Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak XXVII. Folklore Jardunaldiak: materiarik gabeko ondarea, ekintzak eta ondorioak

Dokumentuaren akzioak

XXVII. Folklore Jardunaldiak: materiarik gabeko ondarea, ekintzak eta ondorioak

2001. urtetik eta, bereziki, 2003.etik, UNESCOk Gizateriaren Materiarik Gabeko Ondarearen Zerrenda Adierazgarria jarri zuen martxan. Zerrenda honen oinarria UNESCOk berak 2003an adostutako Materiarik Gabeko Ondarearen Babeserako Hitzarmena da, zeinean Ondare honen definizioa azaltzen den. Gure inguruan, Nafarroako Kultur Ondarearen Legeak ondare mota hau jasotzen du eta horrela, Interes Kulturaleko Ondarearen (IKO) izendapenei atea irekitzen zaie.

Azken urteetako IKO izendapenak gertatu eta gero, Jardunaldien xedeetako bat izan da herrietan izan diren eskarmentuak jasotzea: bai horrelako izendapenak jaso dituztenen aldetik, bai ondarearen bestelako kudeaketa egin dutenen aldetik ere. Lehendabiziko mahaian, Ituren-Zubietako (IKO-2009) eta Arizkungo inauterien ordezkariak egon ziren (Lantzekoak – IKO 2009- ere gonbidatuak izan ziren, baina azkenean ezin izan zuten agertu). Bigarren mahaian, aldiz, Bergako (Catalunya; 2005ko Gizateriaren Ondare Kulturala) La Patumeko ordezkariek eta Bincheko (Belgika; 2003ko Gizateriaren Ondare Kulturala) inauteriaren ordezkariek hartu zuten parte. Azken hauekin batera, Nafarroako Gobernuko Museoen Atalburua eta Nafarroako Museo Etnologikoaren Zuzendaria den Susana Irigarai andereak hartu zuen parte.

Hizlariek esandakotik eta jardunaldietara hurbildutako entzuleen partaidetzatik ondoko atarramenduak atera daitezke:

1. Turisten etorrera era gatazkatsuan eta, era berean, modu kontraesankorrean bizitzen da. Konfliktiboa pertsona arrotzen egoteak berak bere eragina daukalako ospatzen diren eginkizunetan. Kontraesankorra gatazka hori ez baita bizitzen era positibo ala negatibo batean: Alderdi positiboak eta negatiboak batera doaz eta elikatzen dute turistaren egotearen izaera gatazkatsua.

Oso garbi izan behar dugu ez garela zeroko egoera batetik abiatzen. Izan ere, iragan mendeko hirurogeiko hamarkadatik hona, inauteri batzuen berreskurapena eta beste batzuen aurkikuntza (eta honek edozein adierazpen kulturalerako balio du) turismoa erakartzeko politikak sustengatzeko baliagarriak izan ziren. Horrek komunikabideek ederki zabaldutako lehendabiziko eskarmentua sortu zuen.

Herri horietara trumilka heldu ziren turistek behartuko dute, alde batetik egoera berrietara egokitzera, baina bestaldetik ere, egoera honen kontrako erreakzioa beste herri batzuetan, zeinetan turismoan oinarritutako ondarearen kudeaketa erakargarria ez den izango.

Faktoreen artean, Jardunaldien mahaietan nagusitzat identifikatu egin zena hauxe izan zen: adierazpen kulturala turistendako antzerki baten modura bizi nahi ez izatea. Herritarrek ez zeuden prest (ez daude prest) aktore eta ikuslegoa oinarri duen espazio hori sortzeko.

Arazo honen sorburuan adierazpen folklorikoaren erredukzioan kokatzen da. Hain zuzen, bakarrik alde estetikoak hartzen dira aintzat: ikusgarritasuna, apartekotasuna etab. Azken finean, estereotipo bat sortzen da eta horrekin batera estetika izoztu bat, folklorearen jatorrizko izaeraren kontra doana.
Folklorea orduan, ikusteko den zerbait bihurtuko da. Ikuslego baten sorrera erraztuko da eta, beste aldean, berarentzat antzezten duen talde bat ere bai. Adierazpen kulturalen aurrean bisitariak hartuko duen jarrera irakurketa kulturalen menpe geldituko da (ikusle gisa edota parte-hartzaile gisa), bion arteko harremanak bideratuz ala baztertuz.

Horregatik, heziketak nonbait egon behar baldin badu, bisitarien aldean da, zalantzarik gabe. Modu horretan bisitariak ez du eginkizunetan eragin txarrik sortuko eta, aldiz, integratu ahal izango du kulturalki egokia izango den modu batean. Integrazio hori lortzeko ez dugu ahaztu behar bisitarien kopurua herrien populazioarekiko proportzionala izan behar dela.
 
