Dokumentuaren akzioak
Hariari Tiraka
- Egilea
- Juan Arriola eta Arkaitz Miner
- Formatua
- CD
- Editorea
- Musikart
- Data
- 2012/12/03
Arrabita edo bibolin tradizionalaren soinuarekin jolasean prestatu dute diska hau Juan Arriola eta Arkaitz Minerrek. Garai batean musika tresna arrunta eta zabaldua izan zena, plaza eta kaleetatik desagertzen joan zen euskal eremuan, eta soilik musika klasiko eta kultoaren gordelekuan ezagutu dugu. Errepertorio tradizionala bibolinarekin interpretatzeko soinu-bidean beste urrats bat eman nahi izan dute Arriola eta Minerrek diska honekin. Juan Mari Beltranek eskaini du testuinguru historikoa diskaren liburuskan:
Galdutako hotsoaren bila
Biolinarena izan da azken mendean gure musikaren ondaretik galdu dugun hotsetako bat, biolina izan baita, dokumentu zaharretan ikus dezakegunez, XVI.mendetik XX.mende hasiera arte euskal herri musikan modu nabarmenean erabili izan diren soinu-tresnetako bat.
Aurkitutako dokumentazio zaharrean 1507tik XX.mende hasiera arte Euskal Herriaren eskualde guztietan ikus ditzakegu biolin motako soinu-joleen presentzia. Violin, rabel, arrabita, xirrita, rabet... eta antzeko izendapenekin ageri dira, eta, askotan aipatutako hori arrabita-rabel zaharra edo biolina den jakitea zaila bada ere, ziur gaude ministrik, juglar, eskale edo itsua izanik, batzuetan bakarka, besteetan perkusionistekinedo danbolinteroekin taldea osatuz, erresonantzi kaxa duten igurtzitako soken hotsek ehunka urtetan lagundu dutela gure herrietako mota askotako festa eta ospakizunak.
Gure artean entzun ditugun azkenetako herri biolin-joleetako batzuk dira XX.mende hasieran Bizkaiko erromerietan jotzen zutenak, Hernani eta Lasarteko plazan jaiero jotzen zutenak, Iparraldeko herri dantzetarako jotzen zutenak eta gaur egun arte Euskal Herriko herri askotako errondailetan jo duten bezalakoak.
Badugu gure artean funtzionatu duen beste biolin talde mota bat. XIX.mende bukaeratik 1950 hamarkada arte Nafarroako dultzainero asko biolin joleak ziren eta horietako batzuk herrietako festetara jotzera joaten zirenean bi modutan ibiltzen ziren; egunez bi dultzainero eta danbor joleaz osatutako taldearekin, eta gauez, bi biolin eta gitarra harturik, tabernaz taberna jotzen ibiltzen ziren gure herri musikaren beste hots eta estiloa eskainiz. Azken formatuaren antzeko da Juan Arriola eta Arkaitz Minerrek aurkezten digutena. Badirudi halako biolin bikote zahar horiei lekukoa hartu eta aurretik egindako bideari jaraipena eman nahi diotela. Horrela, gure atzoko eta gaurko ondare musikal zabala arakatu ondoren egindako aukeraketa bikaina biolinaren soken hots ederrez eskaintzen digute.
Bilatuko al dugu galdutako hots eder hori? Berreskuratuko eta berpiztuko al zaigu euskal herri biolina? NIk uste dut halako musikarien esku trebeetan egonik guzti hori ondo bideratuta dagoela. Helburu zirraragarri eta erronka liluragarria eskarmentu handiko bi biolin jole aparta hauek hartu dutena.
Juan Mari Beltran
Edukiak:
- Arramendiko kaskoa
- Txinparta
- Mariana eta Hegi
- Altsasuko soka-dantza
- Saka / Artikutza
- Dantzari dantza
- Aita-semeak (Lagundurikan danoi)
- Oroimenez
- Larue / Korostietako arin-arina
- Ai hori begi ederra
- Zortzikoa / Loriak udan ihintza bezala
- Nahiko larri / Bide alaigarri
- Martxa baten lehen notak
Arramendiko kaskoa (kalejira)
Arramendiko kaskoa edo muinoa Arkaitzen jaioterrian dago, Oreretan, eta bere oroitzapenen bilduman toki berezia du. Historiaren bilakaera lekuko isila izaki, leku esanguratsua izan da beti herritarrentzat. Bertara igota bailara guztia ikusmiran: inguruko mendiak, itsasoa, neurrigabe hazitako herrigunea, industrializazio desberdinen gehiegikeriak, Karlistadetako gotorlekuak, Erdi Aroaren amaierara arte nabigagarria zen Oiartzun ibaiaren sarrera-irteera, asaba zaharren baratzak, eta abarren gisako osagaiekin eratutako gogoeta konstruktiboen emaitza duzu doinu hau.
