Dokumentuaren akzioak
XIII. Dantzaren Nazioarteko Gala Victoria Eugenian
Dantzaren Hilabeteko bukaerako ekitaldia Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izango da. Maiatzaren 3an, igandean, XIII. Dantzaren Nazioarteko Gala ospatuko da (19:30ean). Bere hamahirugarren edizioan, ekitaldiak arte eszeniko honen estilo sorta erakutsi nahi du. Hori dela eta, ikusleek antzezlan heterogeneoez gozatu ahal izango dute, bariazio klasiko edo eta neoklasikoekin hasi, estiloz modernoago diren dantza garaikidea eta flamenkoa ondoren, eta euskal neofolkloreak eragin duen dantza tradizionalaren suspertzearekin amaituz.
XIII. Dantzaren Nazioarteko
Eguneko Galarako sarrerak antzokiko lehiatilan salgai daude, eta baita ere Kutxaren Interneteko
sarreren salmenta zerbitzuan. Dantzarako zaletasuna sustatzeko asmoz,
sarreren salneurria ez da garestia
– 5, 7 eta 9 euro-.
Ikuskizunari buruzko datuak
Ikuskizuna: XIII. Dantzaren Nazioarteko Gala.
Antolatzailea: Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartea.
Dantzariak eta konpainiak: Itziar Mendizabal Jean-Sebastién Colau-rekin, Iker Arrue Laura Villar-ekin, Ion Agirretxe, Malandain-Ballet Biarritz, Santamaría Compañía de Danza Jesús Pastorren aparteko lankitzarekin, Dantzaz, Aukeran, Kukai, Acroindar, Real Conservatorio Profesional de Danza ‘Mariemma’.
Lekua eta eguna: Victoria Eugenia antzokian, maiatzaren 3an, 19,30 ean.
Sarrerak: 5, 7, eta 9 euro.
Dantzarien biografiak
Itziar Mendizabal (Hondarribia, 1981), Leipzig-eko Balleteko
Dantzari Nagusia. 2009’ko Dantza Errebelazio Saria.
Itziar Mendizabal-ek
Jean-Sebastien Colau-rekin dantzatuko du.
1981an jaio zen Hondarribian, Gipuzkoan,
eta bertan hasi zen dantza ikasten Elvira Urbienaren eskolan, lau urte
zituelarik.1995ean Victor Ullateren eskolan hasi eta handik hiru urtera
Madrilgo Komunitateko Victor Ullate Balletean sartu zen. Ballet honetan
bere lehenengo paper garrantzitsuak dantzatzeko aukera izan zuen: William
Forsythe-ren “Vertiginous thrill of exactitud”, Maurice Bejart-en
“Fire Bird” eta Víctor Ullateren “Jaleos” besteak beste. 21
urte zituela Demi Solista kontratatu zuten Heinz Spoerli-k zuzendutako
Zurich-eko Balletean, non paper nagusiak dantzatu zituen Jiri Kilyanen
“Petit Mort”, Uwe Scholtz-en “Oktet”, Lin Hwai-min-en “Smoke”
eta beste zenbait koreografoen lanetan. 2006tik 2008ra Leipzig-eko Operako
Balleteko dantzari bakarlaria izan zen, 2008tik Dantzari Nagusia bihurtu
zen, eta rol garrantzitsuak interpretatu ditu: Odette/Odile (Paul Chalmerren
Zisneen lakua), Katerina (John Crankoren La fierecilla domada), Uwe
Sholtz-en “Shumman”-en bi bikoteak eta abar.
“Ballettanz” aldizkariak 2007/ 2008 denboraldiko Errebelazio
Dantzaria izendatu zuen. Eta baita ere 2009’ko
“Benois de la Danse” sarirako izendatua izan da.
Jean-Sebastian Colau, Leipzig-eko Baleteko Dantzari Nagusia. Itziar Mendizabalekin dantzatuko du.
Parisen jaio eta Pariseko Operaren Antzokian dantza ikasketak egin ondoren, 1996an Pariseko Operaren Balletaren dantzarien zerrendan sartu zen.
