Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Thalia dantza estudioaren 25. urteurrenean ongintzazko dantzaldia

Dokumentuaren akzioak

Thalia dantza estudioaren 25. urteurrenean ongintzazko dantzaldia

2005/10/28 23:47

Zilarrezko ezteiak ospatzeko, Mentxu Medelek bere dantzari eta ikasle ohi zenbait gonbidatu ditu dantzaldi paregabe honetara. Kursaal Auditoriumean izango da agerraldia, eta han hartuko dute parte, erabateko eskuzabaltasunez, Mentxuren hainbat ikasle ezagunek. Esaterako, Jone San Martín, Frankfurteko The Forsythe Companyko lehen dantzaria, Urtzi Aranburu, Nederlands Dans Theater-eko dantzaria, Lucia Lacarra, Municheko Operako Baleteko dantzari nagusia, Iker Murillo, Zuricheko Baleteko dantzari bakarlaria, Jon Vallejo, Compañía Nacional de Danza 2ko dantzaria, eta Asier Edeso, Scottish Balleteko dantzaria ariko dira dantzan.

Horrez gain, orain irakaskuntzan, koreografian eta dantzaren beste adarretan diharduten Mentxuren aspaldiko ikasle batzuek ere hartuko dute parte. Besteren artean, Eneko Alcaraz, Amaia Dorronsoro, Katixa Perea, Larraitz Ugartemendia eta Adaya Martínez egongo dira. Bestalde, euskal dantza berritzen ari den Edu Muruamendiaraz Mentxuren ikasleak ere dantzatuko du, Aukeran izeneko bere konpainiarekin. Haren kide gehienak Estudioko ikasleak ala izandakoak dira. Eta egungo belaunaldi berriak ere barneratu nahian, Mentxuk Biarritzeko Gazte Baletean aukeratu berri duten Irma Hoffren eta Madrilgo Real Conservatorio de Danzako dantza klasikoko karrera amaitzen ari den Jon Agirretxe ere gonbidatu egin ditu. Gainera, agerraldi anitza emateko xedea du, bai estiloei dagokienez –klasikoa, neoklasikoa, garaikidea, euskal dantza, klakea-, bai formei dagokienez. Hori dela-eta, soloak, duoak eta jende anitzeko agerraldiak (Aukeran) izango dira. Horretarako, dantzari gonbidatuak izango dira; adibidez, Franfurteko The Forsythe Companyko lehen dantzari Fabrice Mazliah, Municheko Operako Baleteko dantzari nagusi Cyril Pierre, eta Zuricheko Baleteko dantzari bakarlari Yen Han.

Agerraldian 3 ekitaldi eta 20 antzezlan izango dira guztira. Irabazi guztiak Boliviako Santa Cruz Umeentzako Egoitzarentzako izango dira. Dantzaldi hori antolatzeko orduan Gipuzkoako Foru Aldundiak eta BKMk laguntza izugarria eman digute. Sarrerak bihartik aurrera eskuratu ahal izango dituzue, Servikutxaren bitartez.

Mentxu Medel eta Thalia

Mentxu Medel (Donostia) dantzako irakaslea eta Thalia Estudioko zuzendaria da. 25 urtez bere dantza Estudioaren ardura izan du, eta dantzari buruz ehunka ikasleri asko irakatsi die donostiarrak. Dantzaldi honetan parte hartuko duten dantzari gehienak Medelek bultzatu zituen ikasketak segitzera eta castingetara aurkeztera. Irakaslea, laguna eta babes ia amatiarra izan da bere ikasleentzat. Beraz, Mentxu Medelentzat, Estudioaren 25. urteurrena ospatzea ikasle ohiak topatzeko aukera ere bada. Denek eman diote baiezkoa dantzaldi honetan parte hartzeko gonbidapenari.

