Dokumentuaren akzioak
Deba eta San Roke. Elezaharra, historia, tradizioa eta folklorea
- Egilea
- Gure Kai Euskal Dantzari Taldea
- Formatua
- Liburua
- Editorea
- Gure Kai Euskal Dantzari Taldea
- Data
- 2016/07/01
Mallorcako erresumaren parte zen Frantziako Montpellier hirian jaio zen Roke. Hiri hartako gobernadoreen semea zen, baina gazterik geratu zen umezurtz. Orduan, ondasun guztiak saldu eta jasotako dirua behartsuenei laguntzeko erabili zuen. Handik gutxira Italia izurrite gogor batek eraso zuen eta hara joan zen gaixoei laguntzera. Azkenean, bera ere kutsatu eta baso batera alde egin zuen. Hil zorian zela txakur batek egunero ogia eramaten zion eta zauriak miazkatzen zizkon. Roke sendatu eta behartsuenei laguntzen jarraitu zuen. Urte askoan kanpoan ibili ondoren, jaioterrira itzuli zen, baina inork ez zuen ezagutu. Espioitzat jo eta atxilotu egin zuten. Azkenean, kartzelan hil zen. Hildakoan ohartu ziren herritarrak benetako saindua zela eta bidegabekeria egin zutela. Hil ondoren ere, jendeari laguntzen jarraitu omen zuen, izurridunak sendatzeko mirariak egiten zituela dio kondairak.
Debarrek ere laguntza eskatu behar izan zioten San Rokeri. Izan ere, XVII. mendean izurri beltza zela eta Debako ateak itxi zituzten kanpotik zetozenek gaixotasuna herrira eraman ez zezaten. Artzabal auzoa, ordea, hiribilduko ateetatik kanpo geratzen da eta beldurturik ziren auzotarrak. Orduan, San Rokeri babes eskaera egin zioten. Salbu atera ziren izurritetik Artzabalgo herritarrak. Handik urte batzuetara Santuaren omenez ermita bat eraiki zuten eta artzabaldarrek promesa egin zuten urtero abuztuaren 16an bizkar gainean igoko zutela santuaren irudia ermitaraino.
Egun, abuztuaren 16a festa eguna da Deban. San Rokeren irudia elizatik atera eta ermitaraino igotzen dute dantzariekin batera segizioan. Ezpata-dantza egiten dute Gure Kaiko dantzariek. Garai batean ezpatekin dantzatzen bazuten ere orain makilak erabiltzen dituzte. Dantza errituala zazpi aldiz egiten dute herriko hainbat puntutan. Dantza osoa, dantzari guztiek dantzatzen duten zatia, santuaren irudia elizatik ateratzen denean eta San Roke ermitaren aurrean egiten da. Gainerako puntuetan kapitainak bakarrik dantzatzen du.
Fitxa
- Egilea: Gure Kai Euskal Dantzari Taldea
- Testuak: Alex Turrillas
- Ilustrazioak: J. Ignacio Treku
- Itzulpenak: Itziar Otegi
- Diseinua: Kaioa a.s.p.
- Inprimaketa: Graficas Irudi
- Lege gordailua: VI 497-2016
- Prezioa: 8€ Erosi liburua
Deba eta San Roke
Gure Kai Euskal Dantzari Taldea, 2016ko uztaila.
Dokumentuaren akzioak