Dokumentuaren akzioak
40. Nazioarteko Folklore Jaialdia ospatuko da aurten Portugaleten
Txina, Costa Rica, Ipar Osetia, Polonia, Hego Afrika eta Jaca izango dira aurtengo Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdian euskal ordezkariekin batera. Uztailaren 21ean izango da inaugurazio ekitaldia eta 24an amaiera jaialdia. Portugaletez gain beste hamaika herritara iritsiko dira Portugaleteko folklore jaialdira etorritako taldeak.
Kiandongnan-eko gutxiengoen folklore taldea (Txina)
1958an sortua, jatorriz Guizhou probintziakoa. Kiandongnan-eko gutxiengoen folklore talde nazional hau talde ofiziala da, eta, hala, bere gain du Miao eta Dong gutxiengoen arteak eta herri-tradizioak babestea eta sustatzea. Guangxi eta Guizhou barne-barnean bizi dira. Miao mendi garaietako zuhaitz ugarien zura Miao, Yao eta Dong gutxiengoentzako da, ez beste inorentzat. Herri horien kultura ez da beste txinatarrena bezalakoa, oso bestelakoa baizik.
Talde honek kontinente guztietan egin ditu erakustaldiak, berrogeita hamar herrialde baino gehiagotan. Arte-saririk garrantzitsuenak lortu dituzte eta estatuburu askoren aurrean aritu dira. Miao eta Dong-eko herri-tradizio guztietako dantza-bilduma oparoa eta bikaina dute. Halaber, berak dira gutxiengo horien jantziak ondoen zaindu eta zaintzen dituztenak. Beren musika-tresnak benetakoak dira, jatorrak, eta Txinako antzinakoenetakoak.
Kiandongnan-eko Folklore Taldea, aipatu ditugun etnia murriztu horien ordezkari dugu. Etnia horien kantak, musikak eta ohitura-tradizioetako janzkerak erakutsiko dizkigu eskainiko diguten ikuskizunaren bitartez. Ez ditugu ahaztuko berehala; horretan gaude.
Tierra y cosecha (Costa Rica)
Tierra y Cosecha (Lurra eta Uzta) folklore taldea, Costa Ricako Estatu Unibertsitateko Teknologia Institutuko Kultura Unitateari atxikia dago. Ibilbide luzea du egina, eta bai nazio-mailan bai nazioartekoan aitortu zaizkio bere merezimenduak. 1974. urtean eratu zen erakundeek komunitatera hurbildu eta zabaltzeko duten asmoaren politika-modu barnean.
Denborak aurrera egin ahala, taldeak aldaketak izan ditu, eta, hala, gaur egun dugun talde bihurtu da, arte- eta giza kalitaterik handienetako talde. Costa Ricako folklorearen ordezkaririk garrantzitsuenetakotzat aitortua dago. Aipu hori ez du halabeharrez lortua. Taldea osatzen duten dantzarien ahaleginaren, jardunaren eta saiatu izanaren emaitza da; eta, batera, hainbat koreografo eta zuzendariren lan neketsuaren, sormenaren eta gaitasunaren ondorioa, bakoitzak beretxoa jarri baitu beren eginkizunean.
Gaur egun ibilbidea M.A. Marvin Santos Varelak du bere gidaritzapean hartua. Bera da zuzendaria eta koreografoa, eta haren ezagutza zabalari eta etengabeko lanari esker eskuratu ditu taldeak orain arteko lorpenik handienak. Eduki historiko ugarikoa da taldearen errepertorio artistikoa, beren nazioko hainbat alde eta garaitako gertaerak berreskuratu baitituzte.
Egungo zuzendaria eta koreografoa den Marvin Santosen eskutik ibilitako bide luzean arte-maila jasoa iritsi du taldeak. Horrek ospea eta izen handia aitortu dizkio bai nazioan bertan bai nazioartean.
Gorets (Ipar Osetia)
Talde hau 1961ean sortua da. Hasiera batean Gorsky-ko Unibertsitateko ikasle eta gradudunek osatzen zuten. "Gorest"-ek badaramatza hamarkada batzuk Osetiako koreografia eta ohiturak garatzen eta lantzen.