Txinparta
Antzinako arrabitaren partitura edo grabazioen aztarna bila hasi eta ezer aurkitzen ez eta, Juanek berak, arrabitarekin jotzeko doinuak sortzeari ekin zion. Txinparta da, beste batzuen artean, sortutako doinuetako bat. Txinparta, sua gori-gori dagoenean gertatzen den leherketaren ondorioa da; baina era berean, distantziatik botatako sagardoa basora erortzean sortzen den aparrari ere txinparta esaten zaio.
Mariana eta Hegi
Egun Ipar Euskal Herria gisa ezagutzen ditugun ekialdeko lurraldeetan egiten dira jauziak, baita Biarnon ere, sauts eta mutxikoak izenez ere ezagunak direnak. Probintziatik probintziara, eta areago, herritik herrira, urratsen estiloa, aldaerak eta izenak aldatu egiten diren arren, nornahik eta nonahi dantzatzeko modukoak dira jauziak, eta horrek, azken hamarkadetan Euskal Herri osora izan duten hedapena erraztu egin du. Honako hauek bi jauzi labur dira: Mariana, Zuberoan batez ere Aintzina PIka izenarekin ezagutzen dena, eta Hegi.
Altsasuko soka dantza
Ekainaren 29an, San Pedro egunez soka-dantza egiten da santu berari eskainitako baselizan, Altsasu eta Urdiain arteko mugan. Alkateak egiten du lehen zortzikoa eta ondoren herritarrek nahi adina aldiz. Pieza honekin, zerbitzariek, dantzariek alegia, sokaz kanpoko pertsona bat ekartzen dute sokara eta berariaz dantzatzen diote bakarlari gisa. Nahiz dantzarako azkarrago jotzen den, Alasdairrekin eta Natalierekin landutako aldaera honetan beste haize berri bat eman nahi izan diogu
Saka/Artikutza
Badira bi fandango antzeko hasierarekin, pieza honetan grabatu dugunak Saka du izena (bertan jotzen duguna) eta besteak Kortxo, beraz sakakortxo, horra otordu girotuetan ezinbesteko tresna. Artikutza berriz, Nafarroako Goizuetaren lurren baitan egonagatik, Donostiarena den herrixka da, bost baserriz eta urtegi batez osatua, Aiako Harrien parke naturaleko ingurumarian, pago-arbolez osatutako baso eder batez inguratuta dago.
Dantzari dantza
Berriz, Iurreta eta Durangoren gisako Durangaldeko herrietan egiten den Dantzari dantzako zenbait dantza biltzen ditu pieza honek: Zortzinangoa (edo zortzikoa), Banangoa (edo banakoa), Launangoa (edo launako) eta Binango zaharra. Zortzi dantzarik osatutako taldean egiten da Dantzari dantza, gaur egun Euskal Herri osoko dantza-taldeen errepertorioan ohikoa dena.
Aita-semeak
Pedro Mari Otaño (1857-1910) bertsolariak hemezortzi urterekin garai zailak bizitu zituen: Familia pobrea, lanik eza eta Bigarren Karlistaldira joateko arrisku bezalako aldagaiak, erabakigarriak izango ziren Ameriketako Argentinara hain gazterik joateko erabakia hartzerakoan. Segur aski, bidaian abiatu aurretik aitak emandako aholkuak izango dira Lagundurikan danoi bezala ezagutzen dugun Aita-semeak bertso sorta sonatuan bildu zituenak, balaunaldi arteko transmisioaren erakusgarri.
Oroimenez
Musikari askoren alde egindako lanagatik eragile izan zen diskogintzan Joxe Mari Goikoetxea, sentikorra eta gertukoa, gauregun musikari askok diskoetxeen aldetik faltan sumatzen ditugun bertuteen jabe zen, hain zuzen ere. Arin-arin hau, bere hiletan emazteak errautsak zabaltzen zituen unean, Joseba Tapia trikitilariak jo zuen bertaratuengan zirrara handia sortaraziz. Kantu honetan, eta beraien musikarako ikuspuntutik, energia handiz, ekarpen aberasgarri bat eskaintzen digute Alasdairrek eta Nataliek.
