Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Oihane Vicente: "Norbera hobeto ezagutzeko espazioa eskaintzen du dantzak"

Dokumentuaren akzioak

Oihane Vicente: "Norbera hobeto ezagutzeko espazioa eskaintzen du dantzak"

2020/06/04 09:00
Oihane Vicente: "Norbera hobeto ezagutzeko espazioa eskaintzen du dantzak"

OIhane Vicente.

Hamasei urterekin murgildu zen Oihane Vicente (Zumarraga, 1988) dantza munduan eta orain ez da egunik dantzatzen ez denik. Zumarragako ezpata-dantzan Antion dantzatu zuten lehenengo emakumeetakoa da Vicente. Euskal dantzan hasi eta beste hainbat dantza esparrutara ireki du gorputza.  Dantzaren inguruko formazioa jaso du eta bide horri tiraka ari da lanean. Dantza terapia eta bizipoza dira Vicenterentzat eta ezin du imajinatu mundua dantzarik eta musikarik gabe.

Noiztik dantzan, Oihane?
Bai nahiko berandu hasi nintzen, hamasei urterekin. Irrintzi dantza taldean hasi nintzen dantza munduan, euskal dantzarekin. Gero dantza ezberdinak egin ditut: saloi-dantza, dantza garaikidea, dantza afrikarrak...

Oihane Vicente
Oihane Vicente.

Eta dantza arloan formatu zara.
Aurreko urtean bukatu nuen dantza eta mugimendu terapiako masterra. Hiru urteko masterra izan da eta dantzaren beste ikuspuntu bat eman dit.

Zein da ikuspuntu hori?
Ikusi dut dantzak badauzkala kulturaz gain onura batzuk. Barruan daukaguna edo gure sormena adierazteko edo gure burua hobeto ezagutzeko baliabidea da. Norbera hobeto ezagutzeko espazioa eskaintzen du dantzak. Baita zure burua zaintzekoa ere.

Bide horretatik ari zara orain lanean ezta?
Poliki-poliki hasten ari naiz. Masterreko praktikak umeekin eta adineko pertsonekin egin ditut. Orain saioak ematen ari naiz zenbait ikastetxetan eskolaz kanpoko ekintza modura. Zumarragako emakumeen etxean ere banabil mugimendu saio batzuekin. Momentuz horretan, baina gustatuko litzaidake alde hori pixka bat gehiago zabaltzea.

Oihane Vicente.
Oihane Vicente.

Eta itxialdiak nola eragin dizu?
Ba klase guztiak online bihurtu dira. Nik uste bai ikasleek eta bai irakasleek faltan botatzen dugula taldea. Talde harremana, dantzako lagunekin egotea, kontaktua... Dantzatzen jarraitu dugu, baina bakoitzak bere etxean bakarrik. Lan batzuk galdu egin ditut, jendea ez baita animatu online jarraitzera eta sormen udalekuak ere suspenditu egin dira.

Ikusi dugu dantza gauza askotarako terapia dela, zer da zuretzat dantza?
Kar, kar, kar! Badakit galdera hori egingo zenidala, baina ez dakit erantzuna. Niretzako dantza askatasuna da. Adierazteko, inprobisatzeko eta jolasteko aukera ematen du. Eguneroko ordutegiekin eta askotan ezin izaten da, baina mugimenduekin eta gorputzarekin jolasteko modua da. Espontaneotasun hori eta sormena bilatzeko tresna.  

Oihane Vicente
Oihane Vicente.

Haurtzaroan galdu ote genituen aipatutako gaitasun horiek?
Izan daiteke, eskerrak dantzari. Niretzako oso inportanteak dira, bizipoza ematen dute. Lasaitasuna ematen dizu, autoestimua eta dena. Niretzako dantza baita ere harremana da, bai zure buruarekiko eta besteekiko eta jendearekin beste modu batera harremantzeko aukera ere ematen du. Ez bakarrik hitzez, gorputzak badaukalako bere hizkuntza propioa.

Ahalduntze feministarako tresna ere izan daiteke dantza ezta?
Bai, hala da. Kultura gorputzean daukagu eta matxismoa edo ikasitako ideia horiek guztiak gorputzean ditugu. Gorputzetik jokatzen dugu eta egiten dugun gauza guztietan gorputza jartzen dugu. Ikasi dut ze garrantzia daukan gorputzak. Ideologia bat barnera dezakezu, baina gero praktikara eramatea zaila da. Gorputza landuz, hori ikas daiteke.  

Oihane Vicente
Oihane Vicente.

Familientzako dantza tailerrak eman ohi dituzu. Konfinamendurako pare-parekoak ezta?
Bai, justu duela bi aste antolatu nuen bat. Mugimendu eta jolasen bidez familia osoa dantzara gonbidatzen dut. Ez dakit beraiek edo nik nork pasatzen duen hobeto, baina mundialak dira. Jolasten, inprobisatzen, tontoarena egiten, barrezka dantzan ibiltzen gara. Nik uste dantza baliabide osasuntsua izan dela konfinamendu honetan.

Konfinamenduan eta bestela, zure bizitzan oso presente dituzu bai dantza eta bai musika.
Bai, bai, bai. Nik egunero egiten dut dantza. Baita musika ere, orain gainera gitarra jotzen hasi naiz, falta zitzaidana! Inprobisazioa deskubritu dudanetik, oso pozik nago. Presio bat kentzea bezala izan da.

Eta pandemia batek dantza eta musika desagertuko balitu?
Ezin dute kendu. Hori pertsona bakoitzarengan dago, bakoitzak dauka hori gorputzean.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.