Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Juan Antonio Urbeltz: "Jaso dugun herentzia aberastu nahi dugu"

Dokumentuaren akzioak

Juan Antonio Urbeltz: "Jaso dugun herentzia aberastu nahi dugu"

2007/11/07 10:20
Emanaldi berria prestatzen ari zara. Nolakoa izango da?

Goiz da oraindik egiten ari garenetik zer aterako den esateko, baina beste aldetik, estreinaldirako denbora gutxi falta da. Egingo dugun proposamen berria bakarrik ari da bidea urratzen, ez ni. Etengabe dabilkit buruan eta elkarrizketaren aurretik ere, ideia pare bat etorri zait burura. Orain, beraz, nerbioak kontrolatzea da nire lana.

Axeri boda izena jarri diozu. Zein izango da gaia?

Une klimatiko berezi batean du iturria izenak. Udaberrian eta udan, batzuetan, euria ari duenean eguzkia agertzen da, ortzadarrarekin batera. Momentu horri Axeri boda esaten zaio. Eurasia osoan zehar zabaldua dagoen esaera da, Japonian ere erabiltzen dena. “Kitsune no yome-iri” esaten da japoniarrez. Akira Kurosawaren Dreams filma eguzkia eta euria tartekatzen dituen eguraldi nahasia agertzen duten eszenekin hasten da, eta protagonistak semeari esaten dio azeriak orduan ezkontzen direla eta hori dela haientzat estaltzeko une aproposena. Ikusiz gero, gainera, asko haserretuko lirateke.

Gure inauterietan Azeri-dantza herri askotan dantzatzen zen, nahiz eta egun ia galdu egin dugun. Egiten ari garena, zentzu zabalean, ezkontza batean eta inauterietan oinarrituko da.

Zer prozesu jarraitzen duzu ikusgarri bat prestatzen ari zarenean?

Kondharian ArgiaHasieran ez dut ideia garbi bat edo ezer konkreturik izaten; beste edozer baino gehiago, buruan lanbro antzeko bat izaten dut. Bururatzen zaizkidan gauza askoren oharrak hartzen ditut, nahiz eta, askotan, ahaztu egiten ditudan. Pixkanaka, ideia nagusia gorpuztu egiten da. Pentsatzen dut idatzitakoa ez dela desagertzen, arrastoa utzi eta buruan bueltaka jarraitzen duela eta horrek bidean datorrenari laguntzen diola.

Zuberoa, Irradaka, Zortziko, Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque... ba al dago Urbeltz estilorik?

Hori ez da garrantzitsua, baina, era berean, egiten duguna beste modu batean ezingo genuke egin. Hori bai: benetan garrantzitsua dena da gure kulturaren zati hau ahalik eta seriotasun handienarekin ulertzeko modua eraikitzea eta, ahal den neurrian, aurkezpen erakargarri bat egitea. Izan ere, kultura europarraren barruan, gurea oso atal garrantzitsua da.

Egiten dugun lanak baditu helburu bat eta hartzaile konkretuak. Dantza tradizionalak duen zentzua ulertzen dugun moduan adieraziko duten modeloak sortu nahi ditugu, bederen, interesa dutenentzat. Plazaren eta eszenatokiaren arteko dialektika sortu behar dugu. Gure estiloa eta dantzatzeko era arakatu behar ditugu, keinuak eta espresioak bilatu eta gaur arte iritsi diren zoritxarreko zenbait planteamendu baztertu. Lengoaia berezia bilatzen dugu, dantzatzeko estilo eder bat, baita orkestra ereduak eta melodiak ere; soilak eta oparoak, aldi berean. Jaso dugun herentzia aberastu nahi dugu, azken batean.

Nola inspiratzen zara?

Alakiketan Muriska ArgiaEdozerk noiznahi egin diezadake ekarpenen bat: liburu batek, melodia batek, legenda tradizional batek, Marian edo Mikel semearekin izandako elkarrizketa batek... baita zurekin izaten ari naizenak ere. Metaketa hori ezinbestekoa da, lanabesen parekoa sormen prozesuan, folklore koreografikoa brikolajearen antzekoa baita. Desagertzeko zorian edo desagertuta dagoenaren hondakinekin eraikitzen ditugu gure dantzak. Beharrezkoa da, beraz, ikerketa kritiko eta sakon bat eginda, dugun apur hori osatzea.

Hainbat argitalpen egin dituzu. Ari al zara zerbait berria prestatzen?

