Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Tenerifen, hondartza eta dantza artean

Dokumentuaren akzioak

Tenerifen, hondartza eta dantza artean

2006/06/30 12:55
Tenerifen, hondartza eta dantza artean

Güímarreko (Tenerife) zinta-dantza. Argazkia: Jose Mesa Acosta/Mataparda (flicker) CC BY 2.0

San Joan eta San Pedro jaietako opor egunak aprobetxatu eta Tenerifera joan zara. Hondartza eta eguzkiz bapo eginda barrualdeko herriak bisitatzen tentazioa izanez gero harribitxiak aurkitzeko arriskua duzu. Tenerifen hondartza eta eguzkia ziurtatuta daude, baina gune turistiko handien ondoan tradiziozko dantza eder eta interesgarriak aurki daitezke. San Pedroak ospatu berri dituzte Güímar-en, merezi du hango argazkiak ikustea.

Flickr-en Tenerifeko tradizio eta dantzen irudi bilduma bikaina egiten ari da Güímar herriko Jose. Mataparda du izena bere txokoak. Tenerifeko argazkiak dira gehienak, baina hor ez duzu ikusiko hondartzarik, itsasorik, ez eta Teiderik. Teneriferen beste aurpegi bat erakusten du Matapardak, urtean milaka eta milaka bisitari izanda ere, bere kultur erro eta jai tradizionalei eusten dien herri baten beste aurpegia.

Guimarreko zinta dantza
Güímarreko (Tenerife) zinta-dantza. Argazkia: Jose Mesa Acosta/Mataparda (flicker) CC BY 2.0

San Pedroetan, ekainaren 27an, 28an eta 29an dantzatu dute Güímar-en. Ume-gaztetxo talde batek, jantzi ikusgarriak soinean, zinta-dantza egiten du. Danbolintero batek,  esku bakarreko flauta eta danbolina jotzen dituen txistulariaren lehengusuak, jotzen ditu doinuak.

Aurtengo lehen emanaldiak izan dira horiek, baina oraindik berriz egingo dituzte. Uztailaren 7an, San Fermin egunean, San Pedroren zortziurrena ospatzen dute, eta zinta-dantzariak kalera aterako dira berriz. Irailean egingo dute azken aldiz, irailaren 7an eta 8an. Beraz, data horietan Tenerifera oporretan joatekoa bazara, txango polita duzu aukeran.

Las Vegaseko (Tenerife) arku-dantza.
Las Vegaseko (Tenerife) arku-dantza. Argazkia: Jose Mesa Acosta/Mataparda (flicker) CC BY 2.0

Tenerife, eta Kanariar Uharteak oro har, dantza tradizionalez ezkutuko altxor dira. Adibidez, El Hierro irlan dantza tradizio ederrak gorde dira. Baina azken urteotararte El Hierro ez da horrenbeste ustiatu turistikoki. Tenerife ordea turistaren begietara konplejo turistiko itzel bat da. Baina nortasuna galdu ez duen herria ere bai. Tenerifen bertan,  Las Vegas izeneko beste herri batean, arku-dantza ikusgarria egin ohi dute uztailaren 26an. Argazkiak ikusi besterik ez dago Lanestosa, Kantabria eta Errixoako hainbat arku-dantzarekin duen antzekotasuna antzemateko.

Ea oporretara Kanariar uharteetara doan hurrengo dantzariak hondartzako argazkiekin batera beste sorpresa ederren bat ekartzen digun!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.