Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Saray Garzia: "Oholtzan sortzen den energia hori zuzenean bizitzea da polita"

Dokumentuaren akzioak

Saray Garzia: "Oholtzan sortzen den energia hori zuzenean bizitzea da polita"

2020/05/27 09:00

Duela ia hamar urte joan zen Saray Garzia (Eibar, 1989) Madrilera dantza ikasketak egitera. Han bost urtetako dantza garaikideko formakuntza jaso eta gero bere kontura hainbat klase hartzen jarraitu zuen. Denetariko lanak egin ditu: bideoklipak, iragarkiak, ekitaldiak... Lantxo horiez gain hainbat dantza proiektutan aritu da eta ia bi urte dira Compañia x sortu zuela. Ameriketan ibili da konpainiako kideekin ia urtebetez eta konfinamendua hasi baino zertxobait lehenago itzuli da Euskal Herrira, “Eskerrak hau dena ez zaigun bidaiaren erdian tokatu, pena bat izango zen. Disfrutatu dugu eta nahi dugunean itzuli gara eta gero hasi da hau guztia”.

Hainbat proiektutan aritu ondoren konpainia propioa sortu duzu.
Bai, 2018an proiektu pertsonalekin hasi nintzen. Lehenengo lagun batekin Kameleoi danza izeneko proiektua hasi nuen eta gure lehengo pieza egin genuen. Hainbat lekutan aurkeztu genuen lana. Gero, 2018ko irailean Compañia x izeneko konpainia sortu nuen Nadia Yagoubi eta Ada Continente, formakuntzako ikaskideekin batera. Lehenengo piezarekin lanean hasi ginen, Y ahora qué? izena eman genion 15 minutako piezari. Lan horrekin ari ginela, 2019ko urtarrilean kanpora joatea erabaki eta Costa Ricara abiatu ginen hirurok.

Dantzara?
Han hilabeteko dantza festibal batera joan ginen ikasle bezala. Mundu osoko koreografoekin klase pila bat hartu eta munduko berrehun bat dantzariekin elkartu ginen. Han eduki genuen aukera gure pieza lehengoz aurkezteko. Han hasi zen gure bidaia. Ezer pentsatu gabe joan ginen, gure lehenengo plana zen jaialdian parte hartzea, baina dantzariekin eta artistekin genbiltzan denbora guztian, beraz gauza gehiago suertatzen hasi ziren. Ia urte betean ibili gara Costa Ricatik, Mexikotik eta Panamatik.

Compañia X
Compañia X.

Costa Ricatik Mexikora?
Hori da, Mexikoko Espainiako zentro kulturalarekin kontaktuan jarri ginen. Hamabost minutuko gure pieza luzatzeko eskatu ziguten eta horretarako beraien espazioak utzi zizkiguten eta gero gure lana han aurkezteko aukera eman ziguten. Zoramena izan da, ez dakit nola agertu zitzaizkigun hainbeste aukera. Iristen zarenean kontaktu pila bat egin eta aukerak etortzen dira. Bertako konpainia batekin kolaborazio bat egiten ibili ginen. Festibal eta lehiaketatan ere hartu genuen parte.

Eta Panaman ere dantzan?
Prisma dantza jaialdian hartu genuen parte eta performanceak eta egiten ibili ginen. Orain aurkeztu dugun performancea Panaman sortu zen. Hostal batean bizitzen eta lanean ibili ginen. Bertan diskoteka bat zuten, baina egunez ez zuten erabiltzen. Orduan pentsatu genuen, entseatzeko, gauzak sortzeko eta gero gure lanak eskaintzeko erabil genezakeela. Inprobisazioekin hasi ginen eta jendea sarreratxo baten truke ikustera etortzen zen. Orduan sortu ziren orain aurkeztutako bideoak eta x.ponte ideia.