Goi-mailan ibiltzea lortu zuen. Folkloreko dantza artea da eta arte horrek bere hizkuntza du. Artearen hizkuntza bitartez, ikasleek Osetiako bizimodua, ohiturak eta arima erakusten diete ikusleei.
Trebetasun handia eskatzen duten dantzen programa aurkeztuko digute. Mugimendu anitzeko eta zaileko dantzak dira. Horrexegatik izendatu zuten "Gorest" taldea Ipar Osetia - Alaniako "Ohorezko Talde".
Taldearen errepertorioaren oinarri Osetiako herri-ondarea eta herri-musika dira. Ospe handikoak dira, bai Errusian bai beste herrialde askotan, honako dantza hauek: "Simd", "Sastakai dantza", "Menditarren dantza", "Osetiako baltsa", "Alaniako ezpatadantza", "Gonbidapen dantza", "Tagaurian-eko dantza", "Alaniako emakumeak", "Tualian" e.a. Georgiako eta Azerbaijaneko jatorriko dantzak ere badituzte.
Warsawianka (Polonia)
Warszawianka dantza-talde nazionala Poloniako unibertsitaterik handieneko ordezkaria da, Varsoviako Unibertsitatekoa. Warszawiankako jokaera-araua da "Hezkuntza folklore-kulturaren bidez". Errepertorian ditu, besteak beste, lurraldeko dantzak, hango eskualdetako antzezlanak, Poloniako ohituretan eta errituetan oinarrituak, Eguberriarekin eta Pazkoarekin zerikusiriko jarduerak eta abar
Hezkuntza-programa anitz ekoitzi du eskola-umeentzat; baita hiriburuko ohitura-tradizioen eszenografiak ere. Hori agerian dago Varsoviako Dukerria eratu zeneko eta gerra arteko garaiko irudietan. Warszawiankak, Poloniako hiriburuarekin harremanetan betiere, gaikako eta ongintzako saio eta kontzertu asko antolatzen ditu.
Bere goi kalitateari eta jaso dituen aitorpenei esker, entzute handiko ospakizunetara gomendatua izan da, bai nazio barruan bai kanpoan; esaterako, Varsovia eta Haga-ren elkartze hitzarmenaren sinadurako zeremoniara Herri Beheretan Chopin Jaialdian.
Poloniako arte-ordezkaritzako kide ere izan zen Taipei-n (Taiwan), Poloniako Kultura Egunetan. Hala berean, Poloniako ordezkari Kjongyu Mundu Erakusketan, Munduko Kultura EXPO '98-an.
Umuzi Wnkosi (Hego Afrika)
Umuzi Wenkosi Herri Taldea, Msunduzi-ko Udalerrikoa da. Zenbait sailetako dantzarik eta tradizioko bestelako artistek batuta osatutako artista multzoa dugu. Euren lurraldeko turismoa sustatzea dute helburu. Zenbait aldiz lankidetzan aritu dira Erresuma Batuko kultura erakundeekin. Beren jardueraren oinarriak dira, batez ere, tradizioko herri-dantzetako koreografia, sormeneko mugimendua, eta harremanetako eta irakaskuntzako programak.
Hego Afrikan Nelson Mandelak zuzendutako lehen gobernu demokratiko hura lortu zutenean, orduan hasi zuen bere jarduera Msunduzi-ko Udalerriko Umuzi Wenkosi Herri Taldeak. Herri-dantzetako talde hau aukera egokia izan da afrikar gazteentzat, sormenean laguntzeaz gain, profesional bikainak izan daitezen oinarriak ezarri baititu.
35 dantzari dira, profesionalak, Kwa-zulú Natal-eko erreinuko Estcourt lurraldekoak. Beren nazioarteko lehen saioa Erresuma Batuan egin zuten 1997an. Harrezkero hainbat antzokitan, jaialditan eta hezkuntzako erakundetan aritu dira Erresuma Batu osoan, Espainian, Frantzian, AEBetan, Brasilen eta Kroazian.