2002an Canadako Ballet nazionalaren bakarlari gisa kontratatu zuten, eta 2005ean Leipzigeko balletean sartu eta Dantzari Nagusi izatera heldu zen 2006an. Paper nagusiak dantzatu ditu hainbat lanetan: “Zisneen lakua”, “Mari Errauskin”, “Pakita”, “La Bayadera”, “Loti hederá”, “Intxaur hauskailua”, “Giselle”, “Suzko txoria”, ”Raymonda”, “Romeo eta Julieta”, “Silfideak”, “Manon”, “Carmen”, “Bolero”, “Onegin” besteak beste. Balanchine, Serge Lifar, Rudolf Nureyev , Maurice Bejart, James Kudelka, Bournonville, Kenneth MacMillan, Uwe Scholz, John Neumeier, Roland Petit eta beste hainbat koreografo entzutetsuen lanak interpretatu ditu. Brontzezko domina jaso zuen Varnako lehiaketan 2000. urtean, zilarrezko domina Parisen 2000an eta zilarrezko domina Nagoyan 2002an.
Iker Arrue-Mauleon (Donostia, 1977), Dantzaria eta Koreografoa. Laura Villar-ekin dantzatuko du.
Iker Arrue-Mauleon Madrilen eta Londresen hezi zen dantzari gisa. Chevi Muraday, Losdedae Dantza Konpainiako zuzendaria edo eta Pascal Touzeau, Frankfurt-eko Balleteko dantzari ohia bezalako koreografoen zuzendaritza teknikopean lan egin du. Koreografo laguntzaile bezal lan egiteaz gain, dantza garaikidea nerabeei hurbiltzeko hainbait egitasmoatan parte hartu du. Azken bi urteotan, Bartzelonako CobosMika konpainiarekin, eta Danimarkako Mancopy konpainiarekin lan egin du.
Laura Villar (1980), Dantzaria eta Koreografoa. Iker Arruerekin dantzatuko du.
Laura Villar Bartzelonako Varium eskolan hezi zen dantza garaikideko dantzari gisa.
Carles Sales-ek zuzentzen zuen Unibertsitate Autonomoko dantza taldean parte hartu ondoren, bere ibilbide profesionalari hasiera ematen dio konpainia ugaritan parte hartuaz, besteak beste: Trànsit, Hermanas de Castro, Salvatge Cor, Els Comediants, La Inconnexa edo eta Lanónima Imperial. Gaur egun, Montpellier-eko Compagnie Taffanel-entzat eta Olga Cobos eta Peter Mikak zuzentzen duten CobosMika Company-rentzat lan egiten du.. Sorkuntza arloan aurkeztu dituen lanak garrantzitsuak izan dira, aipatzeko: “L’Espera”, “La ment en dansa” edo eta “El viatge de Penélope”, bideo proiekzio dun bakarlana.
Ion Agirretxe (Donostia, 1988), Corella
Ballet-Castilla León-eko Dantzaria.
Euskal dantza tradizionalarekin hasi zen, eta 1999tik 2004ra Mentxu Medelen ikasle izan zen. Euskal dantzan emandako lehen pausoak ahaztu gabe, 2002an Gipuzkoako aurresku txapelketa irabazi zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren bekari esker, 2007an dantza klasikoaren ikasketak amaitu zituen Madrileko Musika eta Dantzaren Errege Kontserbatorioan. Bitan hartu du parte (2006an eta 2007an) dantza ikasleei goi mailako trebakuntza osagarria ematen dien Europa Danse proiektuan, lanbide izango duena gertutik ezagutzeko. Donostiako ‘Thalia dantza estudioaren 25. urteurrena ospatzeko’ eta ‘Aukeran 10 urte’ ekitaldietan gonbidatu gisa hartu zuen parte. Iaz, Gaztela-Leon eko Corella Ballet- ean sartzea lortu zuen.
Konpainiak
Juan Carlos Santamaria (Donostia, 1964), zuzendari eta koreografoa.