Mentxu Medelen biografia laburra

  • 1962 – Ikasketak Donostiako Musika Kontserbatorioan hasi zituen, Peter Brown eta Agueda Sarasua irakasleekin. 7 kurtso egin zituen han.
  • 1969an eta hiru urtez, Donostiako “Anexa” Balet Garaikidean parte hartu zuen dantzari gisa, José Lainez eta Concha Martínez zuzendariekin. Agerraldiak eta birak egin zituen Espainia osoan. Espainiako estatuan sortu zen lehen Balet Garaikideko Konpainia izan zen.
  • Dantza klasikoko Karrera ofiziala egin zuen Madrilgo Real Escuela Superior de Arte Dramático y Danza zentroan.
  • Graduondoko ikasketak: Parisko Salle Pleyelen Nina Viroubovarekin, Canneseko Nazioarteko Dantza Zentroan Rosella Higthower-ekin eta Frantziako Tolosako Koreografia Zentroan José Rousillorekin.
  • 1976/1981 – Artea eskola publikoetara helarazteko xedearekin, Rafael Ruiz Balerdi eta Juantxo Arteagaren proiektu batean parte hartu zuen dantzako irakasle moduan. Bertan, dantza klasikoko klaseez gain, Rafa Balerdik berak emandako pinturako klaseak eta Paco Palaciosek emandako musikako klaseak ere bazeuden. Esperientzia hori Lasarteko Sasoeta Eskolan, Herrerako Romualdo de Toledo Eskolan eta Andoaingo Ondarreta Eskolan gauzatu zen.
  • Denboraldi horretan bertan, Donostiako Silueta Gimnasioan dantza klasikoko irakaslea ere izan zen.
  • 1981az geroztik, “Thalia” Dantza Eskolako zuzendaria eta irakaslea da Donostian. Han, egun, dantza klasikoari buruzko hastapeneko klaseak har daitezke 5 urtetik gora, baita balet klasikokoak, hainbat mailatan, jazz-dantzakoak eta gimnastikakoak ere.

Dantzarien biografia laburra

JONE SAN MARTIN(Donostia), Frankfurteko The Forsythe Companyko Lehen Dantzaria. Mentxu Medelekin ikasi zuen 1976tik 1982ra, lehenbizi Silueta Gimnasioan, eta ondoren Thalia Dantza Estudioan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren bekaduna izanda, San Martinek ikasketak amaitu zituen, eta, horri esker, Espainiako Balet Nazionalean eta Belgikako Ulmer Theater and Ballet Royal de Wallonien sartu zen. 1992an, William Forsythek zuzendutako Frankfurteko Baletean sartu zen, eta New Yorkeko koreografoak 2003/2004 denboraldian sortutako konpainia berrian ere egon zen. Thaliaren 25. urteurreneko Dantzaldian, Jone San Martínek bi obra dantzatuko ditu, Fabrice Mazliahren laguntzarekin. Hura ere Frankurteko The Forsythe Companyko Lehen Dantzaria da.

URTZI ARANBURU (Donostia), Nederlands Dans Theatereko (=NDT) Dantzari Bakarlaria. Lehen urratsak tradiziozko folklorean egin ondoren, Mentxu Medelen ikaslea izan zen, 1981etik 1986ra. Gipuzkoako Foru Aldundiko beka lortu ostean, Aranburu Madrilera joan zen, prestaketa Luis Fuenteren Estudioan burutzeko. Dantzako Konpainia Nazionalean casting bat pasatu ondoren, Nacho Duatok berak bideratu zuen NDTra. Herbehereetako prestaketa horretan 1991n sartu zen. Lehen bi urteetan, Urtzi Aranburu junior konpainian zegoen –NDT 2-, baina 1993an konpainia nagusian sartu zen –NDT 1-. Geroztik, han dantzatzen du. Dantzari gonbidatu moduan, Saburo Teshigawara koreografo japoniarraren sorkuntza batean parte hartu zuen 2001ean. Horrez gain, Jorma Eloren koreografia-laguntzailea ere izan zen 2003/2004 denboraldian. Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkarteak 2005 Dantza Saria eman zion bere lanagatik. Urtzi Aranburuk bi solo dantzatuko ditu dantzaldi honetan.

LUCIA LACARRA (Zumaia), Municheko Operako Baleteko Dantzari Nagusia. Lacarra Mentxu Medelen Thalia Estudiotik 1989an atera zen, Victor Ullateren Eskola eta konpainian sartzeko (1989-1994), Gipuzkoako Foru Aldundiko beka baten laguntzarekin. Lau urte geroago, Dantzari Nagusi egin zen, Roland Petitek zuzendutako Marseillako Baletean (1994-1997). Ondoren, Atlantikoa zeharkatu zuen San Franciscoko Baleteko izar nagusia izateko (1997-2002). Egun, Municheko Operako Baletean ari da dantzan. Maila gorenean hainbeste urtez karrera profesionala eginez, dantzako sari nagusiak jaso ditu. Horien artean nabarmentzen dira Urteko Artista Onenarentzako “Danza&Danza” saria (1995), Veneziako “Positano” saria (1995), “Isadora Duncan” saria (1999), Monakoko “Nijinsky” sarirako sari-proposamena (2000), Monakoko “Nijinsky” saria (2002), Moskuko “Benois de la Danse” saria (2003), “Sabino Arana” saria (2004) eta “Príncipe de Asturias de las Artes” sarirako sari-proposamena (2004). Lucia Lacarrak hiru obra dantzatuko ditu, eta Cyril Pierre Municheko Operako Baleteko Dantzari Nagusia edukiko du dantza kide.

