Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Nola asmatu tradizioa (zahar)berritzen?

Dokumentuaren akzioak

Nola asmatu tradizioa (zahar)berritzen?

2008/02/22 08:00

Artikulu horretan atentzioa zerk eman zidan esango dizuet: Eduardo Punset, arrazoiaren eta bihotzaren arteko muga guztiak hautsi eta haien arteko lotura egin nahian, sentimenduen mundua neurtzeko ahaleginean aritzen dela artikulu osoan. Izan ere "enamoratzea", "ilusionatzea", "nork bere buruan sinestea" eta klase horretako argumentuak darabiltza behin eta berriro. Dena den ez da hori gauza berria, bide horretan beste publikazio batzuk ere eginak baititu Eduardo Punsetek. Horretaz aparte, edozein proiektu ondo ateratzeko kontuan hartu behar diren zazpi gauza proposatzen ditu artikuluan.

Inork ez dezala pentsa, nahiz eta neronek ere izenburu ausarta jarri diodan artikuluari, oraindik inori okurritu ez zaion formularik daukadanik; ezta artikuluan esandako gauzak hitzez hitz onartzen ditudanik ere. Jakina, argumentu horien sinesgarritasuna eztabaidatzen ere ez naiz hasiko. Gainera, zientziaren eta sentimenduen arteko talka, lotura edo dena delakoak ez dira artikulu honen funtsa eta laga ditzagun alde batera.

Artikulu horretan aipatzen diren zazpi argibide edo, egilearen hitzak erabilita, zazpi "pista" horiek aitzaki moduan hartu eta dantza tradizionalaren munduarekin konparatzeko ahalegina da idatzi hau, batik bat tradizioa (zahar)berrituz sortzen ari diren proiektuei begira pentsatutakoa; ezer berria deskubritzea baino, inguruan ikusten ari naizen eta gustatzen zaizkidan hainbat proiekturen sortze prozesuei erreparatzea proposatzen dut. Ea ba:

1.    Nahi izatea da aurreneko baldintza. Helburuak egoki jartzen asmatzeaz dihardu egileak: espektatiba handiegiek ito egingo gaituzte (ez al gara sarri itota ibili baliabide eskasekin gauza gehiegi egin nahian?, edo ez ote gara hainbatetan eredu handiegiekin itsutu gure mugak kontuan hartu gabe?); espektatiba txikiegiek, ostera, ez digute hazten lagunduko (motibazio faltagatik laga izan du taldea dantzari askok). Gure indarrak neurtzea, dantza-taldearen egoeraz jabetzea eta inguruaren ezagutza sakona eskatzen ditu proiektu jakin bat "ondo" egin nahi izateak.

2.    Presaka ez ibiltzea. Ez dakigun gauzarik ez digu esaten Eduardo Punsetek: presaka ibiltzea txarra dela dio, estresa sortzen digulako. Gutako zein ez da ibili presaka, lanez gainezka, azkeneko orduan aldaketak eginez eta bidean zerbait ahaztu zaigun ustearekin?

3.    Ideiak konpartitzea. Zientzialariek "diziplina anitzen artekoa" edo "multidiziplinarietatea" deitzen diotenarekin lotzen du Eduardo Punsetek hirugarren pista hau: nahiz eta gure (dantza tradizionalaren) esparrukoak izan ez, gure ideiak kontrastatuko dituen jendea inguruan edukitzea eta haien iritzien argira proiektua moldatzea funtsezkoa da proiektua martxan jarri aurretik.

4.    Proiektuarekin enamoratzea. Nekez konbentzituko dugu inor, geroni geure proiektuarekin enamoratuta ez baldin bagaude. Ez dantza-taldean eta ez beste ezertan ere.

