekaezina - Christian Alemany
- Kronika: Santa Zeziliarekin batean, Luis Udakiola gogoan - Leire Goñi
- Artikulua: Luis Udakiola Etxebarria, medalla de plata de EHTE - Iñaki Eguren
- Artikulua: Urduñako musikaren nondik norakoak: Gabonetik adoraziora - Koldo Ulibarri
- Saski naski
- Arbeletik: Erraza ongi egitea ere ez da gutxi - Gorka Zabaleta
- Artikulua: Si abrias tocau en Fa# - Miguel R. Madinabeitia
- Artikulua: Eusko Ikaskuntza y sus txistus o el reparto del silbo artesano en serie - Emilio Xabier Dueñas
- Txokorik txoko: El txistu en la Ribera - Alfonso Jiménez
- Euskarabentura, txistulariak ere tartean - Jose Ignazio Ansorena
- Interesgarriak
- Partiturak:
Agur t’erdi - Luis Elizalde
Baserrietako olerki ituna - Luis Iruarrizaga
Minuetoa - Luis Iruarrizaga
Glosando a Sarriegi - Luis Elizalde
Danza de desembrujamiento - Ruperto Iruarrizaga
Beti penetan - Luis Elizalde
Jai egunez - Antonio Sierra Valgañon
Jota Vieja - Pedro Sola / Luis Elizalde
Txistulari 255 eta 256 aleak
2018ko uztaila-abendua.
Lege gordailua: VI-607-77
ISSN: 1579-0304
Dokumentuaren akzioak