2008ko Espainiako Dantza Sari Nazionala eskuratu zuen koreografia sorkuntzaren kategorian baita Villa de Madrid saria ere
Prestakuntza klasikoko koreografoa da, eta bere lanetan gorputzaren askatasuna bilatzen du, musikarekin bat eginez eta mugimenduaren arnasketaren bidez. 1992an, sei urtez Espainiako Dantza Konpainiako dantzari izan ondoren, koreografo eta maisu lanetan hasi zen Madrilgo Dantza Profesionaleko Errege Kontserbatorioan, eta eskola horretako bilakaeraren ardatzetako bat bilakatu zen, izan ere, tailerraren bultzatzaileetako bat izan zen eta koordinatzaile orokor izendatu zuten. 2000. urtean, Dantza Profesionaleko Errege Kontserbatorioa utzi eta bete-betean berak 1998an sortutako Santamaria dantza konpainiaren zuzendaritzari heldu zion. Duela gutxi, Gaztela eta Leongo Dantza Profesionaleko Burgoseko Eskolaren zuzendari izendatu zuten (dantza klasiko eta garaikideko espezialitatea). 2008an Espainiako Dantza Saria eman zioten koreografo kategorian, eta Villa de Madrid Saria, bere ibilbide profesional eta artistikoa aitortzeko. Bere balletak Zarzuela antzokian, Álbeniz antzokian, (Madril), Calderón de la Barca antzokian (Valladolid), Valentziako Principal antzokian, García Lorca antzokian (La Habana) interpretatu dira, besteak beste.
Jesús Pastor, Human Dance Project Konpainiako Freelance Dantzari Nagusia eta
Koreografo-Zuzendaria.
Victor Ullaten Eskolan ikasia, beronen Balletean egin zuen debuta 1992an, eta 1996an Dantzari Nagusi kategoria lortu zuen. Victor Ullateren Balletean egin zuen denboraldiaren (1992-1996) ondoren Dantza Konpainia Nazionalean egon zen (1996-1998), hurrengo urte biak Scottish Balletean egin zituen (1998-2000) eta ondoren English National Balletean (2001-2003), denetan Dantzari Nagusi gisa, American Ballet Theatre ospetsuan sartu zenean Dantzari Bakarlari gisa izan zen (2003-2007). Jesus Pastorren antzesle ibilbidea aintzatetsia izan da, besteak beste: Dantzari Gazteen Eurobisioko Lehiaketan Urrezko Domina (1995), “El Pais” egungariko Urteko Dantzaria (1996), Britainia Handiko “Dancing Times Magazine” aldizkariaren aburuz Hileko Dantzaria (2002) eta baita ere “Benois de la Danse”ren “Dantzari Onena”ren Sarirako izendatu zuten (2002). Gaur egun bere konpainia propioa dauka: Human Dance Project, bertako zuzendari, ekoizle, dantzari eta koreografo delarik.
Santamaria Dantza Konpainia
1998an sortua, Santamaría Danza formatu ertaineko egileen konpainia da, eta bere estilo pertsonalaren bidez, kalitatea, musikaltasuna, teknika eta estetika nagusi diren eskaintza artistikoa proposatzen du. Konpainiak hamarretik gora ikuskizun ditu bere errepertorioan eta, bere ekoizpenetan kalitate eta maila tekniko ezin hobeko dantzariak ditu. Taldearen kalitatearen seinale da Espainiako zein nazioarteko konpainia garrantzitsuetako kideak egotea, besteak beste Espainiako Dantza Konpainia, English National Ballet, Kubako Ballet Nazionala eta Karakaseko Ballet Nazionalekoak.
Sortu zenetik, konpainiak ikusleentzako ez ezik, lan pedagogikorako ere programazio mardula prestatu izan du. Bere lehen lana, “Intxaur-hauskailua”, ANAYA hezkuntza elkarteak babesturiko eskolarako kanpaina batean estreinatu zen. Ikuskizun hori bera 1999ko gabonetan eman zuten Espainian barrena, COPE irrati-kateak antolatutako eta babestutako giran. “Embrujo”, “Passe le Temps”, “Moz-art”, “Romeo + Julieta”, “Danzas Soñadas” dira bere lanetako batzuk; Espainian, zein Italia, Portugal, Andorra, Zipre eta Mexikon barrena erakutsi ditu. Bere ekoizpenetan Santamaríak artista eta erakunde handiekin eta handientzat lan egin du, adibidez, Ouka Lele, Francis Montesinos eta abar. Espainiako Koro Nazionalak edo Madrileko Orkestra Sinfonikoak, dantzari handiekin batera (Merche Esmeralda, Lienz Chanz, Eva López Crevillén) egin dituzten lanetan.
