Dokumentuaren akzioak
Askotariko dantza proposamenak BAD jaialdian
BAD jaialdia 1999an sortu zen Bilboko Udalaren ekimenez. “Geroztik gaur egungo antzerki eta dantzaren ispilu bilakatu da”, dio Fernando Perezek, antolatzaileetako batek. “Urte guzti hauetan zehar aldaketa batzuk izan ditu baina, oro har, egitaraua sendotuz joan da”. Hasieran, egoitza bakarrak hartzen zuen BAD, baina gaur egun hiriko leku desberdinetara zabaldu eskaintza. Hala, lehenbiziko urteetan 1.000 inguru ikusle izaten ziren, guztira, jaialdiko emanaldietan. Aurtengoan berriz, 8.000tik gora lagunek izan dute horietaz gozatzeko aukera.
Urri amaieraren eta azaro hasieraren artean, hamar egun iraun du aurtengo jaialdiak. Euskal Herriko zein kanpoko 22 konpainiak lengoaia berriak hurbildu dizkiete ikusleei. Hala, antzerki gaztea, dantza garaikidea, eta horien inguruan mugitzen diren hainbeste proposamen berezi eta ez-konbentzional bilakatu dira BADen ardatz. “Ikuskizun berrienak ekarri nahi izan ditugu Bilbora”, azaldu du Fernando Perezek. Berritasun bila egindako ahalegin hori saritua izan da dagoeneko: iaz, BADek Estatuko programaziorik berritzaileenaren saria jaso zuen Aragoiko Nazioarteko Antzerki Azokan.
Dantzari dagokionez, antolatzaileek Hiroaki Umeda japoniarraren, Cyndi van Acker suitzarraren eta
Etxea taldearen lanak nabarmendu dituzte. Halaber, aipatzekoak dira Beatriz Gazquez, Leire Ituarte, Dakumene edota La Carraspera, gaur egun Euskal Herrian egiten den dantza garaikidearen ale bikainak taularatu dituztenak.
Askotan berriz, ez da erraza antzerkia eta dantza bata bestetik bereiztea. Fernando Perezek adierazi digunez, “gaur egun biak ala biak beste arte askorekin nahasten dira, eta esparru guztiek beste esparruetatik edaten dute benetako kutsadura positiboa sortuz, hau da, batzutan dantza pieza batean testua, mugimendua, ikus-entzunezkoa eta abar uztartzen dira, eta beste askotan, antzerkia ardatz, mugimendua osagarri nagusi bilakatzen da.”
Dokumentuaren akzioak