Afrikan ohiko diren danbor bereziak joz, ikusle-entzule guztientzako moduko ikuskizun gustagarria eskaintzen dute eta ez ahazteko moduko esperientzia sentiarazten.
Alto Aragon Folklore Taldea (Jaca)
Jacako "Alto Aragón" Folklore Taldea Aragoiko folklorea erakusten ahalegintzen ari da, batez ere, Piriniotako haranetakoa. 1975az geroztik dihardu lanean "Aragoi Garai"-ko folklore tradizionalaren alde, hango ohitura eta tradizioak bizirik zaindu daitezen.
Era askotako folklorerik bada, Aragoiko folklore tradizionala da, eta bizirik dago hango jendeak behar bezala gorde duelako, belaunaldiz belaunaldi, gaur egun arte. Hainbat dantza eta kantu dute bilduta plazaratzeko: “palotiaus” deiturikoak (makil-dantzak), jotak, "danzas" izenekoak, boleroak, baltsak, egunsentikoak, mazurkak, jatorduondokoak, gabon-kantak eta tradizioko bestelako kantak zein musikak. Emanaldietan eskualde bakoitzeko jantziak eta tresnak erabiltzen dituzte, ohiturei ahalik eta lotuen. Hasieratik ibili izan dira herriz herri Pirinioetan, pertsona nagusiengandik ikasteko zer kantatzen zuten edo nolako dantzak zituzten. Horrela jasotakoa jendaurrean agertzen dute ahalik eta zehaztasunik handienaz. Herri-folklore itxuratia eta sustraietatik etena behin baino gehiagotan plazaratu izan da: horrela jokatzearen kontrakoa da talde aragoiar hau. Alderantziz, sakon aztertuak diuzte dantza bakoitza, musikak, jantziak, kantuetako hitzak eta esaerak.
Portugaleteko emanaldiak
- Uztailak 21: 40. Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren inaugurazioa La Canilla Ibiltokian 21:30tan: Costa Rica, Ipar Osetia eta Euskadi.
- Uztailak 22: 40. Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren bigarren ekitaldia La Canilla Ibiltokian 21:30tan: China eta Polonia.
- Uztailak 23: 40. Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren hirugarren ekitaldia La Canilla Ibiltokian 21:30tan: Ipar Osetia eta Hegoafrika
- Uztailak 24: 40. Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren amaiera La Canilla Ibiltokian 21:30tan: Txina, Hegoafrika, Euskadi eta Portugaleteko Musika Banda
- Uztailak 25: Musika saioak Gran Hotel Puente Colgante terrazan 19:00tan: Txina, Costa Rica eta Hegoafrika.
- Uztailak 26 Musika saioak Gran Hotel Puente Colgante terrazan 19:00tan: Aragoi eta Polonia.
Folklore jaialdia herriz herri
- Uztailak 20: Ermua 19:00etan: Costa Rica eta Ipar Osetia
- Uztailak 21: Getxo 22:00etan: Hegoafrika
- Uztailak 22: Getxo 22:00etan: Ipar Osetia
- Uztailak 22: Amorebieta 21:00tan: Hegoafrika
- Uztailak 23: Erandio 19:30ean: Polonia
- Uztailak 23: Bergara 19:00etan: Costa Rica
- Uztailak 24: Elgoibar 22:30tan: Costa Rica eta Ipar Osetia
- Uztailak 24: Errenteria 19:00etan: Polonia
- Uztailak 25: Arrasate 22:30ean: Polonia
- Uztailak 26: Gorliz 21:30ean: Costa Rica
- Uztailak 29: Bilbo 19:00etan: Ipar Osetia, Polonia, Costa Rica eta Hegoafrika
- Uztailak 30: Güeñes 21:30tan: Costa Rica
- Uztailak 30: Sopuerta 22tan: Ipar Osetia
- Uztailak 31: Loiola (Donostia) 18tan: Hegoafrika eta Ipar Osetia
Informazioa: Portugaleteko 40. Nazioarteko Folklore Jaialdia
Dokumentuaren akzioak