Zenbait saiakera bukatzeke daukat. "Cromlech vasco y zorro japonés. De Jorge de Oteiza a Akira Kurosawa" izenekoa berehala bukatuko dut. Lan hori idaztea eta Axeri-boda introspekzio lan beraren atalak dira.

Argian Euskal Herri osoko dantzariek hartzen dute parte. Behin baino gehiagotan dantza taldeen sistema egokiena ez dela esan izan duzu. Zergatik?


Interesgarria da estreinaldi eguna arte emaitza osoa ikusiko ez duen talde eta pertsonekin lan egitea, orain nabaritzen ez duten zerbaiten memoria osoa berreskuratuko dutelako. Gehienetan bezala, fede pixka bat behar da horretarako ere. Bestalde, talde askok elkarrekin lan egiteak estiloa eta nortasuna dituen dantza eskola bat sortzea bideratzen ditu. Puntu honetan, aipatu behar dut orain hamar urte hasi ginela dantza-maisuaren irudiari garrantzia ematen eta prestaketa eta edukiak lantzen. Kalitate eta eraginkortasun handikoak direla maiz erakutsi dute gure dantza-maisuek.

Orain dela gutxi esan zenuen kultura anekdotatik abiatuta egiten dela gaur egun. Nolakoa da dantzaren egoera Euskal Herrian?

Alakiketan ezpata-dantza ArgiaDesertu hutsa zena nolabaiteko Edeneko lorategi bihurtu da azken berrogeita hamar urteetan, gutxi batzuk egindako lan izugarriari esker. Ehunka doinu, dantza eta traje berreskuratu dira eta beste batzuk patroi tradizionalen arabera sortu dira, orkestra-formazioak esaterako, baina, batez ere, Argiak ondare horren balioarekiko kontzientzia piztu du, berreskuratzeari eta ikerketari emandako garrantziaz gain. Hori bai: uste dugu denbora dezente beharko dutela dantza taldeek eta dantzariek mahai gainean jarri dugun guztia barneratzeko.

Krisian al dago dantza?

Euskaldunok aspaldian bizi dugun krisi sakonaren isla da dantzaren egoera. Iparrorratza hartu eta bidea zuzentzen dugunean jarriko da martxan herri hau. Krisian egongo da orduan krisia. Oraingoz, baina, itxoin besterik ezin dugu egin.

Eta kulturala, orokorrean?

Bai kulturan, bai dantzan gizarteak liderrak zein diren jakin behar du... egon, baldin badaude, beste kontu bat baita hori. Baina, aurretik, gizarte honek bere burua ezagutu behar du. Inork ezin du gugatik esan zikoitzak garenik, beti izan baikara eskuzabalak eta balio handiko pertsonak, baina beti izan gara afektua adierazteko exkaxak. Ondorioz, asko kostatzen zaigu ditugun baloreak ulertzea eta horrelaxe gabiltza munduan.

Zer iritzi duzu gaur egungo produkzio artistikoari buruz?

Juan Antonio Urbeltz - GoenanNire lanean murgilduta bizi naiz eta azken boladan ez dut askorik ikusi, baina ikusi eta irakurri dudan apurretik ezer gutxi iruditu zait interesgarria. Eibarko Kezka dantza taldeak, Arrateko Amaren erromeriarako patroi tradizionalen arabera egindako ezpata-dantza egoki egindako birsortze lana da, adibidez. Claude Iruretagoyenak eta Kristian Larraldek egindako muntaiak ere oso onak iruditu zaizkit.

Sorkuntza ez al da gehiegitan erabiltzen den terminoa? Ez du horrek sorkuntza bera debaluatzen?

Denean gertatzen da: gehiegi erabiltzen dena, azkenean, gaizki erabiltzen da eta horrek nahasmena sortzen du. Sorkuntza onek bizi luzea dute eta erraz ulertzen dira. Baina bat-batean norbaitek goldea sartzen du zure arrastoan eta dena hondatzen du. Urte askoko lana nahastu eta okerreko bidea hartzen du. Horri aurre egitea asko kostatzen da.

Zer da fusioa?

Moda bat da, zer besterik? Modak bere horretan ez zaizkit asko interesatzen; bai ordea, esperimentazioa. Behar izpiritual batetik sortzen den esperimentazioa, norberarekiko konpromisotik sortua eta egindako lanari zentzua eta norabidea ematen diona.

Arte Eszenikoen Eskola eskatu eta lortu dute antzerki munduko profesionalek.

Oso ondo iruditzen zait. Eskatu badute, behar dutelako izango da eta behar badute, beharrezkoa da. Izango ez da bada, antzerki-eskola beharrezkoa! Lotsagarria da oraindik halako egoeran egotea.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.