5.    Ez etsitzea. Ez etsitzea, proiektu horretan tematzea, ustekabeei aurre egitea, burugogorra izatea... funtsezkoa da. Eduardo Punsetek dio ideia on askok aldaketa handia eskatzen diola taldeko kide bakoitzari, aldaketa mentala, eta prozesu horiek luze joaten direla. Tradizioaren inguruan gabiltzanok badaukagu, bai, "aldaketa mental" eta prozesu luze horien berri. Aldaketa horiek ondo ez bideratzeak taldean sortzen dituen haserre eta tentsioen berri ere badaukagu (horretan artistak izan dira dantza-taldeak, dantzaren ikuspegiak oso modu ortodoxoan ulertu izan baitira haietako askotan, eta ez zait iruditzen oso toleranteak izan direnik beste eredu batzuk baloratzerakoan; esanguratsua da, dantza-talde bat baino gehiago dauden herri askotan, taldeek herrikoarekin baino auzo-herrietako taldeekin harreman handiagoa eduki izana). Bestalde, ez etsitzea eta itsu-itsuan tematzea ez direla gauza bera esaten digu Eduardo Punsetek: errealitatea nolakoa den ikusi nahi ez duena alperrik egoskortuko da bere proiektuarekin (zenbat aldiz entzun ote dugu "ilusioa" nahikoa dela dantza-talde batek funtziona dezan, lehen egiten bazuten orain zergatik ez ote dugun egingo?, ez dagoela ezer aldatzeko premiarik...).

6.    Gauza berriak probatzea eta egitea. Oso presente eduki beharko genukeen gauza bat dela iruditzen zait. "Gauza berriak" probatzea, zer da? Eduardo Punsetek inguru berriak sortzea, diziplina bat baino gehiago ikertzea, eta bai protagonistak eta bai gaiak aldatzea aipatzen ditu, besteak beste. Guretzat ere balio du horrek: oholtza gaineko ordubeteko saioez aparte beste leku eta publiko batzuk probatzea izan daiteke "gauza berriak" egitea, edo besterik gabe garai batean "tradizionala" izan eta galdua dagoen inguru bati berriro heltzea, edo dantzari formazio berriak sortzea (mutil-neska konbinazioak nahiz zortzikote klasikoak moldatuz, esaterako), edo beste dantza-klase batzuen (klasikoaren, garaikidearen...) formazio-bideetan sakontzea...

 

Zarautz txakolin

Esandako guztia hala izanik ere, "gauza berriak" egite horrek badu bere buelta: dena libre al da? Dena posible? Dena "ondo" egina al dago "berria" izate hutsarekin? Izan ere, iruditzen zait formazio gutxirekin eta askotan kriterio handirik gabe, azken urteetan nahasketarako ("nahasmendurako", esan beharko nuke?) eta aldaketarako joera horrek eman dituela hamaikatxo fruitu erdipurdiko edo eskas. Fenomeno hori oso lotua dago komunikabideek eta erakunde publikoek "zerbait desberdina" edo "berritzailea" eskaintzen duten proposamenak neurrigabe goratzearekin, estetika "tradizionalari" eusten dioten dantza-ikuskizunak alboratuz. Azken batean, beste edozein diziplinetan gertatzen den moduan, gurean ere (bir)sortze prozesu hori ez dago edozeinen esku. Ez dezagun uste edozeinek, edozein unetan, edozer gauza (bir)sortu dezakegula, eta gainera "ondo".

Ez dagokit niri tradizio jakin bat "ondo" aldatua edo birsortua ote dagoen esatea. Horren inguruan, "tradizionala" zer den eta zer ez den erabakitzen, makina bat diskusio egon da eta egongo da aurrerantzean ere. Beldurrik gabe esan dezaket, ordea, folklorearen ezagutza sakona ezinbestekoa dela aldaketa edo sortze prozesu horiek bide onetik joan daitezen eta herriak (guk, sarri, ezjakintzat juzkatzen dugun horrek) modu onean onar ditzan. Aurreneko pistan esan dugu: "nahi izateak" berekin dakar inguruaren ezagutza ere.

7.    Suertea. Joxe Miel Barandiaranek maitea zuen esaera hau: "Ez gara geure baitakoak". Orain arteko guztiak kontuan hartuta ere, ezagutzen ez ditugun eta kontrola ezin ditzakegun prozesuetan murgilduta gaudenez eta, batik bat, giza-harremanak tarteko daudenez, ez daukagu sekula jakiterik hain tentuz landutako gure proiektua aurrez pentsatu bezala aterako den. Horregatik, sailkapen guztietan "besteak", "otros", "varios" edo antzeko kapitulua jarri ohi den moduan, Eduardo Punsetek berak aitortzen du "suerte" hitzarekin biltzen ditugula sarri sailkatu ezin ditugun parametro horiek guztiak. Eta, noski, proiektu batek funtzionatzen ez duenean erabiliko den aitzakia ere izan daiteke; horrelakoak ere, hamaikatxo ikusiak baikara.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.