Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Sorgin-dantza berpiztu zutenak omendu dituzte Antzuolan

Dokumentuaren akzioak

Sorgin-dantza berpiztu zutenak omendu dituzte Antzuolan

2008/02/07 16:12

Ohi bezala igande goizean, 10:00etarako prest dira dantzariak Udaletxeko arkupeetan. Hiru talde antolatu dituzte. Batetik sorgin-dantzariak, bestetik nesken taldea, eta azkenik umeen taldea. Sorgin-dantzaren taldeak kalejirari heldu dio eta haien atzetik joan gara gu.

Kaleak ixilik daude Antzuolan eta txistu hotsak eta sorgin-dantzarien barre eta oihuek esnatzen dituzte herritarrak. Antzuola herri luze eta meharra da eta kalean gora doa taldea. Herriko goiko aldera iristean geldialdi bat egin eta sorgin-dantzaren zati bat dantzatu dute. Balkoi eta leihoetara hasi dira arrimatzen auzotarrak.

Antzuolan sorgin-dantza 1922. urterarte dantzatu izan zela dokumentatu da. Ondoren, utzi egin zitzaion, eta hain zuzen ere Gervasio Legorburu izan zen tradizioa berreskuratzeko bultzada eman zuena 1990. urtean. Koreografia Lasarte-Orian egiten den sorgin-dantzan oinarritzen da, eta horrez gain Antzuolako inaute igandean atera ohi ziren hiru pertsonaia berreskuratu zituzten Oinarin taldekoek: hartza, domadorea eta tximinoa.

Herriko kaleetan gora eta behera ibili ondoren plazara itzuli dira dantzariak. Eguerdian hasi da plazako ekitaldia. Oinarin dantza taldeko ume eta gaztetxoek makila-txiki, arku-dantzan, launango eta beste zenbait dantza eskaini dituzte. Ondoren, Oinarin taldeko neskek eta herriko neska talde batek Lapurdiko makila-txikien dantza egin dute.

 

Antzuola Gervasio-Mari Carmen
Gervasio Legorbururi omenaldia egin zitzaionekoa Antzuolan. 2008-02-03. Argazkia: Oier Araolaza / dantzan CC AT- SA

Sorgin-dantzaren ordua iritsi da, baina aurretik omenaldia egiteko tartea hartu dute Oinarin taldeko dantzariek. Gervasio Legorburu eta Karmele San Sebastian deitu dituzte plaza erdira eta dantza taldearen eta Udalaren omenaldi eta eskerrona jaso dute. 1970ko hamarkadatik aurrera Antzuolan dantza taldearen gidaritza eta lana bere gain izan dituzte Gervasio Legorburu eta Karmele San Sebastian-ek, eta Antzuolan dantzak bizirik mantentzeaz gain indar berriak eman dizkiote tradizio galduak berreskuratuz, sorgin-dantza kasu.

Omenaldiaren ondoren iritsi da sorgin-dantza dantzatzeko ordua, paseoarekin plazaratu dira intxisu eta sorginak, hartza, domadorea eta tximinoa inguruan dituztela, eta dantza osoa egin dute ikusleen irribarre artean.

Ondoko bideoan ikus dezakezue Antzuolako sorgin-dantzaren inguruan izandako ekitaldien laburpena.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.