Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Pedro Miguel Sanchez Egialde, Tuterako San Juan paloteadoaren bultzatzailea hil da

Dokumentuaren akzioak

Pedro Miguel Sanchez Egialde, Tuterako San Juan paloteadoaren bultzatzailea hil da

Pedro Miguel Sanchez Egialde, Tuterako San Juan paloteadoaren bultzatzailea hil da

Pedro Miguel Sanchez Egialde. Argazkia: Euskokultur Fundazioa, 2014

Urtarrilaren 20an, 72 urterekin, hil da Tuteran Pedro Miguel Sanchez Egialde, Nafarroako Erriberako hiriburuko folklorearen eta herri kulturaren akuilatzaile nekaezina. 

1970eko hamarkadan Nafarroako Kutxako langile gisa hasi zen Lourdes auzoko ofizinan. Garai hartan, eraikitze prozesu betean zegoen auzo umila zen hura. Azpiegiturarik gabe, auzoko gazteak nora-ezean sumatu zituen Sanchez Egialdek eta Anayak dantza taldea sortu zuen, aisialdiko denbora kulturari eskaini ziezaioten.

Anayak dantza taldea - 1970 hamarkada - Tutera
Anayak dantza taldearen emanaldia, Tuterako Lourdes auzoko eskoletan, 1970. hamarkadan

Denborarekin Anayak taldeak berak bultzatu zuen 1978an, Tuterako San Juan Bautistaren paloteadoa, XX. mendean Erriberan berreskuratutakoetan lehenengoa. Sanchez Egialdek zera aitortu zuen elkarrizketa batean: 

Gogoan dut gogor kritikatu gintuztela dantzaren mundutik, eta Paloteadoa maukatik ateratzea leporatu ziguten. Ondoren, beste askok gauza bera egin zuten, ordea. Guk, haien Paloteadoari eutsi zioten Cortesekoak kenduta, beste gainontzeko guztiek igaro zuten atea zabaldu genuen.

Anayak dantza taldea 1980. urtean desegin zen, baina paloteadoak egun arte iraun du. 

2002. urtean, eta bere aitaren —Miguel Sanchez Montes— omenez, kultura zentroa eraiki zuen Sanchez Egialdek Lourdes auzoan. Auzokideen kultura jardueraren epizentro bilakatu zen. Perrinche izeneko erraldoi eta buruhandien konpartsa sortu zuen, gaur egun 70 irudi dituena. Alabardarien eta bandera-dantzarien taldeak sortu zituzten eta Besta Berriko segizio barroko ikusgarria antolatu zuten.

Tuterako Besta Berriko segizioa
Tuterako Besta Berriko segizio barrokoa. Argazkia: Luis Maia Marin Royo

Tuterarrek lan hori guztia eskertu izan diote Pedro Miguel Sanchez Egialderi. 1997an Tuterar popularraren saria eman zion Ciudad Deportiva peñak. Urte batzuk geroago Volatinaren Ordeneko Ohorezko Zaldun izendatu zuten. 

Azken bi egunotan tuterarrek idatzitako dolumin hitz goxoek agerian uzten dute Pedro Miguel Sanchez Egialdek bere hiriko kultur munduan utzi duen hutsune sakona eta oroimen eztia. 

Pdro Miguel Sanchez Egialde Besta Berriko prozesioan
Pedro Miguel Sanchez Egialde, Jabitxu Perez de Obanos gaitariarekin batera, Besta Berriko prozesiotako batean

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.