Dokumentuaren akzioak
Pirinioetako musika eta dantzak
Aragoiko , Okzitaniako, Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko errepertorioa bildu da partitura bilduma honetan. Pirinioek batzen dituzten lau lurralde, lau kultura batu dira.
Erromeria eta kanturako ezinbestekoa den errepertorioa bildu da. Horrela, herrialde bakoitzetik kanturik eta dantzarik adierazgarrienak jasotzea izango da jomuga. Errepertorioa aukeratzeko, herrialde bakoitzeko ordezkari bana izango da egitasmoan lanean. Herrialde bakoitzak 15 kanta aukeratu ditu.
Nabarmentzekoa da, bidenabar, egitasmo honetan hizkuntzek hartuko duten lekua ere garrantzizkoa dela. Horrela kanta bakoitzak aurkezpen txiki bat izango du sei hizkuntzatan aragoarrez, okzitanoz, katalanez, euskaraz, frantsesez eta gazteleraz. Asmo honekin, hizkuntza-aniztasuna irudikatu nahi genuke, eta hizkuntza gutxituei babesa eman.
Elkartea arduratu da egitasmoa bultzatu eta koordinatzeaz. Eta koordinazio artistikoan, Carles Belda izan du bidelagun. Lurralde bakoitzeko ordezkari bat aukeratu da. Horrela, ordezkari bakoitzak bere lurraldeko errepertorioaz arduratu da, aukeraketa egin, aurkezpenak idatzi etab. Hona hemen ordezkarien soslaia:
IGNACIO ALFAYÉ: Aragoi
Irakaslea da 1999etik Escuela Municipal de Música y Danza de Zaragoza eta Asociación de Gaiteros de Aragon -en, eta soinu diatonikoa ardatz hartuta, lan asko egin du han eta hemen. Aragoin, esate baterako, soinu diatonikoak indarra galdu zuen, baina Ignacio Alfayé eta beste lagun batzuei esker, dagoeneko hartu du dagokion lekua kontserbatorio zein musika-eskoletan. Zuzeneko emanaldietan ere jotzen du, eta Aragoi lurraldean dantzarako eta kanturako dagoen errepertorioa ondo baino hobeto ezagutzen du
MARC SERAFINI: Okzitania
Soinu-egile izateaz gain, Okzitaniako Tolosako kontserbatorio okzitanoan soinu diatonikoa irakasten du. Gadalzen taldeko kidea da, eta zuzeneko emanaldietan ibiltzen da. Gainera, harreman handia du inguruko soinu-jotzaileekin, eta, lurraldeko errepertorioa aukeratzeko, lagun hauekin harremanetan jartzeko asmoa du.
CARLES BELDA: Herrialde Katalanak
Carles Belda Aula de Música Tradicional -eko irakaslea izan da urte luzez, eta egun hainbat herri eta jaialditan irakasten du soinu diatonikoa. Taldeei dagokienez, Pomada talde katalan ezaguna sortu zuen, eta bertako soinu-jotzailea da. Mesclat taldean eta beste egile katalan batzuekin ere parte hartu izan du. Aupa Etxebeste izeneko pelikularen soinu-bandan kolaboratu du, Javi Pez-en gidaritzapean. Soinu diatonikoaren inguruan lan asko egindakoa da, beraz. Esate baterako, Cati Plana, Daniel Violant eta Josep Ma Maiol-ekin batera soinu diatonikoaren notazioa estandarizatzeko proposamena egin zuen.
JOSEBA TAPIA: Euskal Herria
Eskarmentu handiko trikitilari honek errepertorioaren aukeraketarako beste trikitilari batzuen iritzia ere jaso du (Iker Goenaga, Alaitz Telletxea eta Oskar Estanga). Bost urtez Hernanin irakasle aritu zen. Leturiarekin batera 22 urte daramatza plazaz plaza. Diskografia luzea du bakarka zein taldean. Eskarmentu handiko trikitilariak aritu dira aukeraketan. Euskal Herrian ez ezik, kanpoan ere ematen dituzte kontzertuak.
AURKEZPENA, PRENTSAURREKOA
- Data: Martxoaren 24an, ostirala
- Ordua: 11.00etan
- Tokia: Donostiako Udal Liburutegiaren Sotoan
- Partaideak: Marc Serafini, Carles Belda, Alaitz Telletxea, Agurtzane Aizpuru
LARUNBATEAN AIAN IKASTAROA
- Irakasleak: Ignacio Alfayé, Marc Serafini, Carles Belda eta Joseba Tapia
- Ordua: 11.00etan hasiko da
Bakoitzak ordu t´erdiko hitzaldi ikastaroa emango du. Bere errepertorioaren nondik norakoak azalduko ditu, jotzeko modua, soinuaren egoera bere herrialdean…
IGANDEAN EZPELETAN LIBURU AURKEZPENA
- Partaideak: Ignacio Alfayé, Marc Serafini, Carles Belda eta Joseba Tapia
Herrialde bakoitzak ordu-erdiko hitzaldi aurkezpena eskainiko du. Bere errepertorioaren nondik norakoak azalduko ditu, jotzeko modua, soinuaren egoera bere herrialdean…
- Ezpeletan, Elizaren ondoko Herriko gelan, goizeko 11.00etan
- Ondoren bazkaria
Dokumentuaren akzioak