Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ortzadarren 30. urteurrenean hainbat ekitaldi

Dokumentuaren akzioak

Ortzadarren 30. urteurrenean hainbat ekitaldi

2004/09/16 00:49

Urteurrena ospatzeko honako ekitaldiak antolatu ditugu:

  • Venezuelan eginen den XXX. Nazioarteko folklore dantzen jaialdian parte hartuko dugu, irailaren 17tik urriaren 3ra. Bidai hau egiteko taldeko hogeita hamar kide baino gehiago bildu gara, dantzari eta musikariak. Caracas, Valencia eta Carayaca hirietan hainbat ikuskizun eskainiko dugu.
  • Hogeita hamargarren urteurrena. Hain data berezia bazkari eder batekin ospatzea baino hoberik ez da. Urriaren 23an bilduko gara taldekide eta taldekide ohiak, orotara berrehun lagunetik goiti izanen baikara. Kalejira handia eginen dugu Alde Zaharreko kaleetan barna, eta ondotik ahaztezin den argazkia eginen digute. Bazkaria Amaya Kiroldegian izanen da eta hartarako txartelak Xalbador eta Abarzuza liburu-dendetan dira salgai.
  • Urrian zehar Tradizio kulturaren gaineko gai bakarreko ikastaroak eginen dira. Aurtengo gaia Antzinako orrazkerak da, Oreretako Ramon Garcia adituaren esku. Urriaren 16 eta 30, eta azaroaren 6an izanen dira eskola teoriko eta praktikoak. Goizeko 10:00etatik 12:00etara. Izena emateko epea urriaren 15 arte da, eta horretarako Ortzadarrekin harremanetan jarri behar duzue.
  • Urrian 16tik 19 arte Folklorearen gaineko jardunaldiak eskainiko ditugu. XX. edizioa denak honako izenburua du: Folkloreaz: egungo ikuspegiak eta erronkak. Ikerketa saioak Iruñeko Udaleko kultur zerbitzuaren egoitzan izanen dira, eta hamar bat hizlarik haren etorrera berretsi du dagoeneko, bai Iruñekoak bertakoak, bai Donostiakoak, Bilbokoak, Madrilekoak, Almeria edota Kanarietakoak. Data hurbil delarik haren gaineko informazio zehatza emanen dugu partaideez, lanen izenburuez, aurrekontuez eta ordutegiez.
  • Aipatu jardunaldiekin batera Sukil, tradizio kulturaren gaineko koadernoen laugarren liburukiaren aurkezpena eginen dugu, Ortzadarrek argitaratua. Liburuki honek Folklore eta kultur ereduak, Tradizio musika, Materiagabeko kultur ondarea eta Bertako etxegintza gaien gaineko lanak biltzen ditu.

Azkenik, udan ohiko ditugun emanaldiez gain, datozen hilabeteetan ere lanean jarraituko dugu, eta folklore egutegiaren barne, abenduaren 24ean Olentzero aterako dugu kalera, urteroko gisaz. Zazpietatik aitzina aterako gara Joxe Ulibarrena eskultore famatuak egina den taldeko ikazkinarekin, eta behar diren geldialdiak eginen ditugu tradiziozko kantuez betetzeko kaleak.

Ekintza hauen gainean bertzelako daturik nahi izanez gero, zuen esku gauzkazue. Zuen laguntza aldez aurretik eskertuz, har ezazue agur beroa.

Juantxo Barcos ORTZADAR Euskal Folklore Taldea

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.