2. Aurretik bizitako eskarmentu hauen giroan sortzen dira ondaretze prozesu modernoak, beti ere UNESCOk proposatutako eredu teorikoen barruan. Bere sorreran, ondare kulturalaren babesa da ideia-indarra. Baina, zerk eramaten du herri bat honelako izendapen bat eskatzera? Eta ez eskatzera? Eta erakundeak?

Jardunaldien bi egunetan argi eta garbi gelditu zen babestutako adierazpen kulturalek ez zutela babes hori behar. Parte-hartzaileek identifikatutako arazo nagusienetako bat turisten etorrera izan arren (eta kasu batzuetan, Bergakoan adibidez, bereziki larria), eskatzen da Izendapen hori bestelako xede batekin: lortu nahi dena da ezagutza, mendez mende tradizio bat mantentzeagatiko ezagutza, arrotzen etorrera larriagotzen bada ere. Bisitariak, orduan, paisaia kulturaleko beste elementu baten gisa hartzen dira eta ez arazo nagusi bat bezala. Beste faktore batzuk nagusitzen dira orduan: ekonomikoak, ezagutza, herriaren kokapenaren ezagutza…

Bestaldetik, jatorrizko testuingurutik haruntza tradizioaren elementu batzuk ezagutu duten zabalkundeak ezinegona sortzen du. Izan ere, hedatze prozesu hori jabetze ez zilegitzat sentitu izan da. Ikuspuntu honetatik, ondare izendapena jatorriaren ezagutza gisa ikusten da, babesten diren ekintzen eta elementu materialen hala moduzko "jatorri izendapena" bezala.

3. Kultura tradizionalari edo folkloreari lotutako erakunde sozialetatik, herri adierazpen hauen ondare gisako ezagutza hau positibotzat jotzen da. Ezagutza honek daukan eragin sinbolikoa argia da eta erkidegoen parte izatearen sentimendua areagotzen du, hala nola tradizio kulturalekiko balioespena.
Ondarearen balioeste eta Interes Kulturaleko Ondaretzat izendatze prozesuetan, erkidegoen parte hartzeek derrigorrezko betebeharra izan beharko lukete. Materiarik gabeko Ondarea beren eramaileena da eta ondarearen gaineko balizko edonolako ekintzarik beren baimenarekin egin beharko litzateke.

4. Aurreko guztiarekin lotuta, XXVII. Jardunaldietan agertu izan diren kezkak "Teruelgo Gutuna" delakoak jasotzen ditu neurri handi batean. Gutun horretan legeriak jasotzen ez dituen hainbat ñabardura argitzen dira: adierazpen folklorikoen "jabegoaren" ezagutza, konparaziorako, edota eramaileek izan behar duten paper nagusia. Horregatik, mahai hauetatik irizten dugu ezen Gutunetik darion filosofia hori adierazpen kulturalen gainean egin daitezkeen edozein ekintzaren oinarrian egon beharko lukeela.

5. Azkenik, Ortzadar Elkarteak ezin du atzendu erkidegoen praxitik desagertu diren adierazpenak. Hauek ere, egiten ez badira ere,  herrien ondarea dira. Folklorearen ikerketa eta dibulgazioa helburu duten elkarteek egindako lanari esker, asko izan dira jaso eta erregistratu direnak. Lan hau oinarri hartuta, gizarteak adierazpenen berreskurapena edota birsortzea ahalbidetzen du; beti ere, bere nortasunaren ikurrak bere erroetan bilatuz.

 

XXVII Folklore Jardunaldiak - Paco Diezek kontzertua

Azaroaren 17an, osteguna, Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak musika saio bat eskainiko Iruñeko Planetarioan: Iberiar Musika Tresna tradizionalen gaineko kontzertua emanen du Paco Diezek (www.aulamuseopacodiez.net) arratsaldeko 20:00etan.

Animatu eta zatoz!

 

 

Bodhrán musika-tresnaren ikastaroa

Azaroan (12, 19 eta 26an) Bodhrán musika-tresnaren ikastaroa eginen dugu taldean.

Egunero bi orduz arituko gara eta 10 lagun apunta daitezke. 20 lagunera iritsiko bagina, bi tlalde eratuko genituzke (bata 16:00etatik 18:00etara, eta bestea 18:00etatik 20:00etara).

20 euro balio du ikastaroak, eta irakaslea David Farinas da.
Izena emateko idatz honako helbide elektronikora, otoi: ortzadar@ortzadar.org

 

 

Informazioa: Ortzadar Euskal Folklore Elkartea

 


Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.