Malandain Ballet Biarritz
Biarritzko Balleta 1998an sortu zen, Biarritzko hiriaren eta beste erakunde ofizialen babesarekin. Hastapenean helburutzat: sorkuntza, hedapena eta sentsibilizazio ekimenak abiaraztea ditu. 1999an «Accueil Studio» proiektua gehitu behar zaio, beste konpainia batzuen lan artistikoa laguntzea baimentzen zuena. 2000. urtean, bere kokapen geografiko pribilegiatuaz jabetuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Europear Komunitateko babesa jaso zuen. 2002-an Biarritz ko Balleta- Dantzaz sortzen da, Donostian, Egiako Kultur Etxean lokal bat dutelarik, non Dantzaz Elkartearen ekintzak egiten diren, Nazio mailako Koreografia Zentruaren Euskal Herriko antena bihurtzen delarik. Gare du Midi, Biarritz hiriko erdi gunean, bihurtzen da Biarritzko Balletaren egoitza ofiziala.
Hastapenetatik Biarritzko Balleteko zuzendaria Thierry Malandain da, koreografi lehiaketa ugaritan sariak jasotakoa. Maladainek bere dantzari ibilbidea 1986an amaitu zuen Temps Présent konpainia sortzeko. Konpaini horren buruan irauten du hamabi urtetan zehar, lan horrengatik saritua izan delarik. Thierry Malandain hirurogei bat koreografien sortzailea da, bertatik hainbat beste konpainien errepertorioetan daudelarik, Teatro Lirikoan ere lan egin izan du. Arte eta Letren Jauna izendatu zutenean Biarritz’ko Nazioarteko Dantza Jaialdiaren, “Le Temps d’Aimer”, zuzendaritza artiskoa bere gain hartu zuen 2000. urtetik 2004.era. Moskuko Bolshoi antzokian, 2004an, “Benois de la Danse” Sarietarako izendatua izan zen. Eta Habanako 19. Nazioarteko Ballet Jaialdian “Atzerriko Ikuskizun Onena” saria jaso zuen Kuban. 2005. urtean, Biarritzko Balletaren izenean, 2005eko Sabino Arana Fundazioaren Kultura Saria jaso zuen.
Dantzaz Konpainia
Konpainia aurreprofesionala, 2005/2006 denboraldian Donostiako Dantzaz elkartearen eta Nazio mailako Koreografia Zentroaren- Biarritz Balleta- Thierry Malandain- elkarlanetik sortua. Bere ibilbideko lehen hiru urteetan Biarritz Junior Balleta deitu izan da, eta 2008/2009 denboraldian banandu zen. Gaur egun Euskal Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Donostiako Udalak finantziatzen dute. Dantzaz Konpainia 10 dantzarik osatzen dute, audizio baten bidez aukeratutako gazte euskaldunak, kataluniarrak, frantziarrak eta ingelesak.
Aukeran
Aukeran konpainia 1997an sortu zen, Edu Muruamendiarazek dantza tradizionalarekin esperimentatzeko zeukan irrikak bultzatuta, Euskal Koreografo Berrien I. Erakusketaren garaian. Aukeran konpainiak tradizioan sustraitutako dantza ikuskizunak eskaintzen ditu, baina ohiko arauen egitura aldatuta eta koreografiei ukitu garaikideak emanda, lengoaia fresko eta gaurkotua erabiliz euskal dantza tradizionalaren aberastasuna erakustearren, muga oro gaindituz. Lan berritzailea egiten du, beste inongo konpainiak horrenbesteko grinarekin jorratu ez duena.
2001ean, euskal tradizioan erroturiko «Sutargi» ikuskizuna aurkeztu zuen, lengoaia eszeniko garaikidea zerabilena. 2003ko udan, «Izena duen guztia omen da» eskaini zuen Donostiako Kursaal jauregian.
Sortu zenetik, hainbat eta hainbat emanaldi egin ditu Euskal Herrian, Katalunian, Murtzian, Gaztela-Mantxan eta Frantzian. 2004an Manilan izan zen taldea, hiriburuko antzoki nagusia den Cultur Center of the Philippines aretoan dantzatzen. Leporaino bete zen bi mila lagun baino gehiago hartzeko lekua duen antzokia. 2006an «Bideak» estreinatu zuen, bere lanetan hirugarrena. Ikuskizun horrek emankizun onenaren ikusleen saria jaso zuen Azpeitiko antzerki jardunaldietan, 2007an. Hala ikusleek nola prentsak, harrera ezin hobea egin diote taldeari sortu zenez geroztik. 2008an, bere lehen hamarkada ospatu zuen ‘Aukeran, 10 urte” ekitaldiarekin.