IKER MURILLO (Errenteria), Zuricheko Baleteko Dantzari Bakarlaria. Dantza tradizionalean hasi zen, baina, hamabi urterekin, prestaketa klasikoa hasi zuen, Mentxu Medelekin. Gipuzkoako Foru Aldundiko bekari esker, hamasei urterekin Madrilera joan zen, ikasketak Carmen Rocheren Eskolan egiteko. Bi urte geroago, prestaketa Stuttgarten segitzeko aukera eduki zuen, John Crankoren Eskolan. Ondoren, Alemaniako Saarbruckengo Operako Baletean sartu zen (1997-2001). Egun, bakarlari egin da, Zuricheko Baletean. Suitzako prestaketa horretan 2001ean hasi zen. Ballettanz aldizkariak Talentu Gazte izendatu zuen. Murillok, Thaliaren 25. urteurreneko Dantzaldian, bi obratan dantzatuko du, Yen Han Zuricheko Baleteko Dantzari Bakarlariarekin.

ENEKO ALCARAZ (Donostia), dantzaria, koreografoa, eta dantza garaikideko eta jazzeko irakaslea. Gipuzkoako Foru Aldundiko beka bati esker Bartzelonako Institut de Teatren sartu zen. Aldez aurretik, Mentxu Medelekin ikasi zuen, 1985etik 1994ra. Urte horretan bertan, Euskadiko Disco-Dance Lehiaketako 1. Saria eta Espainiako Lehiaketako 3. Saria (1994) eskuratu zituen. Bartzelonako Institut de Teatren pasatu zuen azken urtean (1994-1997), Euskal Koreografo Gazteen Lehen Erakusketan parte hartu zuen. Bertan, Ilargi amona lana aurkeztu zuen, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarekin. Dantzari eta koreografo moduan parte hartu izan du hainbat lan eta agerralditan, Espainia osoan; horien artean, Àngels Margarit sortzaile katalanaren Origami obran. Eneko Alcarazek solo bat interpretatuko du dantzaldi honetan.

AMAIA DORRONSORO (Donostia), dantza klasikoko irakaslea. 1981etik 1986ra, Mentxu Medelen ikaslea izan zen Thalian. Gipuzkoako Foru Aldundiko beka lortu zuen, eta horri esker lortu ahal izan zuen Madrilgo Real Conservatorio de Música y Danzako dantza klasikoko titulua. Dantzari eta koreografo moduan, Amberesen, Tarragonan eta Valentzian jokatu izan du, beste zenbait hiriren artean. Amaia Dorronsorok bere koreografia bat aurkeztuko du dantzaldi honetan.

KATIXA PEREA (Zarautz), dantza klasiko eta garaikideko irakaslea, eta koreografoa. Pereak Mentxu Medelekin ikasi zuen 1987tik 1991ra. Gipuzkoako Foru Aldundiko bekari esker Madrilera joan zen, eta bertan dantza klasiko eta garaikidea ikasi zituen, Carmen Rochen Eskolan. Madrilgo Real Conservatorio de Música y Danzako titulua ere lortu zuen. Dantzari moduan, ‘Madrid en Danza’ jaialdian eta Dantzaren Nazioarteko Egunaren hainbat dantzalditan parte hartu izan du. Koreografo moduan, aldiz, Aukera konpainiarekin ari da lankidetzan. 1995ez geroztik, dantzako irakaslea da. Katixa Pereak bere koreografia bat aurkeztuko du.

LARRAITZ UGARTEMENDIA (Errenteria), dantza klasikoko eta klakeko irakaslea. 1981ean hasi zen Mentxu Medelekin dantza ikasten. Gipuzkoako Foru Aldundiko bekak prestaketa segitzen lagundu zion, eta Madrilgo Real Conservatorio de Música y Danzan dantza klasikoko titulua lortu zuen. Ondoren, dantza garaikideko eta klakeko Imperial Royal titulua lortu zuen. Klakean berezitua da. Sail horretan irakaslea da, eta klakea musikarekin zuzenean eman ohi du, Thaliaren 25. urteurreneko dantzaldian egingo duen moduan.

ADAYA MARTÍNEZ (Donostia), dantzaria, koreografoa eta irakaslea. Mentxu Medelen ikaslea izan zen 1985etik 1996ra. Euskadiko V. Koreografo Gazteen Erakusketan (2001-2002), dantzari eta koreografo moduan parte hartu zuen. Madrilgo Aracaladanza taldeko kidea izan zen (2002-2003); eta, ondoren, Carmen Senraren eskolan jazz irakasle egin zen (2003-2004). 2004ean, Sol Picó konpainian sartu zen dantzari moduan. Dantzaldi honetan, Adaya Martínezek solo bat emango du.