Larue/Korostietako arin-arina
Legutioko inguruetan hori koloreari larue esaten diote, fandango herrikoi honi Adolfo Jainagak izen hau jarri zion, kolorea piezari asoziatzean: Larue. Korostietako arin-arina, Urola eskualdeko Laja eta Iturbide trikitilariek 1974an grabatu zuten Trikitilariak diskoan. Korostieta, Azpeitiko Odria auzoan dagoen baserri baten izena da.
Ai hori begi ederra
Melodia eder honekin hiru bertso sorta desberdin ezagutzen ditugu. Zaharrena segur aski Ai hori begi ederra, anonimoa da eta bertso bakar batean pertsona baten fisikoa eta janzkerarekin lilura azaltzen du. Bestea, Bi ama baditit, Etxahun Irurik (1907-1979) maite dituen bi amei jarritako bertsoak, bata bere ama, eta bestea, ama Euskal Herria. Eta azkenik, Mendian sortu bainintza, Xalbador (1920-1976) bertsolariak bere artzain bizitzari jarritako bertso sorta, Erramun Martikorena kantariak doinu honekin kantatuak.
Loriak udan ihintza bezala
Zortzikoak oso ohikoak dira batez ere Gipuzkoako dantzarien errepertorioan, baita bertsolarienean ere. Zortzikoa, egile ezezagunekoa, XIX.mendeko danbolinteroek jotzen zuten. Gaur egun J.I.Ansolarena txistulariak egindako moldaketan Eibarko alboradako lehen pieza da. 2000.urteko Donostiako Txistulari kontzertu nagusian, Andoni Egaña bertsolariak doinu hau erabili zuen Felix Iñurrategi mendizalea omentzeko.
Nahiko larri/Bide alaigarri
Nahiko larri ibiltzen omen dira trikitixa ikasleak kalejira honek dauzkan bosteko nota azkarrak jotzerakoan. Hala ere gure aldaera honetan kalejira hau beste kalejira batzuekin nahastu dugu. Bide alaigarri kalejira, egile ezezagunekoa, lehenengo aldiz Martin eta Iturbide trikitilariek 1979 urtean kaleratu zuten; oso pieza ezaguna da trikitilarien artean.
Martxa baten lehen notak
Mikel Laboaren 60ak+2 diskoan kantu honi buruz testu hau dago idatzita: 1977 urtea aurrera doa eta, Franko hil ondoren, estatuko lehen hauteskundeak izango dira. Kalean era askotako "martxak" entzuten dira: Mikel Laboa kantariak gogokoa du Internazionala, baina ezdu jasotzen gure herriaren antzera, bizirik irauteko borrokan ari diren herri txikien arazoa; martxa nazionalak chauvinista eta ponpatsu samarrak suertatzen dira maiz. Zergatik ez egin martxa bat (Martxa baterako oharrak izenburua jartzen dio), gizakien eta herrien arteko elkartasunaren ideiaren aldekoa, herri eta gizaki bakoitzari dagokion begiramena eta ezagutzatik abiatuz? Ideia horiek gogoan, Laboak martxaren musika egiten du eta J.A.Artzeri eskatzen dio idazteko testu bat ideia orokor horietan oinarrituz. Laboak 1980an grabatu zuen.
Musikariak
- Juan Arriola: Arrabita
- Arkaitz Miner: Arrabita, biola, gitarra, mandolina, zapatak, ttunttuna.
- Xabier Berasaluze (Leturia): Panderoak.
- Alasdair eta Natalie Haas: Arrabita eta biolontxeloa.
- Amaiur Cajaraville: Kontrabaxua.
Grabaketa hau Mikel F Krutzaga teknikariaren ardurapean, Elkar estudioan grabatu eta Musikart estudioan nahastu eta masterizatu da.
- Diseinua: Grafikoki.
- Argazkiak: Juantxo Egaña.
- Eskerrak: Adolfo Jainaga, Imanol Miner, Alan Griffin, Kontxi Irizar, Marisol Bastida, Mikel Fernandez, Xabier Berasaluze (Leturia), Alasdair Fraser eta Natalie Haas, Gari Otamendi, Xabier Vesga, Jon Enbeita, Jon Ostolaza, Amaiur Cajaraville, Borja Goitia, Juan Mari Beltran, Xabi San Sebastian, Crisol de Cuerda.
Hariari Tiraka
Juan Arriola eta Arkaitz Miner
Musikart, 2012
Dokumentuaren akzioak