Eta Panaman sortutako lana orain hemen online aurkeztu duzue.
Ada Zaragozakoa da, Nadia Madrilekoa, baina Bartzelonan bizi da eta ni Eibarren nago. Orain momentuan ez daukagu aukerarik elkartzeko. Lagun batek pasa zigun Vuvuzela ekoiztetxearen plataformaren berri. Sortzaileen lanak bilatzen ari dira. Panamako ikuskizunekin prestatuta geneukan proposamena erakutsi genien eta hori da orain aurkeztu dugun bideoa.

Compañia X
Compañia X.

Baina ikuslea ez zenuten aurrean.
Pena da, baina hala izan da. Askoz hobe da horrelako lanak aurrez aurre ikustea. Ideia inprobisatua da guztiz, gertatzen diren gauzak momentuan sortzen dira. Guk antzoki eta areto txikietan egin ohi dugu lan eta nire ustez oholtzan sortzen den energia hori zuzenean bizitzea da polita. Dantzari bezala, komunikazioan nago beti publikoarekin. Publikorik ez badago... Bideoa grabatu genuenean jende aurrean ari ginen eta nik bizi izan nuen kontaktua, baina orain jendeak pantailaren atzetik ikusten duenean ez dauka zerikusirik. Harreman hori galtzea pena da, baina behintzat gauzak ikusten eta aurkezten jarraitu ahal izan dugu.

Oholtza berriak agertu dira orain, ez?
Bai, bai. Hor daude eta kontutan hartu ditzakegu hemendik aurrera. Ni ez naiz teknologi berrien oso zalea, baina orain aukera horiek presenteago dauzkagu. Orain agian proiektu batzuk bideratu ditzakezu alde batetik eta beste batzuk bestetik. Beste erreminta bat da eta nik uste erabili ahal dela momenturen baten.

Ze harrera izan du estreinaldiak?
Ez da erraza jendearengana iristea eta gehienbat lagun artean eta familiakoen aurrean aurkeztu dugu. Harrera ona izan dugu eta uste dugu jendeari gustatu zaiola. Nik uste dut ez zutela espero horrelako proposamen bat.

Zergatik ez ba?
Dantza egiten dugu, baina ahotsa ere agertzen da. Bai dantza eta bai testua inprobisatua da. Ahotsa eta mugimendua, biak erabiltzen ditugu. Dantzariak garenez, dantza bakarrik espero zutela iruditzen zait.

Compañia X
Compañia X.

Erronka handia izan al da ahotsa sartzea zuen lanean?
Guretzat jolas bat izan da. Gero eta gehiago egiten da lan ahotsarekin, testuarekin. Dantza-antzerkia  deitzen zaion modalitatea asko ari da zabaltzen eta guri asko gustatzen zaigu. Askotan orain horretara joaten gara, nahi gabe. Orain prestatzen ari garen sorkuntza berrian ere ahotsa sartzen dugu. Mugimenduez gain ahotsa erabiltzea eskatzen dit gorputzak.

Bakoitza punta batean bizita nola moldatzen zarete?
Denbora hau erabili dugu atzeko lana egiteko. Deialdiak begiratu, materialak, bideoak, dosierrak... sortu. Lan horiek ere guk egiten ditugu, beraz, beti dago zerbait egiteko. Gero, elkartu gaitezkeenean hasiko gara berriro dantzan. Gogo handia daukagu, baina ez dakigu nola izango den. Guk gorputzarekin eta gure arteko kontaktuarekin egiten dugunez lan...

Pazientziarekin hartu behar, ezta?
Egia esan egora hau momentu onean etorri da niretzat, nik horrela sentitu dut. Hego Ameriketatik itzultzean behar nuen pixka bat kokatu, lasaitu, deskantsatu... Zoroen pare ibili gara eta energia pila bat gastatu dut. Geldialdi hau oso ondo etorri zait, baina niregatik kito e! Nahikoa deskantsatu dut! Kar, kar kar!

Pasa den larunbatean aurkeztu zuten Grupo Vuvuzela ekoizetxearen plataforman x.ponte performancea. Lau euroren truke ikusgai dago.

Compañia X.
Compañia X, x.ponte lanaren online aurkezpeneko kartela.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.