Dokumentuaren akzioak
Reno-ko Zenbat Gara-ren urteurrenean parte hartu du Argiak
Renoko (AEB) Zenbat gara dantza taldeak 20 urteurrena ospatzen ari da aurten. Urtetako harremanaren ondorioz, Argia dantzari taldearen ordezkaritza bat Renon izan da uztailean urteurreneko ospakizunetan eta bertan ospatu den Euskal Etxeen biltzarrean parte hartzen. Zenbat Gara taldeak prestatutako ekitaldi batean taldearen ibilbidearen zenbait mugarri bideo baten bidez azaldu eta dantzatuz ikuskizun berezia eskaini zuten bi taldeetako kideen artean. Argia taldeko Juan Antonio Urbeltz (zuzendaria), Marian Arregi (musikaria), Mikel Urbeltz (musikaria), Ane Albisu (janzkeran aditua eta dantzari ohia) eta Fernando Aristizabal (dantza-maisua) izan ziren Zenbat Gara-ren urteurren ekitaldian. Bilboko Kafe Antzokian urte askotan ospatzen ari den “Dantza Ganbara” antolatu zuten segidan, dantzaren alderdi ludikoaz gozatzeko aukera emanez hainbat euskal-amerikarri.
1989. urtean sortu zen Renon (Nevada, AEB) Zenbat Gara Euskal Dantzari Taldea. Nevadako Unibertsitatean, Euskal Ikasketen Zentroan (Center for Basque Studies) sortu zen. Euskal-amerikarrek euskal kulturaz, eta bereziki euskal dantzaz, duten ezagutza eta maitasuna sustatzea izan du helburu 20 urte hauetan Renoko dantzari taldeak. Aurrera eramandako lan eskerga eta zorrotzari esker, AEBko dantza taldeentzat erreferentzia garrantzitsua bihurtu zen Zenbat Gara. Taldeko zuzendariak, Lisa Corcosteguik euskal ikasketak, antropologia eta euskal dantzen alorrean ikasketak burutu ditu eta Ph. D. (Doktoregoa) eskuratu zuen Euskal Ikasketetan gai horren inguruan Nevadako Unibertsitatean.
Zenbat Gara taldearen lanak Donostiako Argia dantzari taldearen ibilbidean izan du inspirazio iturri nagusia 20 urte hauetan. Juan Antonio Urbeltz izan dute beraien ibilbidean gidari eta hainbat bisita egin dituzte Euskal Herrira beren formazioa osatzen joateko. Bestalde, Argia taldeko Jexux Larrea dantza-maisua eta Ane Albisu janzkeran aditua 1991n izan ziren lehendabiziko aldiz Renon Zenbat Gara taldearekin eta bereziki Lisa eta Enrike Corcosteguirekin lanean eta ordutik zenbaitetan bertaratu izan dira eta ikastaro trinkoak eskaini izan dizkiete.
Dokumentuaren akzioak