Kukai Dantza Konpainia
Kukai Dantza Konpainiak jatorri tradizionaleko dantza ikuskizunak sortzen ditu. Dantza tradizionaletik abiatuta, Kukaik beste arte jarduerekin, beste dantza estiloekin eta beste pentsamoldeekin elkarlana bultzatzen du. Dantza tradizionaletik abiatuta, ikuskizun garaikideak sortzen ditu Kukaik.
‘Deiadarra’ izeneko koreografia aurkeztuz ekin zion lanari 2001.urtean, eta harrez geroztik makina bat lan egin ditu. Esanguratsuak dira, Tanttaka Teatroarekin elkarlanean ekoiztutako ikuskizunak: ‘1937, gogoaren bidezidorretatik’ (2002), ‘Otehitzari Biraka’ (2005) eta ‘Hnuy illa…’ (2008). Ikuskizun horiek arrakasta handia lortu dute Euskal Herrian. Emanaldi ugari egiteaz gain, 2003. urtean Donostia Antzerki Saria eskuratu zuen ‘1937’ ikuskizunak. Halaber, Euskal Herritik kanpo ere emanaldi dezente egin ditu Kukaik ikuskizun hauekin. Hala , Argentinan, Txilen, Uruguain, Venezuelan, Estatu Batuetan, Kolonbian eta Erresuma Batuan aurkeztu ditu bere ikuskizunak. Tanttaka Teatroarekin harreman estua izanda ere, Kukaik beste hainbat lankidetza ere burutu ditu. Esate baterako, 2007. urtean, Logela Multiemdiarekin batera ‘Latidos/Taupadak’ kale-ikuskizuna sortu zuen Valladolideko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren enkarguz. Kukairen jarduera nagusia ikuskizunen produkzioa eta aurkezpena izanik ere, saio berezi ugari egin ditu hainbat ekitalditan. Esate baterako, ‘Arditurri, Bertsoak dantzan’ saioa, 2007. urteko Max Sarien Gala, Euskal Turismoaren Gala, Haizearen Orraziaren inaugurazioa, Gipuzkoako Batzar Nagusien inaugurazioa, Nazioarteko Antzerki Egunaren Gala, Korrikaren aurkezpena…Ibilibide honetan guztian artista ugarirekin lankidetzan jarduteko aukera izan du Kukaik: Mireia Gabilondo, Juan Mari Beltran, Mikel Urdangarin, Iñaki Salvador, Logela Multimedia, Carlos Nuñez, Sol Pico, Jon Maia eta Andoni Egaña bertsolariak, Oreka TX… Kukai dantza konpainiak Errebelazio Max Saria lortu du.
“Mariemma” Profesional mailako Erret Dantza Kontserbatorioa, koadro flamenkoa
“Mariemma” Profesional mailako Dantza Kontserbatorio Erreala Madrileko Komunitateko Hezkuntza Kontseilaritzari dagokio, eta dantza maitatzen duten eta maitatu eragiten duten dantzariak hezitzen saiatzen da, gelditu gabe lan eginaz, eta errealitateari egokitzen saiatuaz. “Mariemma” Profesional mailako Dantza Kontserbatorio Errealaren helburua bere ikasleei Dantzaren mundu profesionalera baldintzarik onenetan heltzeko hezkuntza ematea litzateke. Dantza Ikasketa Profesionalak 6 urtetan burutzen dira, eta hiru espezialitateen (Dantza Klasikoa, Garaikidea, eta Espainiakoa) gai desberdinak erakusten dira
Akroindar
Akroindar dantzarekiko maitasuna eta gorputzaren bidez adierazteko gaitasuna bat egiten duten taldea da. Denak izaera ekintzaile dunak, besteak beste, gorputz hezkuntzan lizentziatuak, eta mota desberdinetako dantzariak. Akroindar 2005eko irailean sortu zen Donostian, “Thalia” dantza estudioan.
Akroindar definitzeko esan genezake dantza garaikidearen eta oinarri sendoko dantza klasikoaren nahastura bat dela, helburutzat “acrosport” delakoarekin fusio berritzailea sortzea duena. Akrobaziei esker ikuskizun zirraragarria eskaintzen du, baina dantza eta gimnasiaren arteko muga gainditu gabe.
Dokumentuaren akzioak