IRMA HOFFREN (Donostia), Biarritzeko Gazte Baleteko dantzaria. Mentxu Medelek dantzako klaseak eman zizkion, 1991tik 2001era. Prestaketa Madrilgo Carmen Rocheren eskolan eta Zaragozako María de Ávilaren eskolan segitu zuen, Gipuzkoako Foru Aldundiko bekaren laguntzarekin. Gaur egun, Biarritzeko Gazte Baletak aukeraturiko dantzarietakoa da (2005). Irma Hoffrenek Thierry Malandainen solo bat interpretatuko du.

JON VALLEJO (Donostia), Compañía Nacional de Danza 2ko (CND) dantzaria. Hamar urtez – 1990etik 2000ra-, Vallejok Mentxu Medelekin ikasi zuen. Garai horretan, Ciudad de A Coruña lehiaketako saria jaso zuen (1998). Gipuzkoako Foru Aldundiko bekari esker, prestaketa Madrilgo Carmen Rocheren eskolan segitu ahal izan zuen. Ikasketekin batera Carmen Rocheren Baletarekin emanaldiak egiten zituen, solista moduan. Aurten hasi da CND 2n dantzatzen. Thaliaren urteurreneko dantzaldi honetan Jon Vallejok solo bat interpretatuko du.

ASIER EDESO (Donostia), Scottish Balleteko dantzaria. Mentxu Medel eduki zuen irakasle, 1993tik 2001era. Garai horretan, Ciudad de A Coruña lehiaketako saria jaso zuen (1998). Gipuzkoako Foru Aldundiko bekari esker, prestaketa Madrilen segitu ahal izan zuen. 2001 eta 2005 artean, Madrilen lankidetzan aritu zen, Carmen Rocheren Baletarekin. Azken kurtsoa Londresko Royal Ballet eskolan egin zuen (2004-2005), eta talde horrekin bira bat egin zuen New Yorken eta Japonian, 2005ean. Ondoren sartu zen Scottish Balleten. Dantzaldi horretan solo bat dantzatuko du.

JON AGIRRETXE (Donosti), Madrilgo Real Conservatorio de Música y Danzan dantza klasikoko karreran ikaslea. Euskal dantza tradizionalean hasi zen dantzatzen. 1999tik 2004ra, Mentxu Medelen ikaslea izan zen. Bere dantza jatorriak direla-eta, 2002an Gipuzkoako Aurresku Txapeldun izendatu zuten. 2004ean Gipuzkoako Foru Aldundiko beka lortu zuenez geroztik, dantza klasikoko karrera Madrilgo Real Conservatorio de Música y Danzan ikasten du. Emanaldi honetan Jon Agirretxek solo bat interpretatuko du.

AUKERAN- EDU MURUAMENDIARAZ (Bergara), Euskal neofolklore konpainia. Aukeran konpainia 1997an sortu zen. Jatorriak, batetik, Edu Muruamendiarazek euskal dantza esperimentatzeko zuen xedea, eta bestetik, 1. Euskal Koreografo Berrien Erakusketa izan ziren. Dantza mota oro garatu ahal izateko (euskal dantza barne) dantza klasikoa oinarri garrantzitsua dela jakinik, Aukeraneko kideek baleteko klaseak hartzen dituzte Thalian, Metxu Medelekin, 1998az geroztik. 2001ean, Sutargi agerraldia aurkeztu zuten. Obra horrek sustraiak euskal dantzan ditu, eta hizkera eszenikoa garaikidea du. 2003ko udan, Kursaalen Izena duen guztia omen da, beren sorkuntza berria estreinatu zuten. Aurkeztu zutenetik, hamaika aldiz eman dute, Euskal Herrian, Katalunian, Murtzian, Gaztela-Mantxan eta Frantzian. 2004ean, Manilara joan ziren, Cultur Center of the Philippinesen jokatzeko. Hiriburuko antzoki nagusiak 2000 leku baino gehiago ditu, eta leporaino bete zuten. Orain arte, ikusleen eta prentsaren harrera ona erabatekoa izan da. 2006ko erdirako, hirugarren obra estreinatzea pentsatuta daukate. Dantzaldi honetan, Edu Muruamendiarazek berak egindako koreografia duen lan bat aurkeztuko dute. Dantzariak: Ane Anza, Edu Muruamendiaraz, Iurre Aranburu, Aiert Beobide, Naikari Galarraga, Ander Errasti, Garazi Lekuona, Gotzon Poza, Maitane Mugika, Onintza Odriozola, Naia Yarritu. Jantziak: Ramón García. Zuzendaritza: Edu Muruamendiaraz.

Ikus erantsitako artxiboan dantzaldian eskuko programa.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.